Aza 13 14

Gerla Handia:
Noiz artio othe gira hemen?

Eskualduna-n, Alemaniako enperadorearen erretratua egiten segitu du: hura zen gerla piztu zuena, haren handinahia zen gatazkaren sorburua. “Alemanak hurbiletik” sailean, Jean Etxeparek gai klasiko bat landu du: 70eko gerlatik 14kora, alemanak beren burua prestatzen ibili dira; Frantziako politikariak, berriz, nora ezean ibili dira. Noiz artio iraunen du gerlak? Hainbat aldiz azaltzen den galdera da hori: erreketan sartuak gerla egiteko molde berri honekin, luze iraun dezake: “horra zertako baziren uste zutenak, gerla hunek ez zezakela iraun bizpahiru aste baino gehiago”. Gerlarien berrietan behin eta berriz agertzen den ideia da hori: “Noiz artio othe gira hemen? Hori dakiena ixilik dago”. Kirikiñok, Euzkadi-n, lubakiak egitera behartua izan zen nafar baten abenturen berri emanen digu, bai eta doixtarren basakerien berri ere Charleroin.

Aza 12 14

Kapital publikoa,
Jose Luis Otamendi

Jendaurrean aurkeztu aurretik sarean osorik eskaintzen dizugu Jose Luis Otamendiren poema liburu berria: Kapital publikoa. “Denona den hori da kapital publikoa” diosku Otamendik, “inork beretzat bakarrik hartzerik ez daukana: gabiltzan kalea, arnasten dugun airea, mintzo garen hizkuntza, pertsonak, oroitzapenak, egunkaria, sentimenduak”. Gogoeta sozial eta politikoetatik abiatu eta eguneroko bizimodu intimorainoko bidaia bat erakusten digu. “Galtzerik nahiko ez nituzkeenak, salatzeko modukoak iruditzen zaizkidanak, babestu beharreko jotzen ditudan gauzak dira poema hauen muina. Kapital publikoa zaindu beharreko mundu egingarrien aukera da”.

Aza 06 14

Gerla Handia: Guillaume porrot egitera kondenatua

Napoleon eta Guillaume; Korsikako gizon xumea eta Prusiako Wilhelm kronprinz-a. Bien asmoa —Europa mendean hartzea— antzekoa da, baina arrunt diferentea bietarik bakoitzaren balioa eta pisua historian: “Berehala gerlari handi agertuz, gero gerlaz bertze askotako ere nor nahi bezen on zela” erakutsi zuen Napoleonek; “bere jitez zen Napoleon gizon Handi; Guillaume aitaren eta aitattoren seme delakotz da leher egiterainoko urguluntzi bat bilhakatua”. Propagandaz ere aritzen zaigu Jean Etxepare, Alemanak hurbiletik sailean. Alemanen ahotik ikasiko ditugu etsaiaren balentriak Belgikan, baina bakar batek ere ez ditu berek egindako azpijokoak eta itsuskeriak aipatuko. Belgikako erresistentziari egiten dio gorazarre Eskualduna-k, horrek mantsotu baitu alemanen aurrerakada. Eta Espainiara ihes egindako pilotariez (“«desertor» solas hoik etzaiku laket”) mintzo bazaigu Eskualduna, euskal pilotari baten ausardia aipatu du Kirikiñok, Nieuwpoort eta Diksmuide (Nieuport-Dixmunde) inguruko batailaren berri ematen duelarik.

