Arrazoia ez dago edukitzerik
Hau (bizia, arrazoia, bihotza, politika...) ezin erabaki dut gerra den edo jolasa den. Dakidana da gerran hasitakoa jolasean bukatzen dela askotan, eta jolasean hasitakoa gerran bukatzen dela maiz. Erabakitzen dut umeak ematen dugula.
Gauzak ilun daudenean ez daude argi, eta ez dira ongi ulertzen. Gauzak argiegi (xinpleegi) daudenean ere ez daude argi, eta ez dira ongi ulertzen. Oi egunsentiko eta ilunabarreko argia! Orain ulertzen dut.
[Autobiografia politikoa.] Aurren-aurrenik edo haurren-haurrenik ez dakit, baina aurren jakin hartan ardi otxan maitatua izan nahi nuen. Gero pentsatu nuen ez litzatekeela txarra izango noizbait artzain jator maitagarria bihurtzea ere. Koloreari garrantzia ematen hasitakoan ardi beltza izatea aukeratu nuen. Artaldean fedea eta esperantza galduz geroztik ardi galdu baten gisan ibili naiz. Orain, berriz, sekula nahi izan ez dudana bihurtzeko zorian nago: hozka egiten ez dakien txakur zaunkaria.
Moralak dio: “hori ondo/gaizki dago (egina, esana...)”. Gauzak nola ez diren erakusteko dagoen honek gomendatzen du erantzutea: “ondo/gaizki dago. non?”. Eta ez dago erantzunik inon. Hor hasten da egote moralaren egon ezina.
Inork ez ditu irakurtzen legeak edo biologiako liburuak zer egin edo nola bizi behar duen jakiteko. Bizirik dagoen inork, esan nahi nuke. Gizabanako asko dago, ordea, Akademiaren hiztegiari begiratzen diona munduko gauzak ulertzeko eta, bereziki, besteak epaitzeko. “Akademiak dio hau-eta-hau, eta beraz, zu hau-eta-hori zara edo egin duzu”. Bizia ez da legearena (bizimodua agian bai): edozeinek ulertzen du hori. Oso gutxik ulertzen dutena da, Akademiak bere buruagatik “hizkuntzarena” dela deklaratuagatik, hizkuntza ez dela Akademiarena eta hitzak ez direla ez Akademiaren eta ez beste inoren definizioetan kabitzen, errenditzen edo bukatzen. Bizirik dagoen hizkuntza bateko hitzak, esan nahi nuke. Tristea da autoritateari kontra egiten dakiena Akademiari itsu-itsuan obeditzen ikustea.
Berlingo pareta famatua erori egin zela entzuten ari naiz 1989az geroztik. Eta ez zen erori, bota egin zuten. Erori ez; bota. Euria bezala.
“Adiskidetasuna, idealak, ezkontza, banderak. Batera eta elkarrekin bizitzea, oroitzea, sinestea.”. Ixo: holako gauzak esateko lotsa batek harrapatu gaitu. Ondorioa: gaur egiten duguna da partekatu edo konpartitu; holaxe, lehor-lehor, huts-hutsik eta gehiagoko barik. Izugarri irabazi dugu naturaltasunean eta denak arinagoa dirudi.
Arautzeaz eta planifikatzeaz gogoratzen naizen aldiro, jakineko zera etortzen zait: goitik ez dela behea ikusten. Ez sentitzen, ez entzuten, ez bizitzen, jakina, baina ez ikusten ere. Edo bai, baina beste eskala batean, mapa batean bezala, erraztasun operatibo murriztaile batera bildurik. Izatez eta ezizatez, goitik ez da behea ikusten, baina boterea eta kudeaketa itsumen horretantxe zuztartzen dira: Jainkoaren begia, kartzela panoptikoa, ikuspegi aurreikuslea, bideozaintza, “San Fermin que todo lo ve”. Goitik behea ikusi ez, ikuskatu egiten da, eta ikuskapen panoptiko horrexek garamatza deus ikusten ez den ezin-zulo batera.
