Ira
17
16
Orain hogeita bost urte hil zen Lino Akesolo irailak hamazazpi zituela. Obra literariorik gabeko idazlea, ahanzturan galtzeko arriskuan dauzkagunen multzokoa genuke Julen Urkiza langile nekagaitzak egunkarietan eta aldizkarietan sakabanatuak zeuden Akesoloren artikuluak bildu ez ezik sarean irakurgarri paratu izan ez balitu. Edizio honi esker elizgizona ezagutzen ahal dugu noski, baina ez hori bakarrik. Literaturzalea dugu Akesolo, asko irakurria da eta beti dago prest irakurriaren berri emateko, bereziki juzku txarrak deritzenak zuzentzearren, polemista baitugu, eta ahoan bilorik gabe zafratzen ditu poeta entziklopedikoa zein frantziskotar buruzagia. Zurikeriarik gabeko idazlea dugu Lino Akesolo, alegia, artikulugile garratz samarra. Horregatik dirateke hain irakurgarriak, besteak beste, bere prentsako lanetatik ez gutxi. Lau artikulu eskaintzen dizkizuegu, diogunaren erakusgarri.
Abu
31
16
Bizitza eta literatura bereizi ezineko bi mundu gisa bizi izan zituen Marina Tsvetaievak, eta bietan murgilduta bizi izan zen sentiberatasun handi eta aiurri indartsuko emakumea. Bizitza errealitate latza suertatu zitzaion, berea eta bere herriarena, erbestea bizi izan baitzuen Errusiako gerra zibilaren garaian (armada zaristakoa zuen senarra), itzulera gero, banaketa, senarraren fusilatzea, semearen galera… 50 urte zituela egin zuen bere buruaz beste. Bizitzaren enbatei aurre egiteko idazketa zeukan, literatura, non haren askatasun egarria eta amets betegabeak —maitasuna, hainbat dimentsiotan— bizitzaren beraren segida diren. 1924an ondutako Bukaeraren poema horren adibidea da, formaz zein edukiz latz landutako poema luze eta ederra. Euskaraz irakur daiteke orain, Josu Landak egindako itzulpenean, eta eskaintzen dizugu Tsvetaieva hil zela 75 urte bete diren egunean.
Abu
29
16
Hamar urte aurtengo abuztuaren 29an Youenn Gwernig poeta, kantari eta letragile handia hil zela bertako eta atzerriko zelarik hainbeste maite izan zuen sorlekuan, Bretainian. Aitaren eta amonaren leialtasun linguistikoak lortu zuen Gwernig familiak bretoieraz egin zezan. Youennek frantsesa ikasi zuen eskolan, eta idazten ere hizkuntza horretan hasi zen. Anaia bat zeukan New Yorkera jo zuen gazterik, eta han ekin zion poemagintzari, bretoieraz. Jatorri berekoa zen Jack Kerouac-en ezagutza egin zuen 1965ean, eta ingelesez ere idazten hasi zen Kerouac-ek bere lana irakurri ahal izan zezan. Ondorioz, idazle hirueleduna bihurtu zen. Adierazgarria da nola aurkezten duten hizkuntza handiek hirueletasun hau: Youenn Gwernig (…) est un écrivain et poète franco-américain d’origine bretonne, eta Youenn Gwernig (…) was a Breton-American poet, writer and singer. Sorterrira itzuli zen 1969an eta kantagintzari ekin zion, besteak beste E-kreiz an noz (Gauaren erdian) ezaguna sortuz. Kantagintzak ikus-entzunezkoetara eraman zuen, eta Radio télé Brezhoneg elkartea sortu zuen 1970ean bretoieraren erabilera eta emisioa azkartzeko irrati-telebistan. Gwernigek AEBetan bretoieraz idatzi zituen poemen hautaketa bat eskaintzen dizuegu New Yorkeko hamar poema sailtxoan, ingeles itzulpenarekin argitaratu zuen Un dornad plu (Al Liamm, 1997) bildumatik osatua.
