HIZKUNTZA GUTXITU BATEAN KOZINATZEA
Uxue Alberdi

Sukaldeko Solasaldiak, 2021
armiarma.eus, 2022

 

      Egun on denoi, eta eskerrik asko gonbidapenagatik, Andoni eta Sasha. Eskerrik asko, halaber, hitzaldi hau euskaraz egin ahal izateko baliabideak jartzeagatik. Mila esker Mariela Barkero (interpretea), zu zara hemengo piezarik inportanteena. Zu zara indukziozko sukaldeen gainean jartzen den plaka, aluminiozko, zeramikazko eta buztinezko lapiko zaharrak ere berotu ahal izateko. Izan ere, hizkuntza gutxitu batean ari zarenean establishmentak eltze zaharkitu bat zarela sinetsarazi nahi dizu, eta interpreterik ezean, plaka egokitzailerik ezean, indukziozko sukaldeak ez du hor zaudenik ere sentitzen. Bada jendea horretatik ondorioztatzen duena zure lapikoa ez dela deus berotzeko gauza, antigoalekoa eta zakarretarakoa dela edo, ifrentzura, idealizatzen eta esentzializatzen zaituena eta dioena, txibiak tintan lurrezko kazolan eta errezeta milenario batekin baino ezin daitezkeela prestatu. Azken batean, biek ala biek, museoko pieza bilakatzen zaituzte, eta nik gaur hizkuntza bizi batetik hitz egin nahi nizueke. Ea lortzen dudan uhin magnetikoak zuenganaino iristea.

      Gero ere aipatuko dudan idazle lagun bati irakurri nion kontu deigarria dela filmetan, pertsonaiak ingelesa ez den beste hizkuntza batera jauzi egiten duen kasuetan, azpitituluak linbo batean sartzen direla hamarretik zortzian. Itzulpena esekita bezala geratzen da, hizkuntza horiek ez dakizkigun guztiok mamia ez ulertzera kondenatuz. Testua kontestuaren arabera interpretatzera derrigortzen gaituzte; ez dago itzulpenik, entzuleak zerbait galtzen du bidean. “Azpitituluen makina” trabaturik geratzen da derrepente, “habla en su idioma” edo “habla chino” dioen ohartxo orokor eta murriztaile batekin zuritzen du bere burua telebistako azpititulatzaileak, “out of order” edo “ez dabil, barka eragozpenak” zintzilikatu zaion gailu matxuratua bailitzan. Zergatik itzulpenaren etena? Ez du, akaso, pertsonaia horrek esaten duenak arretarik merezi? Ala, hizkuntza bera bihurtu nahi da mezu eta mami, esanahia gutxietsiz? Zertarako itzultzen dira hegemonikoak ez diren hizkuntzak?

      Ohartuko zineten jardunaldi honetan ni naizela interpretea duen hizlari bakarra. Hablo en mi idioma, hablo chino. Euskararen herrian, arrotz. Azpitituluen makina martxan dabil behintzat, eta estimatzekoa da.

      Ez dakit badakizuen frankismo garaian, inprentetan, garestiago kobratzen zituztela liburuak itzulpenak baldin baziren. Eta, hara non, Euskal Herrian, Donostian zeuden inprentetan kanon hori —atzerriko hizkuntzarena— aplikatzen zioten hizkuntza arrotz moduan euskarari ere. Salbuespen bakarra zegoen: Zarauzko Itxaropena argitaletxea. Hark gaztelaniazko liburuen pare kobratzen zituen euskarazkoak ere, hura zen euskara arrotz gisa tratatzen ez zuen inprenta bakarra.

      Jakina, orain ez gaude frankismoan, gauzak samurragoak dira euskararentzat, baina egin kontu hemen nauzuela, izena ingelesez jarria duen center batean, espainol mundutarrera itzulia, autoktono exotiko barbaro atabikoa: jau!

      Jardunaldiaren web orrian, entzule mundutar tolerantearen lasaigarri, argi jartzen du, badaezpada: Todo podrá escucharse en castellano incluso la charla dictada por ponentes de habla euskera, gracias a sistemas de traducción simultánea.