Aza 04 14

Tomas Meaberen 14 alegia

Tomas Meaberen alegien hautaketa bat dugu Hamalau alegia (Kriselu, 1968), Gabriel Arestik egina eta euskaratua ez ezik, baita editatua ere liburu berezi eta apainean euskaraz, gaztelaniaz, galegoz eta katalanez, Arestiren beraren “Espainiarra izateko behar dira jakin Espainiaren lau hizkuntzak” hura konplitzeko, agidanez. Badute antzik, Meabek eta Arestik: bilbotarrak, abertzaletasunean haziak eta sartuak, sozialismoak erakarriak, gazterik hilak… Biek ala biek, ideologiaren aginduz baino, bihotzak eta barrenak agindutakoak eginez paratu ziren beti gizonaren alde. Alegiotan ezagutuko ditugu piztia gaiztoak eta piztia onak, noski. Baina batez ere militaristak eta aberats okituak ezagutuko ditugu, gizakia zapaltzen duten indar ilun horiek. Eta pobreak, eta langile xumeak, eta ume dohakabekoak. Gure eskoletan derrigorrezko irakurketa izan behar lukeen liburua, ederra bezain menostua.

Aza 03 14

100 urte Georg Trakl hil zela

Kokaina gaindosi batek eraman zuen, 1914ko azaroaren 3an, Georg Trakl poeta alemana. XIX. mende amaiera eta XX. mende hastapenean Austria-Hungariako inperioan bizi izan zen loraldi kulturalaren partaide izan zen, eta baita inperio haren gainbeheraren testigu ere, eta tarte historiko horretan, alemaniar erromantizismoaren eta espresionismoaren arteko katebegia da. Beñat Sarasolak dioskunez, Alemanian modernismoari ateak irekitzen dizkion poeta. Izadiaren zabala bere obran agertzen duena, maiz istanten bitartez emana, halako tristezia batek blaituta. Munduko Poesia Kaierak bilduman argitaratu du Susa argitaletxeak, Anton Garikanok euskaratuta, Georg Traklen poemen antologia bat,  osorik irakur dezakezuna. Antologiaren sarreran ematen dizkigu autoreari buruzko zertzelada zehatzak Sarasolak, batzuen ustez XIX. mendeko erregimen zahar eta XX.eko berriaren arteko benetako muga den 1914ko gerlaren hasieran hil zena.

Urr 30 14

Gerla Handia:
Zuek gure adixkideago

Horra hor paradoxa Eskualduna-rentzat Espainia aldean, fededun gehienak Alemaniaren alde eta fedearen kontrakoak Frantzia sustengatzeko prest. Gogoeta mamitsua dakarkigu aste honetako kazetak, berriz ere karlisten jokabidea hartzen du hizpide, kazetariaren iritziz euskaldun horiek oro tronpaturik dira alemanen alde.

Urr 29 14

Su zelaiak, krimen itzela

Mikel Peruarena Ansak bigarren nobela aurkeztuko du urriaren 30ean: Su zelaiak, sarean osorik eskaintzen dizugun hauxe. Inoiz izandako gerrarik handi eta odoltsuena izan zen Lehen Mundu Gerra, 60 milioi pertsonaren mobilizazioarekin eta teknologia militar berrienarekin. Baionako Infanteriako 49. Erreximenduaren ibilerak aletuz, krudelkeria neurririk gabeko haren kontakizun gordina dakar nobelak. Soldadu saldoa duzu protagonista, infernuko zelaietan sarraski kolektibo batean kiskalia. Bataila eta triskantza haietan Euskal Herriko 6.000 lagun hil ziren, eta beste milaka batzuk era lazgarrian hondatu: itsu, maingu, herren, zoro. Belaunaldi oso bat sakrifikatu zen.

Urr 23 14

Gerla Handia: Beraz eskualduna, ke karanba!

