EUSKAL UMOREAZ
Antonio Arrue

1962
armiarma.eus, 2016

 

      Orain urte batzuk, Peru Abarka-ren argitaraldi berriaren hitzaurrean esaten genduan:

      «Guk ez dakigu zergatik, baina euskaldun gehienak umoredunak izan arren, idazten dutenean umorea alde batera —kolkoan gordeta edo— uzten dute. Batez ere —bertsolariak, jakina, oharketa hontaz landara gelditzen dira—, hitz lauz ari diranean. Mogel ez zan horietakoa. Esan genezake, ederkaturarik gabe, Peru Abarkaren orrialdeetan iraultzen duala euskal umore mehe eta berezi egiazkoena».

      Eta gehitzen genduan:

      «Ordudanik euskaldunok, umore-sail hontan, Mogelen mailako idazle gutxi izan ditugu. Hiru edo lau gehienez. Domingo Agirre Garoa-n, Bustintza, Urruzuno... ».

      Ez daukagu esan beharrik noski, gaur ere orduan bezalaxe ikusten degula euskal umore gai hau.

      Baina umorea edo unorea, Juan Bautista Agirrek esaten zuan bezala, eta orobat egungo egunean Ernio inguruko herrietako baserritarrek ere, zer da?

      Umorearen, unorearen, umorismoaren definizio asko eman dira. Baina zehatzak eta osoak, gutxi. Beharbada batere ez. Beraz, arrazoi du noski Jardiel Poncelak, umorismoa zer dan esatea, tximirrika bat telegrafo tantai batez iltzatzea baino zailagoa dala, idazten duanean.

      Dana dala, hona hemen definizio batzuk:

      «Umorismoa, malkoen arteko irripar bat da». Gregus.

      «Zentzutasun zorrotz-zailu bat da umorismoa». Tristan Bernard.

      Azkenik, beste erdal idazle batek dio:

      «El humo­rismo, en ultima sintesis, es el eco, un poco burlesco, de la realidad viva y al detalle».

      Umore mota asko dira. Gailenenak noski hauetxek: umore alaia, umore iluna, hau da, tristea, eta, azkenik, umore beltza. Azkeneko hau, umore beltza, gaur dan egunean txit modan dago, batez ere atzerri batzuetan.

      Eta, ze motatakoa ote da euskaldunen umorea? Lehenengo motakoa inolaz ere: umore alaia. Baina euskaldunon umoreak badu gainera noski bere nortasuna, bere jatortasuna. Dudarik gabe, gure umorea, umore berezia da.

      Orain hilabete batzuk, auzi bat zala merio, egun batean Gipuzkoako herri txiki batera jo genduan, eta han bildu ginan, bide ertz batean, Jueza, Juzkaduko Sekretarioa, bi Lege-gizon, bi Prokuradore eta auzilariak, biak baserritarrak.

      Ari ginan bidea ekusten eta aztertzen, eta hontan inguratu zitzaigun, bere behi gurdiarekin, hirugarren baserritar bat, eta behiak geldituerazirik, esan zien serio-serio auzilariei:

      —Kaixo! Gaur laguntzaile asko...

      Hau da gure umorea.

      Behin batez nere herrian mixioak ziran. Bi praile prantziskotarrek ematen zituzten. Eta bat, arratsalde bateko sermoian inpernu gaiaz mintzatu zan. Bota zituan ikaragarriak!... Berak esan zuanez, jenderik gehienak inpernu zulora joaten dira noski, eta oso gutxi, bakar batzuk besterik ez, zerura.

      Eleizkizuna bukatu zanean abiatu ginan kanpora, eta atean, ur bedeinkatua eskaniaz, esan nion baserritar bati:

      —Kontuz ibili gindezke, Joxe. Bestela badakizu: surtara.

      Eta Joxek erantzun zidan:

      —Neri ez dit beldur haundirik praile horrek sartu. Horrek esan duan jende guzia suleizera joaten bada, gu hiltzerako, haundia izan arren, beteko da inpernua, eta ez da han guretzat tokirik geldituko.

      Hau da eukaldunon umorea.

      Beste behin, Pio Baroja, Berako mendietan egurasten zebilela, atxurrean ari zan baserritar batekin egokitu zan.

      Eta Barojak esan zion:

      —Arratsalde on. Lanean?

      Eta besteak erantzun:

      —Bai, gu beti lanean. Beharko gainera, beste batzuk lanik egin gabe biziko badira.

      —Zer uste dezu —esan zion berriz Barojak—, guk ez degula lanik egiten ala? Bart arratsean ere ordu bata jota oheratu nintzan.

      Eta baserritarrak erantzun zuan:

      —Zuen lan hori ez da lana —eta atxurrari eraginaz, gehitu—, lana hau da, hau. Esto es trabajar, Don Pio.

      Handik egun batzuetara baserritarra Barojaren etxe ingurutik herrira zihoan, eta ikusirik Don Pio baratzean atxurrean ari zala, esan zion:

      —Pasando el rato, eh?

