Urt 12 20

Haruki Murakamiren Samsa maiteminez

Literatura unibertsaleko kontakizun ezagunenetako bati ematen dio buelta Haruki Murakami idazle japoniarrak. “Esnatu zenean, itxuraldatu eta Gregor Samsa bihurtua zela ohartu zen” esaldiarekin hasten da Samsa maiteminez narrazioa. Eta atzera itxuraldatutako Gregor Samsaren gizakiratze berriaren fikzioa egiten du. Idazle japoniar arrakastatsuaren ipuin gozagarri hau ekarri du euskarara Ekaitz Sirvent Auzmendik, Murakamiren jaiotza egunez, urtarrilak 12, eskaintzen dizueguna.

Urt 09 20

Liburuak ebook formatuan

Ebook formatuan emana du Susa argitaletxeak bere katalogoa, ia bere osotasunean. Argitaletxearen funtsetatik beste bost aldatu ditugu formatu berrira, Erreferentziak saileko bi antologiarekin, Vladimir Maiakovskiren  Poema antologia (1993) eta W.H. Audenen Poema antologia (1994). Eta horretaz gain, Susa saileko bi liburu, Krokodil bat daukat bihotzaren ordez (Itxaro Borda, 1986) eta Gizaeuropa (Omar Nabarro, Joseba Urizar, 1986), eta Itxaro Bordarena baita ere, Amaia Ezpeldoiren lehen ikerketa: Bakean ützi arte (1994)

Urt 02 20

Vicente Huidobroren sei poema

Urtarrilaren 2arekin hil zen Vicente Huidobro, 55 urte lehenago, urtarrilean baita ere, Txilen jaioa. Parisera gaztetan joana, abangoardiari hasieratik atxiki izan zitzaion poeta da, XX. mendearen lehen erdian Hego Amerikako poesiaren berrikuntzan erreferentea izandakoa. Literatur aldizkarietan plazaratu da euskaraz. 1960an Antonio Valverde Ayalde-k ekarri zuen, Olerti aldizkarian plazaratutako hiru poemaz, eta Santi Onaindiak ere agerkari berean eman zigun poema bat 1968an. Geroago Tere Irastortzak itzuli zuen haren poema ezagun baten zatia (Kandela, 1984) eta Jesus Lete Ibaiertz-ek beste bat, Egan-en 1992an argitara emana. Hemen dituzu guztiak.

Abe 27 19

Julio Cortazar (H)Ean

H-a galdu zuen Eak. Gabriel Arestiren Harri eta herri maiz gogoratu ditu Eak. Arestiren Etxea izan da Ea. Poesia egunak antolatu dituzte luzaroan, eta urteko azken egunak,  H-a galdu zuen herria egitarauarekin historia eta literatura uztartzen emango dituzte.
Urrats galduen herria
hitzaldia eskainiko du Iñigo Aranbarri idazleak abenduaren 28an (larunbata) 12:15ean Eako Eskolondon. Biharamunean, abenduaren 29arekin (igandea)  Julio Cortazar ekarriko dute hizpidera. Mikel Sotok Julio Cortazar eta Ea batuko ditu bere hitzaldian eta ostean Pertsegitzailea ipuin euskaratuaren irakurketa dramatizatua egingo du Oier Guillan poeta eta aktoreak. Jon Muñozek ekarri du euskarara Julio Cortazarren ipuina eta Harkaitz Canok egin dio hitzaurrea. Ea eskuragai egongo da Zaldiarri bildumaren barruan.

Abe 20 19

Ipuinen bostekoa

Bost narrazio berrirekin dator hil honetan ipuina.eus egitasmoa. Margarita Unzalurena da antzinakoena, Txindokiko Marie, 1925ekoa. Herri literaturatik hartutako gaia narrazio aberats bihurtu zuen durangarrak.  1930ean Daniel Garbizuk estanpa umoretsu bat ondu zuen, Ehizera, goiz joan , emakume alargunez eta mutilzaharrez, kostunbrismoa deritzan sailekoa. Guda ipuinak (1937) Juan Abando Erletxue kazetariak gerrako giro ilunean jasotako barregarrikeria laburra da. 1982koa da Itxaro Bordaren Metropolis, Maiatz aldizkarian argitaratu zuen narrazio sortako bat, hiriburu handiko metro bero eta burrunbatsuan herriminez bete bidaiariaren pentsamendua. Eta Hasier Etxeberriaren 1997ko narrazioa, Ipuin postmoderno bat egin diot neure buruari, tituluan adierazten zaigun ironiaz eta autotrufaz eraikitako barne bakarrizketa.

