Arrazoia ez dago edukitzerik
Iņaki Segurola

Alberdania, 2012

 

 

Arrazoia eskatzeari alfer iritzirik, kontuak eskatzera jarriak gaude, kontuak egiten edo ateratzen dituztenen kontutxoek arrazoiak hutsik utzitako tokia betetzen ahalko balute bezala.

      (Eskatzea libre da, baina eskatzeak lotu egiten du, eta lohitu).

 

Fisiko sinestunenentzat, Natura bera dago hizkuntza matematikoan idatzia; zuhurragoentzat, matematika fisikaren hizkuntza da, ez Naturarena berarena. Letrazale sineskorrenentzat, mundua edo bizia bera daude hizkuntza literarioan idatziak; berbaturak zuhurtzia pixkat jarri nahi luke, eta ebatsitako arrazoia kendu hainbeste letra haixeaturi.

      Errespetu pixkat, faborez! Natura, mundua eta bizia ez daude idatziak. Hitzegin beharbada egingo dute, baina ez dute idazten eta ez daude idatziak.

 

Libertatea nahi dugula? Faborez eta mesedez! Izatekotan ere, sartu-irten libreko itxitura eroso bat hartuko genuke.

 

[Arrazoia gorririk.] “Biluztu zaitez!”, esan dezake poliziak edo agintzeko dagoen beste edonork, eta berak dakien eta dezakeen eran esango du, baina emakume batek —eta gutako edozeinek barruan daramagun emakumeak—nahiago eta beharrago du eskuarki konfiantzan biluztua izatea tarteka edo maiztxo, eztiki edo basatiki, baina biluztaile boteregabe batek dakien eta dezakeen eran. Bata biluztasun polizial arrazoiduna da, eta aitorpen edo ondorio bat nahi luke; besteak ez luke behar arrazoirik, aitorpenik, ondoriorik eta holakorik batere.

 

[Boutade I.] Neretzat hitz etsaia da. Lau esanetatik hiru boutadetzat hartzen dizkidate, zinez ehunetatik lau ere ez direlarik. Arazo latza daukat eta ez dakit zer egin.

 

[Boutade II.] Zientzia eta fedearen arteko berdintasun edo bat-izatea, aise sentitzeko moduko gauza behar lukeelarik, boutade bat da hurko gehienentzat. Orduan lanak hartu behar izaten dira, eta Planck-en esanak atera, adibidez: “zientziaren tenpluko sarrerako ate-gainean honako idazkun hau jarri beharra dago: fedea izan behar duzue”; edo “erlijioak eta zientziak helburu bera daukate: unibertsoa arautzen duen adimen ahalguztiduna aurkitzea”; edo “erlatibitateak absolutua sendotzen du”; edo. Ederki! Eta hala ere batek esandakoak boutade izaten segitzen du. Alferrik da!

 

[Denborazko kontra-argumentua.] Aurrerapenari muziņ egiņ ezkero, askok diyotena da preixtorira edo oso aspaldiko denboratara biurtuko giņakeala. Ezezkuan nago ni egotez, eta ara zergatikan edo nola dan ori: ni neroni naiz, beste asko bezelaxe, etxean urikan eta argi-indarrikan gabe eta eskolan oso enbazo gutxi egiņaz azitako baten semea. Ez, ez: oso bertan dauzkagun denboratara biurtuko giņake, geyenaz ere.

 

[Psikopolitika I.] Geure buruaren jabe izan behar horrek erakusten duena da guk geuretzat izan dezakegun askatasun bakarra jabetasun bat besterik ez dela.

 

[Psikopolitika II.] Behealdeko politiko batzuek mundua (?) aldatu (??) nahi lukete, boterearen jabe egin gabe. (Halamoduz iritsi da nere belarrira). Neure psikozokoan bildua harrapatu nau jardun horrek, aldatu nahirik neu ere, baina neure baitako aginte eta jabetasun osorik hartu gabe... badaezpada.