      Andoni Adurizi ikasi nion nik platerekoak ez duela zertan gozoa izan, zertan ona izan. Helburuaren araberakoa izango da, noski. Gose dena asetzeko kozinatzen duenak ez du plazer emateko kozinatzen duenak bezala kozinatzen, eta sukaldaritza artetzat duenak plazer emate hutsa baino zerbait gehiago izango du kontuan. Nola idazten du gose denak? Gauza bera al dira aserik dagoen gizartearentzat idaztea eta goseak dagoen komunitatearentzat eskribitzea? Are okerragoa izan daiteke kontua: batzuetan, hizkuntza ez hegemonikoetan ari garen idazleok jan nahi ez duen komunitatearentzat idazten dugu, komunitate anorexiko batentzat. Baina gauza jakina da anorexia ez dela kapritxo bat. Jan nahi ez duenak zergatik ez du jan nahi? Zein biolentzia klaseren aurreko erreakzioa da gosea galtzea?

      Agian, sukaldaritzak ere, beste edozein sorkuntzak bezala, zentzua izan behar du. Eta zer da zentzua? Abiapuntu bat, norabide bat, logika intrintseko bat, grabitazio puntu bat. Josteko makinaren bi ardatzen adibidea erabiltzea gustatzen zait niri. Gure ama (sarreran ikusiko zenuten mahai baten atzean liburuak saltzen), liburu-saltzailea izateaz gain, brodatzailea da. Berari ikasi nion brodatzeko makinak bi ardatzetako hariak konbinatuz funtzionatzen duela: batetik, azpitik datorren haria dago, hari gida, zuria normalean, eta bestetik, goiko ardatzetik datorren haria, koloretakoa, ikusiko den irudia osatuko duena. Guk ikusiko dugun emaitza goiko hariak marrazturikoa izango da, baina azpiko haririk gabe brodatzeko makinak ez du funtzionatzen. Azpiko haririk gabeko idazleak ere ez du funtzionatzen. Zer da idazle hori ordutan eta ordutan aulkiari loturik atxikitzen duena? Zein zauri? Zein gabezia? Zein jakin-min? Zein da sukaldari baten azpiko haria?

      Mugaritz Puntos de fuga liburuaren hitzaurrean Alex Atalak honela dio: “Mugaritz ez da jatetxe bat, ezpada atsegingarria denaren esanahia kuestionatzen den leku bat, zeinetan probokazioa eta ulertezintasuna `ongi jatea’z dugun ideiaren parte diren”. Baimena emango diot nik ere neure buruari, hitzaldi honetan horixe egiteko: “Cuestionar el significado de lo delicioso, aceptando que la provocación y la incomprensión hacen parte del buen comer”. Provocación eta incomprensión. Deserosotasuna sortzen dute biek ala biek. Ni ere ez naiz gaur gozoa izango, gosearekin jango dut, probokatzailea izango naiz eta interpretazioak sor ditzakeen deserosotasunarekin eta ulertezintasun posibleekin borroka egin beharko duzue.

      Badakizue Kafkaren hura, ezta? Harkaitz Canok jaso zuen Aulkien historiako une estelarrak kontakizunean.

      1909. urtean, Pragako Ramdice kaleko arotza mahai baten hanka oholari lotzeko lanetan zebilen, eta iltze parea zeukan haginen artean, mailua eskuan. Orduan agertu zitzaion gizon hura, aulkia arrastaka zekarrela. Arotza, iltzeak ahotik kendu, amantaletik txirbila astindu eta zain geratu zen, bezeroak bueltan zekarren aulkiak zer matxura edo zer tatxa izango ote zuen igarri ezinik.

      —Arratsalde on, Jaroslav.

      —Arratsalde on...

      —Franz naiz, ez dakit akordatzen zaren...

      —Bai, Hermann Kafkaren semea, ezta?

      —Huraxe.

      —A, tira... Zer zenuen... bada? Bost aulki eraman zenituen aspaldi ez dela, ezta?

      —Salakoak ongi daude, baina bosgarren hau lanerako behar nuen.

      —Ez da erosoa?

      —Erosoegia da, horra arazoa.

      —Erosoegia, Kafka jauna?

      —Gogoratzen eredutzat ekarri nizun aulki zahar hura? Hura bezalakoxe bat egiteko esan nizun. Eta hau ez da hura bezalakoa.

      —Berdin berdina egin dut, jauna... Soilik... Bizkarraldean koska bat zuen hark eta berriari leundu egin nion...

      —Koska hori zen hain zuzen aulkiak zuen osagairik garrantzitsuena, Jaroslav.

