Arrazoia ez dago edukitzerik
Iņaki Segurola

Alberdania, 2012

 

 

Arrazoia ez dago edukitzerik.

 

Oso gutxi dezakeen behe-beheko exekutibo ņimiņo honen aginduz, aditzera ematen da honako honen bitartez ekingo zaiola arrazoi edukiaren eremuak desjabetzeari.

 

Herri-jendearentzat, hitz ederrekin ez dago arrazoi ederrik (baizik-eta zurikeria faltsua). Literatoentzat bai (haientzat hitz ederrek zernahi dute zuritzen). Neri hitz ederretatik libre ibiltzea dagokit, eta hori oso errez egiten dut, zeren, filologotxoa naizen partetik, bai baitakit hizkuntza naturalean ez dagoela hitz ederrik (eta ezta itsusirik ere).

 

Zer zuhurtzia lehengo etxekoandre askorena! Orain dena “hitzegin” beharra dago. Haiek nahiago zuten: egin; itzalgaizka eta hitzerdika, baina egin. Amore emanez? Ez: arrazoia emanez (eta nahi dena eginez). Bazekiten inporta ez duten gauzak ematen.

 

[Merezi ez: komeni!] Itsumen haundia behar da eta fede ez txikiagoa uste izateko bakoitzak duena edo erori zaiona dela merezi duena eta besterik ez. Nere itsumena eta fedea askoz umilagoak dira: daukala bakoitzak komeni zaiona eta besterik ez!

 

Juzgatzea, juzgatu beharra. Etikoki, estetikoki, nolanahiki. Mundua entzutegi unibertsala bihurturik. Juzgatzaileak ez dakiena da, besteak salatzen ari delakoan, bere burua duela salatzen eta saltzen, erakutsiz besteri egozten dion gaitz horixe berori dela bestek berari egoztea galarazi nahi lukeena, eta, juzgatzea auto-agiraka gisa harturik, gaitz horixe berori dela azken buruan bere buruari barkatzen ez diona.

 

Di-da, tik-tok... Ongi begiratu, hau da, ongi entzun ezkero, ezin bereiz daiteke maiz zergatik den bat di eta bestea da; zergatik entzuten ditugun bi eta gero beste bi, eta ez bat errepikatua (di di di...). Beti bere batean ezin, eta bata bestearekin behar edo... Hor zerbait ari da jaiotzen, ernetzen: arrazoia, agian?

 

Barruak eskatzen didana egiten ari naizelakoan, barruak agintzen didana egiten ari naizela ohartzen naiz batzuetan. Neure barruaz beste egiteko gogoa etorri ohi zait.

 

Atzeratua, edo inuxentea, edo oso betea izango ez zen seinaleekin jaio zen behin nexka bat mundura. Hartaz aditu nion esaten gizaseme bati nola esan omen zien medikuak aita-amei “ez zela alaba bere buruaren jabe izango sekula”.

 

Espezie atzeratua, espezie inuxentea, espezie ezbetea —entzuten diot neure buruari.

 

“Zer da osasuna?” galdetu, eta norbaitek erantzun du: “osasuna da gorputzaren ixiltasuna”. Ez dago gaizki esana. Nik galdetzen dudana da nongoa den nere moduko berritsuen gaitza; nondik norakoa den ixilik egoten ez dakiten espirituen mina.

 

[Gehiago.] Gorputz sanoak ez dio ezer. Mindutako atalak, ordea, “hor dagoela” esaten du (halaxe esan ohi dugu); hemen nago, dio. Orain ekar dezagun gogora noiz-nolatan adierazi nahi izaten dugun, era batera edo bestera, hemen nago. Horra hor gure ondoezaren etiologia.

 

Gorabehera haundia dago nondik hitzegiten den. Ni ere gutasun batetik ari naiz, baina, ustez behintzat —eta sentitzez— gutasun ezjakin batetik, zer garen eta nor garen ez dakigunon gutasunetik. Gutasun eta gutartasun jakinak erre nahi lituzkeen asunetik.

 

[Aurrekoari oharra.] Gutasun jakinaren barruan sartzen dira: gubioktasuna, elkarrenlaguntasuna, etxebarrukotasuna, denokbatasuna. eta baita nitasuna edo nitartasuna bera ere, ez baitute inondik behar bezala hitzegiten uzten.