 

[Arnasa faltsu baten pare.] Arnasa hartu gabe oso denbora gutxi egon liteke. Lo egin gabe, jan gabe, jo gabe, barrerik egin gabe. neurri oso diferenteak daude gizakitik gizakira. Arrazoia eduki gabe, emandako arrazoi bat hartu gabe, ezin gintezke oso luzaz egon.

 

[Ahala, eginahala.] Eskolan erakutsi behar litzateke mundua gehien hondatu duten zeretako bat honako burubide zatar hauxe dela: “egin baldin badezakegu, egin egingo dugu” (bestela: “egin beharra dago, egin dezakegun ezkero”). Kasik Historiaren fundazioa bera aditzen dut nik hor.

      Historia psikopertsonalean ere kontuak ez dira oso bestelakoak: “gauza baldin banaiz, egin egingo dut”. Bakarrik eta autonomoki moldatzeko, Zerbait aurrera ateratzeko edo munduari zer naizen erakusteko gauza baldin banaiz, egin egingo dut, beti-beti-beti galdetzea ahazturik ea gauza izan ote nintekeen bestelako gauzetarako: lagunabar edo erkidetasunerako, egongozo edo gauzei begira egoteko edo inori deus erakusten ibili beharrik gabe bizitzeko.

      Gure ahalmen psikopertsonalak bazterrera uzteko ahala da izan dezakegun botererik ederrenetakoa.

 

Arrazoia daukanak... norbaitek eman diolako da, edo norbaiti kendu edo erosi diolako.

 

Betiko bizitza dohatsu hilondoko hura irabazteko, esistitze huts zintzoan etsi beharra zegoen hemen, bizitzan. Historian betiko etzanak aurkitzen direnak ere bizitzan sobera galdu ez zirenak dira. Bizia ala poltsa, bai: bizia ala denbora osoaren poltsa hutsa.

 

[Perpetuum mobile.] Gizaki garatua, gaztetan, kanpora eta kanpora, eta sekula ez nahi bezain kanpora; gero, barrura eta barrura, eta sekula ez nahi bezain barruraino. “Benetako leku batera”, aurrenik; “neure benetako izaerara”, gero. Estasi-instasiak geografikoki, psikosozialki eta abarki. Funtsean, iritsi ezina eta alper-biajea, bai lehen eta bai gero. Eta “geure bidea egiten”, ustez.

 

Bizitzeko gogoak nekez aldegiten dit, baina maiz aski bizitzeko gogo hori bizitzeko borondate bihurtzen zait, eta. ez dakit alde haundirik dagoen.

 

Denborarekin, pertsonari “masafobia” etorri ohi zaio: jende-pilarik jasan ezina, jendetza dabilen lekuetan egon ezina. Eta sinetsi (eta, albait, sinetsarazi) ohi du berezia dela bera eta jende arrunta ez bezalakoa, edo artaldetik kanpora sentitzen dela (hots, gainetik), eta holakoxe ipuintxoak. Arrazoi buru-edertzaileak besterik ez dira horiek, eta zinez gertatzen dena da pertsonak, denborarekin, ezin jasan dezakeela jende asko egotea eta ia inork ez begiratzea berari lehenago bezala eta lehenagoko begiekin. Horixe da gure masafobia hazkorraren arrazoi itsusi ezkutukoa, kontakatilu honek bere erara esplikatua.

 

Arrazoi idiomatikoa (hizkuntza bakar batek esan dezakeena) ez da egiazko arrazoia. Arrazoi idiotikoa (gizaki bakar batek esan dezakeena) ez da egiazko arrazoia.

 

Etsi-etsian, bidaiatzen edo turismoa egiten hasi beharko dut atzera berriz. Irudipena daukat turismoari uko egin izanak turismoa bertan egitera ekarri nauela, bertan turista, bisitari edo etorkin izatera, eta bertako zerak auskalonongoak balira bezala sentitzera. orain artean sekula pentsatu ez nuen tamainan.

