Izurri berria
Gotzon Garate

Bilbo Aurrezki Kutxa, 1982

 

 

AINTZIN SOLASA

 

        Jose Ramon Bilbao adiskideak, Bilbo Aurrezki Kutxako euskal sailaren arduradunak, Izurri Berria-ren aurrean hitz batzuk jartzeko eskatu dit. Hauetxek dituzu.

        Ez noa polizielaberriaz azterketarik egitera, dozenaka liburu bait daude gai horretaz eginak. Liburu oso egoki bat aholkatuko nioke, halere, irakurle axolatuari, neuri, irakurri ditudanetatik hoberenetakoa iruditu zaidana: Writing Suspense and Mystery Fiction (1).

        Liburu honek, polizielaberriaren historia azaldu ez ezik, horrelako elaberriak egoki idazteko oso kontseilu onak ematen ditu. Joan Aiken, Raymond Chandler, Frances Crane, John Lutz, Elisabeth Ogilvie, Dorothy L. Sayers eta beste askoren eritziak jaso ditu A.S. Burack-ek bilduma mardul honetan, idazlearentzat oso jakingarri diratekeenak.

        Neu poliki poliki lansaio bat prestatzen ari naiz Euskalerriko polizielaberriaz. Ea hemendik urte batzutara agertzen den. Oraingo honetan polizielaberriari eta bereziki euskaraz agertu direnei buruzko zenbait gogoeta eskaini nahi nizuke, soil soilik.

        Euskal elaberriaren egoera larritxo dela denok dakigu. Aski da urtean horren elaberri gutxi argitaratzen direla ikustea. Eskuetako behatzak baino gutxiago, gehienetan. Elaberri txapelketak antolatu eta ia inor agertzen ez delako sariak eman gabe gelditu ere bai. Honen ondorioa: gure literatura oso murritz gelditzea, literatura guztietan elaberria bait da motorra. Pozgarria da poesian behintzat sorketa haundiago gertatzea, baina horrek hain zuzen ere euskal literatura-arazoetan zerbait okertxo dabilela adierazten du.

        Nabarmenago egiten da gure jokabide eskasa polizielaberriari bagagozkio. Munduan ez dago hau baino gehiago irakurtzen den literatura-motarik. Urtero milioika ale argitaratzen dira bazter guztietan. Ifarrameriketan bakarrik milaka polizielaberri idazten dira urtero. Zoazte estazio eta kaleko kioskoetara, liburudendetara, hiriko liburutegira. Denek aho batez esango dizute: gehien saltzen diren elaberriak poliziatakoak direla.

        Ez da gaurko kontua. Edgar Allan Poek bere istorio harrigarrietan, Dupin detektibea lanean jarri zuenetik, jendea oso zaletu zen abentura klase honekin. Sherlock Holmesek areagoko arrakasta izan zuen. Gaur egun Maigret, Marlowe eta Poirot gure artean bizi bizirik daude.

        Nor dira polizielaberriak irakurtzen dituztenak? Ba dirudi literatura-mota hori ezikasiena dena. Oker gabiltza. Intelektualen mota da, zuzenki. Katedratikoek, ikertzaileek, jakintsuek, oso gustora irensten dituzte polizielaberriak. Hemen datza hain zuzen ere mota honen berezitasuna. Jendeklase guztiei gustatzen zaiela. Intelektualen ondoan, white collars, dendari, langile, footballari eta etxekoandreei polizielaberriak goresten entzungo diezu. lrakurtzeko tirria dutenen artean, ia inor ez da aurkitzen, bere bizitzako aldiren batean polizielaberriekin arduratu ez denik.

        Gorengo literatura, berriz, gutxiren eskuetan dabil. Cortazar, Borges, Faulkner, Joyce, Proust, Kafka eta horien antzekoak aukeratu-taldeok irakurtzen ditugu, eta sarri, aitor dezagun lotsarik gabe, geure lanek edo eginkizunek beharturik, irakurlan horretan atsegin haundiegirik hartu gabe. Neuk Cortazarren Rayuela eta bere ipuinik gehienak oso astiro irakurri ditut, notak hartuz, bere teknikak aztertzearren, baina horietako ipuin batzuetan aspertu ere, oso aspertu naiz.

        Arrazoi bat baino gehiago daude polizi elaberrietarako zaletasuna azaltzeko. Polizielaberriek eguneroko asperguratik ateratzen gaituzte. Polizielaberriak gehienetan heriotze eta hiltzaile baten inguruan ardazten dira eta heriotzea bizitzaren gertakizunik garrantzitsuena denez gero, berezko da hiltzailea nor den jakiteko grina sentitzea.

