Ira 17 13

Uxue Alberdiren Opariak

Euli-giro liburu berriko kontakizun bat eskaintzen dizu Uxue Alberdik aurrerapen gisa: Opariak. Urriaren 3an Donostian jendaurrean aurkeztuko duen Euli-giro ipuin sorta bederatzi narrazio durduzagarri eta ezustekoz osatuta etorriko da. Liburuko bigarrena duzu Opariak izeneko hau; mutilaren familiarengana bisitan doan neska haurduna da kontalaria eta protagonista.

Ira 12 13

Gustavo Pereiraren 12 poema

Venezuelako poeta ezagunenetako bat da Gustavo Pereira (1940). Hasi berritan Simbolo talde poetikoko kidea eta Trópico Uno aldizkariaren fundatzailea izan zen. Hogeitik gora poema liburu ditu argitaratuak: El libro de los somaris (1974), Vivir contra morir (1988), Escrito de salvaje (1993), Sentimentario (2004)… Idazkera doi eta zorrotzekoa, kezka zibilaren itzala oso nabaria da Pereiraren lanean. Jose Luis Otamendik hamabi poema euskaraturik ekarri dizkigu.

Ira 05 13

Amikuzeko toberak 1991

Bethi gibelekoz aintzina gaia hartuta, Mattin Irigoienek tobera idatzi zuen 1991n. Lehendabiziko emanaldia irailaren 22an izan zen Donapaleun, bigarrena urriaren 20an Muskildin. Liburu batean jaso zituen testuak eta argazkiak Maiatz argitaletxeak, Antton Lukuren hitzaurre eder batekin: “Hiltegiak eta SPAVIA lantegia hesten, postu galtze administrazionean, kontestu hits horretan sortu zen Amikuze-Iholdin kultur astearen egiteko ideia. Toberaren paradan, karrika ibilaldian, dantzari eta epailetarik kanpo, anitz pertsonai ezberdin agertzen dira: jendarme, burges, andere eta bereziki zirtzilak”. Osorik eskaintzen dizkizugu 1991ko Amizukeko toberak.

Abu 30 13

Seamus Heaney, hiru poema

Irlandako poeta garaikide handientzat jotzen den Seamus Heaney idazlea hil da, Dublinen. Naturalista baten heriotza eta Iparra poemarioen egileak 1995ean Nobel saria jaso zuen. Euskarari Luigi Anselmik Basaran pattarra poema ekarri zion (Bertzerenak, Pamiela, 2006), eta Erlea aldizkariaren 2. zenbakian Irlandako literaturari eskainitako lanean Patxi Ezkiagak bi poema euskaratu zituen, San Kevin eta xoxoa eta Glanmoreko xoxoa. Nobel saria jasotzean egindako mintzaldiaren zati bat ere euskaratu zuen Koro Navarrok. Armiarman irakur ditzakezu Seamus Heaneyren hiru poemak, euskaraz.

Abu 29 13

Slawomir Mrozek-en hiru ipuin

Joan den abuztuaren 15ean hil zen Slawomir Mrozek poloniarra, umore surrealistaz eta ukitu groteskoz zipriztindutako kontakizun gogoangarrien idazlea, baina baita ere antzerkigile eta marrazkilari aparta. Mrozeken bi ipuin euskaraturik bidali berri dizkigu Koldo Izagirrek: Europarra eta Soldaduaren estatua. Eta hirugarren bat ere baduzu, 1978an Pott aldizkarian argitaratu zena: Elefantea.

Abu 20 13

Afrika, gerraren mintegi

Maupassant idazle guztiz ezaguna bilakatu baino lehen, erreportaria izan zen Le Gaulois eta Le Gil Blas agerkarietan (lehenean 127 kronika eta 90 ipuin plazaratu zituen, bigarrenean 75 kronika eta 160 ipuin). Tunisiaren eta Algeriaren kontrako gerra abiatuko zuten kezkarekin, Gerla izenburuko artikulua idatzi zuen 1881n. Honelako esaldiak irakurriko dituzu hasieran: “Hiltzea krimen bat baldin bada, handizka hiltzea ez liteke izan inguruabar aringarria”. Eta amaieran: “Afrikak mintegi handi bat bilakatua dirudi, guk nahi bezainbat gerla emateko”.

Abu 14 13

Exkerraren zain,
Clifford Odets-en antzezlana

New Yorkeko taxilariek 1934an egindako grebetan oinarritutako obra da Exkerraren zain (Waiting for Lefty), Clifford Odetsek idatzi eta Group Theatre taldeak 1935ean estreinatua Sanford Meisner-en zuzendaritzapean. Koldo Izagirrek itzuli zuen antzezlana 1998an, Joserra Fachadok gidariturik Donostian taularatzeko. Gaur 50 urte dira Clifford Odets hil zela, XX. mendeko antzerkigile nagusietarik bat. Zinemara ere eraman ziren haren lau lan: Golden Boy (1937), Clash by Night (1941), The Big Knife (1949) eta The Country Girl (1950).