Abe 12 19

Joxe Azurmendi Kongresua

Egunotan burutu da Joxe Azurmendi Kongresua, idazle eta pentsalari zegamarrari egindako omenaldia, eta hark zabaldutako ildoetan eta aztertutako gaietan sakontzeko enkontrua.  Jardunaldi hauen karietara, aproposa da gogoratzea online daudela haren Hitz berdeak poemarioa, eta XX. mendeko Poesia Kaiera, non Azurmendiren obra poetikoa, erreferentziala dudarik gabe, dasta daitekeen. Hainbat alor jorratua da bere pentsamendu-lanetan, eta Susa argitaletxearekin Schopenhauer, Nietzsche eta Spengler Jon Miranderen pentsamendua argitaratu zuen 1989an, orain hemen osorik dakarguna. Aginako zero bat baino gehiago izan dadin gurea.

Abe 04 19

Susa argitaletxea Durangoko liburu azokan

Aurten Barrenkale-ko 46-47-48-49 standetan izango da Susa Durangoko Azokan. Udazkenean argitaratutako liburu berri hauek daramatzagu: Kirmen Uriberen 17 segundo poema liburua; Amets Arzallus Antia eta Ibrahima Balderen Miñan eta Unai Elorriagaren Iturria nobelak; Rafa Egigurenen Txipiroiak bere beltzean ipuin liburua; Lorea Agirre Dorronsoro eta Idurre Eskisabel Larrañagaren Trikua esnatu da saiakera Lisipe bilduman. Eta Munduko Poesia Kaierak bildumakoak beste hauek: Louis Aragon eta John Berger. Horrez gainera, Ganbila antzerki bilduma jarri dugu abian, eta hauek izan dira aurreneko liburuak: Miren Tirapu Goikoetxea eta Beheko Larraineren Bazterreko ahotsak, Patxo Telleriaren Simplicissimus eta hainbat egileren artean idatzitako Francoren bilobari gutuna.

Udaberrian plazaratu genituen: Iñigo Astizen Analfabetoa eta Jose Luis Otamendiren Disoluzio agiriak poema liburuak; Beñat Sarasolaren Deklaratzekorik ez nobela; Miren Agur Meaberen Hezurren erretura ipuin liburua; Uxue Alberdiren Kontrako eztarritik eta Eider Rodriguezen Idazleen gorputzak saiakerak; Cesare Pavese eta Idea Vilariñoren kaierak.

Eskerrik asko urte osoan lanean lagundu diguzuen guztiei, bai liburuak atontzen bai Literatur Emailuak astero plazaratzen. Besarkada bat astero astero Emailua jasotzen duzuen 1400 irakurle baino gehiagori ere, zelan ez.

Abe 02 19

Francoren bilobari gutuna, katarsia indarrean jartzeko

Artedrama, Dejabu Panpin Laborategia eta Le Petit Théâtre de Pain taldeek Unai Iturriaga eta Igor Elortzarekin batera idatzi zuten Francoren bilobari gutuna. Errautsak eta Hamleten ostean hirugarren elkarlana, Zaldi urdinaren aurrekoa. Euskal gizartea irakurtzen duen teatro politikoa, lerratua, engaiatua eskaintzen digute Francoren bilobari gutuna oholtzaratu duten kolektiboek. Iragan hurbila azterturik, orainaldia eta geure komunitatea hobeto uler ditzagun ahaleginetan murgildu gaituzte lan honetan, Ganbila bilduma sortu berriaren hirugarren eta oraingoz azken liburu honetan. Udaberrian gehiago izanen dira.

Abe 01 19

Simplicissimus, Patxo Telleriaren lan berria

Aste honetan bertan estreinatutako antzerki lana da Simplicissimus, Patxo Telleriaren ibilbide luze eta oparoaren baitan emandako beste urrats bat, eta ez edonolakoa: bere lanetan ohikoa den umore absurdoa adierazpen askatasunari loturiko bulkada sozial batekin uztartu du oraingoan. Naziak boterera iritsi zirenean Berlingo entretenimendu munduan aritzen zirenak progresistak, ezkertiarrak eta judutarrak ziren. Hirugarren Reich-etik gehienek alde egin zuten, baina bakan batzuk bertan geratu ziren autoritateek leku famatuenak itxi ondoren. Ganbila bilduma berriaren bigarren ale honetan, ikusleak edo irakurleak, Tartean taldearen absurdora jotzeko zaletasuna topatzeaz gain, historiaren pasarte goibelenetan umorea nola txertatzen zen irakurri edo ikusiko du.

Aza 30 19

Bazterreko ahotsekin batera, Ganbila bilduma abian da

Susa argitaletxeak eta EHAZEk elkarlanean bilduma berria abiarazi dute: Ganbila, antzerki testuez osatua. Bilduma horretako lehen alea aurkezten dizuegu gaur: Bazterreko ahotsak, Miren Tirapu Goikoetxeak idatzi, Beheko Larraine konpainiak eszenaratu eta Gaizka Sarasola Iarzabalek editatutako liburua. Antzerki lan biren testuek osatzen dute lehen harribitxi hau: Atte hil aurretik eta Manifestu bat. Egiletza kolektiboaren bidean koka daitezke bi testuok, eta estetika propio baten bilaketaren lekukotza ematen digute, bazterreko pertsona eta pertsonaiei ahotsa emateko xedez sortutakoa: pertsonaia ironikoak, umoretsuak, ilunak, zikinak, ederrak dira orrialde hauetan topatuko ditugunak.

