Mai 25 10

Clevesko Printzesa

Sortzez Marie-Madeleine de la Vergne izena zuen Madame de La Fayette idazle frantsesak 1678ko martxoan plazaratutako nobela da Clevesko Printzesa. Frantziako Henri Bigarrenaren erregealdiko azken urteetako (1558-1559) festak, dantzak eta zaldun-guduak kontatuz batera, gorteko pertsonaien eguneroko bizitzako xehetasunetan barneratzen da, baina batez ere amodiozkoetan. “Inoiz ez da gorterik izan horrenbeste emakume eder eta miresgarriki egindako gizon izan duenik”. Honela agertzen du Nafarroako erregea (Antonio): “Mundu guztiaren begirunea erakartzen zuen, bere giza-mailaren eta bere gorputz-eitearen handitasunagatik”; eta honela Nafarroako erregina (Joana Albretekoa): “Gaztea zen eta bazuen botererik bere senar erregearengan”. Mikel Hoyos Seinek euskaratu zuen eleberria 1998an.

Mai 18 10

Iratzeen esporak,
Igor Estankona

Joan den urteko azaroan argitaratu zuen Igor Estankonak laugarren poema liburua: Iratzeen esporak. Mikelazuloko 10. Poesia Asteari amaiera emateko, idazleak errezitaldia egingo du maiatzaren 23an (igandea) 19:00etan Errenteriako Mikelazulo elkartean, Borja Estankona lagun duela gitarraz. Susa argitaletxeak plazaratutako liburua osorik eskaintzen dizugu orain sarean.

Mai 16 10

Plazara aldizkaria sortu zen duela 25 urte

Plazara aldizkariaren lehendabiziko zenbakia 1985eko maiatzean argitaratu zen Irunen, orain dela 25 urte. Besteak beste Bernardo Atxaga, Hasier Etxeberria, Juan Gartzia, Juan Kruz Igerabide, Koldo Izagirre eta Joseba Sarrionandiaren lanak zetozen aurreneko ale hartan. Plazara aldizkariaren 20 zenbaki kaleratu zituzten 1992 bitartean, Jorge Gimenez eta Joxan Elosegiren zuzendaritzapean.

Mai 12 10

Jose Saramagoren
Lisboako Setioaren Historia

Lisboako Setioaren Historia Jon Alonsok itzulirik argitaratu zen 1999an, Jose Saramagok idatzitako nobelen artean euskaraz daukagun bakarra, orain sarean osorik eskaintzen dizuguna. Eleberriko protagonista Raimundo Silva da, argitaletxe batean lan egiten duen zuzentzailea; liburu baten frogak aztertzen ari delarik, bere kabuz bai hitzaren ordez ez hitza paratzeko tentazioa piztu zaio, gisa horretan historia idatziaren zentzua aldatzearren. Literatura Eskolak eta Literaturiak antolaturik, maiatzaren 15ean (larunbata) 10:00etan Jon Alonsok hitzaldi luzea egingo du Jose Saramagoren narraziogintzaz Iruñeko Txantxeako Euskaldunon Biltokian.

Mai 10 10

Mikelazuloko 10. Poesia Astea

Airea biltzeko erak errezitaldi eta zirku-tela ekitaldiaren abiatuko da Mikelazuloko 10. Poesia Astea Errenterian, maiatzaren 11n (asteartea) 19:00etan Fanderian. Maiatzaren 12an batBada saileko ale berri bi aurkeztuko dituzte, bat Idoia Beratarbidek eta bestea Ander Fernandez eta Maite Gurrutxagak. Maiatzaren 13an Aime Cesaire negritudearen poetari omenaldia egingo diote, eta maiatzaren 14an Fertxu Izquierdoren Hiria ari du errezitaldia izango da. Maiatzaren 23an Iratzeen esporak poema liburuan oinarritutako errezitaldia eskainiko du Igor Estankonak.

Mai 10 10

Maiatz 26. solasaldiak

Maiatz aldizkariaren 50. zenbakia aurkeztuko du Lucien Etxezaharretak Baionan egingo diren literatur solasaldietan. Euskal Erakustokian maiatzaren 12an (asteazkena) 18:30ean izango den aurkezpenaren ondoren, mahai-inguruan parte hartuko dute Itxaro Bordak, Laura Mintegik eta Txomin Peillenek. Maiatzaren 13an (osteguna) 9:30ean Gotzon Baradiaranek hitzaldia egingo du Eusko Ikaskuntzaren Baionako egoitzan, eta 14:30ean Bretainia, Okzitania, Alsazia, Korsika eta Kataluniako literatur aldizkari zenbaiten arteko topaketa izango da. Arratsaldeko 19:00etan, Euskal Erakustokian, Mahmud Darwish idazle palestinarrari omenaldia egingo diote, poemez eta kantuz.

