Arrazoia ez dago edukitzerik
Iñaki Segurola

Alberdania, 2012

 

 

Hitzek ez daukate arrazoirik.

 

[Adibidez, ura bera.] Ura jainkotu didate neure muturren aurrean. Asmo onenez betetako emakume batek esan du, neuk entzuteko moduan, gizon on jator jakintsu batek erakusten duela “Energia euskaraz ur dela”. (Odola gaiztotzen hasi zait, baina ari naiz ikasten asmo onari begiratu eta esan gaiztoari entzungor egiten). Horrezaz gainera, horrek erakusten omen du euskarazko hitzek bere baitan duten jakinduria. Gizon on jator jakintsuak zinez egiten duena da: aurrena, hizkuntza jakin bateko —grekozko— hitz bati balio unibertsal ahalguztidun bat eman, eta gero, hitz jainkozko horrexen baliokide egin beste hizkuntza bateko —euskarazko— hitz arrunt bat, herri ezjakinak emandako esanahia ukatuz eta jakintsu gailen homologatuek erakutsitakoa erantsiz. Bortxaketa garbi-garbia, baina, nola ez ba?, asmo onenarekin egina.

      “Indarra grekoz energeia da”, diot nik ahal bezain zuzen eta batere asmorik gabe.

 

Diogenes Laerziok zioen ezen, filosofoen artean, batzuk zirela iritzidunak eta besteak gabeak; batzuentzat gauzak ulertzeko modukoak zirela eta hargatik zituztela iritziak gauzen gainean, eta besteek ez zutela holakorik uste eta, beraz, ez zutela egiten ez ebatzi, ez iritzi eta ez erabaki: “suspentsiboak” ziren, beste izenez. Iritzi pertsonal errazaren garai dohakabe hauetan, antzinako filosofo suspentsibo zaildu haien bandera dut astintzen.

 

[Anti-jakinketa I.] Ikerketa deritzan azpimunduan atzera berriz erori naizenetik ohartu naiz izen horren magalean ezkutatzen dena jakintza konklusibo bat dela gehienbat, ixurtze intelektual goiztarrez oratua. Ez da egiten ikerketa; egiten dena da jakinketa.

      (Ikerlari on-ona deus ez dakiena litzateke, edo oso-oso gutxi dakiena, zeren ikerlari on-onak sekula ez baitio uzten ikertzeari).

 

[Anti-jakinketa II.] “Ikerketa baten arabera”, gauzak hola-ta-hola dira. Ikerketarik batere gabe ere, gauzak hola-ta-hola dira. Jakiteko, ikerketa bakarra egin behar da edo, hobeki, batere ez. Hortik gora, ez jakiten bukatzen dugu eta ez jakiten hasten gara.

 

Euskalgauzak maite ditut, batzuk, ama batek bere ume atzeratua maite duen bezala, eta beste batzuk, berriz, ume batek bere ama atzeratua maite duen bezala.

      (Badaezpada, eta berriro: hizkuntzak ez dira gauzak).

 

Hizkuntza ez du behar gizakiak bere kidekoekin jarduteko bakarrik. Abere etxekotuei ez ezik, edozein mintzatu izan zaio noizbait tximinoari, txoriei, armiarmei, ilargiari, loreei, harriari, paretari eta bere edo besteren zakilari. Ez da ondorio filosofiko edo psikopatologiko izugarririk atera behar. Beste izaki eta gauzaki horiek ere jardungo digute guri beharbada, guk haiei bezalaxe, baina alfer samarrik, jakina. Hemen izaki eta gauzaki orok uste du berea dela munduan den mintzamolde bakarra eta denek ulertu beharrekoa. Eta ez: denok ez gara bat; dena ez da bat.

 

[Aurrekoaren luzapena.] Emakume ez-argitu batek galdetu dit ea hitzegiten diodan ondoan maiz eduki ohi dudan landareari. Ezetz nik. Baina asmoa hartu dut hitzegiten hastekoa, senti dezan landareak “beragana nagoela”.

