Joseba Zubimendiren begirada
1939ko irailaren 29an hil zen, Kanbon, Joseba Zubimendi. Kazetaria, idazlea, grina eta jardun handiko euskaltzalea eta kultur eragilea izan zen donostiarra. Gaztetandik euskal kultur mugimenduari atxikia, errealitateari erreparatzeko begi zolia zeukana, Zubimendiren kronikek 1920ko eta bereziki 30etako euskal gizartea erakusten digute. Eta bere kronikek ez ezik, bere jardunek kazetaritzan, irratigintzan, antzerkian, kantagintzan… gizarte hori saretzen lagundu zuten. El Día, Argia, El Pueblo Vasco, Euzko Deya, Euzkadi eta beste hainbat mediotan jardun zuen, eta gerra eta erbestea ere kontatu zizkigun, gaur 75 urte Kanbon zendu zen arte. Gernika erraustean, lekuko nintzen artikulua, adibidez. 1897an Donostian jaioa, hainbat lan argitaratu zituen: bi poema liburu, Aberri Oyuak eta Zumalakarregi, biak ere Armiarmako Klasikoen Gordailuan irakurgai daudenak. Yakintza aldizkarian kaleratutako bertsolari txapelketen kronikak ere eman zituen argitara, Bertsolari Guduak 1935-1936 liburuan bilduta, eta Gipuzkoako Aurrezki Kutxak ateratako bakarrizketa labur bat ere bai, Zalaparta. Guztiak jarri ditugu on-line. 2002an, berriz, Koldo Izagirrek bildu eta Alberdania argitaletxeak eta Donostiako Udalak plazaratu Bertso minez kronika liburu ederra dugu.