Abu 06 13

Sherko Bekas, 9 poema

Kurdistango poeta berritzaile eta garrantzitsuena hil da Estokolmon abuztuaren 4an: Sherko Bekas. Belaunaldi oso bat hazi zen haren poemak irakurtzen eta entzuten. Fayak Bekas poetaren semea, Hego (Irakeko) Kurdistanen 1940an jaioa, Kurdistango askapen mugimenduko kidea izan zen 1965etik, Kurdistango Ahotsa irratian lanean. Saddam Husseinek 1986an Anfal kanpaina abiarazi orduko erbesteratu zen Suediara. Kurdistanera itzulirik 1992an, lehen Gobernu autonomoko kultura ministroa izan zen. Idazle emankorra, mila orrialde baino gehiagoko bi liburukitan bildu dituzte bere lanak. Urtzi Urrutikoetxeak bederatzi poema euskaratu ditu haren gorazarrez.

Abu 02 13

Raymond Carver gogoan

Gaur 25 urte dira Carver hil zela. Harkaitz Canok euskaratutako Mandatua (1988) ipuina –Txekhov idazlearen azken egunei buruzkoa– eta Jose Mari Pastorrek itzulitako Idazteaz (1981) artikulua irakurtzeko gonbidapena duzue hau. Euskaraz Raymond Carverren bi liburu argitaratu izan dira: Katedrala (1983) Juan Mari Mendizabalek itzulia eta Zertaz ari garen maitasunaz ari garenean (1981) Koro Navarrok.

Uzt 31 13

Jaures Donibane Lohizunen

Duela 99 urte, 1914ko uztailaren 31n hil zuten Jean Jaures filosofo, politikari eta idazlea Parisko kafetegi batean, zerbitzu sekretuek antolatutako krimenean, hartara Frantziak trabarik ukan ez zezan Gerla Handian sartzeko. Jean Jaures L´Humanité egunkariaren fundatzailea izan zen 1904an, eta greba bidez eta beste herrialdeetako sozialistei laguntza eskatuz saiatu zen gerra galarazten. Donibane Lohizunera bisita egin zuelarik 1911n, Alderatzearen Metodoa artikulua idatzi zuen, honela hasten dena: “karriketan, hala burgesia nola herria, ez da euskaraz besterik hitz egiten entzuten”.

Uzt 24 13

Zimmermann-en Zaborra

Joan den astean Versailles aldameneko Trappes herrian istilu larriak sorrarazi zituen Poliziak, zapiz estalita zihoan emakumezko bat estutu eta ondoren atxiloketak eginik. Gertatuen karietara, Daniel Zimmermann idazle frantses eta pedagogo berritzailearen Zaborra (Ordures) ipuina etorri zaio akordura Koldo Izagirreri, eta euskarara itzulirik eskaintzen dizugu.

Uzt 17 13

Auxtin Zamoraren
Hatsaren bustia

Hatsa elkartearen gidaria den aldetik da ezaguna batzuentzat Auxtin Zamora, 1998az geroztik “Hatsaren poesia” ekitaldiak antolatzen dituena urtero Senperen apirileko lehen asteburuan. Baina poesia zaleek zatiaz lehenagotik jarraitzen diote, Maiatz argitaletxearekin 1986an bere estreinako liburua (Ezin errana) plazaratu zuenetik. Gaur, hala ere, Zamoraren bigarren poema bilduma dakarkizuegu: Hatsaren bustia (1988), digitalizatu eta sarean eman dugu osorik.

Uzt 10 13

Espriuren Euskal Herria

“Euskararen goresle bat naiz eta Euskal Herria eta bere jendearen zale gartsu bat”, idatzi zion Salvador Espriuk 1966an Juan San Martini gutun batean. Hain zalea, ezen Espriuren asmoa baitzen Euskal Herriari poema bilduma bat idaztea. Proiektua ez zuen amaitu eta sei poema baino ez dizkiogu ezagutzen, 1965 eta 1970 urte bitartean idatziak eta País Basc epigraferen azpian biltzen hasiak; nahiz eta entzuna dugun ineditoren bat ere badela, noizbait argitara ekarriko dutena. Aritz Galarragak oraingoz ezagutzen ditugun sei ale horiek itzuli eta bidali dizkigu, Espriuren jaiotzaren mendeurrenean.

Uzt 04 13

Kate Chopinen ipuin bat

Desireeren umetxoa kontakizuna Kate Chopinen ipuin ezagunenetako bat da, 1893an argitaratua, eta orain Ana Isabel Moralesek itzulirik eskaini diguna. Ipuina entzun ere egin dezakezu, Xerezaderen Artxiboan grabatuta. Kate Chopin, sortze izenez Katherine O’Flaherty, XIX. mendeko idazle handietarik bat izan zen Amerikako Estatu Batuetan. At Fault (1890) eta The Awakening (1899) nobelak plazaratu zituen; izan ere, merezi luke bigarren eleberri hori noizbait euskarari ekartzea.

Uzt 03 13

Eako 10. Poesia Egunak

Gabriel Arestiren Euskeraren izen poetikoak 1967ko hitzaldia antzeztuz abiaraziko ditu Patxo Telleriak Eako 10: Poesia Egunak uztailaren 19an. Biharamunean, larunbatez,  Hedoi Etxartek eta Rikardo Arregik eta Fabiana Boer argentinarrak irakurraldia egingo dute arratsaldean, eta gauean Castillo Suarezen errezitaldia izango da, Urtebetetze festa poema liburuan oinarriturik. Amaitzeko, uztailaren 21ean eguerdian Eñaut Etxamendik Kantuaren poesia emanaldia eskainiko du, eta arratsaldean Oier Guillanek Elkartasun basatia errezitaldia.

Agenda

Efemerideak

Kritikak