      (Hola bai, ez-argituki bai; esanahi, zentzu, ulertze eta bat-izaterik gabe bai).

 

Galdetzen didate ez al naizen nekatzen beti buruari eragiten. Erantzuten diet ezetz: egonean eta buru-geldian nekatzen naizela ni. Erantzuten ahal nien (medikoki) bigorexia mentala dela nere gaitzetako bat, edo (psikiatrikoki) nere neurosi hau ez dudala neuk asmatu, edo (psikolinguistikoki) hitz-jasak etengabe nauela melatzen, baina nahiago dut neure dialekto maiteenean erantzun: arrazoi geldi-egonekoa ez da —ezin izan daiteke— egiazko arrazoia.

 

Arrazoia edukitzeak tontotu egiten du (lehenaz gain).

 

Hau idazten ari naizen garaian, eztabaida politiko biziena zaborraren inguruan dabil gertuko fedabideetan. Poztekoa da ikustea behingoagatik nola dabilen politika, ideien mundua utzirik, geure-geurea den zerbaiten jiran: zaborra da ongienik eta ugarienik sortzen dakigun gauza; zaborraren produkzioa eta banaketa da gure jarduera nagusia.

 

Normalizazioa, ofizialtasuna, arautzea. gure zera honen akabera izango da. (Lasai, euskaltzaleok!: ez nintzen hizkuntzetan pentsatzen ari).

 

Elkarrekikoa eta elkarganakoa galduz geroztik, erkidetasuna edo komunitatea gesalduz geroztik, Elkartasuna gailendu zen. “Adierazteko” eta “erakusteko” izaten den gauza bat da hori. Neri elkortasuna etorri ohi zait belarrira.

 

[Oteiza I.] Behin gustatutakoa denbora askotxoren buruan berriro aurkitzean, arriskua egoten da neri Quousque tandem...!-ekin gertatu zaidana gertatzeko. (“Ni al nintzen orain ia jasangaitza egiten zaidan liburu hau gustura irakurri zuen hura?”). Asma-aldi poexiazko batzuk tarteka, estilo aztoragarri batekin: besterik ez. Gainontzean, hitza bits eta izena gizen. Beste belarrimotz burutsu bat, hizkuntza bat bere burutazioen neurrira ekarri nahirik. (Euskal arima/ estilo/ gizon/ haur/ pentsaeraren ipuin etnikoengatik ez dit neri batere inporta, baina hizkuntza ez da ipuin etniko bat). Boladatan, lau hitzetatik bat vasco (gure belarriarentzat onik ez eta zer pentsatua gaitzetik). Intuition semantique nativerik gabeko —Benveniste bezala naiz mintzo— gixaixo bat bere ezarekin ezinean, eta bere ezinetik esplikazio esentzial oso bat ateratzen, ezak eta ezinak bere buruari ez beste orori egotzi eta gero. (“Aio betiko edo auskalo-noiz-arte!”).

 

[Oteiza II.] QT-ren seigarren edizioak zentsurak liburuaren gainean emandako irizpena dakar, eta han, besteak beste, honela diote: “ejemplo de confusión mental, difícilmente superable” eta “inocuo desahogo personal”. Zentsuratzaileak ez ziren beti gaizki ari.

 

[Oteiza III.] Nik uste nuen jasangaitzena zela: “dena daki eta edozer esaten du”; bada jasangaitzagorik: “edozer daki eta dena esaten du”.

 

[Oteiza IV.] Eta, hala ere, sentitzen dugu artista/ profeta/ apostoluak, ez ulertzeko moduan esanik, arnasa hobeki hartzen laguntzen diola Arnasari.

      (Eta askoz hobeki egin zezakeela diogu, baldin-eta ixilik-eta-hutsik utzi beharrekoak bete ez balitu).