      Eta orduan azaldu zion Kafkak arotzari aulki hura lanerako behar zuela, idazteko premiazkoa zuela ezinegona bere onena emango bazuen, eta erabat eroso bazegoen ezin zuela ondo idatzi. Eta ea nola idatziko zituen, AmerikaMetamorfosiaGaztelua eta buruan zeuzkan istorio kafkiar haiek guztiak, baldin eta aulkiak bizkarrean minik egiten ez bazion.

      —Koska mingarri hori garrantzitsua da niretzat, Jaroslav. Etengabe norbaitek pistola batekin mehatxatuko banindu bezala da. Eta orduan bakarrik idatz dezaket ondo, nik dakidan bezala.

      Jaroslavek ez zion ulertu, baina Kafkaren begirada zeharkatzen zuen labana distira hark konbentzitu zuen. Agian esan egin behar zion Franzek arotzari, bazekiela pistola hura ez zegoela kargatuta, eta hori jakiteak, min hura jasaten lagundu eta edozein jainko bezain boteretsu sentiarazten zuela idazlea.

      Hala da: deserosotasunik eta inkonprensio tanta bat gabe ez dago ez sormen ez elkar ulertze posiblerik; ez sukaldean, ez sukaldetik kanpo. Aldika, ez legoke gaizki denok sentitzea kargatuta ez dagoen pistola bat bizkarrean. (pausa) Baina hau euskaraz ezin da esan. Nola esango du, bada, halakorik euskaldun batek! Pistola bat aipatze hutsa… lotsa eman behar lidake.

      Honek burura ekarri dit zera, Harkaitz Canoren beraren anekdota bat: 2008an Granadara joan zen, liburu bat besapean. Poema bilduma bat zen, euskaraz idatzi eta idazleak berak gaztelaniara itzulia. Entzuleek hala eskatuta, poema batzuk irakurri zituen ele bietan, euskaraz lehenbizi, gaztelaniaz gero. Emanaldiaren amaieran, emakumezko atsegin bat inguratu zitzaion euskararen musika zein gustuko izan zuen esatera. Berrogeita hamar urteak ongi beteak izan arren, euskara bertatik bertara entzun zuen lehen aldia zela esan zion. “Creía que era un idioma más violento” aitortu zion Harkaitz Canori, adjektibo fatala ahoskatuz. Atsegina izateaz gain tuntuna ez baitzen emakumea, hanka sartu zuela jabeturik, berehala saiatu zen zehazten: “Lo que quería decir es que creía que se parecía más al alemán”. Halakoak dira hizkuntzari herritar inkontzienteak erants diezazkiokeen zamak eta estigmak. Emakumeak azpitituluen makina martxan izatera, hauxe irakurriko genuke: “Nazien filmetako aleman zaunkari huraxe da hizkuntzarik biolentoena, holokaustoaren hizkuntza ofiziala, eta euskara ere, fikziozko etakideen filmetan eta manifestari zakarren oihu eta aldarrietan baino entzun ez dudana, ez dabilkio urruti”.

      Edo biolento, edo exotiko. Ez al dugu beste aukerarik? Eskerrak Mugaritzen liburuan irakurri dudan Andoni Luis Adurizen helburua ez dela bakarrik “kozinatzeko, sublimatzeko eta zerbitzatzeko artea, transgreditzeko artea baizik”. Irakurri dut: “Mahaikideek libertatea sentitu behar dute deskubritzeko, dastatzeko, harritzeko eta are, indignatzeko ere”. Indignar. Indignar ‘sutu’ da euskaraz, ‘suak’ hartu. Biolentoak izango gara azkenean… Ez dakit ikusi zenuten La belleza del euskera bideo birala. Horrela hasten zen:

      “Vengo a demostraros que el euskera es el idioma más bonito que existe”. “Por ejemplo, no decimos ‘parir’, decimos ‘erditu’, que es algo así como dividirse por la mitad” […] “No existe el ‘este’, existe el ‘ekialde’, que es como ‘el lado del sol’” […] “No existe el mes de ‘febrero’, existe ‘otsaila’, que es como el mes de los lobos’. En euskera no decimos ‘querido’, decimos ‘laztana’, que es algo así como ‘caricia’. En euskera no decimos ‘luna’, decimos ‘ilargi’, que se traduce como ‘luz de los muertos’. En euskera no decimos ‘enamorado’, decimos ‘maiteminduta’, que sería algo así como ‘herido por el amor’, and I think that's beautiful.

      En euskera no decimos indignar, sutu esaten dugu. Batzuetan sututa gaude, a veces estamos quemadas and sometimes we are on fire.