Abu
24
16
Ehun urte ditugu Kaietano Sanchez Irure hil zela abuztuaren 24an, eta 160 urte jaio zela 30ean, hirurogei betetzeko sei egun eskas. Jaulierra izan zen eta berak zaintzen zituenek bezala azaldu behar izan zuen epaitegian: preso batzuek ihesa antolatu, baita burutu ere hiru zaintzaile bahituz, Sanchez Irure tartean zela. Susmoa hedatu zen bazeukala zerikusirik ihesaldian. Labanaren zorrotza lepoan probatu gabe eman ote zizkien giltzak, halakoren bat. Dena den, zuritu egin zuen epaileak. Donostiako udaletxean hartu zuen postua gero… atezain. Barrandan edo zelatan egoteko zekarren bokazioa izan zitekeen bertsotarako behar zuen astiaren ondorio. Biktoriano Iraolak aztarna adierazgarri bat ematen digu Arraietakoak! ipuinean (Baserritarra, 1907), Katu delako baten menturak kontatzen dituela: «Fiesta bukatzeko, ez zan gaizki egongo zeladore batek heldu Katuri eta txakurlekura eramatea eta bertan irukitzea, ahalik eta buruz ikasi arte, oraindaino izkribatu dituen euskerazko bertso guziak, Kaietano S. Irurek». Euskaltzale handia, huts ezin eginiko sinadura izan zen bere hiriaren eta euskal munduaren nahigabezko eta gorazarrezko gertaldietan. Bere bertso-sail guztiak ez ezik erdiak ere neke samarra litzatekeenez biltzea, bakarra eskaintzen dizuegu, Arrantzalea, bere tonuaren ezaugarri.
Abu
18
16
135. urteburua datorren astean, abuztuaren 22an, Otxolua idazlea jaio zela Bizkaian. Ez da datu biribila, baina ahanzturan daudenek txanda-pasa merezi dute. Bernarta Garrok zazpi urte eman zituen gazterik Argentinan, eta bertako euskaldunekin etxekoa aberasteaz gainera, besteekin arian, hizkuntzetarako erraztasuna zeukala deskubritu zuen. Gaztelera, italiera, frantsesa, ingelesa eta alemanera ikasiko zituen. Bazeukan idazteko sena, baina ez da gure letretan aipatu sortzailea zelako, itzultzailea baizik. Dohainak zeuzkan eta ezagutzak zeuzkan, baina ez zegoen potentzial hura bideratuko zuen kultur sistemarik, ez editorerik. Hizkuntzak ikasi zituen bezalaxe, autodidakta izan genuen idatzian ere. Herrizalea zen, belarria zeukan ahozko berbetarako, eta aldi berean aranismoak kutsatua zegoen. Laguntzarik gabe, plan txukunik gabe, programarik gabe jardun zuen: Otxolua gure egoera politikoaren biktima intelektuala izan genuen, beste hainbat bezala. Zer egiten zuen gizon hark orduetan eta orduetan gustuko bertsoak eta artikuluak bere letra ederrez kopiatzen? Liburuak amesten zituen, edizio apainak, euskaldungo kultu bat. Irakurlea zen, eta hustasun handi bat sumatzen zuen. Bernarta Garroren narrazio labur bat eskaintzen dizuegu, izaten ahal ziren eta izan ezin zutenen omenez, Gomutetan (Euzkadi, 1931). Perla txiki bat.
Abu
09
16
Urteurren bikoitza du aurten Jose Lezama Limaren memoriak: berrogei urte hil zela abuztuaren 9an, eta berrogeita hamar urte bere lanik ezagunena, Paradiso nobela, publikatu zela. Nobela? Abentura poetikoa, diote. Julio Cortazarrek zeremonia bat zela argitu zigun. Lezamak berak arazo bezala ikusten zuen nobela oro har, ez egitura arazo, ez gai arazo, hizkuntza arazo baizik. Paradiso-ren hizkerak, gaiek, sinboloek, harritu egiten gaituzte oraindik ere: desmasia berbalen eta erudizioz eta mitologiaz sortutako urruntasunaren bidez, Lezamak errealismoa apurtzen du, barrokotasuna irudiaren iragankorrari eginiko antapara da eta, ondorioz, irudien mural bat bezala ageri zaigu Historia, ez datu eta gertakari metaketa bezala, hots, Irudimenak gain hartzen dio errealitateari. Ez ihes egiteko edo estiloa erakusteko, seinale kode bat proposatzeko baizik: «Nobelaz dudan kontzeptuak irudia eta solasa ditu oinarri, esaten dena eta ezkutatzen dena. Horrela, teologoek grazia ikusgarria aipatzen duten bezala, nobelak ikusgarri egiten du, haztagarri, poesian eta saiakeran ikertzen dena». Zaila, iluna, kapritxosoa, eskandalagarria… Adibide eta omenaldi, Paradiso-ren VIII. kapituluaren hasiera eskaintzen dizuegu. Juan Rulfo eta Alejo Carpentierrekin batera, Latinoamerikako literatura modernoaren aitzindari dugu Jose Lezama Lima.