 

Zentsuratzaile frankistak —ikusi dugu— ez ziren beti gaizki ari. Audientzia Nazionaleko jueza ere ez, bertsolariak “pailakantari orojakile” moduan (juglares sabelotodo) definitu zituenean. Intelektual plusquamorganiko batek, berriz, idatzi zuen behin hilketa terroristek balio zutela eskakizun nazionalistei inportantzia emateko, zeren bestela “despertarían tanto interés general como los conciertos de txalaparta”; eta nik ez dakit hilketak eta eskakizunak zertarako izaten diren, baina txalaparta kontzertuek duten interesa neurtzen ez zuen asko erratu.

      Arrazoia ez da inorena.

 

Nonbaiten zeruan (bezala) sentitzea izan liteke edo zeruan sentitzea huts-hutsik, edo zeruan sentitzea baina infernurako puntuak irabazten: azkenengo hauxe da benetako zerua.

 

Baliteke giza-irudipen hutsa izatea, baina animalien artean ere sumatzen dut nik arrazoia eduki beharra; ustez arrazoia galdutako eroen artean, berriz, zer esanik ez. Edukitzezko arrazoiak ez du hitzaren, arrazoi sanoaren eta deusen beharrik. Zibilizazio arrazoijabearen berririk ez banu, arrazoia eduki behar hori basatasun arrazoigabetik datorrela esango nuke.

 

[Terapia somato-filologikoa.] Ni ez naizen sendatzailearentzat, inongoa ez den min, ondoez edo ezinbizia nonbaitekoa bihurtzea da “somatizazioa”, edo sendatzeko aurreneko pausoa. Ni naizen filologoarentzat, esan-ezin bat behar du gaitzak zuztarrean, eta ez dakit hobe den ezin hori eginahalean hitzetara ekartzea edo bere horretan uztea, bere horretan urtzea. (Sendatzeko bigarren pausoa herrenka emana gelditzen da).

 

Neure burua ispiluan ezagutu nuen. Geroko batean ohartu nintzen nere eskuina ispilukoaren ezkerra zela, eta hola. Hori aski ez zela, pailakantari orojakiletzat jotako batek honela kantatu zuen behin ispiluari begira: “neri begira ortik daduzkat / alperrikako bi begi; / ik ez nauk noski ni ikusiko, / baña nik ikuste aut i”. Jabetu nintzen, beraz, eragozpen tekniko haundiak zeudela nork bere burua ezagutzeko, baina ordurako ez zidan batere inporta, zeren arras galdua bainuen neure burua ezagutzeko interesa, bai ispiluan eta bai ispilutik kanpora.

 

[Eusko literatoak eskeka I.] Kastillanoz idazten eta eskeka. “Eske... atera egin zait kastillanoz, eske... tonua, eske... hau eta hori eta bestea”. Diot: atera zaitezte lasai euskararen armairutik eta kartzelatik, eta atera zaitezte esplikaziorik eta eskerik gabe! Dio: euskararen alde egon gabe euskararen kartzelan erori zen honek.

 

[Eusko literatoak eskeka Ibis.] “Eske... errealitatea da holakoxea eta hark agintzen du”. Errealitatea! Aitaren eta semearen! Eta zer inporta ote du errealitateak? Nork deitu dio errealitateari hizkuntzaren jolas honetara?

 

[Eusko literatoak eskeka II.] “Eske nazkatua nago errazkeriarekin, eta nik hizkuntza zaila egiten dut, eta ez bada ulertzen zerbaitegatik izango da...”. Literatoak nahi duena egiten du hizkuntzarekin: harri baten gainean jar litekeen gisa berean, hizkuntzaren gainean ere jar liteke, zeren uste baitu hizkuntza gauza bat dela. Literatoak ez dakiena da hizkuntza errazaren kontrakoa ez dela hizkuntza zaila, baizik-eta zaildua, eta gainera, ondo pentsatu ezkero, ez duela kontrakoa behar, zeren hizkuntzan gozo hartzen baitute elkar erraza izateak eta zaildua izateak. Ezjakinek egina da hizkuntza oharkabean, eta literato kontzientziadunak ezin asmatu du ezjakinen azpiko egoten. Ezin hizkuntza bere horretan irentsi; ezin etsi hizkuntza bere ezinaren neurrira ekarri gabe. Beste kasu bat.

