Sekulorum sekulotan
AITZIN-SOLASA
Ramon Saizarbitoria
Gure Herrian eskuizkiribu gutigatik jeneralean eta nobela gutigatik partikularzki esan daiteke periodikoetatik bere argitarazioa eskatu denik, esku artean duzun «Sekulorun Sekulotan...» honengatik esan daiteken bezala [1]. Hau bada merito bat, egun literatura desprestijioaren aideetan dantzan dabilela kontuan hartzen bada.
Perugorriak Anaitasunako artikuluan dionez, nobela hau Lur-en zentsuratua izanen zen. Hau ez da egia. Lur-ekoek [2] ez dugu nobela honen zentsurarik egin; egin izan bagenu ez ginen gure artikulistak eskeintzen dizkigun argudioen astotik jetsiko [3]. Hala ere egia da artikuluan aditzera ematen zen bezala, beldur ginela eta garela irakurleen sektore zabal batek ez ote duen nobela ulertzeko, ulertzeko ez da hitza, onhartzeko hobe, prolema gehiegi izanen eta okerrago litzakeena, ez ote zaion Urkizuk darabilen estiloa adarjotze hutsa irudituko. Honengatik egilea bera zen nobela hau argitaratzeko erreserba gehien zuena eta ez zuen eginen, behar bada, neronek egitera bultza ez banu.
Ikusten denez, eta honetara noa, komarik eta punturik gabeko nobela hau, Joyce-ren kutsu bat eta halako Sollers-en eragin bat duen obra honek badu interes tekniko bat behintzat, literaturan interesaturik dagoen publikoarentzat.
Baina zer da komarik eta punturik gabeko nobela hau, zein da egilearen estiloa eta zergatik erabiltzen du, zein da bere esan-nahia, esan-nahirik baldin badu? Galdera hauei erantzuteko, azken urteetako Europear literaturaren barnean gehien eragin duten korronteei buruz hitz batzuk esatea komenigarri iruditzen zait.
«Nobela indibiduoen diskurso etengabea, deituko diogu» dio Philippe Sollers-ek, «H» nobelarekin eskribitze eta espresatze bide berri bat ideki zuen eskritoreak [4]. «H»-k ez du ez komarik ez punturik eta ezta maiuskularik ere. Sollers-ek bere nobela «H» titulatzean ez zuen garai batetan euskal eskritoreek progresista eta tradizionalistetan zatitu zituen zorioneko letraren sinbolismoaz jabeturik egiten. Ezin ukatu hala ere beste sinbolismorik ezin ukan dezakeanik eta Sollers berak gogorarazten digu bonbak aparte, H hidrogenoaren sinboloa dela. H-ren orriak zabaltzerakoan, txokantea egiten da ez punturik, ez komarik, ez maiuskularik ez izateak lerroei ematen dien uniformetasuna. Baina puntuazioarena edo narrazioak puntuaziorik ez izatea bada sinbolismo bat baino xerbait gehiago. Sollers-ek egindako esperientzia narratiboak beste puntuazio bat (signoz markatu ezin dena) esijitzen zion. Berak dion bezala beste ritmo batetaz tratatzen delarik beste era batetara bilatu behar du ritmoa irakurleak ere: «Bere ritmoa probatu behar du beraz: dikzioak, tinbreak, azentoak, puntuazio latentea, zurrunbilo, uhain, deiak» [5]. Barren ritmo bat darama narrazioak, horrela esan ahal badaiteke, puntuatze seinu konbenzionalak bortxatu besterik ezin dezaketen ritmoa. Puntu eta komen asuntoa —puntu eta koma eza— ez da beraz egilearen arbitrariotasun bat narrazioak eskatzen duen xerbait baizik. Eta interesantea da hau seinalatzea teknika komen arazoa maila anekdotiko batetan gera ez dadin (badakizue rimarik gabeko poesiari edo modelorik gabeko pinturari buruzko katxondeoa).
Baina zergatik edo zertarako narratzeko era berri bat? Zenbaterainoko garrantzia du diskursoaren formak, estiloak eta teknikak nobelagintzan? Zein da formaren eta mamiaren arteko harremana edo lotura nobelagintzan?
