Aza 28 02

Hamlet duela 50 urte

1952ko azaroaren 25ean argitaratu zuen Ekin argitaletxeak Buenos Airesen William Shakespeareren “Hamlet”, Bingen Ametzagak euskaratua. Hitzaurreak salatzen digu Montevideon 1951ko abenduaren 3an, Euskararen Egunean itzulpena amaitutzat eman zuela. Hamleten argitalpenaren 50. urteurrenaren karietara, Bingen Ametzagaren itzulpen harekin batera eskaintzen dizkizugu Shakespeareren Macbeth, Lear Errege eta Ekatxa antzezlanak ere, Bedita Larrakoetxeak euskaratu eta Euzko Gogoa aldizkariak plazaratuak. Eta bide batez, zenbait soneto ere bai: Gabriel Arestik, Santi Onaindiak eta Juan San Martinek itzuliak. Bestalde, “Hamlet”eko pasarteak irakurriko dituzu Puerto de Santa Maria kartzelan idatzitako Intxaur azal baten barruan testuan (1983an argitaratua). William Shakespeare gurera noiz eta nola ekarri izan den argituko dizu Mikel Elorzaren artikuluak.

Aza 21 02

Baietz astea gaizki bukatu

Koldo Izagirrek eta Ramon Saizarbitoriak Prentsa herriaren harma (omen) izenburua eman zioten 1977ko azaroaren 20ko Baietz astea gaizki bukatu saileko artikuluari (Kepa Enbeitak Eibarren kantatutako bertsoak amaieran). Zeruko Argia aldizkariak Amnistiaren Aldeko Batzordeei buruz jardun zuen azalean eta erreportaian; barruan: Jose Luis Zumetaren marrazki bat, Joseba Sarrionandiaren artikulua Eisenstein eta Jancso zinemagileez; eta kontrazalean Eduardo Txillidaren argazkia eta eskuizkribua: “Adarrak zuek, erroak gu”.

Aza 21 02

Deserriko karrikak

Mikel Ibargurenek Deserriko karrikak bere bigarren poema liburua aurkeztu zuen azaroaren 20ko arratsaldean Baionako Mattin liburudendan egindako errezitaldian. Egilearekin batera Jon Benito idazleak parte hartu zuen. Ibargurenek 1996an argitaratu zuen lehen poema liburua: Hemen gauak lau ertz ditu, hura ere Susa argitaletxearekin.

Aza 21 02

XXI. mendeko idazle berriak

Euskal Idazleen Elkarteak “XXI. mendeko idazle berriak” izeneko erakusketa paratu du Deustuko Bidarte Kultur Etxean. 1969. urtetik hona jaiotako idazleen lanak, argazkiak eta ahotsa ikusi, irakurri eta entzun ahalko ditu bertaratzen denak. Erakusketa ibiltaria izango da, eta abenduaren 2ra arte izango da Deustuan; ostean Durangora eramango dute, Liburu Azokaren egunetan. Erakusketa honen aurkezpen publikoa azaroaren 27an (asteazkena) 19:00etan izango da, poesia eta prosa irakurtaldia egingo du zenbait idazlek: Lutxo Egia, Igor Estankona, Jon Benito, Aritz Gorrotxategi, Castillo Suarez… Asier Serranok gitarraz lagunduta.

Aza 21 02

Maiatz-en literatur solasaldiak

Hiru ekitaldi izango dituzte aurten Maiatz literatur elkarteak antolatutako solasaldiek. Azaroaren 25ean (astelehena) 19:30etan Senpereko Oxkitenian aurkeztuko ditu Hatsa elkarteak berriki argitaratutako liburuak: Bego Sestaoren “Gaztetxe Zizurkil”, Joakin Balentziaren “Egunkari ezkutua” eta Auxtin Zamoraren “Trapuetan haizea”. Azaroaren 26an (asteartea) 19:30etan Baionako Triki ostatuan (Kordelieren karrikan) Itxaro Bordaren poema liburua aurkeztuko du Maiatz argitaletxeak: “Hautsak errautsa bezain / Tant la cendre que la poussière”. Azaroaren 27an (asteazkena) 19:30etan Baionako Triki ostatuan Bernard Lesfargues poeta okzitaniarraren inguruko arratsa izango da.

