Abe 26 02

Eguberri Amarauna, 1982an Puertotik

Duela 20 urteko eguberrietan idatzitako Eguberri Amarauna poema liburua dakargu aste honetan. Liburuko aitzin solasean esaten zaigunez, Puerto de Santa María espetxean zeuden presoek 1982 eta 1983 arteko eguberrietan eginikoak dira bertako poemak, eta handik hilabete batzuetara argitara eman zituzten Amnistiaren Aldeko Batzordeek, jadanik Shakespeare gurean gunean sareratutako Intxaur azal baten barruan lanarekin batera.

Abe 19 02

Berriz ere

1977ko abenduaren 18ko Baietz astea gaizki bukatu saileko artikuluak Berriz ere izan zuen izenburua. Zeruko Argia aldizkariaren azala eta editoriala: Fran Aldasororen askapenaz. Barruan beste zenbait eduki: “Ipurbeltz” aldizkariaren lehen alea plazara, Juan Luis Goenagaren erakusketa, Joseba Sarrionandiak Xabier Gereñoren nobela bati egindako kritika, Itxaro Bordaren bertsoak Xabier Leteri. Hurrengo asteko artikulua: “Parlamentariek ez omen dute aurreautonomiarik lortu”.

Abe 19 02

Beterriko Liburua sarean

Beterriko Liburua ekimenak eta aldizkariak webgunea dute, Larramendi Bazkunak sortua. Beterriko Liburua aldizkarian 1999eko udazkenetik hona plazaratutako eduki nagusiak irakurriko dituzu; adibidez: idazleekin elkarrizketak (Iturbe, Elexpuru, Oñederra, Iturralde, Zabala, Izagirre Saizarbitoria, Mintegi, Elorriaga, Rozas, Uribe, Etxeberria, Landa, Igerabide, Sastre), eta baita ere idazleak beren liburuei buruz jardunean (Txillardegi, Ugalde, Irigoien, Urretabizkaia, Lertxundi, Igerabide, Artze). Beterriko Liburua Literatur Aipamenei buruzko xehetasunek eta kronikek leku zabala hartu dute webgunean.

Abe 19 02

Agustin Anabitarteren Donostia

Agustin Anabitartek duela 70 urte argitaratu zen Donostia nobela. Euskaltzaindiak antolatutako Schuchardt Saria irabazi eta Euskera aldizkarian agertu zen zatika lehenik, eta Editorial Vasca etxearen eskutik liburuan 1932an. XIX. mende amaierako Donostia nolakoa zen azaltzea izan zuen helburu Anabitartek. Idazleari eta bere obrari buruzko zenbait xehetasun lagungarrirekin, Donostia eleberria eskaintzen dizugu osorik sarean.

Abe 12 02

Baietz astea

1977ko abenduaren 11ko Baietz astea gaizki bukatu saileko artikuluak Baietz astea izan zuen izenburua, non Koldo Izagirrek eta Ramon Saizarbitoriak aitortu zuten: “Pues bai, gu futbolzale amorratuak gara”. Zeruko Argia aldizkariaren azalak honela zioen: “Emakumeak burrukan”, gerra garaiko emakume anarkistez. Barruan beste eduki batzuk: Antton Olariagaren Hormasprayko, Ibon Sarasolaren “Hitz bitan” saileko lehen artikulua, Jon Sendagortaren “Artea eta anarkismoa” artikulua.

Abe 12 02

Putz eta Ostiela! berriak

Putz aldizkariak 18. zernbakia argitaratu du: “Komunzuloko kontuak” izenburupean, egoki ilustratutako monografikoa dakar. Eta gainera, Putz aldizkariaren Apokaliftin elkarteak, Eneko Barberenaren “Igogailuak, Dow Jones eta beste droga batzuk” lehen ipuin liburua argitaratu berri du (21 narrazioz). Bestalde, Ostiela! aldizkariaren 27-28 zenbaki bikoitza agertu da; “Etxebizitza: espekulazioaren egoera, okupazioaren aukera” monografia dakar. Eta gainera, egundaino argitaratutako aleetako zenbait eduki jaso dituzte cd batean.

Abe 12 02

Igela argitaletxearen webgunea

Igela argitaletxeak ia 50 liburu argitara emanak ditu 1988ko apirilaren 14an sortuz geroztik. Webgune berria dauka, Patxi Uhartek atondua: katalogo osoaz gainera, liburu batzuen irakurketa gidak eskaintzen ditu, idazle hauenak: Machado de Assis, Stevenson, Chandler, James M. Cain, Scott Fitzgerald, Jim Thompson, Chester Himes, Henry James, Jack London eta Dashiel Hammett.

Abe 12 02

Txistu y tamboliñ… eta dietan jarrai

Zenbaki berria argitaratu du Txistu y Tamboliñ aldizkariak Interneten, Txistu y Tamboliñ… eta dietan jarrai izenburuarekin. Bost ipuin, poemak, itzulpen labur ugari, bidai-kronika… eta editoriala, honelaxe hasten dena: “Euskal Bonba Atomikoa egiteko, materiaren funtsera joan behar dugu. Eta zer daukagu?“.

