Urt 05 17

Robert Antelmeren mendeurrena

Ehun urte bete dira urtarrilaren 5ean “Gizakietan espezie bakarra dago” deklaratu zuen gizakia jaio zela. Begi bistako baieztapena dirudi, baina Buchenwalden, Gandersheimen eta Dachaun jasan zuenaren ondorioa zen Robert Antelmeren esana, eta Primo Leviren  Hau gizon bat bada (Alberdania, 2001) lanaren mailan kokatu beharreko lekukotzaz haratagoko hausnarketan frogatu zuen (L’espèce humaine, 1947). “SSkoek erakutsi nahi izan dute espezie goren batekoak direla, eta hori frogatu beharrez erakutsi  dute borreroak zein biktimak espezie batekoak garela”. Egia jasanezin honek agerian uzten du deportatuaren helburua: krimenaren berri ematearren bizirautea ez baina bizitzea, botereak hala erabakitako bizitza “heriotzaren aurka zuhurki borrokatuz”. Horrela da gizakia gizaki. Robert Antelmek erresistentzian jardun zuen, baja eman zuen PCFn 1950ean Sobiet Batasuneko gulag sistema ezin onartuz, intsumisioaren eskubidea aldarrikatu zuen Aljeriako gerran 1960an, De Gaulleren aurka eta manifestarien alde agertu zen 1968an. Nobelagintzarako proiektu batzuk zeuzkan arren nahiago izan zuen liburu bakarreko egile iraun. Suntsimendu eremuetako errealitatea profanatzea iruditu zitzaion fikzioa baliatzea. Gizakiaren espeziea izendatu dugun liburu bakan, sakon eta durduzagarri horren zati bat euskaratu dugu idazle izugarri bezain diskretu honen omenez.

Agenda

Efemerideak

Kritikak