Abu
06
16
Abuztuak 6 zituela hil zen Peli Markiegi orain 70 urte Bahia Blancan, Argentinako deserroan, 41 urte bete gabe. Hamar urte lehenago, bera bezala apaiza zen anaia Jose —Lizardiren Itz-Lauz postumoari egin zion hitzaurreak idazle kontsakratu zuena— fusilatu zioten faxistek Oiartzunen. Beste anaia, Polentzi, Debako alkate abertzalea izana, urtebete geroago fusilatu zioten Santoñako hondartzan. Mintasun kolektiboa eta urradura pertsonala batu zuen Peli Markiegik, baina esperantza izpi bat ageri du unerik ilunenetan ere: «Oinazez ez da herririk galtzen. Hilerria da sorterri». Landua, jasoa, poemei oinarri anekdotikoak eta sinbolikoak eman zale, badauka olerkarien artean nabarmentzen duen nortasuna. Hemezortzi poemaren bilduma eskaintzen dizuegu: Orixe, Lauaxeta, Lizardi tantak han-hemenka, eta Markiegi orotan.
Uzt
27
16
Literatura errusiar erromantikoaren ordezkari nagusienetakoa, Gure garaiko heroia eleberria da, zalantzarik gabe, Mikhail Lermontoven idatzirik behinena, Jose Moralesen itzulpenari esker euskaraz irakur daitekeena, Armiarman lehenagotik on-line jarria. Eleberriez gain, haren hainbat poema ere ekarri izan dira euskarara, 80etan aldizkarietan (Hotsizki, Maiatz) eta itzulitako poemen bilduma batean (Hezurrezko xirulak, Elkar 1991). Lermontoven heriotzaren 175. urteurrenean, hemen dituzu irakurgai poemok.
Uzt
14
16
Sortzez Raymond-Théodore Barthelmess genuen Henri Calet, eta senez idazlea, idazlea artikuluak eta oroitzapenak ematen zituenean ere. Erdi kronika erdi nobela, autobiografiaren eta fikzioaren arteko obra berezi bat eraiki zuen, bere burua erakusten duen historiagile baten gisan. Caleti interesatzen zaion historia ordea ez da orri handiena, XX. mendearen lehen erdiko Parisen jasotzen dituen hosto xeheena baizik: klase apaletan, beren bizitzaren jabe ez direnen historiarik gabeko historian, proletalgotik marginalitatera sartu-irten bizi den mundu garratz eta hunkigarri horretan aurkitu zuen gaia. Begi erneko idazleak badu bihotzik hala ere, eta jendea maite duenez, malenkoniaz kutsaturiko ironia gozo batean harrapatzen du irakurlea (La belle lurette, 1935; Le tout sur le tout, 1948; Monsieur Paul, 1950…). Erresistentzian sartu zen, atxilotu egin zuten, ihes egin zuen, erresistentzian jarraitu zuen. Gero, 1945ean, Fresnesera itzuli zen ostera eta paretetan idatzitako guztia bildu zuen, argitaratzeko, historiaren higieneak oihu haiek isil zitzan baino lehen (Les murs de Fresnes, 1945). Henri Caleten aipatu ezaugarriok ederki islatzen dira kolaboratzaile finkoa izan zen Combat aldizkarian azaldu Danbor hotsik gabeko abertzaletasuna artikuluan (Patriotisme sans tambour, 1945). Uztailak 14 zituela hil zen orain hirurogei urte.
