Ira 29 14

Joseba Zubimendiren begirada

1939ko irailaren 29an hil zen, Kanbon, Joseba Zubimendi. Kazetaria, idazlea, grina eta jardun handiko euskaltzalea eta kultur eragilea izan zen donostiarra. Gaztetandik euskal kultur mugimenduari atxikia, errealitateari erreparatzeko begi zolia zeukana, Zubimendiren kronikek  1920ko eta bereziki 30etako euskal gizartea erakusten digute. Eta bere kronikek ez ezik, bere jardunek kazetaritzan, irratigintzan, antzerkian, kantagintzan… gizarte hori saretzen lagundu zuten. El Día, Argia, El Pueblo Vasco, Euzko Deya, Euzkadi eta beste hainbat mediotan jardun zuen, eta gerra eta erbestea ere kontatu zizkigun, gaur 75 urte Kanbon zendu zen arte. Gernika erraustean, lekuko nintzen artikulua, adibidez. 1897an Donostian jaioa, hainbat lan argitaratu zituen: bi poema liburu, Aberri Oyuak eta Zumalakarregi, biak ere Armiarmako Klasikoen Gordailuan irakurgai daudenak. Yakintza aldizkarian kaleratutako bertsolari txapelketen kronikak ere eman zituen argitara, Bertsolari Guduak 1935-1936 liburuan bilduta, eta  Gipuzkoako Aurrezki Kutxak ateratako bakarrizketa labur bat ere bai, Zalaparta. Guztiak jarri ditugu on-line. 2002an, berriz, Koldo Izagirrek bildu eta Alberdania argitaletxeak eta Donostiako Udalak plazaratu Bertso minez kronika liburu ederra dugu.

Ira 24 14

Pako Aristik
Urari ostutako poemak

“Bosteraino kontatzen jakitea aski zait bizitza ulertzeko. Bost: nire bakardadeak dira bost. Lau: nire lagunak dira lau. Hiru: nire ilusioak dira hiru. Bi: nire amodioak dira bi. Bat: heriotza da bat eta bakarra”. Pako Aristik irailaren 30ean Urari ostutako poemak liburu berria jendaurrean aurkeztu aurretik sarean eskaintzen dizugu osorik. Gogoetak barreiatuz eta istorioak kontatuz, bidaia samur bat eskaintzen digu Pako Aristik, anekdota xumeetatik abiatu eta unibertsoaren neurrira eginak gaudela deskubritu arte. Poetak egina dauka hautua: ezer gabe jaio zena ezer gabe joango den promesa. Urriaren 1ean lehendabiziko errezitaldia egingo du, Donostiako Garoa liburu-dendan.

Ira 19 14

Patri Urkizuren Sekulorun sekulotan, historian bizi gineneko froga

Sekulorun Sekulotan (Kriselu, 1975) amaitua zeukan Patri Urkizuk 1972rako. Saizarbitoriak eman behar izan zion bultzada argitalpenari. Zaila zen orduan atzematea “bataz besteko irakurlearen” azpitik —borondate onekoa, euskaltzalea, ez bereziki literaturari emana, euskaldunberria maiz— bazetorrela Lur belaunaldia esan genezakeena baino gazteagoko bat, sudurpean hartzen zuen guztia irakurtzen zuena batere konplexu pedagogikorik gabe. Nolako poza egilearekin batera murgiltzea hizkuntzaren magma gardenzikin lodimehe gazibihurri gozoan; nolako betetasuna irakurri ahal izatea guri ere burura zetozkigun obsesioak, sexua eta langileria, gure kantu zaharrak eta vietnamdarren borroka, zanpaketa eta zurruta eta kantu berriak… Oroimena jauzika egun-atzo, kontzientzia ibaika han-hemen, adimena esaka ni-gu. Errealitate konplexu bat, historian bizi gineneko froga. Disfrutatzeko testu bat.

Ira 18 14

Gerla Handia: Irabazi dugu!