Abe 12 02

Oscar Wilderen Ipuñak duela 75 urte

1927ko abenduaren 15ean Oscar Wilderen Ipuñak liburua argitaratu zuen Verdes-Atxirika etxeak Bilbon, Joseba Altunak euskaratua eta Ander Jauregibeitiaren irudiez apaindua. Liburuko hitzaurreak argitzen digu itzulpena 1927ko martxoan amaitu zuela Altunak. Duela 75 urte plazaratutako bilduman sei ipuin dituzu irakurgai, orain sarean berrargitaraturik eskaintzen dizkizugunak. Joseba Altuna Aldasorok (Bilbo, 1888-1971) Oscar Wilderen ipuinak ez ezik, Esoporenak, Grimm anaienak, Juan Iturralde Suitenak eta Afanasievenak euskaratu zituen, eta baita ere Manu Sotaren zenbait antzezlan.

Abe 05 02

Universitas Deustensi Ecclesiae

1977ko abenduaren 4ko Baietz astea gaizki bukatu saileko artikuluak Universitas Deustensis Ecclesiae izan zuen izenburua. Zeruko Argia aldizkariaren azalean “Homosexual eta beste zokoratuak” lema, eta gaiari buruzko editoriala eta erreportaia. Barruan beste eduki batzuk: Ibon Sarasolak iragarri zuen “Euskal jardunak” artikulu saila abiaraziko zuela; Jon Sendagortak Jose Julian Bakedanoren “Bost” filmari buruz idatzi zuen. Datorren asteko artikulua: “Baietz astea”.

Abe 05 02

Idazleak Susaren standean

Durangoko Azokan Susa argitaletxeak lau stand paratu ditu (Kalebarria 41-44), horietatik bat osorik XX. Mendeko Poesia Kaierak bildumari eskainia, 40 antologiekin. Bestalde, idazle hauek izango dira Susan: abenduaren 4an Pablo Sastre (Leuropa) eta Josu Landa (Odolbildua); abenduaren 6an Lutxo Egia (Paperezko hegazkinak), Jon Benito (Aingurak erreketan), Iñigo Aranbarri, Josu Landa, eta Jose Luis Otamendi; abenduaren 7an Igor Estankona (Tundra), Xabier Mendiguren (16 ipuin amodiozko), Kirmen Uribe (Bitartean heldu eskutik), Josu Landa, Jon Benito eta Iñigo Aranbarri.

Abe 05 02

Sarrionandiaren Inude judua

Nabarra aldizkariaren abenduko aleak (21. zenbakiak) Joseba Sarrionandiaren “Inude judua” narrazioa plazaratu du. Frai Diego frantziskotarra dauka protagonista, antzinako Lizarran. Nabarra aldizkariak azaroan ekin zion Sarrionandiaren narrazio berriak argitaratzeari, eta hilero agertuko du bat.

Aza 28 02

Baietz astea gaizki bukatu

Hi haiz gizarajoa hi, oraindik bigarren 20-N besterik ez, eta igandean tokatu behar, 1977ko azaroaren 27ko Baietz astea gaizki bukatu saileko artikuluari hasiera eman zion lehen lerroa duzu. Koldo Izagirre eta Ramon Saizarbitoriaren asteroko kolaborazioak bost atal ageri zituen, baina izenbururik ez. Zeruko Argia aldizkariaren barruan hauek ere azaldu ziren: Jesus Maria Leizaola lehendakariarekin elkarrizketa; Joxemari Alemanek egindako irudi bat; Itxaro Bordaren bertsoak; eta kontrazalean Josemari Arizmendiarretaren argazkia eta eskuizkribua: “Lanagaz alkartasunean zabalduko ta narokituko degu gure lurralde estu ta gizagarria danontzako“. Datorren asteko artikulua: “Universitas Deustensis Ecclesiae”.

Aza 28 02

Ataramiñe literatur aldizkaria

Euskal errepresaliatu politikoen literatur koadernoak izango dira “Ataramiñe” agerkariak. Lehendabiziko zenbakia abenduaren 2an (astelehena) 19:30etan aurkeztuko dute Bilboko La Bolsa etxean. Liburu eitea hartu du lehen “Ataramiñe”k, poema eta narrazioekin. Idazle hauen lanak irakurriko dituzu: Mikel Ayllon, Iñaki Ojeda, Jon Mirena San Pedro, Zorion Zamakola, Harriet Iragi, Jokin Urain, Karmen Gisasola, German Urizar, Joseba Arregi, Julen Larrinaga, Josu Ormaetxea, Joseba Garmendia, Idoia Lopez Riaño, Piston Turbinaga, Peru Alvarez, Jon Gaztelumendi, Enrike Letona, Iñaki Gonzalo, Iñaki Rekarte eta Xanti Iparragirre.

Aza 28 02

100 izenburu Literatura Unibertsaleko bilduman

Juan Garziak euskaratu berri duen Shakespeareren “Hamlet” liburuak emango dio Literatura Unibertsaleko bildumari 100. zenbakia. Jai giroan izango da aurkezpena abenduaren 3an (asteartea) Bilboko Euskalduna Jauregian, EIZIEk eta Eusko Jaurlaritzak antolatua, Euskararen Eguna ospatzen dela estakuru.

Agenda

Efemerideak

Kritikak