Arrazoia ez dago edukitzerik
Iņaki Segurola

Alberdania, 2012

 

 

Aurki litekeen arrazoia arrazoi galdua da.

 

Epaileak, epaitegian nahiz kiroldegian epaia edo erabakia emateko dagoen gizakiak, egunero edo momenturo arrazoiaren kendu-emanean dabilen munstro horrek, higuin trixte bat eman izan dit beti, eta higuin horren zuztarra aurkitu dudalakoan nago orain: arrazoi ebakiaren eromena da.

 

Gure gaitza, gaitz fundazionala, asintomatikoa da. Gaitz nobleenak bezala. Gaitz txarrenak bezala.

 

Zerak aitortu dit, kezketan bezala, bere amets erotiko batean azaldu naizela. Biok mutilak gara, eta ea zer iruditzen zaidan. (Bidenabar: ari ginela, ari ginela... ezdakitzertan., halako batean botatzen omen dut “nik”: zer egiten dugu hemen, titirikgabe?). Ohore bat dela esan diot edozeinen amets erotikoetan azaltzea, nahiz-eta holako galdera lerdo-antxak egiten azaldu.

 

Orduan zer? Ahaztua ote dut ikerketaren mundua betiko?, eta erremedio gabe? Kontsolamendu gisa, esaten diot neure buruari: eta hau zer da?, hemen egiten ari naizen hau zer da?; ez al da ikertzea, arakatzea, aztertzea, aztarrenatzea, miatzea, zulatzea, agertzea, tiratzea, ateratzea. eta abartzea? A! Baina ez dago tesirik, ez dago ondoriorik, honek ez dio bere buruari arrazoirik ematen, ez du bedeinkaziorik, ez du ezer ezertan aurreratzen, ez nau ezdakitnoraino goratzen, ez gantzutzen eta olioztatzen... Ez, e? Ongi egin dut orduan Ikerketa izeneko seta hori bazterrera uztea.

 

[Hitzak beldurgarri.] Lehen zer zioen alkohola edaten du zioenak? Eta zer dio gaur? Lehen alkoholak esan nahi zuen alkohola, botikakoa, eta orain berriz ardo-tragoxka ere alkohola da. Estatistiketan ardoa jan-gauzekin batean sartzen zen, ardo gorri nafarra “alimentu ona da”, eta norbaitek kantuz bota zuen ardoa ere jan egiten zela besterik ez zegoenean. Gaur beste haize batzuk dabiltza. Gaur dena da “alkohola”. Horrela ere zabaldu izan da beldurra munduan.

 

Aza arina da; baba ez. Azak ez du betetzen; babak bai. (Azak baba beharrago du babak aza baino). Azak gastronomiaren premia du; babak ez hainbeste. Aza-gizonak Hiri Askoduna behar du; baba-gizonak askozgutxiago. Azak betegarria behar du; babak ez.

 

Bizigarrik gabeak bizigarria behar: azkenerako, minbizigarria.

 

“Nahi denik ez dago”, dio euskarazko jendeak. Hola mintzatu izan da jende ezjakin jakintsua. Jakintsu ezjakinek, gizabanako sustantzigabeek, substantiboki nahiago: Realitatsprinzip.

 

Beti geure buruari begira egonda ez dela “sentiberatasun sozialik garatzen”? Ez da hori hola: itsustasunak eta itsuskeriak garamatzate ongile bihurtzera eta lagun hurkoari, bereziki hurko urrutikoari, laguntzera. Aurpegi itsusi batek edo geure baitan ezkutuan daramagun itsustasun, itsuskeria edo beste ezin esanezko keria bat estali beharrak pizten dute gugan, lautik hirutan, delako sentiberatasun sozial hori. Eta nola denok dugun, barruz edo kanpoz, gauza itsusiren bat inork seinalatzerik nahi ez genukeena.

      Bizi da karitatea, mendekuaren aldamenean.

 

Daukanari zer kendu behar zaio, eta ez daukanari eman? Dirua? Jatekoa?... Ez ba: arrazoia.

      (Gizagauzak halako moduan daude antolaturik non arrazoijabeari arrazoia eman behar baitzaio eta arrazoigabeari kendu).