Aza 14 02

Tarzan Tarzandegian

Baietz astea gaizki bukatu saileko Izagirre eta Saizarbitoriaren 1977ko azaroaren 13ko artikuluak Tarzan Tarzandegian izan zuen izenburua. Zeruko Argia aldizkariaren zenbaki hartan agertu ziren baita ere: Manuel Maria idazlearekin elkarrizketa, Lluis Llach eta Mikel Laboak emandako kontzertuaz Xabier Leteren artikulua, Joseba Sarrionandiaren artikulua (“Pasolini azaroan hil zuten”), eta Ramon Agirreren komiki bat.

Aza 14 02

Joseba Sarrionandiaren narrazio berriak

Nabarra aldizkariaren azaroko aleak (20. zenbakiak) Joseba Sarrionandiaren narrazio bat argitaratu du. “Ich bedauere sehr. Kann ich ihnen behilflich sein?” du izenburua, eta honelaxe hasten da: “Alemanian zegoen preso, eta 2001 urteko udazkena zen“. Hilero Sarrionandiaren narrazio berri bat plazaratuko du Nabarra aldizkariak.

Aza 14 02

Paul Eluard hil zela 50 urte

1952ko azaroaren 18an hil zen Paul Éluard. Idazle frantsesaren heriotzaren 50. urteurrenaren karietara Koldok Izagirrek euskaraturik, Éluarden hamar poema eskaintzen dizkizugu. Eta Susa aldizkariaren 20. zenbakitik hona aldatu dugu baita ere “Gernikaren garaitza” poema (Mikel Antzak 1987an itzulia).

Aza 07 02

Kriselu sortu zela 35 urte

1967ko azaroaren 8an Euskal Harria poema liburuarekin abiatu zuen Gabriel Arestik Kriselu bilduma. Aldez aurretik Zentsurak liburu erdia moztu zion, Itxaropena argitaletxeak ez zuen inprimatu nahi izan, eta azkenean editore bilakatuko zela erabaki zuen idazleak. Urte eta erdi geroago Kriselu eta Lur argitaletxeek bat egin zuten, Gabriel Arestiri halaxe proposatuta Urnietako taberna batean Rikardo Arregik, Ramon Saizarbitoriak, Ibon Sarasolak, Biktor Suinagak eta Enrike Villarrek. Adoste hark pasadizoa ekarri zuen: Arestiri Suinagaren autoa oparituko zioten, Arestik inprimatu berri zuen Txillardegiren “Elsa Scheelen” nobelaren edizioaren truke; eta 1969ko uztailaren 19an, autoa Bilbora eramatera zihoazela, Mendaron istripua izanda bizia galdu zuen Rikardo Arregik. Kriselu bildumari zor dizkiogu, besteak beste, liburu hauek ere: Ramon Saizarbitoriaren “Egunero hasten delako”, Ibon Sarasolaren “Poemagintza”, Anjel Lertxundiren “Hunik arrats artean”, Jon Miranderen “Haur besoetakoa”, Gabriel Arestiren “Harrizko herri hau”.

Aza 07 02

Oteizak txorradak esateko makinie inbentau

1977ko azaroaren 6ko Baietz astea gaizki bukatu saileko artikuluak bi zati izan zituen: Catalunya for you II eta Oteizak txorradak esateko makinie inbentau. Zeruko Argia aldizkariaren azala eta editoriala: langabeziaz. Barruan: ETArekin elkarrizketa, Joxe Mari Aranalderen artikulua Xalbadorren heriotzaren urteurrenean, Durangoko Azokaz J.S.k, Joseba Sarrionandiaren elkarrizketa Alfonso Sastreri, Eduardo Txillidaren irudi bat. Datorren asteko artikulua: “Tarzan Tarzandegian”.

