GERNIKA ERRAUSTEAN, LEKUKO NINTZEN
Joseba Zubimendi

1938-1939

 

Errigoitiruntz igoka dihoan bidaundiaren eskubi aldean josita, Aizerrota mendiaren sorkalde magalean, Joseba Deuna egoitza. Gernika uriko begiratoki eroso, gentza aldian lekaime etxe asmoan jasoa bazan ere, bukatu baino lehen, guda-eritegi.

      Jauregi honetan nintzen eri aspaldixko. Egun gogoangarri hartan, orrilak 26 zituala, gelaz aldarazi ninduten goizetik; ohe bakarreko estu bat, ene areto zabalaren truk. Gudoinetatik zaurituak parrastaka baitzetozten, eta etxea oro estuegi. Baina ez uste guda-erasoak hurbil ziranik: hogei bat aneurkin gutxienez Markina inguruan alderenez zebiltzanak.

      Udaberriko egun argi gardena zan; izadi ugaritsu irrikoia, eguzki distirakor azpian, eskeintzaile. Ortze eta lur agirian oro alaitasun, dena irribarre, guztia zorion. Gudaren oihal beltzak estaltzen zituan, orde, izadiaren izpiak: kanpoko dirdirak, bihotz barrengo itun laino. Hainbeste gazte adin lorekoren heriotzak, orok sumintzen ginduan, guztiak bihotz-iluntzen. Baina hala ere arratsaldeko gertaeraren egia latza hain urrun...

 

      Bazkalondoko lo kuluxka, hegazkin alderatze run-runak eten zidan. Eleiza ezkilak, binbilin-banbalan, lehia biziz, zein gehiagoka. Soinu hura, hain maiz entzunaz, adiskide zahartzat gendun, eta inork jaramon gutxi; baina, egundo gerta ez zana, egun hartan sehaska eta hilobi. Bat-batean, nere ohetik izugarrizko dunbotsa entzun nuan, eta sailean beste bost. Arnasari eutsita adi-adi; hegazkina, bere heriotz lana amaituta, urrundu zitzaigun, urrundu...

        Ez nintzan ohetik mugi; hegazkin egitekoak amai ziralakoan, hatsa lasa, nere onetara nentorrelarik, berriro run-run hots alderatzea: lehengoa baino biziago, zaratatsuago eta izkilazkarren tarra-pa-tata kantariak azantz guztien nagusi.

      Suagak lehertzearen dunbatekoa! Leiar puskak aldean dantzari, haize indarrak ene leihoa orpotik atera eta aurreko ate irekiarekin bat joka, lurrean zati zitzaizkidan. Jaiki eta, erdi jantzian, irten nintzan gelatik. Albokoan, hogei urte doi-doi, musua izara bezin zuri, begiak zabal-zabal, gudari beltzaran gaztea.

      — Jaiki adi, motel —esan nion— hemen ez gatxaudek ongi. Goazik behera...

      — Pakekan hiltzen ezin utzi! –erantzun, eta beste aldera jira zitzaidan.

      Bata besteari lagunduaz, buru, beso, belaunetan lotura zuriak, eztul eta herren, goitik behera mutil eriak zalapartan.

      Gudari batek, ikustatzera joandako arrebari honela zioen:

      — Jainkoagatik, alde egin zan, neska. Joan hadi behera, nereak egin din eta. Han edo hemen berdin zaidan. Amari esaion...

      Jeitsi nintzan ni ere. Behealde hura, ez ikusteko hobe! Ugalde'tar Josu sendagilea, bertako artezkaritzari jarraituz, oro lasaitu ahaleginez. Bazuan, ba, nahiko lan bere buruarekin ere, baina... Labadia'tar Blas tolosarra, bitartean, gizontsu, zauritu baten bizia gorde nahian, heriotzarekin borroka. Ugalde'tar Miren ta Karmele ahizpa gaixozainak, alboan laguntzaile.

      Sukalde ondoko janaritegira zuzendu ninduten Abaitua'tar Edurne eta Garbiñe ahizpek. Leku estu hartan hogei bat lagun bata bestearen gainka; harek omen zuan sabairik sendoena. Alki bat eskeini zidaten eta jarri nintzan. Ez luzaroan! Berriro urrutiko run-run soinua alderatzen; txistu, orro, trumoi, zarata gero eta indarrtsuago eta maizago, gain-gainean une batez.

      Zunpatekoak gortu beharrean, haize-indarrak hausi du mendi aldeko atea eta han goaz zabuka alkar nahasian ! Azken ordua irudimenean orok, nik ez diot egundo Jaunari otoitz kartsuagorik egin.

      Burrunbotsaren ihesteak, bare aldietan, isilaren hutsak bai eder haundi! Mingain zikinez birauka hausiko zuan zorigaiztoko sinesgalduren batek, eta otoitz marmarren beroak aldamenetik oihartzun.

