Lisipe bildumak bosgarren alea argitaratu du: Uxue Alberdik idatzitako Kontrako eztarritik. Hamabost emakume bertsolari elkarrizketatu ostean euren testigantzekin ondutako emaitza da liburua. Bertsolaritza praktika sozial bat da eta praktika sozialak oro dira gure garaiko botere harremanen dispositibo. Aski garbi ondoriozta daiteke hori elkarrizketatuen esanetatik. Espazio publikoak gizonenak diren honetan, emakumeen ikusgarritasuna gizonezkoen desiraren neurrira egina dela ageri da begien bistako.
Mugimendu feministak martxoaren 8rako deitutako grebak akuilaturik, Susa argitaletxearen webguneak, Literaturaren Zubitegiak eta Euskarari ekarriak-ek itxura aldatuko dute hilaren 4tik 10era. Emakumeen lanak egongo dira soilik ikusgai datorren astean: emakumeek idatzitako liburuak, emakume idazleei buruzko estekak, efemerideak, aipamenak, haien lanei egindako kritikak eta abar. Gure literaturaren ispiluetako bat izango da egunotan ikusiko duguna.
Jose Luis Otamendik otsailaren 28an aurkeztuko du poema liburu berria: Disoluzio agiriak. Bizi ditugun garai aldakorrek sortutako galderak plazaratu ditu liburu honetan, eta galdera horiek egiteko, poesia molde berri bat bilatu du, betiko Otamendi izateari utzi gabe. Zahartzen ari den gorputz baten kezkak, minak eta grinak ageri zaizkigu poemotan, giro politiko eta sozialari erreparatzen dion gorputz bat, bera baino lehenago zahartutakoen zaintzaren bidez etorriko zaiona ikusten duena. Aurreko liburutik bost urte igaro diren honetan, idazlearen hasierako poemetako samurtasuna eta surrealismoa aurkituko ditu irakurleak liburuan, urteek eman dioten aberastasun teknikoarekin.
Garai batean idazle askorentzat letren plazara jalgitzeko atea baliatuta, Irun Hiria saria irabazita, Kutxak kaleratu zuen 1992an Arantza Etxeburuaren Hitz hits, paperezko mihisetan lits poema-liburua. Beste kasu askotan bezala, eta generoak hemen badu esangurarik, eta ez hain zuzen literarioak, segidarik izan ez zuen bidea. “Garai eta molde askotako euskal poema eta euskal olerkien oihartzunez” osatua aurkeztu zigun kritikak Etxeburuaren poemarioa, orain osorik eskaintzen dizueguna.
Lau ipuin gehitu dizkiogu ipuina.eusegitasmoari. Amaia Lasak idatzitako Ritada lehenengoa: “Emakume beltz bat naiz, Rita dut izena”, deklarazio indartsuaz hasten da 1988an plazaratu zen narrazioak, Harlemen —baina nonahi dago Harlem—, kokatutako istorioan. Eta horrekin batera beste hiru, XX. mende osoa zeharkatzen dutenak. Nemesio Etxanizen Azkoititik Elgoibarrera Katuin zuloa, 1927koa, kronika estiloan ipuina barruan dakarrena. Aintzina aldizkarian hiru X handiz sinatua datorren Presonieraren segeretua da bestea, Etienne Salaberrirena (1942koa). XX. mundu gerran atxilotze-zentro batean, Stalag IVan, dauden bi presoen gertatuak dakartza kontakizunean, alemanen etxe batera lanera doazela: gerrako kontu latz bat, egileak berak ixtorio deitutakoa. Ipuin betz bat azkenik, Xabier Gereñoren Estalki zuriaren misterioa, 1979an argitaratua.
2018ko 3-4 alearekin aro berri bati ekin dio Eganaldizkariak, zuzendaritza eta erredakzio batzorde berriaz, ikerketa aldizkari gisa indartuta, baina orain arte bezala literaturaren azterketan eta sorkuntzan oinarrituz euren jarduna. Zenbaki honetan azterketa lanak badakartza (Ainhoa Urzelai, Patxi Salaberri, Iñaki Aldekoa…), eta baita sortze lanak ere, Iñigo Astiz, Angel Erro, Itxaro Borda, Jon Gerediaga, Miren Agur Meabe. Itzulpenak ere bai: Idea Vilariño eta Juana Ibarbourouren bina poema euskaratu ditu Ainara Maia Urrozek, eta Francis Scott Fitzgeralden Nerbio-krisia (The Crack-Up) testua Javi Cillerok. Azken hau, 1936an Esquire aldizkarian hiru ataletan agerturiko saiakera-artikulu entzutetsua, hementxe eskaintzen dizuegu.
1986ko udaberrian abiatu zen Enseiucarrean aldizkaria, Miguel Angel Elkoroberezibarren zuzendaritzapean, Deustuko Unibertsitatearen babesarekin, Euskal Kultura Mintegiaren itzalean. Lau zenbaki atera zituzten bi urtean, eta gero itzali egin zen. Baina 1990ean beste talde batek heldu, formatua aldatu eta segitu zuen aldizkariarekin, 1999ra arte (tartean talde eta formatu aldaketekin). 1990etik aurrera batez ere hizkuntzalaritza alorreko artikuluek osatua izan da, baina literatur aldizkari gisa jaio zen eta sormen-lana da nagusi (jatorrizko euskarazkoa eta itzulpena) lehenengo urteetako aleetan. Deustuko Unibertsitateak orain on-line jarri du Enseiucarrean.