 

[Saiakera, ezinkera.] Zer gertatzen ari den edo zaigun jakiteko (egiaz eta kausaz jakiteko), batzuek ez dute deus egiten (biba zuek!); beste batzuek dotrinari begiratzen diote (fedabideak, xientxia gizarteratua, entziklikak); beste batzuek jardun mistiko-esoteriko-terapeutikoari entregatzen dizkiote bi belarriak; eta, azkenik, gizabanako “sozial” jantziek (beren barruko zikina ezkutatzeko interes berezia daukatenek) saiakera sozio-politiko-filosofikoa irakurtzen dute, eta, bereziki, haren adar pansemiotiko-psikoanal-ezkertiarra. Ez dago gaizki kontzeptutxo eta izendapen modakoak ikasi eta komeni denean errepikatzeko; arrazoirik ukan ez dezakeen errealitatea distiratsuki arrazoiztatzeko; deus zinez des-kubritu gabeko lozorro izen-estalkidun eguneratu batean etzateko... Literatura hori unibertsitateko tabernan idazten da, ez edozein tabernazulotan, eta antzeman egiten da.

      (Oharra, honaino iritsi denarentzat: munduari arrazoirik aitortu nahi ez dion berbatura hau, bistan da, aski alferrikakoa da zerbait behar bezala jakin nahi luketenentzat).

 

Biziak esanahia? Biziak duena da esanbeharra, gure moduko berritsu edo esanbehartsuentzat.

 

“Munduarekin haserre” daudenak ezin jasanak omen dira. Ederki, baina munduarekin adixkide min daudenak ere nork jasan ditzake gogo onez?

      Munduarekin tratu xuxen konplimenduzko bat edukitzea dagokigu, nik uste.

 

Lagun bati “ikara esentziala” (essential tremor, jakintzaren dialektoan) diagnostikatu diote. Kausa edo arrazoi jakinik gabeko ikara edo dardara bat omen da hori. Eta poesiara edo filosofiara jo ohi dugu hitzezko argi bila, konturatu gabe zenbaterainokoa izan litekeen diagnostikoen egokitasuna eta prospektuetako dotorezia. Gutxiena uste den lekuan, bai.

 

Ez Argien Mendeak, ez argiaren abiadura neurtzeak eta ez beste inolako argi-iturrik lortu du gizon haundien itzala urratzerik.

 

Denbora-pasa aditu eta ganorarik edo funtsik eza datorkigu gogora erremedio gabe (esan ohi den bezala, “katua uretan busti”, “zotzari ziria sartu” eta horrelakoxe lanak), inondik ere pentsatu gabe ganorazko eta funtsezko Gauza Haundiak denbora-nolabait-pasa-behar berberak sortutako katu-bustitze eta ziri-sartze erraldoituak besterik ez direla.

 

Bihotzik gabeko pertsonak nekez ematen du, eta zekena izan ohi da. Bihotzik gabeko arrazoiak, aldiz, dena ematen du, zeren bere burua ematen baitu osoki: arrazoi oso-osoa ematen dio munduari.

 

“Eutsi goiari!” esaten diogu erruz elkarri; bizia eustea balitz bezala, eta joko hau goian jokatuko balitz bezala. Eta ez: bizia, deus izatekotan, gehiago da uztea, eta, inon egotekotan, gehiago dago behean. Edo hobeki esanda, hala behar luke, baina ez da hala, eta hargatik dago “eutsi goiari!” hori ongi esana eta ongiegi esana. Psikobanakoaren osasuna nork bere goiari eustea da funtsean; politika zuzena ere nork bere goia begiz jo ta harixe eustea besterik ez da. Izaki goi-eutsi eta goi-eustaileak gara. Ez luke hala behar.

 

Eduki ezin daitekeena ezin daiteke eduki. Eduki daitekeen arrazoia da eduki-daitekeen-arrazoia; hau da: auskalo zer.

 

“Tabernako filosofiak” edan-hiztunen minak eta ezinak sendatzeko ere balio zuen, edo arintzeko bederen, zeren, esan ohi den bezala, hobe baita aurpegi gorria bihotz beltza baino. Ardo-kiratsa zerion jakintza terapeutiko hari. Gaur terapialeku alternatiboetako intsentsuak gailendu dira. Ez nuke esango askoz hobeto gabiltzanik.