Mai 09 10

Azken Portuko
3. Literatur Astea

Kantuari, bertsoari, zinemari eta antzerkiari begiratuko dio Zarauzko Azken Portuko 3. Literatur Asteak. Anarik kantuaz jardungo du maiatzaren 10ean, Maialen Lujanbiok bertsoaren lantegia erakutsiko du maiatzaren 11n, Anjel Lertxundik zineman izan duen esperientziaz mintzatuko da maiatzaren 12an eta Ander Lipusek pertsonaiatik pertsonaiarako igarobideaz hitz egingo du maiatzaren 13an. Hitzaldi guztiak Azken Portuko biltoki zaharrean izango dira 20:00etan.

Mai 05 10

Kontrarioa, Lander Garroren lehen nobela

Irribarrea kilikatzen duen istorio petrala da Kontrarioa, Lander Garroren lehendabiziko nobela, makurkeriara bezainbat lerratzen dena umore eta parodiara, beti kontrastez josirik, samurtasunez bezala mingoski. Raul Oliveira du protagonista: xakean eta edaten pasatzen ditu arratsak Oskar adiskidearekin, amodio ezinezkoetatik ihesian, idazle izateko ametsekin zorabiatuta. Errenteriako Pontika auzo bazterrekoan bizi da amarekin, baina aurki lanen bat topatu ezean ostikoz botako du etxetik. Galtzaile baten ibili piperrak kontatzen dituen Kontrarioa nobela maiatzaren 7an aurkeztuko du Susa argitaletxeak.

Mai 04 10

Pedro Mari Otaño hil zen duela 100 urte

Zazpiak bat eta Amerikako panpetan olerki ezagunen egilea, Pedro Mari Otaño, 1910eko maiatzaren 6an hil zen Argentinako Rosarion. Alkar liburuan bildu zituen 1904an bertso bi horiek eta beste 20 gehiago, baina baita ere Auntza larrera ipuin alegoriko ederra. Gaur Artzai mutilla operan ere jarriko dugu arreta. Otaño zizurkildarrak idatzi eta Felix Ortiz San Pelaio azpeitiarrak musikatutako obra da, 1900eko otsailaren 18an Buenos Airesko Victoria antzokian estreinatua (kantuan: Francisco Argote, Matilde Isasi, Luis Labadens, Matias Etxeberria, Laurak Bat-eko abesbatza). Artzai mutilla operak Patxikoren eta Maritxuren arteko amodiozko istorioa kontatzen duen arren, aldarrikapen politikoek hartzen dute mami nagusia. Martxoaren 11n kantuz zoriondu zuen Jose Mendiagek. Otañoren lan guztiak jasoak dituzu Klasikoen Gordailuan.

Mai 03 10

Joxan Ormazabalen ilunorduak

Joxan Ormazabal idazle eta editorea hil zen maiatzaren 2an Zegaman. Joan den ostegunean, apirilaren 29an, aurkeztu zuen bere azken liburua: Ehun ipuin hitz gutxitan, Jon Zabaletaren irudiekin. Oso ezagunak egin ziren Ormazabalen liburuak 90eko hamarraldian: Pernando Amezketarra, Kittano edo Zipriztin. Hala ere bere lan guztien artean Ilunorduak eta argilaurdenak (2007) poema bilduma dugu guk gogoan, Elena Odriozolaren ilustrazioez edertua. Sautrela telebistako literatura saioak duela aste batzuk egindako bideozko erreportajearekin egingo diogu agur.

Api 28 10

Buruxkak liburuaren mendeurrena

Aurten ehun urte dira Jean Etxepare medikuak Buruxkak liburua argitaratu zuela, 1910ean Toursko Mame inprimategian egina, aldizkarietan agertutako 23 artikulu bildu eta 2 berri idatzirik. Zabalkunde oso murritza izan zuen, zenbait irakurleri bi artikulu idatzi berriak gustatu ez-eta. Nor eskola-emaile / Zer irakats zen horietako bat, honela amaitzen zena: “Gobernamenduak ororen sakelatik atxik bitza mota guzietako eskoletxe andana bat (…) Apezak ken bitza eskolemailegotik, dela multzoan, dela bakarka”. Eta bestea Amodioa, Miarritzeko jatetxe bateko elkarrizketa honela abiatzen zuena: “Zer da, bazkari on batetarik lekora, emaztearekin gozatzeaz hoberik?”. Idazlea hil ostean, Buruxkak liburuaren bigarren argitalpena egin zen Piarres Lafitteren hitzaurrearekin 1936an Baionan, baina bi artikulu horiek gabe.

