Mar 04 09

Jalgi hadi plazara

Euskaltzain apez bat arrastorik utzi gabe desagertuz gero, nondik hasiko zinateke haren xerka? Amaia Ezpeldoi detektibearen azken abenturak kontatu zituen Itxaro Bordak Jalgi hadi plazara eleberrian (2007, Susa). Eta apeza aurkitzeko mandatua haren semeak eman izan balizu, kontua seriotzat hartuko ote zenuke? Irri egiteko nobela groteskoa da Jalgi hadi plazara, orain sarean osorik eskaintzen dizuguna. Eta halako batean konturatuko bazina ez dela euskaltzain bakarra falta dena, baizik eta lau?

Mar 02 09

Korrok aldizkaria sortu zen duela 25 urte

Iruñean argitaratu zen Korrok aldizkariaren lehendabiziko zenbakia 1984ko urtarrilean, Auzolan liburu-dendaren abaroan. Doan zabaldu zen, eta baita bigarrena ere, Garrasi inprimategian egina. Urtebetean bost zenbaki ateratzea lortu zuen hirugarren zenbakitik aurrera finko samarra izan zen taldeak: Jon Alonso, Josune Aranburu, Josetxo Azkona, Xabier Diaz Esarte, Ana Iribar eta Mikel Taberna; maketa eta grafismo lanak: Jabier Alonso eta Patxi Huarte. Aldizkari garrantzitsua izan zen Korrok, ez bakarrik denera hamabi ale argitaratu zirelako, baizik eta marrazkilari eta idazle askoren plaza ere izan zelako: Aingeru Epaltza, Patziku Perurena, Txiki Idoate, Gorka Setien, Isidro Rikarte, Joakin Balentzia, Bixente Serrano, Asisko Urmeneta…

Ots 25 09

Izuztarri, Izpizuaren harremanen toki

Harremanen mundua arakatu zuen Luis Daniel Izpizuak Izuztarri narrazio liburuan. Harreman agerikoak, eta ez hain agerikoak. Onartuak eta ez hain onartuak. Hiru narrazio biltzen dira: Izuztarri, Alas poor Yorick eta Tanatologia, eta hiruretan bikote (eta hirukote) erlazioek bilbatzen dute istorioa. Bitxor lehenengoan, Gaizka bigarrenean, Plazido eta Julen hirugarrengoan. 2003. urtean berreditatua, 1987an plaratu zen liburua lehen aldiz, Baroja argitaletxearekin.

Ots 24 09

Orain 75 urte argitaratu zuten Lizardiren Itz-lauz

Lizardi hil eta urtebeteren buruan, gorazarre gisa, idazlearen 22 artikulu eta 2 hitzaldiren bilduma argitaratu zuen Donostian Euskaltzaleak bazkunak: Itz-lauz. Lizardiren prosa bizkor eta zorrotza erakusten duen liburuari Jose Markiegik egin zion hitzaurrea (sinatu gabea). Ez zenituzke irakurri gabe laga beharko bi kronika gogoangarri hauek gutxienez: Donapaleura joan-etorria (1929ko abenduan) eta España-Legebiltzarra nere begipean (1932ko maiatzean). Aurrenekoan, Lizardi egun pasa egitera doa adiskide batzuekin: zortzi lagun bi kotxetan, nahiz eta haietako batek, apaiz olerkariak, ez duen muga pasako, legezko agiriak iazkoak dituelako. Bestea Madrilen idatzia da, Parlamentuan ezagututakoen laburpena egiten duena eta atseden premiaz amaitzen dena: “Lau ordu eta erdiko egonaldi ederra eginik nago, eta utziko al didazue kaña batzuk hartzera joaten”. Lizardik idatzitako azken artikulua 1933ko otsailaren 12an argitaratu zen El Dia egunkarian: Gure bideko mugarriak.

Ots 19 09

Andre Gideren Inmoralista

Andre Gide Parisen jaio zen 1869an eta hiri berean hil zen 1951ko otsailaren 19an. Hogeita hamabi urte zituela argitaratu zuen Inmoralista kontakizuna, 1902an, Michel pertsonaiak bere lagunei Aljeriatik egindako aitorkizun eta solas luzea. Liburua ez zen itxuraz ongi konprenitua izan, eta esan ohi da literatura bertan behera uztekotan egon zela gerora Nobel saria (1947) izango zen idazlea. Imanol Unzurrunzagaren itzulpenarekin argitaratu zen Inmoralista euskaraz 1992an (Literatura Unibertsala / Ibaizabal).