 

Izan al liteke “oso zera”, baina ez “zera”? (Oso ona, haundia... ona edo haundia izan gabe?) Izan liteke. Adibidea: ni oso begetarianoa naiz, baina ez naiz begetarianoa. Esplikazioa: begetariano kontu horrek askotxo du tranpatik; hitzak, halakoek zer jaten duten dioelakoan, benetan dioena da —esan gabe— zer ez duten jaten; dioena da, arrazoiren bategatik (gaitz-usteren bat uxatu eta ontzeagatik), delako zera horiek haragiaren debeku morala zor diotela bere buruari, ahosabaiari eta hesteei.

      Lurrari kendutakotik lepo jan, begetarianoa izan gabe; haragi puskaren bat jan tarteka, eta haragijale. Eta hori jan-gauzetatik atera gabe. Hau mundua hau!, egitearen jakiaz ahaztu eta izatearen zizka-mizkekin betetzen dena.

 

Aberatsa da daukanarekin konformatzen dena. Hala diote. Ni pobrea naiz; espirituz pobrea. Ez naiz iristen; sekula ez daukat aski; hutsa falta zait eskean hasteko... baina non?, zein elizataritan?

 

Ezdakitnoren metodoa ametsen nondik norakoari antzemateko: egindako ametsa dozena-erdi bat hitzetara bildu, leku- eta pertsona-izenik atera gabe behin ere. Balekoa dela diote batzuek, ez dakit. Dakidana da hemen ari naizela ni arrazoiaren ametsak hitz banaka batzuetan jarri nahian... eta batez ere jarri ezinean.

 

Giza-arrazoia ez da egiazko arrazoia.

 

Esnatzeko garaia. Eta honi ere “egitea” esaten diogu guk: “lo egin”. Ohetik jaiki ezinik uzten nau burutazio horrek. Egite hori egite garbia da, eraikitzerik eta ekoizterik ez duena, espanturik eta imintziorik gabea. Etsiak nauka ohean josia: ez dut deus hoberik egiten asmatuko; ez dut deus hobeki egiten asmatuko.

 

Ego-a (neure buruaren amodio edo eder-itsusia, autoestima...) zakilaren pare jarri zuen Voltairek: “beharrezkoa da, maitea dugu, atsegin ematen digu eta ezkutuan eduki beharra dago”. Ez dago gaizki esana. Konpara zezakeen, ordea, diruarekin ere, diru inportantearekin, kontutik kontura dabiltzan numeroekin: behar, maite, atsegin eman, ezkututik ibili

baina ezin ukitu, beste hori bezala.

 

[Entzun kanpozaleok, eta orobat bertazaleok!] Inor eta ezer ez da kanpokoa. bazter guztietan. Kanpokoa, bere zerean, ez da kanpokoa. Ez dago kanpoko gauzarik. Bertakoa, beste gainerako zeretan, kanpokoa da. Inor eta ezer ez da bertakoa... bazter guztietan. Ez dago bertako gauzarik.

      Inor ezin izan liteke “kanpoko gauzen zalea”, eta ezta “bertako gauzen zalea” ere.

 

[Adina I.] Gero eta gehiago aditzen dudana: “hori adina duk”, “adinaren gauzak dituk”. Eta nik diot: besteri “hori adina duk” esatea, bat gaztea dela jakitea, eskolara joatea, hizketan hastea, oinez ikastea eta jaiotzea ere adinaren gauzak dira, lehenagokorik ez aitatzeagatik.

 

[Adina II.] Bizitza 40 urterekin bukatzen zela uste zuten askotxok. Neroni ere botea nago 40 urtetik aurrera biziaren luzamena hasten dela, deskontuko denbora. Orain uste dut biziko abentura edo apustu zailena orduantxe hasten dela: edo erdi-bizirik egon edo, bestela, bizi-etsia hartu. Adintsu horretan gertatzen dena da, nik uste, kanpokoak izandako etsai guzti-guztiak norbere barruan bizitzera aldatzen direla.

      Bukatutako bizitza 40 urterekin hasten da.

 

[Adina II bis.] Beltzagotik, esan nezake bizia 27 urterekin bukatzen dela (aurreikuspenarekin); edo 17rekin (zer izan nahi dugun jakitearekin); edo 2rekin (edozein izateari uztearekin); edo... Ez dakiguna da noiz hasten den.

 

[Adina III.] Hemen mundu guztiari antzematen zaio adina. (Ume jaioberriari ere antzeman egiten zaio: hortik atera kontuak). Hemen tanatorioan makillaturik datzan hilotza da adinik antzematen ez zaiona. Adina ezkutatzeak heriotzara hurreratzen gaitu.