 

[Iruña-Veleia I.] Ez omen dago ikusi nahi ez duena baino itsu haundiagorik. Ez dakit. Errazago ateratzen zait beste hau: ez dago dena argi ikusi nahi lukeena baino itsuagorik.

 

[Iruña-Veleia II.] Arrazoi sinesgogorra ez da berez egiazko arrazoia, baina arrazoi sineskorra eromen txuri bat da.

 

[Ezedukiak ezin eduki.] Daukanaren arrazoia burrunba baten pare baldin bada, ezeduki deusgabearen arrazoia ia inork entzuten ez duen ahots bat da eta alferrik galtzen dena, eguzkitan piztuta dagoen kandela edo itsasoan egiten duen euri gozo bat bezala.

 

[Silogismo errex bat medikuen, terapeuta alternatiboen eta sendatzaile holistikoen desengainagarri.] Mundua ez dago ulertzerik (bere osotasunean). Gorputza mundu bat da (bere txikian). Gorputza ez dago ulertzerik (bere osasunean).

 

Euskarazko herri-ipuin batzuetan “gaizkin” izeneko zomorro edo auskalozer batzuek jendeari lagundu egiten zioten bestela ezin egin zitzaketen lanetan (heriotza atzeratzeko ahala ere ba omen zuten bakarren batzuek). Bestalde, esan beharrik ez dago hobe-beharrez zenbat kalte egin den munduan.

      Zertarako da intentzio morala?; nori inporta dio?; parte onekoa al da?

 

[Ikasketa I.] “Horrekin bizitzen ikasi beharra daukazu”, esaten zitzaion ezkonberriari; berak senda ez lezakeen gaitzak jo duen gaixoari ere horixe esaten dio medikuak; eta abar. Alferrik da: bizitzen uzten ez digun zeraren batekin bizi behar, Zera Haundiarekin ez ezik.

 

[Ikasketa II.] “Mundura ikastera etortzen gara”, aditzen zaio gaur edozein giza-argituri, eta bereziki aditzen dena da sufrimendua ere ikaste bat dela, ikasteko aukera bat. Zer esan? Zer diogu ahaztearen aldekook? Ba, oraintsu aditu dudan kontu hauxe, adibidez: ezdakitnongo astoak ere ikasi zuela jan gabe bizitzen, baina. orduantxe akabatu zela.

 

Onanismo eskuzkoa: (ia) denok egiten duguna. Onanismo ahozkoa: “hau txarra, hori gaiztoa, hura putakumea...”; bestela esanda, ona ni: denok egiten duguna.

 

Lehengoen esana da etxean egonda etxeko kontuak bakarrik jakiten direla. Gaur, Indernet deritzan sare informatikoari esker, sinistuta bizi gara etxean pantallari begira egonda etxetik kanpoko kontuak ederki jakin litezkeela. Bestela esanda: sinistuta bizi gara sareak gatza ere harrapa dezakeela, izurdea edo legatza ez ezik.

 

Begiak irekita ikus daitekeenari eskas iritzirik, begiak itxita ikus daitezkeen neurrigabekeriei ederretsirik garatutako espeziea gara. Urrunegi iritsi ginen bi begietako eromenean; bi begiak estalitako eromenean.

 

Gauza ederra da aita-ama xeheen artera jaiotzea. Haiek ez dute modurik izaten beren umeen bihotzetan azken modako jakiunde operatiboak ereiteko. Maiz erruki izan ditut zerbait badirela eta badakitela uste dutenen seme-alabak. Beste haixe batek darabiltza, nik uste, eta grazia falta izaten dute ia osotara.

 

Dena jakin beharra dagoen garai honetan, atentzioa emateko modukoa iruditzen zait baserri-giroko edo erdara gutxiko askotxok zenbait galderari eman ohi dion erantzun-modu hau: “hori nik adina jakitea duk!”. Bestela esanda: jakitea —jakitearen parte bat bederen— ondo dago dagoen lekuan; hots: norberaren baitako zoko batean usteltzen eta desegiten.