[Aurrekoa, gehiago politizaturik.] Goi-beheen arteko ikusi-behar-eta-ez-ikuste horixe dago benetako gerra politikoaren —eta, beraz, gerra pertsonalaren— mamian: goi-beheen arteko ezinikusia, hain zuzen ere.
[Denboraraino I.] Eguraldiari “denbora” (gehi temps, tiempo...) esaten dioten horiek, nora begira bizi dira? Betiereko zeru garbi bati? Bestela ez baitut ulertzen; ez dut neure denboran hankasartze haundiagorik ezagutu, edo bai, baina, izatekotan ere, bakarra: biziari “neure denbora” esatea.
[Denboraraino II.] “Denbora egoaldia da”, dio solipsistak.
[Denboraraino III.] Eguraldi ederra gauza ona litzateke, baldin-eta ez balego aprobetxatu beharrik. (Hor eguraldiak denboraren antz izugarria hartzen du).
Bizitza ezina da, ezin bat da. Ez dakit hori ona den edo txarra den, baina ezinbestea dela bai: zeharo hila, ezinbiziak joa edo etsia hartua ez dagoenarentzat, bizitza etsi-ezina da ororen buru.
Gogoan erabiliz gero jendeak norbaitegatik “artista” dela dioenean zer esan nahi duen, eta kultura garaikidearen kudeatzaileek norbait “artista” izendatzen dutenean zer esan nahi duten, aise ohartzen gara nekez aurki litezkeela munduan bi gauza elkarri kontrajarriagoak. Batak biziarekin du zer ikusia, eta besteak biziarekin deus ikustekorik ez duen Zerbaitekin. Azkeneko hauek izen haundi baten jabe egin eta hura saltzetik bizitzen dira, eta bizi-artistak, berriz, beren izena aspaldi galdutakoak izaten dira jeneralean eta ez-izen eder batekin ezagutzen ditu jendeak.
Zer dauka ezkutatzeko bakarrik bizi denak? Ez dakigu. Dakiguna da sekula ez dela munduan horrenbeste jende bakarrik bizi izan eta aurrerapenak atzera leizezulora ekarri eta geren ezkutalekuetan sartu gaituela, neguak hartza bezala. Horretarainoxe aberetu gaitu garapen pertsonalak. Eta zer ezkutatzen ari garen ez dakigula uste izateraino.
[Bakarrizketa esistentziala eguerdi betean.] “Hau izatea den, egotea den, lan bat den, itxoite bat, uzte bat, uste bat edo euste bat den ez dakit. ‘Mundualdia’ esaten diogu; ‘hemengo aldia’ izan zen Axularrentzat. Aldi bat. Hemen egon ez nintzena eta egongo ez naizena ez dira aldi bat edo bi aldi; denbora dira eta denbora da, denbora besterik ez, baina hau ez da denbora, hau aldi bat da. Ederki: zeren aldia ordea?”. Eguerdi beteak hitz beteegiak dakartza.
Suizidioaren berri jakin orduko, kausa errealaren bila abiatzen gara tarterik txikiena galdu gabe. Zer zuen? nola bizi zen? (“ni ez bezala, seguru”); zerbait fisikoa izan zezakeen, neuronala edo hormonala (“nik ez daukadana”); bizitzeko gogo haundirik ez zuen edukiko (“nere moduan, baina askoz gutxiago oraino”); usteko zuen ez zutela behar, ez zutela maite, ez zuela izaten arrazoirik. (“nik ere hala uste dut, baina nere ustea ustela da”). Kausa bat, kausa argitzaile bat, kausa lasaigarri bat; nigan ez dagoen kausa bat, faborez! Eta hildakoa egonean, azpian lur hotza eta gainean kausa erreal, argitzaile eta lasaigarri guztiak dituela.
Erdi-zoroa naizela esan, eta batzuk penatu egiten zaizkit eta beste batzuk izutu. Nik hori inor ez penatzeagatik esaten dut, eta inor ez izutzeagatik, neretzat normal-normalak baitira izugarri, eta zeharoko zoroak penagarri. Baina batzuk —normal hutsak— penatu egiten zaizkit eta beste batzuk —zoro beteak— izutu.