Frantzia eta Espainia aldeko eskualdunak ez omen dira beti bat. Gogoeta luze eta mamitsua dakarkigu Eskualduna-k, lurraldearen txikitasunaz jarduten du, eta azkenik bildotsak otsoen hazkurri direla ondorioztatu. Kazetak bi bandoen gerrako tresnak alderatzeari ekiten dio, ez da hau aste honetan leitu dezakegun alderaketa bakarra, Jean Etxepareren kronikan alemaniar eta frantziarren jantziak aletzean batzuen zein besteen abantailak eta desabantailak zerrendatzen ditu. Nor norekin sailean, munduko hainbat herrialdeen gerrarekiko jokaeraz mintzo zaigu. Frantsesek badituzte adixkide eta laguntzaileak baina badituzte etsaiak ere, eta era berean gerra muturra sartu nahi ez dutenak izan badira. Azterketa honetan, aliatuez gain, Japonia, Turkia, Italia, Espainia, Suitza, Norvegia, Suedia, Holanda, eta Kanada aberrien jokabidea aipatzen ditu. Aitortza baten kontatzean kazetariak ez du egokierarik alferrik galtzen uzten apaizen jarduna goraipatzeko. Bestalde, Milafranga, Mendiondo, Lekunberri, Isturitze eta Bastida herrietako kolpatu eta hildakoen berri ematen digu, horiek ditugu ondorioak baina gerraren jardun bortitzaz arrunt berri gutxi bai Eskualduna-n bai Euzkadi-n.

Urr 22 14

Martin Iturbe Balda,
literatur sarien amarruan

Martin Iturbe Baldaren Bizitzako urratsetan (CAP, 1973) eta Asekaitz (CAP, 1974) poema bildumak, oro har eta bereziki poesia sailean Irun Sariak hamarraldi horretan izan zirenaren eredua izan litezke: topikoen zakua, arrunkeriaren biltegia. Gizon izatearen gurutzea, kezkaren kezka, ilunpean argirik ez… Planteamendu xaloak, garapen xaloak, ideia xaloak. Modernitate kutsu edo sarien oinarrietan ezarritako lerro kopurua betetze aldeko amarru, hitz batek, bik edo hiruk osatzen dituzte lerroak, zutabe-poemak sortuz. Horrek ere zirriborro efektua egiten du. Urteak behar izan zituzten Irun sariek, egia esan, idazle idazleagoen estimua jaso arte. Argitaletxe batek eskaini zion Kutxari sarituak argitaratzea prestigioa eta zabalkundea azkartzearren, baina Kutxak jarraitu du, egundaino, argitalpenak egiten.

Urr 16 14

Gerla Handia:
Gerra urte, negar urte

Gerra gaztigu gisa, denok omen gara hobendun Jainkoaren aldean, hori biltzen du aste honetako Eskualduna-ren lehen predikuak. Jarraian logistika kontuak aipatzean burdinbidearen garrantzia azpimarratzen du, trena ezinbestekoa baita gerran ari direnak asetzeko eta horiek armaz hornitzeko. Badu txungurretik Jean Elizalde Zerbitzari apaizaren kronikak, “Kazeta egileak eta gerlariak ez dituzte naski gauzak begi beraz ikusten”, lehen predikuaren aldean tonu belizista begi-bistakoa da lubakietan den apezaren kronikan. Bestalde gizonak gerran ari diren bitartean, geratzen diren laborariek elkarri laguntzen diote eta mozkinak ez dira sobera urritu, hori bai, laborantzako tresna gutxiago saltzen dira. Oso berri gutxi gerraren inguruan, ezin jakin nor ari den nagusitzen.

Urr 15 14

Dickinson, Drummond de Andrade eta Hernandez

Munduko Poesia Kaierak bildumak kalean du bigarren emaria: Emily Dickinson, Carlos Drummond de Andrade eta Miguel Hernandez. Beñat Sarasolaren zuzendaritzapean, hauek izan dira antologia horien paratzaile eta itzultzaile, hurrenez hurren: Angel Erro, Koldo Izagirre eta Josu Landa. Kaier horien aurkezpen errezitaldia bihar izango da, Egiako (Donostia) Bukowski tabernan, 19:00etan.