Badirudi gure gaztaroa bete zuten nobelisten estiloa desegokia dela egun murgildurik gauden prolematika edo errealitatearen berri emateko. T. E. Lawrence, Malraux, Bernanos, Sartre eta Camus batzuei gizonaren eta munduaren arteko diborzioa deskribitu edo espresatu nahiak eman zien, zuten edo/eta duten handitasuna. [6] Haien diskurso filosofikoak puntu eta komak eskatzen zituen bezala filosofia definitu bat barren bizitza bat zuteken pertsonaia mamitu batzuen beharrean aurkitzen zen haien nobelagintzaren desarroiloa. Azken finean «historia» bat asmatu beharrean ikusten ziren aipatu den diborzioa espresatu ahal izateko.
Baina azken finean «giza kondizioaren literatura honek ez du ez errebeldia bat, ez metafisika bat, ezta abentura bat ere erakarri: Jainkoaren ondoren Nietsche hil da» [7]. Bizitzaren sentidu berriak edo bizitzari hartzen edo ematen zaion sentidu berriak ez du «nobelista haundientzat» lekurik utziko (entendi mesedez komillen sentidua). Literatura ez da iadanik polemika, gogoeta, errebeldia edo desesperantza baten espresioa izanen. Literatura, esan denez, ez dago hitz haundietarako. Gizona indeszifrablea, ulerezina konsideratzen duenez ez du interes haundiagoko gauzarik arurkitzen deszifratzeko edo entenditzeko egiten diren ahalegi guzien fraskoa erakustea baino. Eskritorea «fenomenologiaren» izenean edo «estrukturalismoaren» izenean eginahal huts horiek deskribitzera mugatzen da, deskribitu ezina den deskripzioa deskribitze nahiaren informe bat egitera. [8]
«Arrotza» mesanotxe gainetik aldendu berria genuelarik N. Sarraute eta A. Robbe Grillet azaldu zitzaizkigun. Hauentzat ez du sentidurik errealitateari sentidurik edo esplikaziorik bilatzeak. Irakurlea organikoki bizitzen den esperientziaren mailan jartzen dute, mundua dominatu gabe mundu beraren zati bat, prolongazio bat besterik ez den konzienziaren barnean. 60gn inguruko gertakizun politiko ekonomikoak (edo gertakizun ezak) giro berri hori ematen dio nobelagintzari eta esistenzia horretan murgiltzen ditu nobelagileak.
Nobelagintzak forma berri bat hartzen du beraz. Ez du deusere kontatzekorik —horretarako kontzientziak gertakizunetik kanpo behar luke, gertakizunak domeinatuz— eta kontzientzia fenomenologikoak ez du domeinatzen, parte hartzen baizik errealitatearen prolongazio bat besterik ez denez. «Prolema haundiak» mespretxatu egiten dira, ideia primarioak edo lehen prinzipioak bezala eta hauekin literatura trajikoa. Kontatzen den esperientzia estrukturan bere sekretoak gordetzen dituen domeinu itxi bat bihurtzen da. M. Merlau Ponty-k dionez fenomenologia «gure esperientzia den bezala, haren genesis psikologikoaren edo esplikazio kausalen ardurapenik gabe zuzenki deskribitzeko esperientzia da» [9] eta A. Robbe Grillet «nouveau roman»en errepresentatzailerik ezagunenak: «signifikazio psikolojiko, lojiko, sozial edo f unzionalez osaturiko uniberso honen ordez, mundu inmediatoago eta solido bat jaso beharko litzake» [10]. «Nobelagintzak, sentidu honetan harturik, interpretaturik ez du imajina signifikatiborik eskuratzen, informatiboak baizik» [11].
Hau da «Antinobela» deitu zaion mugimenduaren prinzipioa, errealitate bakar bezala —N. Sarrautén hitzetan— «gertakizun tipi autentikoa, detaile egiazkoa» besterik ez onhartzea.