      Ez baita gozoa zure hizkuntza zokora baztertuta ikustea. Gaztelania hutsean idatzitako menuaren exotismo bat zarela ohartzea: marmitako de la abuela, begihaundi a la plancha, kokotxas de merluza al pil-pil, porrusalda con bacalao, bonito con piperrada, goxua con melocotón, mamia de foie con mango y cacahuete, baba txikis guisadas, Diálogos de cocina “txiki”.

      Elebakartasunak, monolinguismoak, kalte larriak eragin ditzake giza burmuinean, batez ere, elebakartasun hori hizkuntza hegemoniko batekoa denean. Dena, baina den-dena, zure eskala bakar horretatik begiratzera eta neurtzera eraman zaitzake, eta Maialen Lujanbiok kantatu zuen moduan, “badakiela uste duenak ezin du jakin gehiago”. Berari entzun nion, hain zuzen, honako anekdota hau: Trenean zihoan Parisa, aldameneko bidaiarietako bati, —kasu honetan espainola zen, atrebitzen naiz esaten espainol elebakarra zela— entzun zionean aldameneko lagunari zera esaten frantsesei buruz: “Que al pan le digan pain, bueno; que al vino le digan vin, pase; pero que al queso, que se ve que es queso, le digan fromage…!”.

      Gure idazle lanak kanpora eramaten gaituenean ez da batere ezohikoa izaten kazetari, irakurle, katedratiko edo beste idazleren baten galdera entzun beharra: “zergatik idazten duzu euskaraz?” Azkena joan den astean gertatu zait Leonen, Granadako Juarma idazlearekin batera egindako solasaldi batean. Aurkezleak honela eman zion hasiera bion arteko elkarrizketari: “Ambos autores escriben en su lengua vernácula. Juarma por razones evidentes, lo hace en castellano. En el caso de Uxue, nos gustaría conocer los motivos que le llevan a utilizar el euskera como lengua en sus obras”. Porque al queso, que se ve que es queso, ¿le digan fromage?

       “—Zuk zergatik idazten duzu euskaraz?” hizkuntza hegemoniko batetik soilik begiratzen duen eta bere hizkuntza zurea baino duinagoa dela uste duen errespetugabe baten galdera dela idatzi zuen Andu Lertxundik Eskarmentuaren paperak liburuan.

      Hizkuntza ez-hegemonikoetan idazten dugun idazleok ez dugu patxada linguistikoa ezagutzen. Nik bezala aita hizkuntzalari bat baldin badaukazu, are gutxiago. Miren Amuriza idazle eta bertsolariak orientazio linguistikoa aipatzen zuen bere Basa nobelaren gaztelaniazko itzulpenaren aurkezpenean. Idazle granadar baten hizkuntz hautua ebidentetzat jotzea eta idazle euskaldun bati “eta zuk zergatik idazten duzu euskaraz?” galdetzea, norbaiti “eta zu zergatik zara homosexuala?” galdetzea moduko zerbait da, edo indiar bati “eta zuk zergatik jaten duzu eskuarekin?” galdetzea bezala; heterosexualitatea, mahai-tresnak eta gaztelania normal-naturaltzat jotzea. Heteroari ez baitzaio sekula motiborik galdetzen, heteroak orientaziorik ez balu bezala. “Juarma heteroa da motibo ebidenteak tarteko, aldiz zu, Uxue, zergatik zara bollera?”. Hetero-araua normatzat hartzen duen buru batek baino ezin du halakorik galdetu. Hizkuntza ez-hegemonikoetan ari garen idazleok behartuta gaude behin eta berriro armairutik ateratzera, eta badakizue zer gertatzen den: armairutik ateratzen zarenean esajeratutzat, gehiegizkotzat, estridente-erradikaltzat jotzen da zure identitatea adierazteko duzun modua. Ondo dago bollera izatea, baina derrigorrez izan behar duzu kamioizale itxura? Euskaldun izatea oso ondo dago, baina ezin duzu denok ulertzen dugun hizkuntzan hitz egin? Euskaldun aritu nahi duen euskaldunak traba eragiten du, gure lumak bistan jartzen duelako hizkuntza hegemonikoak eta hiztun hegemonikoek sortzen duten opresioa.

