Antonio Arrue euskal umoreaz
Berrogei urte azaroaren 16an Asteasuko Beltza esaten zioten Antonio Arrue hil zela. Beltzean eskas ordea, liberala ez baina Francoren diktaduraren aldeko karlista amorratu haietakoa baikenuen. Hala ere, txapela batekin bi buru estaltzeko trebetasuna aitortu behar zaio Arrueri: buruetatik bat frankista zuen, bestea euskalduna. Kontrakarrekoa dirudi euskaldun kultu batentzat, garatu ezin zitekeen esparruan nahi baitzuen frankismoak euskara: familian, folklorean, ahozkoan, erlijioan. Arrueren figura ederki kokatua dute Joan Mari Torrealdaik eta Pako Sudupek, eta bion lanetatik atera genezake infiltratuarena egin zuela nolabait euskalgintzan. Agente onek bezala, jakin izan zuen euskaltzale antifrankistak ere xarmatzen, goi samarreko kontaktuei esker bilerak egiteko, liburuak zein aldizkariak argitaratzeko eta bertsolari txapelketak antolatzeko baimenak lortzen zituenez. Mesedeak eginik botere bat erakusten zuen, eta botere nabarmen horrek autozentsura eragiten zuen mesede premian ziren idazle eta euskaltzaleen artean, baita epaimahaiko izaten zen txapelketetan kantatu behar zuten bertsolarien artean ere. Noiz edo noiz mehatxu egiten omen zuen «Oraindik ez dugu orrazi estua pasa!» esanez. Idazle bezala, gaztelaniaz jardun zuen euskal gaiez, eta euskaraz gastronomia eta autore zaharrak aipu zituela. Hori dena egia izanik, belzkeriak egiten omen zituen abokatu honen Euskal umoreaz artikulua eskaintzen dizuegu, non antifrankista sutsu askok erakutsiko zutena baino espiritu zabalagoa duen agertzen… Taktikoki? Bi buruen arteko borrokan? Luis Villasantek, H-zale gorrietara saldua omen zegoen Euskaltzaindiko buru frantziskotarrak, nekrologikan: “Lagunduko ahal digu orain ere zerutik!”. Zerua irabazi zuenentz, ordea, ez da inoiz segurtatu ahal izango: agente doblearen patua izan zuen Antonio Arruek, zeruko infernutarra eta infernuko zerutarra dugu aldi berean.