Sariak, dominak eta abarrak dezakeenak ematen ditu (jakina) eta ongiena portatu denak jasotzen (ez hain jakina).
Sukaldeko chef famatuek egiten dituztenak izugarriak dira, baina ez dira noiznahi jateko eta, gainera, ez dira urdailerako onenak. Modelo, jantzi-maistra edo maniki bizidunek erakusten dituztenak izugarriak dira, baina ez dira nonahi jazteko eta, gainera, ez dira soinerako onenak. Liburuetan eta pantailetan letra bihurturik daudenak izugarriak dira, baina ez dira nolanahi botatzeko eta, gainera, ez dira ahorako onenak.
Umekeria ez da gizondu edo emakumetu gabeko umearen keria, baizik-eta helduak ongiegi edo gehiegi imitatzen dituen umea dirudien gizonaren edo emakumearen keria.
“Ni orain ixilik nago”, esan dezake edozeinek batere eragozpenik gabe. Horri esaten diot nik hizkuntza edozertarako prestatua edukitzea.
Batzuetan haundiuste zoroak harrapatzen nau (zuringo neurrigabeak, neure idiolektoan esanik), eta orduan pentsatzen dut ez ote naizen aukeratu bikain-aurkietakoa izango eta, gainera, aurrendaria: ezjakin aukeratu bikain-aurkia eta munduaren Up Sindromeari izkin egindako atzeratuen aurrendaria.
Zein da propaganda zerbitzu batek sekula egin duen balentriarik latzena? Honako hauxe: egarririk gabe edan daitekeela eta edan behar dela sinetsarazi eta milioika gizabanako egunean bi litro ur gogorik gabe edaten jarri izana. Horren pareko alerik ez dugu ezagutu geure mundualdi kaxkarrean, eta Ongizateak iritsi duen lorpen haundiena eta sinesgaitzena ere horixe delakoan nago. (Ondorio bihotz-urragarria: ahotik sartu beharreko zera batekin horrenbeste egin balezakete, zer ez ote dute egin begi-belarrietatik datozkigunekin?).
[“Libertatia zoinen eder den.”] Zein da librea hemen? Batzuentzat haizea, beste batzuentzat txoria, edo dirua, edo ametsak, edo gizakia bera. Beldurra da librea denen iritzian; beldurra libre da, eta beldurra librea da gizakia, ametsak, dirua, txoria eta haizea bera lotzeko.
Haurrak gauza guztiekin konturatzen omen dira. Badakit zergatik utzi genion haur izateari: hola ez zegoen segitzerik.
[Gogo-jardunak.] Arima non neukan ez jakitetik belaun-parean sentitzera igaro nintzen lehenbizi; hurrena hanka-gainera erori eta, azkenik, lurreraino amildu zitzaidan. Batere uste ez nuela, hantxe laketurik gelditu zitzaidan nere arima hori, eta iruditu zitzaidan, gainera, ongiena hantxe ematen zuela eta zerbitzu onena ere hantxe egiten zidala. Eta nere arimarekin baketurik gelditu nintzela sentitu nuen... belaunez goragoko ezlekuren batean.
Nik uste nuen pesimista nintzela, baina ez naiz. Arrazoia: nere barrengo botila erdi-betea ikusten dut, eta beteegia ere bai, aukeran.
“Lasai! Ez da ezer gertatzen”. Lasai? Horixe ez da ba gure gurutzea! Gertatu, momenturo ari direla, ustez behintzat, ezin-konta-ahala gauza gertatzen munduan, baina guri —edonori— ez zaigula ezer garrantzizkorik gertatzen. Lasai? Nik ez dakit zer zegoen Paleolitikoan edo Neolitikoan, baina, Antsiolitikoan, ezin egonez penatzen diren harriak dirudigu.
Aum sahanaavavatu Sahanau bhunaktu Saha viiryan karavaavahai Tejasvi naavadhiitamastu Maa vidvishhaavahai.
[Interludioa-2. Arrazoizko zer-esanen etena.]
Arrazoia ez dago edukitzerik |