Plano bakar batetan, perspektibarik gabe, hemendik, memento honetatik erten gabe, detaileak bata bestearen ondoren ordenatzen dira. Ez da gauzen gertaeren eta sentimenduen artean jerarkiarik egiten, horrela harreman materialak botere esajeratu bat irabazten dute. Mundua ez da —dio Robbe Grillet-ek—, ez intelijentea ez absurdoa, hor dago, besterik ez. «Gure iritziz, arimaz eta azken finez bete ditzazketen adjetiboak medio direlarik ere, gauzak hor daude; heien axala, garbia eta lisoa, ikutu gabea dago, baina brilo eta transparentzia nabarrik (ekibokorik) gabe.
«Gertakizun tipi kotidianoa» kaptatzeko, heltzeko, ez da diskurso filosofikoaren beharrik, egia esateko hobe da zine kamara bat. Narratibak —imitatu gabe— hizkuntz zinematografikotik hain urrun ez dabilen estilo bat erabiliko du. Nobela bizitzaren gauzen detaile objetibo eta tipien flash gataiatu bat izanen da. Flash horiek ezin dute noski kontzientziarik erdietsi. Maitasun «historia» batetan ez dute lekurik, esate baterako maitaleen sentimenduak, izter bat igurtzitzen duen eskuaren bitartez espresatzen eta entenditzen ez badira behintzat. Nolanahi ere, izterrak, eskuak, eskumuturreko erlojuak, erlojuari begira dihardun maitalearen kontzientziak baino presentzia eta garrantzia gehiago dute narrazioan. Prozeso psikologikoak kanpotik eta urrutitik, oso urrutitik —edo barrendik, oso barrendik, berdin litzake— ikusten dira. Eta hau oso ondo espresatzen du Fischer-ek Robbe Grillet-en «Le Voyeur»-ez mintzo denean [12]. «Gizonak objeto hutsak dira objetoen artean, erailketa batek ez du erloju baten salbentak baino garrantzi gehiagorik, ekintza kriminal batek antxeta baten oihuak baino, gertakizuna ez da amets harrigarri bat besterik edo testimonio faltso bat, perspektibarik gabeko errealitatea, neurririk eta balorerik gabekoa».
Honela nobela klasikoaren formula hutsak, konbenzionalismoak, montaje prefabrikatuak deuseztatu nahiean, detaile tipi eta hutsez jasotako instantaneaz osaturik datorkigu nobela berria. «Pseudogertakizunak deuseztu nahiean gertakizun oro ukatzen du. Horrela beraz "egiazko errealitatea"» —ikusten dena— jaso edo kaptatu nahi lukeen nobelagintza, konprenitu eta interpretatu nahi ez hortan edo horregatik (eskribitu besterik ez) bidertzean geratzen dena (detaile tipien adarretan) errealitatea konprenitu dena baita bakarrik (Hegel) edo mundua errealitate bezala konprenitua (Marx) eta ez gizonen begiak ikusten duten bezala.
Baina hau beste asunto bat da [13]. Hemen benetan interesatzen zaiguna, zera da, munduko gertakizunak eta mundua bera interpretatzeko forma berezi batek —edo konprenitu nahi izateak soilki edo konprenitze nahi hori inposibletzat abandonatzeak— hizkuntza narratibo edo berezi bat esijitzen duela. Nobela berri bat eta kasu honetan antinobela bat. Atemporal, denborarik gabeko analisis sublimeen ondoren, Faulkner-en trsaskripzio brutal zakar gogorren eta Butor eta Robbe Grillet-en laberinto jeinutsu super injeniosoen ondoren, Nouveau Roman edo neokritika forma berri batek, eskritorearen egoera berri hori espresatu nahi luke: eskritorea ez da orain errealitate objetibo eta definigaitz baten aurrean jartzen, «Ni» eta errealitatearen nahaste ilun eta fenomenologikoa, nahaste bakungaitz, etenezin edo hezkaitza espresatu nahiean baizik. [14]
Eskritoreak ezin ahaz dezake beraz lehen aipatutako distantzi psikologikoa. Orain ere ez daude haren aurrean mundua izate, esistentzia, ea., munduaz egiten den imajina, errealitate hibridoa (xinitrea) eta nahasia besterik. Lehen alde batetik mundua baten eta bestetik interpretatzen zuen izpiritua, gero konozimendu edo ezagutza maila humilago batetan, objeto hutsak objeto ezagutuak eta haien ezagutza edo bisioa behintzat zuen izpiritua, orain ez gizon ez gauza den edo gizon-gauza nahastea den dialogo indeterminatu bat bezala presentatzen zaigu errealitatea. «Uretan nabasturik dagoen oxigenoa banatzea zaila den bezala zaila da baita ere, gizadiaren kontexto biologiko sozial eta pseudo psikologikoan murgildurik dagoen giza kontzientzia bereiztea» [15].