 

[Adina IV.] “Zenbat urte?” ez, “zer adin?” ere ez: “zenbat adin?” izan behar luke galdera. Nik 50 adin ederki paseak dituk: hau idazten ari naizen garaian ofizialki “49 urte ditut”, baina adinak askoz gehiago dira nere baitan: 49 adin horiek berekin dituena (“urtebetekoa, bikoa., 49koa”) ez ezik, banaiz urterik gabea ere, banaiz adinik gabea edo adina zer den ez dakiena ere, edo ama-barrukoa ere bai, eta hazi hutsa edo jogura betea ere hortxe nonbait, eta auskalo beste zenbat gauza, aurregauza eta desgauza. Uste baino zaharragoak ez dakit, baina uste baino askoz adintsuagoak bagara behintzat.

 

[Adina V.] Galdera bat: zenbat urterekin hil behar da ez zahartzeko?

 

Gure espezie hau munduan traban dagoela uste badut, edo sekula azaldu behar ez zuen ezbeharra dela (halaxe iruditzen zait komeni baino gehiagotan), esan beharrean nago berdinzaleei, antisexistei edo dena delako aingeruei: espezie honek bi aurpegi txar ditu: (1) aurpegi txar arra, (asta)zakila, takarra, gauza guztiak dakizkiena eta hiltzen duena, eta (2) aurpegi txar emea, alua, pelma, gauza guztiei antzematen diena eta bizitzen uzten ez duena. Dena delako aingeruok: ahaztu zaitezte bi sexuen arteko ixtorio ergelekin. Arazoa ez da hori; arazoa gizakia bera da, aurpegiak aurpegi.

 

[Ahoberoaren aitormen berantiarra.] Ahoa betetzen zait hitzez. Hitz politez, hitz potoloz; hitz poetikoz, hitz politikoz. Aitortzeko ordua da: botalarria da, botaka ari naiz, bulimia espiritualaren ondoa da, barrua huts-hutsik edukitzeko jaio nintzela jabetu izanaren biharamuna.

 

Nere inguruan jendeak sinesten du diruan, zientzian, abiaduran, justizian edo/eta kuadrilla armatu batean, makrobiotikan, artean, energian, Euskaltzaindiaren arauetan... Eta sinestean bertan ere bai: alegia, zerbaitetan sinestea ona dela, berdin dio zertan, eta horrexek harritzen nau ni gehien-gehiena. Zer da hori?, eta nondik norakoa? Biziari zentzua ematea dela diote, edo barruko hutsa betetzea, erotzeari beldurra, erru-ustea estaltzea, bakardade afektiboa arintzea eta abar, baina ni gero eta ixuriagoa nago pentsatzera zerbaitetan sinetsi behar hori umekeria besterik ez dela (eta emekeria ere bai beharbada, baina hau ez da segurua); hona nola, edo nondik: “gure aitak beti arrazoia du eta aita betiarrazoidunak maite dituen umeetako bat naiz ni”.

 

Bihotzak ezin dezake arrazoirik eduki; ezin eutsi diezaioke arrazoiari. (Bihotzaren lana da “hartu eta bota”).

 

Infernu hau hobe-beharrezko okerrez betea dago, eta okerrenetako bat, pentsamendu positiboa esaten diotena: “onak gara, dena dezakegu.” eta abar izugarri bat. (Hau da: bi urteko umeari “suak ez du ezer egiten” esatea adinakoa). Baina negatiboa da zinez balio duena, negatiboa edo antipositiboa da ona: “eskasak gara: kontuz lagun hurkoarekin eta batik-bat zeure buruarekin...”. Argi ibili, beraz, eta ez ilun, ez lauso, eta ez, batez ere, paradisu positiboaren profeten distirak itsutua.

 

“Pertsona gai da edozer gauza egiteko”. Mundua pentsamendu positiboaren koilaratik irensten duenak esaldi hori era batera hartzen du, eta, kontsolamendu gisa, lagundu egiten omen du gizamundua bere hartan jasaten. Beste gainerakoek oso bestelako eta kontrako era batera hartzen dugu esaldia, eta, kontsolamendu gisa, lagundu egiten digu gizamundua bere hartan jasaten.