 

Batzuek arrazoia daukate gehienak sinistuta daudelako gauzak era batera direla.

 

“Gazteak dantzan eta zaharrak erausian”. Eta hemengo hau zer da? Erausi hutsa? Ba, nik hitzak dantzatzen nituelakoan nengoen... batzuk besteen kontra.

 

Teologo heterodoxo bati irakurri diot erlijioaren funtsa dela “Misterioa sentitzea”. Hori bai: Misterio horrek letra larriz idatzia behar du. Horrek asko errexten digu sinestea. Diren eta ez diren gauzen misterioa edozeinek sentitzen du. Letra baten gorabehera tipografikoa da guztia. Fede bat izatetik sekula ez bezain gertu jarri nau. Kasik beldur batek hartu nau. edo ezin aitortuzko esperantza batek.

 

Gizaki txepelarentzat, norbaitek eduki behar du kulpa. Gizaki txepelagoarentzat, norbaitek eduki behar du arrazoia.

 

Kulturgizakia “bere herrian arrotz” sentitu ohi da maiz: bere ustez, besteek ez bezalako gaitasun edo dohainak izan ohi ditu, edo jarrera aurreratuegiak bere garairako, edo holakoxe zeratxoak. Ni neure herrian arrotz eta estralurtar gidabaimenik ez izateak egiten nau, funtsean; hots, ezgaitasun eta atzeratasun batek.

 

Audientzia nazionala txarra da; audientzia nazionala tortura bat da. Baina hantxe dago, eta jendea hutsagatik eramaten dute. Orri hauek ere audientzia nazional baten aurrera eramanak izango dira, audientzia oso nazional baten aurrera. Euskarazko gauzen audientzia nazionalegia baita, nere modukoen zorigaitzerako.

 

Arrazoi edukia zoko-usaina egindako pentsamendua da.

 

[“There are more things in heaven and earth, Horatio.”] Nik luzaroan uste izan dut kontra egiteko espirituak ninderabilela. Oraintsu ohartu naiz gauzak diren bezala direla, baina ez diren bezala ere badirela berez, eta munduak ahaztuxea daukan desizate horri natxekiola ni halabeharrez. Gauzak: gauza bakoitza eta dena. Eta aritzen naiz dena izatearen, jakitearen eta ahal izatearen kontra (dena diren, dakitenen eta dezaketenen kontra, eta naizena naizen Nineuren kontra), ez kontra egite hutsagatik, baizik-eta dena zeratze hori ezina eta gezurra delako erdia-pasa. Eta jabetu naiz honako honetaz: dena ez daguztia. Den dena ez da guztia: den guztia ez da guztia. Den dena da den dena eta besterik ez, eta dagoen guztia izateko falta zaio ez dena edo, hobeki, gutxigorabehera dena edo aldizka dena falta zaio, eta, batik-bat, dena-eta-ez-dena falta zaio. Dena ez da guztia, den guztia ez da dagoen guztia, baina halaxe dela uste du, edo uste da, eta txorimalo ustetsu horri zaunka egiteko gauden zakurrak gara gu.

 

[Aurrekoaren ondorio politikoak.] Denen kontra? Bai. Direnen kontra? Baita. Denaren kontra? Super-bai! Baina, adibidez, ez denaren kontra ez nago, eta gainera, dauden eta ez dauden gauza batzuen alde nago.

 

Arrazoi ebakiak jakintza du lagun. Arrazoi edukiak boterea. Ezin ebaki eta ezin eduki litekeen arrazoiak harrimen eder batean etzatera garamatza.

 

Nik ez daukat arrazoirik. Arrazoiren bat edo beste aterako zen hemen beharbada (“hori duk arrazoia!” esateko modukorik), baina eduki, arrazoirik ez daukat nik.

 

 

Arrazoia ez dago edukitzerik
Iņaki Segurola

Alberdania, 2012