XIX. mendetik hasi eta XXI.era bitartean euskal literaturan ipuingintzak egin duen tokia eta bidea bilduko du ipuina.eus webguneak, Armiarma proiektuaren egitasmo berrienak. Koldo Izagirrek batu eta aukeratu ditu ipuinak, liburuetan argitara emanak batzuk, aldizkarietan publikatuak beste asko, gure egile ezagunenak gehienak, eta baita halako oihartzunik ez dutenenak ere. Oso genero inportantea da ipuinarena, eta asmo honek euskal literaturan izan duen garrantzi eta bilakabidea erakutsi nahi du. Oraingoz 21 ipuin daude irakurgai, eta hilero gehiago gehituko dira Literatur Emailuen bitartez horren berri emanez. Gure literaturaren atal oso eder eta garrantzitsu batez gozatzeko aukera paregabea, batetik; eta testuen bitartez gure literaturaren bestelako ikuspegi batzuk ezagutzeko parada, bestetik.
Joan Brossa (Barcelona 1919-1998) poeta guztiek eta aditu guztiek esan bai baina egiten ez dutena bururatu zuen magoa izan genuen, poesia edonon egon litekeela erakutsiz: paperean irakurtzeko poemak, kalean edo paretan edo koadroan ikusteko poemak, taula gainean antzezteko poemak, lorategietan ibiltzeko poemak… Zehazki eraikitako soneto bikainak landu izan arren, era guztietako sortzaile honek askatasuna du ezaugarri nagusitzat, ikuspegi berri bat dakar poesiarako traba akademikoak zein fisikoak apurtuta (Marcel Duchampen baimenarekin). Poesia sormenaren ekintza librea da Brossarentzat, eta kontrabandistaren azturak ditu diziplina batetik bestera egiteko geure garuneko ordena estetikoaren mugazainak tronpatuz. Liburua arte eremu bat izan liteke, abezedarioa zeharraldatu egin litezkeen zuhaitzak dira, treneko tiketa gutun edo aldarri bihurtzen ahal da. Poeta delako bilatzen du idatzitako hitzaz haratagoko poesia, ironia gozoz esan ohi zuen bezala poema literarioak izaten direlako maiz poesia gutxien dakartzatenak. Hizkera desberdinak nahasiz, Marx eta Mallarme artean, Joan Brossak ikusgarritasun handia eman zion, bere herriko mugez haraindi ere, XX. mendeko bigarren erdian Katalunian eta katalanez egindako poesiari. Koldo Izagirrek itzulia, mostra txiki bat antolatu dugu beti jende xehearen aldeko jaidura izan zuen begi-belarrizko poeta oso hau jaio zeneko ehungarren urtehurrenean.
Duela 100 urte, 1919ko urtarrilaren 15ean hil zuten BerlinenRosa Luxemburg. Alemaniako eta oro har munduko sozialismoaren erreferenteetako bat izan zen Rosa Luxemburg pentsalari, militante eta emakumea. 2018an argitaratu ditu Katakrak-ek Kartzelako gutunak Sophie Liebknechti. Liburuak, Luxemburgek espetxetik bidalitako gutunez gain, hitzaurre (Amaia Lasa, testuon itzultzailea) eta hitzoste bat ditu (Ignazio Aiestaran), eta Ordena gailendu da Berlinen testua, hil bezperan idatzitakoa, haren testamentutzat har genezakeena. Mendeurrenean, liburu horretako sei gutun eta azken testu hau dakartzagu. Iraultzari buruz Rosa Luxemburgek dioen bezala, berari buruz ere nolabait esan ahal izateko: Izan nintzen, banaiz eta izango naiz.
Duela hiru urtetik sarean irakurgai zegoen Hiltzaile baten bila, Xabier Gereñoren nobela, mitikoa bihurtuko zen Jurgi kapitaina pertsonaiaren estreinako lana (1975). Ordukoan itsasontzi bateko kapitaina zen Jurgi Arregi, baina hurrengo nobelan (Espioitza) jadanik langabezian dago, eta Baionatik Bilbora joango da beharrera, detektibe agentzia batera. Laguntzaile etengabekoa bihurtuko zitzaion Peru Alikarekin batera, denetariko kasuak eta misterioak argituko zituzten nobela ugarietan, baita den-denak arrakastaz argitu ere. Gudari bat eta Iruineako asasinatzea nobelak ere horren adibide garbiak dira. Hirurak, 1977 urtekoak, eskura dituzu orain.
Urtarrilaren 14tik 20 berriz ere (H)ilbeltza euskal nobela beltzaren astea Baztanen.
Liburu aurkezpenak, solasaldiak, zinema, susmagarrien gaua eta testuen irakurketa izango dira besteak beste aste osoan zehar.
Irun hiria Literatur saria irabazi zuen 1994an Joakin Balentziak, Olerki sailean, Amaigabeko zikloa poemarioarekin. Sei urte lehenago Espaloian dago munduaren xilkoalanean erakutsi zuen bidea jorratzen jarraitu zuen, ni-tik epikara hurbiltzen diren deien ildotik. Urte amaiera/hasiera honetan osorik dakargu, liburuari izena ematen dion poeman dioenez, “(…) agian zu, ni eta gu / berriro sortuko gara / amaigabeko zikloa errepikatzeko moduan…”.
Duela 50 urte, 1968ko abenduaren 20an, zendu zen John Steinbeck. XX. mendeko AEBetako idazle handietarik bat, gizarte estatubatuarraren erretratugile zorrotza izan zen, langile eta nekazarien munduarena, bi kostaldeen artean dagoen eremu zabaleko biztanleena. Horren adibide duzu Krisantemoakipuina (The Chrysanthemums, 1937), Steinbecken narrazio bikain bat. Mikel Elorzak euskaratua eskaintzen dizuegu.