«Egoera berri honetan, situazio honen kontzientzia harturik, narratibak bide berri batetik ekiten dio, hala ere «nouveau roman» banguardiako produkto akademiko bat bihurtu da» [16]. Akademizismo horren aurka Philippe Sollers, Jean Pierre Faye, Jean Ricardou, Marcelin Pleynet, nobelagintza bide berri batetan saiatuko dira. Hauentzat nobelagintzaren prolema bakarra eskriturarena da, hots eskritoreak bere oldez egiten duen asmaketa (inbenzio espontaneoa). Nobelak mundu objetibo, erdiobjetibo eta agian subjetiboa ere deuseztatu egiten du. Ez du Robbe Grillet-ek objeto hutsez josten zuen intriga edo argumentoaren beharrik. «Nobelagintza eskritura prolema bat biburtuz, Philippe Sollers, Jean Cayrol, Jean Pierre Faye, Jean Thibeardau, Marcelin Pleynet eta bestek, deskripzio objetibo eta batez ere dokumentala egiteko pretensio oro abandonatzen dute. Ez da beraz kanpoko mundua salbatzeko saio bat, ez eta gizonaren barren abentura bat, bietatik zerbait izanik ere, ez arrain ez haragi den erdialdeko errealitate fenomenologiko bat baizik. Errealitate horretan gizona eta mundua elkarrekiko ezagutza saio batetan nahasten dira, batak bestea sortuz, zeren urrutitik bada ere Husserl, Heidegger eta Sartre-rengana itzultzen baita —ez litzake gizonik izanen mundu baten ezagutza izaten saiatuko ez balitz» [17].
Urkizu, gaztelaniaz ezagutuarazi duen Severo Sarduy bat baino garbiago da teknika berri hau erabiltzen. «Sekulorun sekulotan»-en ez da distantziarik edo oso tipia da dagoena objetoen eta narradorearen artean. Mundua eta munduko objetoek nahastu egiten dira eta baita hitza hartzen duen narradorea ere. Hortik edo horrela ihesten du estilo zaharraren hertsitasunetik.
Abisatu behar dut baita ere, estiloaren barnean, nobela honek ez duela argumentorik. Ideia ez da berria. Barojak zionez «nobela bat gairik, arkitekturarik eta konposiziorik gabe ere» izan daiteke. Baina berria da Urkizuk ematen dion tratamendua edo hobeki esateko tratamendu berri horrekin sortzen den edo duen hizkuntza, esperientzia narratiboa edo nahiago bada nobela.
Ez da ere Urkizu ez ur hauetan sartzen den lehendabiziko aldia. Badu «Euskal Elerti 69»-n oraingo esperientzia, honen gogoa edo asmoa adierazten duen entseiu bat. Esanen nuke orduan intuizioz bakarrik abiatu zela narrazio modu edo molde hartatik, zerbait adierazi nahiren batekin eta adierazi hori adierazteko teknika bide bakar bezala hautatuz zihur asko. Ordudanik dakusaio bitza, diskurso jarioa, eten gabea, koerenteena eta errealisteena bere inkoerentasunean: «erri gatzgabekua, fabrikez kixkalita dagoena, kiroltokirik ez duena, sekretario kanpotar baten menpean dagoena, iñoiz ezer deusez egin ez duena, muzikako bandarik ez duen erria, alkate ta kontsejal denak salduak dituen erri alua, erri eroria, erri p... zer ote duzu ba, horain zure askatasunengatik odola prest emateko banauzu?».