Api 26 10

Juan Garziaren Hamlet

William Shakespeareren antzezlanak Christopher Marlowek idatzi ote zituen teoria ezagutuko duzu. Irakurriko zenuen baita ere, Hamlet famatuaren lehen bertsioa Marloweren adiskide Thomas Kydek egin zuela 1590 inguruan. Baina ezbaiak alde batera utzita, esan ohi da Shakespearek 1599-1601 artean idatzi zuela antzezlan hau. Gaur Juan Garziaren itzulpena eskaintzen dizugu sarean, 2002an Literatura Unibertsala bilduman argitaratua (100. zenbakia). Hamlet euskaraz Bingen Ametzagak plazaratu zuen lehendabizikoz 1952an eta Bedita Larrakoetxeak ondoren 1976an.

Api 19 10

Ospitalekoak, Mikel Antzaren lehen nobela

Mikel Antzak bi ipuin liburu eta antzerki obra bat argitaratu zituen 80etan: Lehen bilduma (1985), Beteluko balnearioko mirakulua (1985) eta Odolaren usaina (1987). Hogeitaka urte geroago dakar orain bere lehendabiziko nobela: Ospitalekoak, Fresnes espetxean idatzia. Preso bat neskalagunari idazten ari zaio kartzela-ospitaletik, egoera hain makurrera nola iritsi den azaltzen, kontakizunak aurrera egin ahala gertakari estrainio eta ezustekoen kate bat bihurtzeraino. Oroitzapen eta sentiera barnekoiz bustitako eleberria duzu, gatibutasunari buruzko kronika zorrotz trenkatua, ihes eta libertate desiraren aldarria. Apirilaren 22an Donostiako Udal Liburutegiko sotoan aurkeztuko du Susa argitaletxeak.

Api 14 10

Erramun Landa eta literatura

Pamiela argitaletxeak Lewis Carrollen Aliceren abenturak lurralde miresgarrian eta Ispiluan barrena Manu Lopez Gaseniren itzulpenez argitaratu zituenean (1989-1990), Erramun Landaren azal liluragarri birekin agertu ziren; kutxa artistiko bat zen sortzez, collage paregabeekin. Erramun Landak harreman estua izan du beti literaturarekin. Hemen eskaintzen dizkizugu, beste bi adibide. Lehendabizikoa, Xabier Iñarrairaegik eta Karlos Erizek 2005ean egindako bideozko erreportaje bat: Denbora ez da distantzia erakusketakoa, Edorta Jimenezen testu poetikoez edertua. Bigarrena, 2007ko grabatuak, Salvador Puig Antich anarkista gogoan zuela eginak: Harresi ostean pareta, Koldo Izagirreren poema errezitatuekin eta Nora Ancarolaren bideoarekin.

Api 13 10

Giorgio Bassani hil zela 10 urte

Duela hamar urte, 2000ko apirilaren 13an, Erroman hil zen Giorgio Bassani eta Ferrarako juduen hilerrian ehortzi zuten. Faxismoaren garaian Giacomo Marchi izengoitiarekin argitaratu behar izan zuen lehendabiziko lana: Hiri bat lautadan (1940). Bassani izenez, poesiazkoa izan zen bere aurreneko liburua: Maitale pobreen istorioak. Feltrinelli argitaletxeko zuzendari zela, Giuseppe Tomasi di Lampedusaren Gattopardo eleberria plazaratu zuen. RAI telebistako lehendakari-ordea ere izan zen, eta zinemarako lanak egin zituen Michelangelo Antonioni, Mario Soldati, Luchino Visconti eta Vittorio De Sicarekin. Hain zuzen ere, De Sica izan zen Giorgio Bassaniren Finzi-Continitarren lorategia (1962) nobela film bihurtu zuena (1970ean). Koldo Bigurik euskaratu zuen 1997an Literatura Unibertsala bildumarako.

Agenda

Efemerideak

Kritikak