Lehen garaipen handia, Marne ibaiako guduan Alemania gertatu da galtzaile. Gaina hartzean Lurdako amaren laguntza funtsezkoa izan dela azpimarratzen du Eskualduna-k. Alemaniarren jokabide okerrak aletzen ditu, gerra egiteko erabakia hartua zutela, arerioak gutxietsi zituela, ez zutela Altsazia eta Lorrena bereganatzen jakin, kazetarentzat ez da Alemania bakarra eta horrek zailtzen du haien batasuna. Igarle dabil Eskualduna, gerra honen ondotik armadak gutxituko direla uste baitu. Ondotik kolpatu eta hilen berri ematen du, zehaztasun osoz kontatzen du soldadu frantses baten pasadizoa, frontean gertaturikoak gizatasunaren eredutzat hartua. Apaiz lotinanta, Ibarnegarai diputatua, Eskualduna ez da etxekoekin ahaztu. Kirikiñok Euskadi-n Wilson AEBetako lehendakariak Gilen Kaiserrari kargu hartu diola agertzen du, Belgikan emakumezkoekin egin demasen karietara hartu dio kargu. Ingelesen abertzaletasuna goratzen du Euzkadi-k, kintarik ez duen herrialdean nola agertzen diren prest armak hartzeko aberriaren etsaien kontra. Astekariak gertakari hori probesten du hainbat herrikideren ustezko abertzaletasuna kritikatzeko.

Ira 11 14

Gerla Handia: Irautea da guzia

Iraganak iragan, ikusiak ikusi, biba Frantziako populuaren bihotza! Aste honetan ere batasunaren aldeko aldarria da Eskualduna, besteak beste eliza eta zenbait politikariren kontra aditutakoak isilarazteko. Kazetak gerran ari diren herrialdeen soldadu kopuruak dakarzkigu eta azaletik bada ere, Belgikako frontea eta Errusiaren partehartzea hartzen ditu hizpide. Frontean irautea irabaztea da Eskualduna-rendako. Berri ezean, Baionara ekarri kolpatuen testigantzak agertzen ditu, eta bidenabarkoan alemanen krudelkeriak agerian utzi. Informazio gehiago eskaintzen digu Euzkadi-k eta fronteen egoerari errepasoa eman ondotik zenbait gertakari zehaztasunez agertu. Belgikako Lovaina eta Anberes hirietan jasotakoak, hegazkin alemanek Paris bonbardatzean gertaturikoak eta Errusiako fronteari dagokionez, Lenberg hiriko gudua. Azken honen kontakizunean lerroartean irakurtzera gonbidatzen gaitu Kirikiñok. Bakoitzak bere astoari arre, aste honetan ere aliatuen aldeko agertzen da Euzkadi eta ez du egokierarik galtzen karlisten kazetak egurtzeko.

Ira 05 14

Nicanor Parrak 100 urte

Mendea bete du gaur antipoesiaren poeta gorenak, Nicanor Parrak. 1914ko irailaren 5ean jaioa, 20tik gora dira argitaratu dituen poema-liburuak, 1935ean lehena kaleratu zuenetik. Antipoesia deitutakoaren sortzailea (1954koa du Poemas y antipoemas liburua), etengabea izan da adierazpen bide berriak bilatzen egindako lana, beti ere indar kritiko eta ironikoa galdu gabe, pieza benetan apartak sortuz. XX. mendeko erreferente bat, poeta askorengan eragina izan duena, haren mendebetetzearen karietara hamar poema euskaratu ditu Josu Landak, Armiarmak eskaintzen dizkizuenak.

Ira 03 14

Wilfred Owenen
Gerlako poemak

I. Mundu Gerra amaitzeko astebete falta zela, 1918ko azaroaren 4an hil zen Wilfred Owen poeta ingelesa.  25 urte lehenago jaioa zen Oswestryn eta, gazte izanagatik, erdietsia zuen sona letra ingelesen munduan. Frantziako frontean 1917an zauritua, sendatze epean idatzi zituen Gerlako poemak, eta haietako batzuk ekarri dizkio euskarari Gotzon Barandiaranek. Poema gordinak, Barandiaranek dioen legez, “ez dago heroirik, ez dago epikarik, ez dago balentriarik, gerlaren saminik latzena baizik, pertsona eta heriotza aurrez aurre”. Hala eta guztiz ere frontera itzultzea erabaki zuen, eta hantxe hil zen. Hona Wilfred Owenen gerlari buruzko garrasia.

Abu 28 14

Gerla Handia:
Bonbak sakelara!