Aza 27 19

Kirmen Uriberen poema liburu berria: 17 segundo

Hamazazpi segundo baino ez ditu igarotzen bisitariak koadro bati begira. Hamazazpi segundo batez beste. Egina omen dute ikerketa. Hori da koadro bati eskaini ahal diogun astia gure garai ero hauetan. Pentsatzen jarrita, poesiaren erritmoa guztiz bestelakoa da. Poesia da denbora gelditzea, poesia da begirada, poesia da desagertuko denari arreta jartzea. Inguruari begira egon, pentsatu gauza horiek hortxe egon direla aurretik, eta hor egongo direla beharbada, aurrerago. Kirmen Uriberen Hamazazpi segundo liburuak hamazazpi urtez idatzitako poemak biltzen ditu, 2002tik 2019ra. Intsumisioa, Japonia, Euskal Herria, New York, natura, Artea, haikuak, prosa, ondarruera. Daudenak eta ez daudenak. Hamazazpi segundo bezain hamazazpi urte luze. Osorik aurkezten dizuegu sarean.

Aza 22 19

Trikua esnatu da

Kalean da jadanik Lisipe bildumaren 7. alea: Trikua esnatu da, Idurre Eskisabel Larrañagak eta Lorea Agirre Dorronsorok idatzia. Azpititulua aski adierazgarria du: “Euskaratik feminismora eta feminismotik euskarara“. Gaur eta hemen emakume izatea eta euskaldun izatea bazterreko izateko bide dira oraindik. Prestigioaren, pribilegioen eta eskubideen banaketak osatzen duen jendarteko botere sarean jokoan daude euskararen normalizazioa eta genero berdintasuna. Biak dira menderakuntzaren alaba, ahalduntzeko eta boteretzeko lekuak, eta jendarte berdinzale eta bizigarriago baten alde eragiteko guneak. Elkarrekin gurutzatzen dira hizkuntza eta generoa: Kasualitatea al da euskararen feminizazioa? Zer lotura dago euskararen prestigiorik ezaren eta emakumea izatearen prestigiorik ezaren artean? Fokatze berri bat da, itzalean zeuden eremu horiek ikusgarri jartzeko saioa.

Aza 22 19

Ganbila antzerki bilduma berria

Ganbila antzerki bilduma berria jarri dugu martxan Susa argitaletxeak eta EHAZE elkarteak elkarlanean, Oier Guillanek koordinaturik. Proiektu berri honekin euskal teatroaz ikuspegi zabala eman nahi genuke, unean-unean fokua obra batean edota hainbat obra eta ahotsetan jarriz. Denbora luzea eman dugu euskaraz idatzitako teatro-testu bilduma egonkorrik gabe; Ganbila hutsune bat betetzeko asmoz dator ezinbestean. Hauek izango dira argitaratuko ditugun aurreneko hiru liburuak: Bazterreko ahotsak, Simplicissimus eta Francoren bilobari gutuna. Proiektuari bultzada emateko harpidetza kanpaina abiatu dugu egunotan, ganbila.eusen eman daiteke izena.

Aza 13 19

Rafa Egigurenen aurreneko ipuin liburua

Japonian misiotan dela antzerki zuzendari batekin pilota apustua egiten duen jesuita; Donostiako Alde Zaharrean Pintxo Tasting Tour batean dabilen bitartean molotov koktelak hegan ikusten dituen kataluniarra; 36ko gerraostean, ezkonbidaia Santoñan preso duten senidea bisitatzeko baliatzen duen bikotea; Euskal Herriko etxe baten eta jabearen bilakaera kontatzen dituen xurgagailu japoniarra… Ustekabeko tokietan aurkituko du umorea irakurleak Rafa Egigurenen hamahiru ipuinotan. Liburuek, klandestinitateak, antzerkiak, zahartzaroak zeharkatzen dute idazlearen aurreneko ipuin bilduma. Eta bere lanetan ohikoa den Ekialdeko kulturak. Osorik irakur dezakezue Txipiroiak bere beltzean sarean.

Aza 12 19

Lucia Berlinen hiru ipuin

68 urte bete zituen egunean, 2004ko azaroaren 12an, hil zen Lucia Berlin idazlea, duela hamabost urte. Bere literaturak egoki islatzen duenez, maizenik bere bizitza abiapuntu edo begiratoki baitu, 360 gradukoa izan zuen bizimodua, orain goian, orain behean, albo batean orain, gero bestean; baina bizitzen, gelditu barik. Irakurle eta kritikaren ezagutza berandu xamar ezagutua, azken urteotan izan du oihartzuna haren obrak Europan, Manual For Cleaning Women ipuin-bildumak batez ere.  Liburu horretako hiru ipuin dakartzagu, Ainhoa Mendiluze Ormaetxea eta Isabel Etxeberria Ramirezek euskaratuak, idazle handi honen sormenaz gozatzeko lagin eder askoa.

Agenda

Efemerideak

Kritikak