Ots 17 09

Karraskedo eta Amonarrizen antzezlan bana

1933ko azkenetan egin zen Lehenengo Antzerki batzaldi eta sariketa, eta Jazinto Karraskedoren Etxe-aldaketa obrak jaso zuen lehen saria, bigarrena Andres Amonarrizen Iturrian obrak. Hurrengo urtean, orain 75 urte, argitaratu zituen Antzerti bildumak: 1934ko urtarrilean Etxe-aldaketa eta otsailean Iturrian. Ez hori bakarrik, urte hartan bertan Lehenengo Euskal Antzerti Eguna ere antolatu zuten, eta lehiaketa izan zen ea nork hobeto antzeztu Etxe-aldaketa bere herrian. Hamalau taldek parte hartu zuten: Alegi, Andoain, Bergara (bi taldek), Errenteria, Deba, Donostia (bi taldek), Ondarroa, Pasai San Pedro, Soraluze, Tolosa, Urnieta eta Zumaiakoak. 500 pezetako saria Andoaingo Euzko-Gaztediarentzat izan zen.

Ots 10 09

Kapitainaren alaba, Aleksandr Puxkin

Gaurkoa bezalako egun batez baina 1837an, tiroz zauritua izan ondoren hil zen poeta errusiarrik handiena: Aleksandr Puxkin. Gaztetan Kaukasora erbesteratu zuen Alexandro tsarrak, bertso satirikoez agintariak kritikatzearren; eta Odesan zegoela ere, hango agintariak kexu zirenez bere idatziengatik, bakartu egin zuten. Hala eta guztiz, Alexandro hil eta Nikolas tsar berriaren aurka ofizial iraultzaileak matxinatu zirenean, Puxkinen poema berriak aurkitu zituzten iraultzaileen eskuetan. Azkenean tsarrak barkatu zuen, bere idatzi guztiak zentsuratuak izan ahal izateko baldintzapean ordea. Horrelako kontuak eta gehiago azaltzen ditu Jose Morales itzultzaileak Puxkinen Kapitainaren alaba nobelaren hitzaurrean. Pugatxov-en matxinadaren garaian Griniov gazteari soldadutzan gertatutakoak kontatu zituen Puxkinek 1836an idatzitako nobela bikainean, orain osorik sarean emana duzun honetan.

Ots 04 09

Bingen Ametzagaren poemak

Hamlet (1952an Buenos Airesen) eta Platero eta biok (1953an Montevideon) itzuli zituelako da ezaguna gure letretan Bingen Ametzaga, baina Pizkundeko poeten artean ere txoko txiki bat egina zuen lehenago, Euzko Deya eta Euzkadi agerkarietan poemak argitaratuta eta Olerti Egunetan parte hartuta. Ondoren, gerratik ihesi, Ameriketako erbestealdian, batez ere itzulpenari eskaini zion arreta osoa (ikus bibliografia). Ametzaga Algortan jaio zen 1901ean eta gaurko egunez 1969ko otsailaren 4an hil zen Caracasen. Xabier Irujok atondu eta Susa argitaletxeak 2006an plazaratutako Itsaso aurrean poesia antologia osorik emana duzu orain sarean: 46 sortzezko poema eta 22 poesia itzulpen (garrantzitsuena, Oscar Wilderen Reading Bahitegiko Leloa, 1954an Euzko-Gogoan agertu zena).

Urt 30 09

Jean Hiriart Urruti jaio zen duela 150 urte

François Koënigstein Ravachol anarkista gillotinan hil zutenean Jean Hiriart Urruti xuriak idatzi zuen: “Hil dute Ravachol. Hil da beraz azkenean Ravachol, gizon-hiltzale izigarri hura”. Eta Jules Ferry politikaria bihotzekoak jota hil zenean idatzi zuen: “Bat gutiago”. Jean Hiriart Urruti jaio zela 150 urte dira gaur. Artikulugile oparoa izan zen apeza, Eskualduna astekaria sortu zenetik (1887) bertan buruzagi, hil arteraino (1915). Le Réveil Basque aldizkaria 1886an Baionan agertu eta berehala, hurrengo urtean abiatu zuten Eskualduna giristinoek, gorrien aurka. Kazetaririk irakurriena izan zen Hirart Urruti sasoi hartan, eta hurrengo idazle askorentzat eredu, Lafitterentzat adibidez. Klasikoen Gordailuan duzu Hiriart Urrutiren artikulu sorta handi bat.

Urt 28 09

Chevrolet tropikala

50 urte dira Kuban iraultzaileek Fulgencio Batistaren gobernu militarra eraitsi zutela. Gaurko egunez, baina 1959ko urtarrilaren 28an, Ernesto Guevarak hitzaldia egin zuen Nuestro Tiempo elkartean, Jose Marti gogoan hartuta. Gure literaturak Kubako bizitzaren erretratuak eskaini izan dizkigu, eta horietako biren gomendioa egiten dizugu: Koldo Izagirreren Ez duk erraza, konpai! kronika (1995) eta orain osorik sarean eskaintzen dizugun Chevrolet tropikala nobela, Rafa Egigurenek 2007an argitaratua. Izan ere, nobela honetako protagonista Migel Salaberria Iruñetik Kubara joan da 1992an, Che-ren heriotzaren 25. urteurrenean, eta espero ez zituen enkarguak egin beharko ditu.