Gerrari buruz arrunt informazio gutxi dakar Eskualduna-k abuztuko hondar astean, balorazioak dira nagusi eta gogoeta bat 1870eko gerran informazioarekin gertaturikoa gogora ekarriz. Bi kazetek alemanek Belgikan egin aitzinamendua nabarmentzen dute, baina frantziarrek bai Belgika bai Alsazia-Lorrenako frontean aurre egin dietela garbi utziz; eta biek ere Errusiak ekialdeko frontean egin oldarrak duen garrantzia azpimarratzen dute. Eskualduna-k, berri ezean, Baionako hirira hilaren 24, 25 eta 26an iritsi soldaduen berri ematen du, horietatik hiru mila inguru arrotzak. Espainiar, italiar, errusiar, poloniar, errumaniar, turkiar horiei bi aukera eman diete: Frantzia utzi edota soldadu sartu. Kirikiñok gertakariek Alemaniari ekar diezazkioketen ondorioak aletzen ditu Euzkadi-n. Ingalaterraren aldeko ageri zaigu Kirikiño, haren iritziz Espainiako zamaontziak itsasoan aske dabiltza ingelesen nagusigoari esker eta bestalde, gerra ekonomikoa dela-eta, nabarmentzen du ingelesek bonbak minik handiena hartzen den tokira jaurti dizkiotela Alemaniari: sakelara!

Abu 26 14

Julio Cortazarren Kronopioen eta famen istorioak

Duela 100 urte, 1914ko abuztuaren 26an jaio zen, Bruselan, Julio Cortazar. Poesia, Rayuela eta beste zenbait eleberri, ipuin liburuak, itzulpen lan handia… oparoa da Cortazarren obra. Idazle argentinarrak bere garaiko mundua azaltzeko, salatzeko, deskubritzeko, ulertzeko… mundu diferente asko sortu zuen bere obretan, errealitatea eta fikzioa bezainbeste poesia eta prosaren mugaldeko eremu lausoan mugitzen diren bere obretan. Kronopioen eta famen istorioak da liburu horietarik bat, egileak 1962an argitaratua, bere barnean kronopioen eta famen istorioez gain —gizarte argentinarraren erretratu berezia—, beste hiru atal ere badituena: Jarraibideen liburua, Zeregin bitxiak eta Material plastikoa.  Egilearen mendeurrenean, Armiarman argitaratzeko euskaratu du Ibon Sarasolak. Hementxe duzu.

Abu 21 14

Gerla Handia:
Gerlako egiak, gezur

Informazio eskasia nagusi da, eta gezur sasitzan argi printza bilatzen dabiltza hala Eskualduna-koak nola Euzkadi-koak. Gobernuak informazioa atxikitzea erabaki duela-eta apenas dakarren gerrako berririk Eskualduna-k, ontzat hartuz baina informazio-iturriak ixteko Gobernuaren ordrea, gezurren beldur. Euzkadi-k ere informazio nahasien inguruan dihardu, batailen berri ahal duena emanez ordea, baina gezur asko dabilela salatuz (agerkari karlistak barne, aleman zaleak hauek).
Gerlari buruzko desberdintasun handia, bada, ordea: Frantziaren alde bizia ematera doazenak goresten ditu Ipar Euskal Herriko agerkariak, eta nola doazen kartsu mutilak frontera. Bi milioi t’erdi soldadoetatik, alde bietakoak, gehienek etxean nahiko luketela dio, ostera,  Kirikiñok: estatuetako agintari guduzaleek ekarria dela gerra.

Abu 21 14

Le Fanuk 200 urte

1814ko abuztuaren 28an jaio zen Dublinen Joseph Sheridan Le Fanu. Beldur eta misteriozko istorioen idazlea, aitzindarietarik bat da ghost stories deiturikoen generoan  apur bat itzalean geratu den idazle hau. Eta horietako bat dugu Maizter misteriotsua, euskarara Luigi Anselmik ekarri eta Erein argitaletxeak Bartleby sailean argitara eman zuena, idazle irlandarraren euskaratutako lan bakarra. 1850ean Dublin University Magazine-an sinadurarik gabe agertua, Le Fanurena dela diote adituek, Felipe Juaristik liburuari egindako sarreran argitzen digunez, egileari buruzko bestelako argibideekin batera. Osorik eskaintzen dugu orain.