Aza 07 02

Victor Hugo Euskal Herrian gaindi

Koldo Izagirrek, Victor Hugoren bidaietako oharretan eta idazkietan zein amoranteari igorritako gutunetan arakatu ondoren, Idi orgaren karranka (Euskal Herrian gaindi, 1843) liburua apailatu eta euskaraz eman du estilo kriket batez. Victor Hugoren jaiotzaren mendeurrena 2002ko otsailean izan zela estakuru, Elkar argitaletxeak aurkeztu berri du liburua, Joxe Azurmendiren hitzaurre batekin. Hemen eskaintzen dizkizugu liburuko kroniketatik sei.

Urr 31 02

Baietz astea gaizki bukatu

Zer egingo diogu ba izenburuz agertu zen 1977ko urriaren 30eko Baietz astea gaizki bukatu saileko artikulua, Koldo Izagirrek eta Ramon Saizarbitoriak sinatua. Zeruko Argia aldizkariaren azala eta editoriala: “Espainia-Alemania demokrazia antiterroristaruntz?”. Barruan: Xabier Amurizak Xalbadorri eskainitako bertsoak, Mariasun Landaren artikulu bat eta Iparragirre atzerritik itzuli mendeurrenean erreportaia. Datorren asteko artikulua: “Oteizak txorradak esateko makinie inbentau”.

Urr 31 02

250 liburu kritika

2002ko urtarriletik egundaino prentsa idatzian agertutako 250 liburu kritika batu ditu Susa argitaletxearen webguneak kritika-hemeroteka sailean, helduen literatura alorreko ahalik eta gehienak jasotze aldera. Astero-astero berritzen dugun hemeroteka duzu. 2001ean argitaratutakoak ere kontsulta ditzakezu (258 kritika). Denera berrehun liburu baino gehiagori buruzko iruzkinak dauzkazu. Biltzea ahantzi dugunik eskura baduzu, susanews@armiarma.eus helbidera igorri eta ahalik eta lasterren paratuko dugu.

Urr 31 02

Jon Miranderen 24 poema faksimilean

Adiskide batek eskatu deraut ene euskal olerki aldizkarietan han-hemenka argitarazi edo orain arteo argitarazi gabekoetan aukera egin eta neure usteko hoberenak bilduman eman ditzadan“; horiek izan ziren Jon Miranderen hitzaurreko lehen hitzak 24 poema izeneko libururako, 1953an. Hutsean gelditu zen asmoa. Hogeita hamar urte geroago, Frantzisko Miangolarrak Xabier Olarrari utzi zion bilduma hura, eta honen bitartez sarera ekarri ditugu orain faksimilean: 24 poema eta “Behiak” ipuina, hitzaurrearekin batera. Xabier Olarrak sarrera argigarria idatzi du argitalpen honetarako.
Bide batez, Jon Miranderi Andima Ibiñagabeitiak 1953ko otsailean Parisen egindako elkarrizketa irakurtzea aholkatzen dizugu (Olerkariarenean, Gernika aldizkariaren 23. zenbakian plazaratua), han ezagutarazi baitzen lehenengoz liburu asmo hura. Miranderen gutunak liburuan ere badira zenbait aipamen.

Urr 24 02

Auzolan liburudendak 25 urte

Txema Aranaz, Mari Kruz Azpeitia, Jose Agustin Iturri, Josu Mujika, Jabier Zenikazelaia eta Rosa Zufiak 1977ko urriaren 27an zabaldu zuten Auzolan liburudenda Iruñean, San Gregorio kaleko 3. zenbakian. Auzolan liburudenda idazle eta literatuzaleen biltxokoa bilakatu zen laster, eta Auzolanen babesari esker sortu ziren Pamiela aldizkaria 1983an eta Korrok aldizkaria 1984an, gure literaturarentzat ikur ezagunak.

Agenda

Efemerideak

Kritikak