Urr 08 16

Mongo Betiren Negrotasunaren hiztegia

Hamabost urte bete dira urriaren 8an sortzez Alexandre Biyidi-Awala eta idaztez Mongo Beti zena hil zitzaigula. Gurasoak lurjabe izanik, Pariseko Sorbonera jo zuen 1951n, Afrika frankofonoaren eliteek ohi bezala. Frantzian azkartu egin zen bere politizazioa, eta «panfletoak idatziz literaturan sartu nintzen», aitortu izan zuen. Kamerunera itzulirik nobelagintzari ekin zion. Le Pauvre Christ De Bomba (1956), Frantzia kolonialaren eta Eliza katolikoaren bortizkerien salaketa da, kritikaren erregarria areagotu egiten duen umore zorrotzean. Maisulantzat hartu zuten metropoliko literatur zirkuluek eta ikono bat bihurtu zen Mongo Beti. Ildo horretakoak dituen Mission Terminée (1957) eta Le Roi Miracule-k (1958) nazioarteko ospea ekarri zioten. Hala ere, bere belaunaldiari zegokion lanean murgildu zen, independentzien osteko Afrikan ezarritako neokolonialismoaren ikerketan eta kritikan. Horrek erbesteratu beharra ekarri zion, eta Frantzian jardun zuen irakasle 30 urtez. Horrela helduko zen Main Basse Sur Le Cameroun (1971), Frantzian bertan bahitu zioten saiakera, Ahidjo lehendakari kriminalekin gobernu frantsesak zeuzkan harremanak ageri zituenez. Nobelak idazteari utzi gabe, ezin konta ahala artikulu eta saiakera burutu zituen Odile Tobner emaztearen lankidetzarekin, La France contre l’Afrique (1993),  Peuples noires, peuples africains aldizkaria (1978-1991), sarean kontsultagarri, eta Dictionnaire de la Negritude (1989) besteak beste, guk Negrotasunaren Hiztegia izendatua, bost sarrera interesgarri eskaintzeko.

Agenda

Efemerideak

Kritikak