 

“Munduaren erdiak ez daki beste erdia nola bizi den”, dio jendeak harriturik, uste ez zuenen bat jakiten duenean. Eta nik diot psikoanalisi gizarteratua besterik ez dela hori.

 

Funtsean, aukeratu beharra dago: “edo neurtu, edo ez neurtu”. (Hau da: edo jakin/ezagutu/izendatu/iritzi/ebatzi... eta arrazoi neurtzaile baten azpian etsi, edo bestelako zera bat egin, izen-izanik ez daukana, hemen egin nahi litzatekeena, bizitzan egiten asmatzen ez dudana).

 

Umeari arrazoia eman behar zaio, bestela...

      Arrazoia edukitzea umekeria da.

 

Oraintsu arte arazoak gehiago ziren soluzioak baino, eta gauzak ez zihoazen oso zuzen. Orain soluzioak hagitzez gehiago dira arazoak baino, eta gauzak ez dira asko zuzendu. Arazo adina soluzio eta soluzio adina arazo behar luke egon: horra soluzioa. Soluzioak erraz aurkitzen dira arazo bakoitzarentzat, baina arazoak oso nekez soluzio bakoitzarentzat: horra arazoa.

 

Batzuetan espezietik kanpora sentitzen naiz. Zer da hori? Eromenaren hasiera?, edo bukaera?

 

Medikua sendatzeko dago, baina, dakiena eta dezakeena den aldetik, arrazoia edukitzeko ere badago. Medikua eta bere zientzia arrazoiaren —prognosiaren— jabe gelditzeagatik gaixoa hiltzea komeni baldin bada, gaixoa hiltzea komeniko da (“ikusten zeinek zeukan arrazoi?”).

      Arrazoiaren borroka hain da borroka gogorra, non hildakoak uzten baititu osasun-etxeetan ere.

 

—Ez nekien zertan ari nintzen, ez nintzen neure buruaren jabe, eskasa naiz, pasioak itsutua nengoen, gezur haundi bat sartu zidaten eta.

—Ixo! Badakit gizakia zarela. Errugabea izan behar zenuke, baina erruduna zara. Datorrela hurrengoa!

 

Bidaiatu egin behar omen nuke (lehenago bezala); beste kultura batzuk ezagutu. Baina neri hemengoxea iruditzen zait beste kultura bat. eta ari naiz ezagutzen apurka-apurka.

 

Ama-laguntzea dut ospitaleraino. Zaharrak galdu egiten dira ospitalean, baina ez —atsoak behintzat— supermerkatuan edo arropadendan. Galtze selektiboa. Nere modukoak ere baliteke “selektiboki” egotea munduan gauden bezala, hau da, ospitaleetako atso-agureen pare. Galduta sentitzen gara, beraz? Ez: galduta aurkitzen gara.

 

Paper artean, letrei begira. Komeni baino gehiago, seguru asko. Derrigorrean beti. Lehen-lehenago, eskolak derrigorturik. Gero —orain— zer egin hoberik ezak derrigorturik; edo derrigorturik ez, baina bultza eginik, katigaturik, beharturik. derrigorturik, bai.

 

Fede hark mendiak mugitzen zituen eta dirua hankapean hartzen; fede honek mendiak hankapean hartzen ditu eta dirua mugitzen.

 

Eta numeroak? Dirua bat; begiak bi; kantuak hiru minutukoak; “kanpora goaz” hamar egunerako... Zergatik? Auskalo! (Nik ez dakit horrenbeste).

 

Gertakari mirarizkoak, harrigarriak, ezin litezkeenak, errealitatetik kanpora edo arrazoiaz haratago omen garamatzatenak. ongi egon litezke, bai, baina errealitatearen eta arrazoiaz honatagokoaren miraria, harrimena eta ezina sentitzea eragozten digute. Ongi egon litezke, bai, baina ez dira aparteko ezer.

 

Konpontzailerik ez dago; egilerik ez dago (mundu ez-sublimehean). Idazleak eta eskaleak bai. Zerbait egiten dute, zer eta zer esan gabe. Zer idazten?, zer eskatzen? Ixo. Zer nahi? Eskaleak dirua eta bakea; idazleak dirua eta bakea-ez-beste-guztia.