       “Istorio bakarraren arriskua” deitu zion Chimamanda Ngozi Adichi idazleak. 19 urterekin Nigeriatik AEBetako unibertsitate batera aldatu zenean bere gelakide estatubatuarrari eragin zion harridura kontatu zuen idazleak. Ingelesez hain ondo non ikasi zuen galdetu zion kideak, eta Adichik nahasita utzi zuen esan zionean ingelesa Nigeriako hizkuntza ofiziala zela. Adichieren musika tribala entzun ote zezakeen eskatu zion gero pisukideak, eta atsekabetu egin zuen hark Mariah Careyren kasetea jartzeak. Pisukideak uste zuen Adichiek ez zuela berogailua pizten edo mikrouhin labea erabiltzen jakingo. Afrikar gisa, omisioz eraikia zuen haren irudia pisukideak. Afrikari buruzko istorio bakarra ezagutzen zuen. Pobreziaren istorioa ez beste guztia ikusezina zitzaion.

      Euskal Herriko bertsolari finalistei politiko kargudun hark zera galdetu zienean bezala: “eta zuek noiz inprobisatzen duzue, patata biltzen duzuen bitartean?”. Bertsolari-aizkolari-sestalari, lurra lantzen imaginatzen zuen euskalduna, azazkaletan lokatza, huraxe zen euskaldunez ezagutzen zuen istorio bakarra.

      Edo hogeita gutxi urte genituela Alaia Martin eta biok Chillida Lekura bertsotara joan eta bertako arduradun batek esan zigunean bezala: “¿Qué sois, las azafatas?”. Neska gazteez zeukan istorio bakarrak traizionatu zuen.

      Autopertzepzioz buztinezko lapiko zahar bat izatetik urrun gaude hizkuntza gutxituetako sortzaileak, emakumeon ontzi edo labe izatetik urrun gauden gisan, baina ikusezintasunaren eta bazterkeriaren erroek badakite sofistikatuak bezain sakonak izaten eta, norbera ohartu ala ez, arrastoa uzten dute.

      Gauzak horrela, zenbateraino eragiten dio hizkuntzaren egoerak idazleari? Zer esan nahiko luke ama hizkuntza hegemonikoa duten idazleentzat bizirik irauteko kezkarekin bizi den hizkuntza batean idazteak? Anjel Lertxundik kezka hori praktikara eraman zuen 2016an. Hiruna idazle eta itzultzaileri zera eskatu zien: jartzeko hizkuntza gutxitu batean ari diren idazleen larruan, aldatzeko euren ohiko aulkia. Kafkarenaren moduko bana eman zien trukean, bizkarrean koxka ordura arte ezezagun batekin. Lertxundik Jakin nahi zuen posible ote zen hizkuntza hegemonikoetan aritzen zen hainbat jende ezagun hurbiltzea arroztasun horretara, guk sentitu izan dugun arroztasun horretara. Gure larruan jartzeko eskatu zien, eta hausnarketa bat egiteko.

      Liburu horretako epilogoa ere Harkaitz Canok idatzi zuen, eta zioen hedapen urriko hizkuntza batean idaztearen nekerik handiena ez dela balizko tradizio falta edota le mot juste hori aurkitzeko zailtasun gehigarri bat izatea, baizik eta hizkuntzaren giharrak egiaz bereganatu ez dituen lurralde eta giroak fikzioan birsortu beharra, erregistro edo giro linguistiko bat existitzen dela irudikatzearen fikzioa. Simulakro bat idaztea eta simulakro horri fikzioan funtzionaraztea. Azaltzen zuen: “Geure epaitegiak, aireportuak, osasun zentroetako asko, hoteletako ia gehienak, ezlekuak dira euskararentzat. Life vest under your seat ez da sekula euskarara itzulia eta Airbus bateko besaulkiaren bizkarrean izkiriatua izan. Hotel batean ez didate sekula galdetu euskaraz ¿Ha consumido usted algo del minibar? Une horietan sentitzen dut hizkuntza hegemonikoen inbidia gehien. Esaldi horiek errealitatean euskaraz inork existiarazi ez dituenez, fikzioan haiek kokatzea nekagarriagoa da. Fumar mata esaldia ez du sekula irakurriko euskaldun batek tabako pakete batean. Hara hor hizkuntza gutxituko idazlearen zeregina: fikzio bikoitza.