Oraingoan intuizioa baino zerbait gehiago da, rekurso tekniko huts baten bilaketa baino gehiago, narratiba bide berri horretatik abiatzera bultzatu duena. Oraingo hitz jarioak ez du deusere esan nahi edo ez dago adierazi nahi baten edo lehen ideia baten zerbitzuan. Hitz jarioa da dena. Hori da guzia. Diskursoa diskursoa da, eta horrela behar zuen. Ez dago deuseren funtzioan, baina ezta ere ezerezaren funtzioan, zeren Urkizu-ren diskursoa ez da negatiboa. Haren ideiologiak, mundua ikusteko eta interpretatzeko erak, haren mundu subjetiboak, psikologikoak, kontexto familiar, zozio-kultural eta beste psiko eta zozio denak sortu dute, bota edo isuri dute diskursoa. Eta bota bezala jaso dezakegu guk irakurtzean. Gainera nik entelegatu edo interpretatu dudan eran Urkizuk mundua eta bere ingurua eta nota ez bere egoera proprioa interpretatzeko duen formak derrigorrezkoa egiten ziaten estilo berriaren enplegoa. Horrela nabaritzen zaio estilo garbiago bat eta helduago bat aurretioko joeraren barnean.
Estilo hau erabiltzearen alde —eta ez d a justifikatu nahia, zeren ez dago deusere justifikatu beharrik— pare bat gauza esanen nituzke ere orain arte esandakoa laburtzeko balioko duelakoan.
Lehendabizi oso ondo datorkiola espresatzen duena espresatzeko. Hizkuntza espresatze nahi horren arauera aukeratu du edo atera zaio eta hori beti da azierto bat.
Philippe Sollers-ek dionez «literatura bat modernoa izateko aukeratu dituen soluzioak garaiaren beharrei erantzun behar die». Hori da kuestioa: «Sekulorun sekulotan...» ez da modernoa bere lerroen zabaleroan pundu eta koma gehiago edo gutiago duelako, gaurko munduaren esijentziaz egina dagoelako baizik. Horrela esate baterako, oso kontuan hartzekoa da egun, aipatu beharrik ez dagoen arrazoiak direla medio zerbait esateko hitzegin daiteken hizkuntza bakarraz mintzo zaigula. Alde honetatik, ene ustez, (eta egia ez bada merito gehiago) aukera bat eginaz urrutien heldu daiteken arma tresna hizkuntza erabili du.
Bestalde, esan den bezala, lehendik ere teknika eta estilo honen bila zebilenez gaizki eginen zuen nobela batetan entseiatu eta probatu gabe abandonatzea. Gainera —hau konprenitzeko behar bada kafe bat baino gehiago hartu behar Urkizurekin— bere izateko forma edo estiloarekin hobekien datorkion hizkuntza narratiboa aukeratu du [18]. Egia da Urkizuk ez duela txaketa asko probatu beharrik bere neurrikoa aurkitzeko, baina gauza da lan gehiagorekin edo gutiagorekin bere tipoari dagokiona aurkitu duela. Eskritore guti izanen dira Euskal Herrian, barrenak eta kanpoak, izate eta pentsatzeko eraketa inguratzen duen kontexto eta zirkunstantziak horren estilo garbi batetara bultzatuko lituzkenak.
Hor daude beraz «Sekulorun sekulotan...» eta Urkizuren meritorik handienak heien hizkuntza narratiboaren egiatasun eta egokitasunean. Zeren berriz ere diot asuntoa ez da modernismo literario huts baten izenean, modan dagoen teknika edo estilo bat erabiltzea. Horrek ere bere meritoa du, dispozizio mental on batetan egotearen meritoa behintzat, baina ez da aski. Dagoeneko beste presupuesto oro alde batetara utziaz «moderno» izaten saiatzea ez genuke hainbeste baloratu behar [19]. «Literaturak garai bati erantzun behar dio dudarik gabe, baina batzutan ez dio irakurle medioaren konprenitze neurriari erantzuten. Ramon Chao-n galderari horrela erantzuten zuen Ph. Sollers-ek: Ez, ez dut uste. Zer eta nola eskribitzearen prolema alde batetik, irakurtzearena eta eskribitutakoa konprenigarri edo konprenigaitz gertatzea bestetik oso desberdinak dira heien artean. Honek bere erantzun objetiboa du historiaren zehar. Hau da: egin izan ohi da edo ez. Historiak demostratzen duenez Sade-k egin zuen hemezortzigarren mendean eta berrehun urtez ezin ukan zuen inork ere Sade irakurri» [20]. Galdera horri Eskolaren, Estadoaren eta difusio medioen bideen mailan erantzun behar litzaioke. Ez dira bi prolemak nahastu behar, ze maizegi —eta intenzio guziarekin nahaste horretaz baliatuz—banguardiako eskritorean prozesoa edo kritika egiten baina: «ulerezinak zaretenez ez duzue deusere esaten», izanen litzake kritika; prozeso hau burgesa edo burokratikoa izan daiteke baina beti erreakzionarioa.