 

[Nortasuna plateretik hasten.] Denetik jan? Nola ba! Zerbait egon behar du —umetan— gustatzen ez zaiguna edo —gerora— “ideologikoki” arbuiatzen duguna. Nortasuna erakusteko bide erraz bat da.

      Denetik egin?, denetik entzun?... Nola ba!

 

Bat eroria edo etsi beltzean dagoenean, bistan da deus gutxi duela galtzekorik, eta, beraz, badirudi heriotzak ez lukeela asko izutu behar, baina ez da hala, eta heriotzak hura hagitzez gehiago izutzen du gozo dabilena baino, zeina, galtzeko asko daukalarik, asko izutu behar bailuke heriotzak, eta ez baita hala.

      Honek, nik uste, heriotza eta galera errazegi berdintzea eragozten digu.

 

Tabernan entzuna: “tipo batek emakume bihurtu nahi dik eta deretxoak zeuzkak, eta landare bihurtu nahi dik, eta zoro-etxera!”. Arrazoia dauka? Ez, jakina, baina arrazoi bat izan liteke, eta ez txar-txarra, baina, hori bai, idatzita asko galtzen duena.

 

Arrazoi polemikoa borrokara ateratzen da ustez, baina, izatez, zeresan bat jartzea besterik ez du egiten, zeresan zaratatsu bat, pixkaterako berriketa entretenigarria bihurtzen dena. Arrazoi polemikoa arrazoi pakeoxoa bera baino ezdeusagoa da maiz.

      (Hau ere garaiz ikasi beharreko beste ale horietako bat da).

 

Bizia laburra dela? Bai, baina orain da laburra, urteak ezdakitzenbanaka doazkigun garai honetan, baina lehen, noizbait, sekula bukatzen ez ziren arratsalde edo uda haiek bizi genituen garaian, bizia oso luzea zen. Hona misterioa bere gorrian: bizia laburra da, baina luzea izana da; gure bizi-denbora askoz laburragoa zenean zen bizia luzea edo neurrigabea, eta bizi-denbora luzatu ahala zaigu bizi hori berori laburtu.

 

Eskale baten ondotik pasa eta txanponik ematen ez diodan bakoitzean, dudan gelditzen naiz zer den eman ez diodana: edo esku hutsean falta duen dirua, edo esku hutsean sobran duen arrazoia.

 

Ero diagnostikatu bat (ez gure moduko bat) tabernan latakada bizian sumatu dut, gure moduko bati izugarrizko beroa ematen, ezdakitnongo leku euskalgabe baten izenaren euskalduntasunaz. (Badakigu ero diagnostikatuak eta gure modukoak bereizten dituen pareta mehea dela oso eta ezin ikusizkoa kasik). Toki euskalgabeen —edo oso aspaldi euskalgabetuen— izen arrotzei euskarazko zuztarrak bilatzeko zera horri, mania horri, gaitz horri... diagnostikatu gabeko eromen baten tankera hartzen diot nik, edo ezin beltz batena.

      (Nik aski dut Etxeberritxo edo Eperzelaieta moduko izenen misterio (sic) garbiarekin).

 

“Ideia edo lilura sozial salbagarriek hondamendia dakarte beti”, dio gizonak. Neri dirua datorkit gogora, diru haundiak mundu zabalera dakarren hondamendia, baina gizona ez da horretaz ari. Gizona bere gazte-denboraz ari da, eta orduan sinistutako ipuinez. Gizonak uste du lehengo okerrez jabetzeak arrazoiaren jabe egiten duela orain. Eta ez da hala. Lehen oker egondakoak ez dauka orain okerrago egon ezinik.

 

Eroritako izena, ahaztutako heriotza, umea egondako lekua, botatako eguna, ulertugabeko barrea, galera polita, zorion ezezaguna, iturria, malkarra, ia haize guztiak, ni.

      [Interludioa-4. Arrazoizko zer-esanen etena.]

 

 

Arrazoia ez dago edukitzerik
Iñaki Segurola

Alberdania, 2012