        Polizielaberri onak irakurterrazak izaten dira, ekintza bizia dute, ideologi gutxi, elkarrizketa asko, hitz batez esateko, jakinmina haseratik azkeneraino pizten digute. Eskutan hartu eta ezin utzi. Hori da elaberri on bati buruz egin datekeen goralpenik haundiena.

        Ba dute gainera elaberri hauek beste alderdi on bat. Ez dutela «edantxarrik» uzten. Beste elaberri askok, hoberenak prezeski, irakurri ondoren bizitzari buruzko pesimismoa, etsipena edo makaleria ernetzen digute. Goi mailako elaberriei tristura eta goibela darie. Polizi elaberriei ez. Irakurri eta berehala ahazten dugu, pastel on bat jan eta biharamunean haren oroimenik ez dugun bezala. Horregatik sarri gertatu ohi zaigu, aspaldi irakurri eta zokoan genuen polizielaberria berriro eskuratu eta berriro atseginez leitzea.

        Polizielaberriak jendeak erraz irakurtzen duela garbi ikusi zuen Xabier Gereñok eta erdi erditik asmatu zuen. Gereñok euskarari egin dion mesedea neurtzen ez da erraz. 1975.ean argitaratu zuen bere lehenbiziko polizielaberria, Etsai baten bila eta geroztik zazpiren bat sortu ditu. Milaka dira, Xabier Gereñoren elaberriak irakurri dituzten euskaldun berri eta zaharrak.

        Jakina denez, Loidi Bizkarrondo izan zen Euskalerrian lehenengo polizielaberria idatzi zuena. Amabost egun Urgain'en-ek agertu orduko, arrakasta haundia izan zuen. Nik, ongi oroitzen naiz, xoraturik irakurri nuen eskuratu zidatenean; bai eta neure inguruan bizi ziren euskaldunek ere.

        Polizielaberriak izan behar dituen bi alderdi goragarri zituen Loidirenak: jakinmina piztea eta hizkuntza jatorra erabiltzea. Geroztik beste bi alditan irakurri izan dut elaberri hori eta noiz edo noiz argitaratuko dudan kritika egin ere bai. Deustuko Euskal Filologiako ikasleek ere, Irungo botikario hortzargi horren elaberriari buruzko azterketa oso bikainak egin izan dizkidate. Arrenkuratxo bat ba dut puntu honetan eta Loidiri berari esan nion. Ez duela geroztik besterik idatzi. Zergatik? Beste lanetan ari omen da. Sinesten diogu. Geuretzat, ordea, polizielaberriak irakurtzen ditugunontzat, deitoragarri.

        Xabier Gereñoren lan txalogarriaz hitz egin dugu laburki. Zorionez nafar bat ere ba dugu polizialorrean sarturik: Mariano Izeta bere Dirua galgarri-arekin. Ez dakit gaurko gazteek elaberri hau ezagutzen dutenentz. Auspoa-k argitaratu zuen eta agortua dago. Liburutegietara jo behar, beraz. Merezi du, ordea, gai bizia, pizgarria hartu eta Baztango euskara airoski erabiltzen duelako. Marianok geroztik ez digu beste emaitzik eskaini.

        Mugaz bestaldetik bi polizielaberri etorri zaizkigu, Dominique Peillenen eskutik. Bi elaberri oso ezberdin, alajaina. Gauaz ibiltzen dana polizielaberri klasikoen bidetik doa. Ba du orijiltasuna, gai eta teknika aldetik. Pettiri Sabuki detektibearen nortasuna indartsu agertzen zaigu. Gatu beltza, berriz, polizielaberrien parodia dugu, Peillenek horren maisuki erabiltzen dakien ironiaz beterik. Ironia edo erremin horren fruitu onduagoak Itzal gorria-n ediren daitezke.

        Zoritxarrez, hemen ere aurrean esanak berritu behar ditugu. Peillenek aspaldi —nik dakidanez behintzat— ez du euskaraz elaberririk idatzi. Zergatik? Jaramon egin al diogu? Euskal idazleei lagundu beharrean, ez ote dizkiegu bidean oztopoak jartzen, geure eritzi ezezkorrekin etsipenera bultzatzen? Euskaldunok lagunurkoa jorratzen oso prestu gara.

        Neu ere lan honetan sartu nintzen. Gaztetxo nintzelarik, polizielaberri asko irakurtzen nuen. Teologia Innsbruckera ikastera joan nintzenean, berriro ekin nion. Alemanera ikasteko oso bide ona zen. Bestalde, Karl Rahner genuen irakasle eta gure inguruetan erran komuna zen, ikasketan ez erotzeko eta oreka jatorrean irauteko, Rahneren tesis bat ikasi ondoren polizielaberria irakurri behar zela.