Beharrezkoa da publikoaren eta eskritorearen artean dagoen distanziaren kostatazioa egitea, bide berri bat urratu nahi duen nobela batez ari naizenez. Distantzia edo bitarte hori izatea normala da eta eskritorearen espezializazioari edo hizkuntza narratiboaren prolematika barnean bizitzeari dagokio. Publikoak berriz —pinturan eta eskulturan nabarmenago da hau oraindik beharbada— ez du eskritoreak (edo pintoreak eta eskultoreak ea.) fabrikatzen, asmatzen, inbentatzen duen hizkuntza hori ezagutzen edo ez du fabrikatze prozesoa oso gertutik jarraitzen behintzat. Konprenitzen hasteko biderik egokiena, edo bakarra, hizkuntza berezi borren esistentzia onhartzearena da (onhartzen hastea, konprenitzen hastea da) edo beldurrez eta preiudizioz osatutako korazak eta oskolak erasten saiatzea behintzat. Inportantea da, esate baterako, eskritoreak ez duela adarra jotzeko intenzio berezirik onhartzea (adarra jotzeko bide luzeegi, konplikatuegi eta garestiegia litzake). Zerbait espresatu nahiean dabilela sinestea eta konprenitzen ahalegintzea, hizkuntza estraino borren bideetan batzutan nekez eta behaztopoka izanen bada ere, abiatuaz.
Gero, lanaren aurrean errespeto bat ere eskatzen da, ze Urkizu ez da materialki benefiziatzen irakurleak liburu honengatik pagatutako diruaz. Ohoreaz berriz zer esanik ez: ordu gehiegi dira lumari eragiten euskal letretako ereinotz xapela bururatzeko. Zure konpresioa eskatzen da bakarrik. Eser zaite, beraz, eta idek lehendabiziko orria. Belarri handi bat sumatu behar duzu. Zure inguruan eta Urkizurenean apurtua, zatitua, pitzatua, izorratua, agerian eta ezkutuan dagoen errealitatea entzun eta ikusi behar duzu eta hori dena jaso duen belarri handi bat. Jaso ezazu zuk ere zurearekin eta juzga ezazu, kabreatu zaite berarekin. Entenditu ez baduzu pasa zaite bigarrenera edo hirugarrenera. Leitu poliki. Aspertzean ez doblatu orriaren puntarik non zauden jakiteko. Ez du pena merezi eta liburua izorratu egiten da. Has berriz ere behar lehendabizikotik edo hogeigarrenetik —gure egunen sentidua ez da aldatzen ohean sartuz edo ohetik altxatuz hasten ditugulako. Ez abandonatu lana bost edo sei aldiz entseiatu gabe. Zihur naiz zerbait entendituko duzula. Entenditu egin behar duzu gainera Urkizuren atzetik William S. Burroughs bat cut-up method eta fold-in method erabiliaz azal dadin. Eta azal bedi gure hizkuntzaren onerako eta hizkuntzalarien kabreorako bada, amen.
[1] Ikus: Perugorria: Etxe barreneko zensura. Anaitasuna 1973, irailak 3.
[2] Eta berdin Kriselun argitaratzen jarraituko dugunok.