      Honela, berriz eta berriz, ilunabarra ortzean nagusitu arte. Egundaino gaurik ez da izan maiteago, itzalaren jaubetzea, nahi-huts, bero, bizi, eguzkiaren amaia opa guztiok eta berau behin ere baino argiago, odol isurtze ikaragarriaren lekuko sorgor.

      Aizerrota mendi tontorrean, arrisku ezaupide, ikurrin gorria. Une oro berari so, barealdietan noiz jaitsiko irrikitzen; baina arratsalde osoan ikurrin gorria makilean tinko.

      Noizik behinka hegazkin zarata urrun, leihoetatik begira ausarki han zebiltzan hiru, sei eta bederatzinaka, sailean, kurriloen hegabide. Oiz mendi gainetik, Mundaka ibaiari lotuak, Busturia aldean bira eginik, Gasteizera itzuli. Donosti itsasaldetik ere igorri zizkiguten heriotz zamak besteekin gurutz eginaz, goi eta behe oro errauste.

      Eta bitartean lekaime gaixoak aldare aurrean otoitz eta otoitz. Larruzea andereño erizaina, jeitsi ezinean geldi ziran zaurituei ur emale atsegin, ezti.

      Arratsalde erdira, eskuin aldeko etxe eder berri batek teilatu gaina, haize bigunez kulunkan, su ta gar zerion. Inguru guztian, lurretik jaioko balira lez, sutarazle-hagak, argi-txakur jostarien irudi, piztu eta itzal, fu-fuka.

      Orotan su-txinpart hotsak eten gabe. Garrezko zelaian, ahalegin biziz, zaldi bat ihes, ero antzo; bat-batean, buruz aurre zabuka, hilda geldi. Txekor batek, itsuan, zuhaitza aurrez aurre jota, bertan zerraldo. Ardiak ihes, zakurrak zaunka, hegaztiak bira bihurri...

      Aldiz-aldiz, banakaren batzuk mendi aldera larri. Hegazkinetatik esku-suagaz edo izkilazkarrez jarraiko diete. Berdin zaie haur edo gizon, emakume edo abere. Bizia duan oro berdin: ez du deusik geldi behar zutik.

      Noizbait ilunabarra iritsi zan; azkeneko hegazkinak, urdin-ilun. Donostiruntz jo zuten eta ostetza, begi-larri, musu-zurbil, ile-nahasi, harrituta alkarri begira; ezin luzaroan berera bihur. Matrail guztiak lehor, begiak antzu, malko iturriak agor.

      Ama gajoak lasterka eta garrasi: “Nere mutila, nere mutila!”. Haurtxo aingeruak “Ama, ama!” oihuka. Alde orotan nahaspil eta orruo; baina, harrigarr!, inon negarrik ez.

      Laster hasi ziran zaurituak ekartzen; haur elbarriak, beso moztuak zintzilik, xahar gaixoak, iztarrak kolokan...

      Orduko nere gogo bizia, sendiratzea; emazte-haurren albora hega nahi. Berebilak, handik-hemendik, heldu ziran. Beraietako batera, emeki-emeki, Ugalde osagilearen seme gazteak, gerri estuntza bigunean, lagun zidan, eta ilunak oro estaltze garaian, Bilboruntz abia.

Errigoiti bitzabaleko erpin batean, Lot emaztearen irudi, gure Gernika, Sodoma eta Gomorra berri, ikusminez eraginda bira ginan. Ke mordo beltz astunak zerura bide, begi aurrean; sutontzi ikaragarri baztargabea han behean; txinpart gorri-ilun margoko su-mingain, gar hori-hitsez nahastuta. Gauaren iluna etenaz, inguru mendibideetan, sualdiaren errainu, guztia argi. Oroz gaindiko ikuspegi eder, haundi, ikaragarria!

      Honela ikusi nuan azken aldiz, eusko seme ororen maite kutuna zan Gernika uria. Gure betiko etsai bihurri gaiztoek, arrano beltzen hegapean suntsitu nahi izan zuten.

      Handik laster sendiratu nintzan. Nere edes-esana, hain egintza zakar, lizun, bihotzgea, nehork ezin sinetsi. Gau hartako nere loa, ameskaitzez, nonahi sua, pizti-mamuak orroka hega zorotan, odol itsasoan ito behar...

 

      Biharamon goizean, ohe alboan neukan irratentzukiaren hots-emaleari eragin nion. Donostian nerekin sarritan mintzo-lana alda ohi zuan emaztekia solasean. Ustekabe: “Gernika ha sido incendiada por los rojo-separatistas en su retirada...”.

      Ene Jainkoa, aski dut, aski! Hau ere entzun behar! Eta musua burukoan josita, negar-zotinak leher zidan barrena, hausi malko estuntza iturria.

      Eta, geroztik, Gernika erraustearen ikuspegiak baino, biharamonean entzundako gezur nardagarriaren zulatze mina zorrotzago.

 

GERNIKA ERRAUSTEAN, LEKUKO NINTZEN
Joseba Zubimendi

1938-1939