      Jenisjoplin nobelan euskaraz ez dakien aita tabernero-sindikalista-bizizalearekin dialogatzen jarri behar nuen askotan Nagore Vargas, bere burua erdi euskalduntzat erdi maketotzat duen pertsonaia. Fikzio bikoitza. Nobelan poliziek euskaraz hitz egiten dute. Fikzio bikoitza. Medikuek euskaraz hitz egiten dute. Zorte handirik ezean… fikzio bikoitza. Nire azken liburuan berriz, Dendaostekoak izenekoan, euskaraz trakets mintzo diren bi emakume dendari hiztun berri dira narratzaileak. Fikzio bikoitza hor ere, euskarak ezin baitu soportatu “akatsez” betetako liburu bat, gure hizkuntzak ez du aski gihar, aski autoritate, hizkuntza apurtzera jolasteko. Euskaraz idaztea errealitatearen itzulpen ariketa da gehienean.

      Eta inbidia sentitzen dugu maiz hizkuntza hegemonikoetako idazleek egin ditzaketen jolasekin; Andrea Abreuren Panza de burro irakurtzean, esaterako, zeinetan Tenerifeko iparraldeko herri pobre bateko bi nerabe jartzen dituen normaren arabera “gaizki” hitz egiten. Klase apaleko tenerifearrek hitz egiten duten bezala idazten du liburua. Vulcán baten magalean costrusió-ko langileen alabak, amamari foquin bich deituz, estregándose el pepe contra el sofá.

       “Un canto a la libertad del lenguaje”, irakur dezakegu liburu horri buruz, baina askatasun batzuk posizio jakin batzuetatik baino ez zaizkigu posible. Hau guk ezingo genuke egin!, oihukatzen zuen etengabe nire burmuinak, irakurri ahala. Izan ere, hizkuntza ez hegemonikoetako idazleak, nahi eta nahi ez, ezinbestean, hizkuntzaren sukaldari bakarrik ez, hizkuntzaren zaindari bihurtzen gara, hizkuntzaren guarda, hizkuntzaren guraso, okerrenera, baita hizkuntzaren polizia ere. Eta horrek oztopatu egiten du transgresioa, baina araurik finkatu gabe ezin da araurik hautsi…; hori transgresioa ez, kaosa litzateke!

      Baina hizkuntza gutxitu bateko idazleak txalo jotzen dio Tenerifeko nerabe horri, guagua autobusa dela esaten dion ume madrildar ilehori bati erantzuten dionean: “La guagua es la guagua”.

      Que al autobús, queese ve que es un autobús, le llamen guagua…

      Amaitzeko, eta gaiari buelta emateko, Olga Tokarczuk Nobel saridunaren testu batekin itxiko dut gaurko hitzaldia. Mingaina da gizakiaren giharrik indartsuena izena duen testu honetan Tokarczuk —poloniarra bera— errukitu egiten da hizkuntza gutxiturik ez duten hiztunekin. Hala dio:

      Badira herrialdeak zeintzuetan jendea ingelesez mintzo den. Ez dute, ordea, guk bezala egiten, hizkuntza propioa ezkutuan gordeta nezeser eta eskuko ekipajeetan, ingelesa erabiliz bidaian gabiltzanean soilik, arrotz herrietan eta arrotzekin. Zaila da irudikatzen, baina ingelesa da haien benetako hizkuntza! Sarritan, bakarra. Ez dute zertara itzulirik, ezta zeri heldurik ere hondoratze momentuetan.

      Zein galdurik sentitu behar duten gidaliburu oro, abestirik txatxueneko hitz bakoitza, edozein jatetxetako menua, gutuneria komertzialik hutsalena, are igogailuetako botoiak ere euren mintzaira pribatuan daudenean! Edozein unetan edonork uler diezaieke ahoa irekitzen duten aldiro, eta haien oharrak…, zifratu egin behar lituzkete! Dauden tokian daudela, irisgarriak dira beti, denentzat eta denarengatik.

      Badira asmoak, hotsa dabil, haiek babesteko; haiei emateko baita hizkuntza gutxitu bat ere, hildako mintzaira horietako bat inork behar ez duena…, izan dezaten zerbait eurena, eurena bakarrik.

      Umberto Ecok esaten zuen Europako hizkuntza komuna ez zela ingelesa, itzulpena bera baizik, latineko traducere-a: tokiz mugitzea, hitzak, esperientziak eta ikuspuntuak lekualdatzea. Traducere-ak funtziona dezan, ordea, denok mugitu behar dugu tokiz.

      Euskaraz gazta, gazta da.

      Eskerrik asko denoi.

 

HIZKUNTZA GUTXITU BATEAN KOZINATZEA
Uxue Alberdi

Sukaldeko Solasaldiak, 2021
armiarma.eus, 2022