Abe 09 16

Natsume Sosekiren Gizakia

Gaur, 2016ko abenduak 9 dituela, ehun urte betetzen dira Natsume Soseki hil zela. Urte osoa dute Sosekiri eskainia japoniarrek kazetetan, telebistan, museoetan, eta omenaldia ez da aurten amaituko, heldu den urtean ehun eta berrogeita hamar urte izango baitira jaio zela. Soseki, balio literarioaz gain, Japoniak Meiji aldian (1868-1912) bizi izan zuen mendebaldetartzearen sinboloa dugu: 1900ean Europara jo zuen bere ingelesa sakontzeko, eta bertan bizi izan zen bi urteetan, Oxford eta Cambridgen saiatu gabe, irakasle partikular batekin jardun zuen Shakespeare ikasten. Aldi berean, Londres leku exotiko bat egin zitzaion, jende erraldoiz betea, emaztekiek lehoi adardunak ziruditela beren orrazkera eta kapelu bereziekin, lainoa nork bere burua bilatzera behartzen zuen itsumena… Mundu hark indibidualismora lerratu zuen, eta ikuspegi kritiko bat hartu zuen ez Europaz, Japoniaz baizik. Satiragile ingelesak ikertu zituen, Jonathan Swift eta Laurence Sterne bereziki, eta haien lanetan aurkitu zuen haikuak ez ezik, ipuinak eta nobelak idazteko ildoa. Horrela bihurtu zen Japoniako literatura modernoaren idazlerik handienetako bat. Esandakoaren adibide Gizakia izeneko satira eskaintzen dizuegu, frantsesetik ekarria.

Agenda

Efemerideak

Kritikak