[3] Guk ez dugu deuseztatzen zensura baten egokitasuna, hori baita Perugorriak egotzi nahi digun bekatua. Baina ez gara zensuraren alde zensura «baten» alde baizik. Beraz, ideiologiak alde batera utzirik, orduan konpresio mailako zensurari buruz aritu ginen: Bidezkoa ahal da irakurle gehienak ulertuko ez duten zerbait argitaratzea? Gure herriko panorama editoriala harturik, publikazio bakoitzak eskatzen duen edo eskatu behar luken errentabilitate (sozial) marjinari behatuz ezetz esanen nuke. Ez gure kontextoan. Orain, ez hau errelatiboa da, pertsona batek edo deusere errepresentatzen ez duen talde batek esaten duen bitartean. Gauzak argitaratzaile aldetik ikusita —ezin bestean, Bai edo Ez esateko erresponsabilitatea hartzen dugunon aldetik— ezin jolas dezakegu, maizegi egiten den eta egiten dugun bezala, hitz bakar bat aditzera ematen dugunean eta ematen ez dugunean hartzen dugun erresponsabilitatearekin. Are gutiago lan editorial probetxugarri bat izan behar lukeena egiteko destinatzen ditugun medioak, minoria baten zerbitsuan enplegatzea, urtean 60en bat liburu argitaratzen diren kontextu batetan. Dena den lan batek komarik ez edukitzea ez da aski arrazoin guretzat lan bat argitaratzeko, alderantziz mementu konkretu berezi batetan eskritoreari komak bere lekuan jarraraztea editorialista erresponsabilitatea betetzea izan daitekela iruditzen zaigu.
[4] Philippe Sollers: Le Roman et l'experience des limites. Tel Quel, 25g.o. Paris 1973.
[5] Philippe Sollers. «I»-ren kontra-azalean. Aux editions du Seuil. Collection Tel Quel. Paris 1973.
[6] R. M. Albeces: Panorama de las literaturas europeas (1900-1970) Ed. Al-borak. Madrid 1972.
[7] R. M. Albeces: op. cit.: 368. o.
[8] R. M. Alberes: op. cit.: 368 o.
[9] M. Merlau-Ponty: Phénomenologie de la perception. Avant-propos.: 1. o. Paris 1945.
[10] A. Robbe Grillet: Une voie pour le roman futur. N.R.F. Paris 1956.
[11] J. Bloch-Michel: Le present de l'indicatif. Gallimard, 92. o. Paris 1964.
[12] E. Fischer. El artista y su época. Ed. Fundamentos, 21. o. Madrid 1972.
[13] Ez da errealismo sozialistaren debozioneko izan beharrik Nouveau Roman-en teoriaren barnean militatzen duten nobelistek erreakzionarismo politiko batetan jaurtitzen direla estimatzeko. Kasu honetan beste ¡non baino argiago deritzait, maiz konfunditzen diren, progresismoaren eta modernismoaren arteko desberdintasuna.
[14] R. M. Alberes: op. cit.: 372. o.
[15] R. M. Alberes: op. cit.: 372. o.
[16] R. Chao: Ph. Sollers. La revolución del lenguaje. Rev. Triunfo, 1973, 550gn. z.
[17] R. M. Alberes: op. cit. 373gn. o.
[18] Aukeratze hitza, hitzean eta hortzean darabilkit eta ez dut uste gaizki erabilia dagoenik. Adierazi nahi dut nobela bat ez dela askok uste bezala «behar propioz» norberari ateratzen zaion hizkuntzan egiten.
[19] Nemesio Etxaniz ezarri daiteke ene iritziz modernismotasunaren edo moderno zaletasunaren esenplutaz. Bere kasuan justifikatu daiteke eta oso ondo gainera postura hau: erreakzionarismo zorrotzenaren denboran eta giroan saiatu baita moderno izaten, musikan batez ere euskeraren eta euskaldunen mis à jour erako bat egiten ahaleginduz. Hortik Etxaniz-en mambo, cha-cha-cha eta gainerantzikoak. Literaturan ere «euria ari du» ipuiarekin, berak esaten duen bezala Robbe Grillet berrizale aitatuenetakoaren atzetik jotzen du nouveau romancier-ena eginaz. Era honetako intentoak, intentoetan geratzen dira eta gehienetan ez dute balorerik literario aldetik izaten zeren lehen esan den bezala aberrante xamarra baita teknika bat eramaten delako bakarrik autatzea, gauxa xar asko eramaten direlako besterik ez bada ere.
[20] Ikus lehen aipatu dugun Chaho-ren artikulua Triunfo-n.
Sekulorum sekulotan |