Urr 09 14

Gerla Handia: Sekretu gaitza, zentsuraren gorazarrea

Arma bat nagusitu da gerra honetan, zentsura da arma berri hori. Aski kronika laburra dakar aste honetako Eskualduna-k, eta ia osoki pentsaren kontrola hartzen du hizpide. Kazetariak gogora ekartzen du 1870eko gerran informazioarekin gertaturikoa, berri oro, datu oro hedatzen zen prusiarren kontrako gerran, eta ohartarazten digunez maiz informazioa traidoreek zabaldua zen, Frantzia saldu zuten horiek, baina egun ez da hori gertatzen ari, egun sekretu gaitza da gobernuak aski ongi kudeatzen duen arma berria. Zentsuraren gorazarrea.

Urr 08 14

Zumeta detektibea,
Gotzon Garateren eskutik

Hitzaurrea egin zion Gotzon Garatek berak Izurri berria (Bilbo Aurrezki Kutxa, 1982) nobelari. Nobela beltza baita, genero honek gurean izan dituen aitzindariak gogora ekarri (Loidi, Izeta, Peillen, Gereño) eta historia labur baterako ildo nagusiak ezarri nahi izan zituen aipatu autoreen lanez ohartxo batzuk eginda. Nobela beltzaren gorazarrea oroz gain, eredu estatubatuarra proposatuz. Egileak maila bat igo zuen arteko nobelagintza mota hau euskaraz, heroiaren karakterizazioaz —detektibe zurrutero eta gonazalea— eta dialogoen biziaz. Horrelako lanek eskatzen duten jakin beharra eta segidaren irrika egoki taxututa, Izurri berriak ongi antolaturiko egitura ere ekarri zuen. Baina gogorrarena egiten dakien arren, Haitz Zumeta detektibea, bere lagunak bezala, xaloa da funtsean, eta xalotasun honek katramilaren irtenbideak kutsatzen ditu. Ahultasun horrek, tamalez, zuritu egiten du belztasuna.

Urr 03 14

11. Literatura Eskola

Urriaren 25ean (larunbat goizez) Zarautzen abiatuko da 11. Literatura Eskola, Martin Ugalderen literaturari buruz Larraitz Ariznabarretak eskainiko duen hitzaldiarekin: “Deserriaren kartografia”. Hurrengo hilabeteetan aztergai izango dituzte: euskal literatur kritika (azaroan Larrabetzun), Virginia Woolf (abenduan Iruñean), Ulyssesen itzulpenak (urtarrilean Bilbon), Piarres Larzabalen antzerkia (otsailean Donostian), Xabier Amurizaren lanak (martxoan Durangon), komikiaren literatura (apirilean Hendaian) eta poesia feminismotik irakurria (maiatzean Gasteizen). Hizlari izango dira: Ibon Egaña, Ana Morales, Itziar Diez de Ultzurrun, Xabier Olarra, Ixabel Etxeberria, Andoni Egaña, Asisko Urmeneta eta Kattalin Miner. Izena emateko: eskola@literaturaeskola.org

Urr 02 14

Gerla Handia:
Zenbat apaiz hil!

Elizaren defentsa sutsua egiten du Eskualduna-k eta bide horretan Frantzian frantses izeneko Alemaniako alemanak baino alemanagoak diren anitz badirela salatu. Euskal apaizen eginak azpimarratzen ditu kazetak, kronikaren erdia baino gehiago gai horri eskaintzen baitio. Bestalde, Ingalaterraren itsas blokeoaren eraginez Alemaniak pairatzen duen jaki eskasia aztertzen du, moltsa laburrari bizitzea mehe. Hil eta kolpatuen berri ematean hona Eskualduna-ren adierazpena: egiazko kuraia ez da soraiokeria; egiazko kuraia zangopean ezarriz aitzina kurritzea da.  Era berean, Baionako Gurutze Gorriak egin eskaera eta Txilen ziren zortzi euskaldun etxetik pasa gabe su zelaietara zuzen joan direla notizia biltzen ditu Baionako kazetak. Gerrari buruzko informazio gutxi aste honetako Euzkadi-n. Kirikiño alemanen atzera-egiteaz mintzo da, triskantza doixtarrentzat, bigarrena omen.

Agenda

Efemerideak

Kritikak