 

Hitzarmen baten arabera, “enpresa” naiz ni neurez. “Entitate familiarra” ere banaiz neure bakarrean. Eta “pertsona fisikoa”, eta “pertsona juridikoa”, eta beste gauza mordo bat, eskeleto bakar baten gainean. Eta nik gero-eta eskasago eta gizajoagotzat neukan neure burua, baina, nonbait, gero-eta gehiago naiz, entitateagoa naiz. Beharbada, gauzak holaxe behar dute izan.

 

“Anhitz daki on eta gaitzen berri, / inguratu dituenak anhitz herri”. Gezurra, Oihenart jauna. Anitz herri inguratu dituenak anitz daki hango eta hemengo gauzez, jendeaz, bizimoduaz. Ez daki deus erraten gauzez, jendeaz, biziaz.

 

Asko ibiltzeko arina behar du izan. Asko jakiteko ere arina behar du izan.

 

Lehen, jaioberriaren edo jaiotzekoaren izena aukeratzen ez zen lan haundirik izaten: eguneko santuarena, aitita/amamarena edo aita/ ama besoetakoarena jartzen zitzaion. Lehen-lehenago, ezkonlaguna gurasoek aukeratzen zuten. Gero askatasuna etorri zen, eta aukeramena: lanak etorri ziren orduan; alfer-lanak etorri ziren, jakinik —hau da: ahantzirik— izenari ezizenen bat gailenduko zitzaiola denborarekin, eta ezkonlaguna “umeak hazteko enpresako bazkidea” dela funtsean. Inportantziarik ez daukaten gauzei inportantzia emateko izaten da goitik etorritako askatasuna.

 

Umeari arrazoia eman behar zaio, bestela...

      Arrazoia titiaren pare da.

 

Onkologikotik atera eta kantuan: “Hau dek, hau dek, hau dek tumoriaaa; kontsolatzeko, kontsolatzeko...”. Positibo eman du eta positiboa eman behar omen du. Positiboa ona balitz bezala.

 

Umeak ispiluari begira ni esaten duenean jaiotzen omen da pertsona. Eta zer gertatzen da natul tratatzetik lotsatzera, kasu argi-argi egitetik ez begiratzera eta ez ikusi egitera igarotzen denean ni hori? Animaxartzea omen da hori. Izango da; baina bere buruari prezioa jartzea ere bada: “ez naiz debaldekoa, ez naiz edozein”. Aurrena bere burua ezagutu; hurrena bestek ezagutzea nahi, ezagutza bat nahi, eta eskerra, eta aitorpena... eta hortik aurrera edozer gauza.

 

[Tabernan euskalmotzekin ezinean, edo Haustura Soziala zertan den.] —Hik zer behar duk? —Bueno: “behar”, “behar”... —Zer behar duan, bai. —Esaten dizut: “behar”... asko esatea da hori. —Zer behar duan, laortzia! —Zurito bat... nahi dut.

 

Hizkuntza batzuetan, gauzak buruz jakiteari “bihotzez” jakitea esaten zaio. Hizkuntza horietakoren batean, esan lezakete: euskaraz, gauzak bihotzez jakiteari “buruz” jakitea esaten diote. Edozein hizkuntzatan esan daitekeena da inon ez dagoela egia osorik: ez hizkuntza batzuetan, ez besteetan, ez buruan, ez bihotzean eta ez beste inongo egoitzatan.

 

“Geuria da ta geuria da”, “gure lurrean gu nagusi”.: Estatua eta nazionalismoa: agintea eta agindu-nahia: arrazoi politikoaren jabetza.

 

Zientzia beldurgabea, ikerketa edo kritika zintzoa (ez txintxoa): “honek hola dirudi, baina ez da, gezurra da”; “ontzat joa dago, baina txar-txarra da”; “hau luzaroan sinetsi dugu, baina oso oker geunden”... Ariera hori, itxura engainagarriak eginahalean urratu behar hori, mendekuaren ahotsa da; bizimoduak berekin duen ixildu-eta-irentsi-beharraren kontrako mendekua da bizimodu normala —normalegia— daraman ikerlariarentzat.