 

Fedea galtzen hasi, galtzen segi, eta azkenerako... gastronomia ere erori zait aldaretik lurreraino. Gastronomia: su-gaineko birtuosismoa, haginen biagra. Ni gosearen alde nago argi eta garbi.

 

Operatu aurretik erizainak gaixoari galdetu dio neure aurrean, bere berri jakin beharrez: Gaixotasun interesgarririk? (sic!) Andre erizain osakide xarmantak erakutsi dit —nahi gabe— gauza interesgarriz nik uste baino beteagoa dagoela mundua.

 

Neure burua hiltzen uztea ere pentsatzen dut batzuetan, baina pentsamendu horrek aldegiten dit ohartzen naizelarik hau horixe besterik ez dela.

 

“Ez du txintik esan”, diogu. Zer da txint? Bistan dago: da esan litekeen gauzarik apurrena, baina deus esan nahi ez duelarik munduari begira; ez zer, ez zenbat. Txint da esanahi gabeko esate apurrena (zera baino apurragoa). Da mututasun osoaren eta ixiltasun zeharokoaren bezperan esateko hitza. “Zer daukazu esateko, Segurola jauna?”, galdetuko didate azkenean. Eta nik: txint. “Zer?”. txint, txint, txint.

 

Exekutibo guztiei bertatik gomendatzen diet har dezatela noizbait paper-mutur bat eta idatzi: Nere bizia hutsa da eta zentzugabea. Idatzi eta begira gelditu puskatean. Lasaitu egingo dira, asko eztituko zaie barruko errea, eta hobe dute hori bazterrak gauza zentzugabez gainezka betetzeko tema kriminal barru-betegarri mendekuzkoan azkenik gabe segitzea baino.

 

“Jarduiok Potteri!”; “ziri hori sartuko diok Pinttori!” Nere belarri-zuloko fonotekan daude, han bizi dira neure hurko, senide eta ispilu diren Potte eta Pintto.

 

Zenbaiten arabera, umeak ekartzen hasi ziren “umeak egitea” zuzenean esateko lotsaz. Aitatxo kanpora doalarik, umeak ez dio galdetzen zertara edo zer egitera doan, baizik-eta handik zer ekarriko dion. Kultura garaikidean axola duena ez da zer egiten den, baizik-eta zer ekartzen den: ekarpena, beren dialektoan. Ez nekien gaur arte: ekarria, egitearen estalkia.

 

Neure batean, neure betean, neure bostean, neure hutsean.

 

Edozeinek egiten du musika gaur. Txinda-txinda. Nekez harrapatuko duzu haietako inor kantuan, dantzan edo, besterik ezean, txistua jotzen. Musika gustatzen omen zaie. Ez diet sinesten. Gustatzen zaiena da... izatea; krixto guztiari gustatzen zaiona: zerbait izatea; zerbait anplifikatua, ekualizatua, masterizatua.

 

Gutxiena ustean ekiten zait neure zuringoa eskean, emateko hari (neuri? neure buruari?) behar duen klasetik: haixea, laineza, adorazioa eta —nola ez ba?— bere arrazoia. Zuringoa gorritzeko modurik ez dagoenez gero, zer egiten dut? Ba, ahal dela, zapuztu, gezurtatu eta, batik-bat, belztu, edo beltzean eduki, deklaratu gabeko diru baten moduan.

 

Itzaletik, errazetik, polittetik, goxotik, belaxkatik, usteletik, onenak emanik, akabaturik.

      Berotik, zailetik, zatarretik, mikatzetik, gogorretik, zakarretik, txarrenak harturik, akabaturik.

 

Nik ikasi nuen hizkuntzan, larria ez dena xehea da (gatza, adibidez), eta estua ez dena zabala. Nik ikasi nuen hizkuntzan, “estu eta larri” erabat esaten da, baina behin ere ez “zabal eta xehe”. Ezina bezala dirudi, esatez eta izatez.

 

Txikitan irratian edo telebistan aditzen nituen kantuak ez nituen ulertzen: Iwantyou, Ineedyou eta abar. Gero bai; gero ulertu nituen. Orain lehengora etorria nago; hasi naiz ez ulertzen atzera berriz: Who are you?, What’s this? eta abar.

 

Arrazoiak ezin dezake arrazoirik eduki; ezin eutsi diezaioke arrazoiari. (Arrazoiak egiten du “egin eta desegin”).

 

 

Arrazoia ez dago edukitzerik
Iņaki Segurola

Alberdania, 2012