Eka
17
16
“Zuen baimenarekin / nahiago dut bizirik jarraitzea” idatzia zuen; baina ez zioten baimenik eman. Gaur 40 urte, 1976ko ekainaren 17an, Argentinako Armadak tiroz eta buruan kulataz jota hil zuten Francisco Paco Urondo poeta. Alaba txikienak amarekin ihes egitea lortu zuen, Urondok ez. Ekintzaile montoneroa zen eta, beste askok legez, errepresioaren gordina jasan zuen —bera hiltzeaz gain, alaba zaharrena eta suhia desagerrarazi zituzten—. Lehenago egona zen espetxean, jardun politikoa landutakoa baitzen Urondo, kultura alorrean ardurak izandakoa. Baina oroz gain idazlea. Argentinako poesigintzaren berritzaileetako bat, kazetaritza, antzerkia eta poesia landu zituen, 46 urte zituela hil zuten arte. Jose Luis Otamendik ekarri dizkio euskarari Paco Urondoren zortzi poema, guztion gozagarri.
Eka
10
16
Parisen jaio eta hazia, ilustratzailea, istorio grafikoen eremuan egin zituen lehen lanak Jean Bruller Vercors idazleak. Bigarren Mundu Gerran mobilizatua, Erresistentziari lotu zitzaion eta Vercors mendien abaroan jardun sasiko lanean. Kultura alorreko ekintzailea, bere konpromiso politikoa ez zuen sekula utzi eta Ohorezko Legioari uko egin zion Aljeriako gerraren aurkako bere jarreragatik. Erresistentziako jardunean idazkuntzari ere lotu zitzaion, besteak beste. Eta gaueko lan honetako kide Pierre Lescurerekin batera, hain zuzen, Editions de Minuit sortu zuen 1941ean, eta hantxe argitaratu 1942an bere libururik ezagunena, Le Silence de la mer. Gaur 25 urte hil zen Parisen Vercors, eta haren omenez dakargu lan horixe, Ibon Sarasolak euskaratutako Itsasoaren isiltasuna.
Eka
09
16
Bihar ehun urte beteko dira Erramun Astibia (Errenderi Aba, elizako izenez) hil zela, bizitza gehiena Lizarran eta Tuteran eman ondoren. Inguru erdaldun honek edukiko zuen zerikusia, seguruenik, bere olerkigintza zibilaren gaietan: hizkuntzaren heriotza, Euskal Herriaren gainbehera… eta Sabin Aranaren figura, gure Aitalehen modernoa, esperantza eta galera. Mezu zuzeneko eta irudi errazeko olerkiak landu zituen, hala elizako nola batzokirako. Etsipenaren eta itxaropenaren arteko, esan liteke deitoreak eta himnoak eman zizkigula Astibiak. Horrela, kanturako testuak bezala harturik, asko irabazten dute bere olerkiek. Letragile segurua da, neurriaren eta kadentziaren zentzua dauka, eta estrofa molde berritan saiatzen da. Entzutekoak izango ziren letra haiekin Alfonso Uriartek eta Astibia bezala kaputxinoak ziren Aita Donostiak eta Aita Elduainek sortu zituzten doinuak eliza eta antzoki beteek kantari. Elixabete Perez Gazteluk bildu eta editatu zituen sakabanatuak zeuden orriak eta eskuizkribuak Erramon Astibia «Errenderi Aba» (1881-1916) Idazlanak izeneko CDan (Errenteriako Udala, 2003), eta horretaz baliatu gara Errenderi Abaren abesti ez zerutar baizik euskotar batzuk eskaintzeko oroigarri gisa.