        Innsbrucktik Suizara aldatu nintzenean, Esku leuna idazten hasi nintzen. Fribourgen Saizarbitoria eta Mikel Lasarekin batera egon nintzen. Mikel Lasa ordurako nahiko ezagun zen. Hementxe dauzkat aldi hartan berak emandako poesia batzuk, Saizarbitoria, ostera, antzerki lanetan iharduten zuelako ezagutzen nuen nik, baina orduan ekonomia ikasten ari zen.

        Esku leuna Azpeitiko Enparangain baserrian bukatu nuen. Gero Elizondoko eskutitzak Amaiurko Iriartea baserrian. Baina gordeta neuzkan eta ez nizkion inori ere erakutsi. Holako egun batez, txapelketara bidaltzea erabaki nuen; lotsaz beterik igorri ere bai. Adurrak lagundu zidan eta sariak irabazi.

        Goizuetako ezkongabeak Goizuetako Errerobordan egondako txandetan borobildu nuen. Hilabete luzeak igaro izan ditut baserri maitagarri horretan. Oso barre haundiak egin nituen hauxe esan zidatenean. Goizuetako neska batek, Goizuetako ezkongabeak irakurri eta zera esan zuela: «Ez din ezer balio. Dena gezurra dun!»

        Eta elaberri hau? Orain dela hiru urte edo egina nuen. Sunbillako Ixtola baserrian batez ere ihardun nuen elaberri hau egiten. Borobiltzeko betarik ez, baina. Igaz, udabidean, New Yorkera eraman nuen, han astirik izango nuela eta. Amaitu ere, hantxe amaitu nuen, zorionez. Bi hilabete terdiz, jo eta ke, Bronx entzutetsuan, drogazale, portorrikotar jator eta emagaldu amoltsu askoren artean eman nion bukaera.

        Aldaketa haundia izan zuen, ordea. Elaberria ia akiturik neukala, hauxe pentsatu nuen. Zergatik elaberri beltzarik egin ez? Elaberri honetako detektibea lehengoa zen, Jon Bidart eta azken zoriontsua zeukan. Beste detektibea asmatu nuen eta bukaera latza eman. Ez dakit asmatu ote dudan. Euskal Filologiako ikasle buruargi batek, oraingo detektibea atseginago zaiola esan dit. Poztu egin naiz eta Jon Bidarti ez diodala salatuko agindu diot.

        New Yorktik etorri eta azken orrazketak eman nizkion. Batez ere gertatokiak gertutik ikusten ibilkatu nintzen. Joan Santurtzira, Negurin txalet bat aukeratu Mentxaka Maranon nagusiarentzat, eta abar. Lasterka lan egin behar izan nuen. Resurrekzion M. Azkue txapelketan elaberriak agertzeko azken epea Urriaren 15ean, eguerdiko 12etan amaitzen bait zen. Ozta ozta ordu bi lehenago entregatu ahal izan nuen.

        Bilbo aukeratu nuen haseratik elaberriaren gertatokitzat. Hoberena da, zalantzarik gabe. Ez elaberri beltzarentzat bakarrik. Hain zuzen hiri haundiak dira ustelkeria, emagaldukeria, droga eta diru lapurketarentzat tokirik egokienak; Ifarrameriketan New York, Chicago, Los Angeles diren bezala, gure artean Bilbo. Eta hemen hauxe esango nuke, lehenago ere maiz esan dudana. Euskadi euskalduntzen ez den bitartean, ez da goi mailako elaberririk sortuko. Edo zehatzago esanez, Bilbo erabat euskaldundu arte, ez polizielaberri onik ez bestelakorik ez dugu irakurriko.

        Nire elaberriek zenbat balio duten etorkizunak esango du. Zera esan dezaket orain. Euskaraz ongi idazten saiatu naizela. Horri beti garrantzi haundia eman diot.

        Euskalerrian inork gutxik bezalako zoriona izan dut nik: urtero urtero Bizkai, Gipuzkoa, Nafarroa eta Lapurdiko baserrietan euskara aberasteko aukera. Azkueren hiztegi osoa, adibidez, hitzez hitz baserrietan azterturik daukat berba berrien bila. Horrela bildu izan ditut milaka hitz eta esaldi, nik neuk behintzat ezagutzen ez nituenak. Horiek gero neure elaberrietan sartzen ahalegintzen naiz.

        Exenplutxo bat. Elaberri honetan behin baino sarriago irakurriko duzu atzelari hitza. Homosexual, gay esan nahi du. Nik lehengo aldiz Idiazabalgo Haitzeder baserrian entzun nuen. Geroztik beste tokitan ere bai.

        Bukatu dut. Agur, irakurle.

 

Gotzon Garate Goihartzun

 

 

1. Edited by A. S. Burack, Publishers The Writer, INC, Boston 1977.

 

Izurri berria
Gotzon Garate

Bilbo Aurrezki Kutxa, 1982