 

Nere aurrekoetatik hiru gauza galdu ditut (nabarmenenak bakarrik aitatzeagatik): indarra, memoria eta patxada. Irabazi, berriz, hauxe: informazioa, informazioa eta informazioa; eta informazioak ematen duen arrazoia: arrazoi erkin bat, arrazoi letradun bat, arrazoi aztoratu bat.

 

Zer egin liteke hizkuntza aberats(usteko)etan?, dena esana dagoela dirudien hizkuntza horietan? (Mordoxka bat dira, baina asko-asko ere ez dira hizkuntza kultural hipergaratuak, beren baitan galkatuak). Euskara hau berau haundiegia gelditzen zait maiz; ugariegia, nabarregia, txoroegia. Eman, egin, egon, izan... hi, ni... zer, non... asko,gutxi... eta beste gauzatxo batzuk (ez, zera...) aski behar lukete zerbait esateko daukanarentzat. Gainerako guztia berriketa da. Nik nahiko nuke jakin idazten (mintzatzen ez ezik) munduan kulturalki garapen urriena izan duen hizkuntzan. Orduantxe jakingo nuke benetan zerbait esateko dudan edo ekoizle kultural ergel bat naizen, munduan beste asko bezala.

 

“Nahi eta nagi”. Norbaitek utzi zuen idatzirik hori txit aspaldi. Nere baitan erdi-lotan dagoen filologoak eta jaio gabe hilda gelditu zen linguistak ez dute etsiko hitz bat eta bera direla erakutsi arte.

 

[Onetik I.] Pertsona ona edo, ona baino gehiago, oooona!, xantua, aingerua, besteak ez bezalakoa. Hau da: aspaldi haragitutako beldur batek bizi duena eta, inoiz, noiznahi, beldurraren hutsaldi edo hutseginaldi batean, gaizto guztiak ikaratzeko moduko okerra edo ez-egitekoa egin dezakeena.

      Ona izatea gauza ona da, baina tamainan.

 

[Onetik II.] Pertsona on-on-onari “ogi-puska” esaten diogu, eta halaxe da izatez, zeren, utzi ezkero, bere horretan eta naturalki utzi ezkero, ogi-puska luze gabe baita lehortzen, gogortzen, lizuntzen eta usteltzen.

 

Moroen harategian harira deritzan zopa erosi eta jan. Bixi-bixia. Munduaren zilborretik lekutzen nau. Ahosabaiak eta usainak asko lezakete. Oraingogoaren zilbor-usTEA, larala-lara.

 

Baso koxkor batean, kolorezko txabolatxo pinpirin batzuk adarretatik zintzilik. Habiak omen dira, gizakiak txorientzat eginak. Txoriei habiak egin, umeei ume izaten erakutsi, urari bidea ebaki. Baina nik txoria nuen maite, eta umeak, eta ura. Eta nik txoria nuen maite.

 

[“Hiltzea zor”.] Bizitzeko eskubidea hainbestetan eta hainbeste eratara defendatu beharrak erakusten duena da gure benetako, izatezko eta egitezko eskubide bakarra hiltzeko eskubidea dela.

 

Arratsalde guztia Saussure irakurtzen. Bai gauza zuhurra eta zorrotza! Sasi artean bidea ebakitzen zuen, erudizioaren sasi artean. Haunditu egin zait Saussure eta, araberan, Chomsky txikitu eta ia ezerezeraino erori; orain “beste amerikano bat” iruditzen zait hura: zientifikoa, axalekoa, arina, apropostakoa. Orduan ez; orduan, karrera denboran, jainkotxo uhaunditu baten pare zen.

      Saussureren liburua azpimarratua neukan goi eta behe. Buruz ikasteko, esaminarako. Gainerakoan probetxu eskasa atera nion. Izan ere, nork asmatu zuen karrera 20 urterekin egitea? Karrera ez litzateke egin behar bizia irakiten dagoenean, baizik-eta 40 bat urterekin, biziaren luzameneko denbora hasten denean... eta gauzak ondo azpimarratzen ikasten dugunean.

 

Eros litekeen arrazoia arrazoi saldua da.

 

 

Arrazoia ez dago edukitzerik
Iņaki Segurola

Alberdania, 2012