Abu 14 14

I. Mundu Gerla eta literatura

Bizi izandakoen kronika eta oroitzapenen bitartez jaso zuen gure literaturak I. Mundu Gerlaren testigantzarik fidelena. Narrazio eta eleberriek ere hartu dute gai, XX. mendean eta baita XXI.ean ere, baina gerla ezagutu zutenen testigantza izan da biderik zuzenena. Gerra amaitu eta urte batzuk geroagokoa da lanik ezagunenetako bat, Kirikiño eta Batxiren kronikekin batera: Jean Elizalde Zerbitzari-ren 57a Gerlan. Eskualduna astekarian 1917 eta 1940 bitarte agerturiko artikuluek osatua, liburu gisa 1995ean plazaratu zuen Alberdaniak. Ez da narratiba bakarrik, ordea, gerlaz jardun duena. Errealitatea kontatu eta herritarrei helarazteko antzerkia baliatzea boladakoa zen mendearen lehen erdian, eta halaxe, I. Mundu Gerla dute ardatz Etienne Decrept-en Semetxia lanak eta Piarres Lafitteren Egiazko argia-k. Eszena frontean gertatzen ez bada ere, soldadoak dituzte protagonista lan biek. Eta kontatua ez ezik, kantatua ere izan da, hala poesian nola bertso moldean. I. Mundu Gerla kantagai izan zuten hainbat bertsolarik, eta ezagunak dira Txirritak eta IRTk izandako dema eta ondutako bertsoak. Haietako batzuk eta beste hainbat bertsolarirenak bildu zituen Antonio Zabalak “Bertsolariak eta Europako Lehenengo Gerratea” hitzaldian, lehenik Euskera agerkarian eta gerora Auspoan beste hainbat hitzaldirekin plazaratua. Armiarman irakur daitezke aipatutako kronika eta antzerki-lanak, eta Euskaltzaindiaren webgunean Auspoakoa.

Abu 07 14

Gerla Handia: Biba Frantzia!

Oihu horrek betetzen du abuztuko lehen asteko Eskualduna. Mobilizazione orokorra deitua izan da eta “bihotz altxagarria” da ikustea nola erantzun duen Frantzia osoak, Eskual Herria barne. Trenak soldadoz beteta, Euskal Herritik gerlara sendi beretik sei eta zortzi kide bidali dituztenen etsenpluak irakur daitezke. Ezkila joka, afixak nonahi, astekaria ere gerlara jarria da, orain arteko formatua ezinbestean utzi eta txikian kaleratuko da, ahal den arte, gerlaren berri emateko.
Italiak ez omen du Frantziaren aurka egingo, eta Errusia eta Ingalaterra, itsas armada indartsuena duena, Frantziarekin dira. Ez daukate lan erraza doixtarrek!

Uzt 31 14

Gerla Handiak 100 urte

1914ko uztailaren amaieran hasi zen Europa eta mundua astindu zuen gerra, Gerla Handia, I. Mundu Gerra. 4 urte iraun zuen, milioika hildako, milioika zauritu eta triskantza izugarria utziz.
Armiarma proiektuaren baitan badugu efemeridea gogoratzeko asmoa, eta horretarako astez aste argitaratu ziren Eskualduna eta Euzkadi agerkarietako testuak digitalizatu eta on-line jarriko ditugu webgune berezian. Astero argitaratuko dugu duela ehun urteko agerkariek zekartena, Literatur Emailuak webgunearen bitartez. Asteko edukiari aurkezpena egingo diogu, eta honenbestez hurrengo sei hilabeteetan astero komentatuko ditugu duela 100 urteko gertakizunak —agerkariek zekartzatenak—. (gehiago…)

Uzt 30 14

Jean Jauresen hilketa

1914ko uztailaren 31n, duela ehun urte, hil zuten Parisen Jean Jaures. Politikari eta idazlea, ekintzaile sozialista gerlaren aurka mintzatua eta jarduna zen, eta heriotzarekin ordainarazi zioten. 10 urte lehenago L’Humanité egunkariaren sortzaile izan zenak, kazeta horretantxe argitaratua zuen artikulua, hil zuten egun berean, gerla saihestearen alde: Odol hotza behar. Gaur mendebete argitaratutako artikulua dakarkigu, Koldo Izagirrek euskaratua.

Agenda

Efemerideak

Kritikak