maiatza
24
16
Okzitaniako idazlerik garrantzitsuenetakoa da Josep Romanilha. Eskolako errienta, Federi Mistral izan zuen ikasle eta, urteetara, elkarrekin jardungo zuten Felibreen mugimendu linguistiko-literarioa sortzen eta zabaltzen. Idazle ez ezik editorea ere izan genuen, eta okzitanierazko literaturaren harroaldiko epizentroa izan zen bere liburu-denda. Poesian hasi bazen ere narrazioan atera zituen zakukoak, ahozko tradizioa jaso, edertu eta piperrez ondua emanik bere herriari. Robert Lafon irakasle eta saiakeragile handiak frogatua duen bezala, Alphonse Daudet ezagunaren zenbait obra Romanilhari eginiko plagioak dira, manipulatuak, noski, protagonista jator eta politikoki ez biziki zuzenak ziren okzitaniar lotsagabeak paristarren eta oro har turisten gustuko etnotipoak bihurtuta. Romanilhak, ondarea aberasteaz gain, idazkera molde berri bat proposatu zuen, proventzala oinarri, latinisten eta populisten artekoa, publiko zabalaren mesederako. Urtez urte Mon Dimanche astekarian eman zituen ipuinak bilduman argitaratu zituen Li conte Provençau (1883) tituluarekin, eta data hori ezarri ohi da okzitanierazko prosa modernoaren sorreratzat. Ipuinotan dago Cucugnan-go medikua ospetsua (Lou mège de Cocugnan), Daudetek aurrez beretzat hartua edo saldua (Le medecin de Cocugnan). Plagio honek beste bi plagio probokatu zituen gure letretan: Jean Hiriart Urrutik berea balitz bezala sinatu eta iturriarekiko inolako aitorrik gabe Hilak hil izenarekin argitaratu zuen (RIEV, 1907) Cucugnan herria Garroze herria bihurtuz; geroago Leon Leonek bertsio labur bat argitaratu zuen Bihurriko medikua izenarekin (Gure Herria, 1927) Bihurri herria asmatuz Cucugnan (edo Garroze, auskalo) ezkutatzearren. Hiriart Urruti baita apez saindu biotan Romanilharen testuari lotuena, haren plagioa eskaintzen dizuegu aste honetakoan, Okzitaniako literaturari barkamena eskatuz eta Josep Romanilha handiaren gorazarre gisa, 125 urte direnez hil zela: Gora Romanilha gurea eta kiskal bitez infernuan ohoinak oro jeloskorrez!
maiatza
17
16
Uruguai eta oro har Hego Ameriketako urte ilunei letren argia jarriz bizi izan zen Mario Benedetti. Eleberrigile, antzerki autore eta poeta, Hego Ameriketako XX. mendeko bigarren erdialdeko literatur mugimenduetan ahots nabarmenetakoa izan zen, gizartean zapalduei ahotsa eman ziena, hain zuzen ere. Maiatzaren 17an sei urte hil zela, haren hamahiru poema dakartzagu sarera, Xabier Bovedak euskaratu eta Idatz& Mintz-eko 59. alean argitaratutakoak.
maiatza
07
16
Galitzia eskualdeko Lwow herrian jaio zen Stanislaw Jerzy Lec (1909-1966), Polonian. Poema eta artikulu satirikoak publikatu zituen gaztetan. Judua zenez, Tanopol kontzentrazio eremura eraman zuten alemanek Polonia inbaditu zuteneko (1941). Bi urte geroago ihes egin zuen suntsimenetik, eta partisano poloniarrekin ekin zion erresistentziari. Gerra amaitutakoan Szpilki aldizkari satirikoaren sorreran hartu zuen esku, baina, gerraurreko ildoari jarraituz, poemagintzan saiatu zen bereziki: Bizitza umorezko poema da (1948), Poema berriak (1949) eta Israelen bizi izan zen bi urteren emaitza zuen Jerusalemgo eskuizkribua (1956). Estalinismo aroaren amaierarekin (1956), trabarik gabe publikatu ahal izan zituen bere senaren emaitzarik onenak, aforismoak, arrazoiketa sakonik eta argudiatze sendorik behar ez duten pindarrak, espiritu zorrotzaren txinpartak (Ilea laztutako pentsamenduak, 1959). Bitxia da nolako argitasunak ematen dituzten Jerzy Lecen pentsamenduok estalinismoaz honatago ere kritika eta kontzientzia manipulatu nahi zituen sistema bati buruz. Agian, ez zaigu hain bitxia gertatuko egilea alderdi komunistako kidea zela eta Poloniako Herri Armadako itzulpen eta propaganda unitatean jardun zuela jakinik.