      Hau da Euskal Herriko umorea.

      Gaurko eguneko euskal literaturan umore honen kutsurik, itzalik eta oihartzunik ez da ia arkitzen. Eta hau, gure uste apalez, akats mandoa da. Honela jarraitzen badegu, intelektualek ez noski beharbada, baina herri xeheak sorbalda erakutsiko digu euskal idazleoi.

      Bertsolariek aspalditik gure herriaren artean arkitzen duten giroak, inolaz ere zer ikusi haundia du umorearekin.

      Are gehiago: gure teatro zaharrak, Soroaren eta bere ondorengoen teatroak, bere iraupena umoreari zor dio zalantzarik gabe.

      Baliteke norbaitek bertsolarien eta aitatutako teatroaren umorean hutsak eta ajeak topatzea, alegia, umore hori zakar-lodia dala eta abar. Baina, halaz guziaz ere, ezin uka behinepehin, herri xeheak bertsolariei eta teatro horreri dien zaletasunaren eta grinaren oinarria eta giltza hontan daudela: umorean.

      Ez degu esan nahi honekin guk umore zakar-lodia oso gogoko degunikan. Ez. Egia esan, guk ere nahiago degu halako umore arin-mhee-arraia. Gainera, umore arina egokiago datorkio inolaz ere egiazko literatura jasoari.

      Gauza jakina da idazle umoredunak bi motatakoak dirala: umoredun hutsak —gure egunetako Chesterton, Tristan Bernard eta Julio Camba, esate baterako— eta bestelakoak, beren lan-eginetan umorea bigarren mailan, erderaz esaten danez, musica de fondo bezala, erabiltzen dutenak. Adibidez, Cervantes eta Dickens.

      Gainontzean, gizon ikasi batzuek uste dute umoreak baduala halako hartu-eman bat zibilizazioarekin. Honela, Eça de Queirozek dio zibilizazioak gizartea ilundu, tristetu egin duala, eta zenbat eta zibilizatuagoa izan, hainbat tristeagoa azaltzen dala.

      Beraz, baliteke, baldin Euskal Herria umorea galtzen badihoa, errua zibilizazioarena izatea.

      Baina, egia al da, bai euskaldunok eta bai, erabat esateko, gaurko munduko bizilariok, geroago eta zibilizatuagoak gerala? Ez da itxura haundirik... Dana dala, hor dago kakoa, or dago untzea.

      Baina, txantxak alde batera utzirik, goazen harira.

      Txit egoki izango litzakeala derizkiogu, euskal literaturako umorezko zati nagusiekin bildumatxo batzuk lehenbailehen antolatzea eta argitaratzea. Batean joan litezke hitz-lauz tajututako lanak, bestean olerkiak eta beste batean berriz bertso berri hautuak. Dana dala, gai hontan, umore gai hontan, euskaltzale batzuk zerbait lanean hasiak ditugu. Jakingo dezute noski, batzuek behinepehin, Parisen laster aterako dala, Mirandek eta Peillenek sortuta, umoredun aldizkari berri bat. Izenburua Igela izango du, eta berari buruz, orain hilabete pare bat, Peillenenek idaz­ten zigun:

      «Badakizu Miranderekin parre errebista bat atera gura dugula, euskaldunen astakeri harroaz par egiteko. Ohitura zahar eta tradizione berrien bizkar irri egin nahi dugu, baina Zuberoko Inautiri modan, tipo eta biltzarre guziak parregai erabiliaz».

      Oraindik orain, zehatzago esateko lehengo astean, hemen izan genduan Mirande, eta erakutsi zizkigun lehenengo zenbakiaren probak.

      Igela-ren umorea batzuen batzuei apika portitz samarra irudiko zaie. Orobat, baliteke beraren kolorea —gauza jakina da, igel gehientsuenak berde samarrak izaten dirala—, baliteke beraren kolorea, diogu, beste ba­tzuek berriz ez oso gogoko izatea. Baina ez ahaztu gizon egindakoentzat, gizon heldutakoentzat sortutako aldizkaria dala.

      Beraz, har bitzate biek, Mirande eta Peillen jaunek, gure zorion bihozkoienak.

      Eta bukatzera goaz. Beste batean mintzatuko gera euskal umore honezaz sakonago eta zehatzago, gaiak merezi du eta. Bilintx eta Pepe Artolaren herrian, Umore Ona izeneko elkarte bat sortu eta oraindik ere bizi dan herrian, erabiltzeko bereziki.

      Jean Cocteau-k esan du:

      «Aitortzen det poesia beharrezkoa dala, baina ez dakit zertarako».

      Guk ere horrelatsu esango degu, ezin uka umorea beharrezkoa dala, nahiz eta ez jakin ziur, zer eta zertarako ote dan.

 

EUSKAL UMOREAZ
Antonio Arrue

1962
armiarma.eus, 2016