Urt 27 09

Etxeitaren Josetxo nobela argitaratu zela 100 urte

Esan ohi dugu Domingo Agirreren Kresala dela gure literaturako benetako lehen nobela, 1901tik aurrera Euskalerria aldizkarian zatika agertua (liburu moldean 1906an); Garoa bigarrena, RIEV aldizkarian 1907an zatika ematen hasia (liburuan 1912an). Jose Manuel Etxeitak 1908an bukatu zuen Josetxo nobela eta 1909an argitaratu Durangoko Florentino Elosu etxean. Mundakatik Bermeorako bidean baserri batean senar-emazteak bizi ziren seme-alaba barik. Behinola ijito batzuk joan zitzaizkien mutil bat zekartela: Josetxo. Honek behingoan oratu zion seme gabeko amari, esanez: “Ama! Ama!”. Erosi egin zuten umea, hamar ogerleko eta hamar oilotan. Hazi zelarik itsasoratu egin zen Josetxo; pilotu eta buru izatera helduta, herrialde asko ibili zituen. Nobelaren amaieran jakingo duzu, Josetxo nafarra zela sortzez, Etxaurikoa… baina ez dezagun amaiera osoa hementxe kontatu.

Urt 19 09

Edgar Allan Poe jaio zen
duela 200 urte

Edgar Allan Poe Bostonen jaio zen 1809ko urtarrilaren 19an, orain dela 200 urte. Koro Navarroren itzulpenez Kontakizunak liburua (2000, Ibaizabal) osorik eskaintzen dizugu sarean, zortzi ipuinez osatua. Horietako bat, Amontillado upela, Jon Mirandek (1952an) eta Oskillasok (1963an) euskaratua zuten, biak Egan aldizkarian argitaratuak. Izan ere, Mirandek gogoko zuen idazleetarik zen Allan Poe, eta Euzko Gogoa aldizkarian emanak zituen lehenago Belea poema (1950ean) eta Ixiltze ipuina (1951n), azken hau urte batzuk geroago Ixiltasun izenburuarekin Santi Urrutiak ere itzulia (1984, Ttu-ttua).
(gehiago…)

Urt 15 09

Xabier Mendigurenen
16 ipuin amodiozko

Sei ipuin amodiozko izenburuarekin argitaratu zuen Xabier Mendigurenek bere lehendabiziko liburua (1986, Susa), Alvaro Matxinbarrenaren irudiez apaindua. Liburu haren edizio berria prestatzean, hamar narrazio gehiago batu eta 16 ipuin amodiozko eskaini zizkigun 2002an, batzuk lehenitdik aldizkarietan eta bilduma kolektiboetan agertutakoak, baina bat, luzeena, “Pastitxe” izenekoa, inoiz plazaratu gabea. 16 ipuin amodiozko osorik emana duzu orain sarean.

Urt 14 09

Olerti aldizkaria sortu zen orain 50 urte

Karmel aldizkariaren gehigarri gisa argitaratu zuen Santi Onaindiak Olerti aldizkariaren lehen zenbakia 1959an Zornotzako Larrean, oso-osorik poesiari emana. 1969ra bitartean 28 zenbaki ekarri zituen, harik eta 1970ean Espainiako Gobernuak argitalpena debekatu egin zuen arte. Ordurako Santi Onaindiak arazo franko izana zuen Zentsurarekin. Poliziak 1955eko martxoan dendarik denda jardun zuen Milla euskal olerki eder liburua bildu eta bahitu nahian, eta hala eta guztiz Onaindiak lortu zuen argitalpenaren zati bat salbatzea. Derrigorrezkoa zen sasoi hartan argitaratzeko baimena eskatzea, baina Onaindiak intsumisioaren bidea aukeratu eta ez zuen tramiterik betetzen. Halaxe argitaratzen zen Olerti aldizkaria ere. “Ziur nekian baimenik ez eustala gobernuak emongo, eta Suplemento Poético de Karmel jarri neutson, kaparra sartu gurarik”, kontatzen zuen. Sei-zazpi bider izan zituen poliziak horregatik bisitan, Manuel Fraga ministroaren debeku definitiboa jaso arte.

Urt 08 09

Intzensua lurrean bezala, Juaristiren lehen narratiba

Liburuaren solapak zioen bezala, hauxe izan zen, bi poema libururen ostean, Felipe Juaristik “serio antzean eta narratibagintzan emandako lehendabiziko pausoa”. Ez zen azkenekoa izango. Poesia eta narratiba, ildo biak jorratzen jarraitu izan du, jarraitzen du, idazleak. Nekazari giroan kokaturiko eleberria, auzo baten gainbehera kontatzen diguna, protagonista guztiak emakumezkoak dituena. Hementxe duzue Intzensua lurrean bezala, 1988an Baroja etxeak inprimatua.

Agenda

Efemerideak

Kritikak