Urr 24 02

Igor Estankona: Tundra

Tundra du izenburua Igor Estankonaren bigarren poema liburuak (lehenak Anemometroa, 1998an argitaratua). Urriaren 24an (osteguna) aurkeztuko du liburu berria Literatur Jazza jardunaldiko errezitalean: Bilboko Kalderapekon (Perro kalea) arratsaldeko 20:15etan. Gitarraz lagunduko dio Borja Estankonak.

Urr 24 02

Isiltzea hobe

1977ko urriaren 23ko Baietz astea gaizki bukatu saileko artikulua Koldo Izagirrek eta Ramon Saizarbitoriak sinatutako laburrena izan zen: Isiltzea hobe (Juanba Berasategiren irudiaz: “Euskal indar biziak negoziaketan”). Zeruko Argia aldizkariaren azala eta editoriala: amnistiari buruzkoa, eta baita ere barruan Antton Olariagaren Hormasprayko; gainera: Joseba Sarrionandiaren artikulua “Galaxietako gerra inperialista” izenburuarekin; eta azken orduko albistea: “Agur Baader-Meinhof”.

Urr 24 02

%100 basque osorik sarean

Iaz Susak argitaratutako Itxaro Bordaren %100 basque nobelari eman berri diote Euskadi Saria; orain Interneten ere osorik irakur dezakezu. Liburuari egindako kritikak gorderik dituzu: Pilar Iparragirrek, Ana Urkizak, Felipe Juaristik, Mikel Asurmendik eta Markos Zapiainek idatziak.

Urr 17 02

Literatura nontzeberri gunean

nontzeberri.com urriaren 12 eta 13an ezagutu genuen Elektronikaldian (Donostia-Kursaal), eta ostiral honetan urriaren 18an jarriko dute erabilgarri, Bilboko Kalderapekon goizeko 11:00etan egingo duten aurkezpenarekin batera. Nontzeberri kulturgune zabal eta bizi bat izango da, sei atal nagusi hauekin: literatura, artea, musika, eszena, bertsoak eta ikus-entzunezkoak. Literaturaren atalean aurkituko dituzu: liburu berrien aurkezpenak, albisteak, idazleekin elkarrizketak… Foro bat ere izango da solaserako. Eta Zeuk Sortu atalean zeure lanak argitaratu ahal izango dituzu!

Urr 17 02

Kazetaritzatik literaturara

Euskal Idazleen Elkarteak “Kazetaritzatik literaturara” jardunaldiak antolatu ditu urriaren 21etik 23ra bitartean EHUko Leioako Kazetaritza Fakultatean. Hogeita bi idazle eta kazetari izango dira mahai-inguru eta hitzaldietan.
Durangoko Azokarako Hegats aldizkariaren 31. zenbakia prestatzen ari dira: Arantxa Iturbek Joseba Intxausti elkarrizketatuko du, eta monografikoa Aita Villasanteri buruzkoa izango da. Bestalde, dibulgazio aldizkari berri bat agertuko du Euskal Idazleen Elkarteak, Kalegats izenekoa (20.000 ale banatuko dituzte Azoka egunetan).

Urr 17 02

Bixkaitar traidorearen legea

Bernardo Atxagak sinatu zuen 1977ko urriaren 16ko Baietz astea gaizki bukatu saileko artikulua: Bixkaitar traidorearen legea. Zeruko Argia aldizkari hartan agertu ziren besteak beste: Joseba Sarrionandiaren artikulua langabeziari buruz eta Antton Olariagaren Hormasprayko autonomiaz eta independentziaz; kontrazalean: Koldo Mitxelenaren argazkia eta eskuizkribua: “Hona galdera: ez zer nahi nukeen nik, guk zer behar dugun baizik”. Datorren asteko artikulua: “Isiltzea hobe”.

Urr 17 02

Duela 50 urte Godoten esperoan

Éditions de Minuit argitaletxeko Jerôme Lindon-ek 1952ko urriaren 17an argitaratu zuen Samuel Becketten “En attendant Godot” (bi mila eta bostehun ale), eta 1953ko urtarrilaren 5ean jokatu zen estreinakoz Montparnasseko Babylone antzokian (Roger Blin-ek zuzendua). Becketten eskuizkribuko daten arabera, 1948ko urriaren 9an hasi zuen idazketa eta 1949ko urtarrilaren 29an amaitu. Juan Garziak euskaraturik 2001eko apirilean agertu zuen Alberdania argitaletxeak; Godoten esperoan antzezlanaren bi ekitaldietatik lehena hemen duzu irakurgai.
Beckettek idatzitako azken lana elebitan agertu zuen Susa aldizkariaren 25. zenbakiak: Stirrings Still / Azkenburuko bulkadak (1990an Edorta Mataukok eta Kristin Addisek euskaratua).

Urr 10 02

Poesiaren Astea Bilbon

Bidebarrieta kulturguneak Poesiaren Astea antolatu du Bilbon. Ekitaldi hauen barruan kokatzen da “Gabriel Aresti eguna” idazlearen jaiotzaren urteurrenean (urriak 14). Egun horretan bi ekitaldi nagusi izango dira: “Luma zikina” Arestiri buruzko bideoa emango dute liburutegian 19:00etan, eta Kirmen Uriberen Bitartean heldu eskutik poesia errezitaldia 20:00etan. Urriaren 17an Eli Tolaretxipi, Kepa Murua eta Rikardo Arregi Diaz de Herediak poesia errezitala eskainiko dute. Urriaren 19an (larunbata) 12:00etan Juan Ramon Madariagak poemak irakurriko ditu. Urriaren 20an (igandea) 12:00etan Bitoriano Gandiagari gorazarre egingo diote; irakurraldia Igor Estankonak, Andolin Eguzkitzak eta Gontzal Mendibilek egingo dute.

Urr 10 02

Pentsatzea ere ez da gutxi

1977ko urriaren 9ko Baietz astea gaizki bukatu saileko artikulua Koldo Izagirrek eta Ramon Saizarbitoriak sinatu zuten: Pentsatzea ere ez da gutxi. Zeruko Argia aldizkariaren azalak izenburu hauek zekartzan: “Ezker abertzalea debekatua”, “ETAko militarrak eta bereziak elkarturik” eta “Euzko Jaurlaritzak 41 urte”; barruan, besteak beste: Antton Olariagaren irudia unibertsitateaz eta “Donapaleuko ikastola debekaturik” erreportaia. Datorren asteko artikulua: Bernardo Atxagaren “Bixkaitar traidorearen legea”.

Urr 10 02

Beste bost aldizkari kartzelan

Dakigunez, bost aldizkari ezberdin argitaratu izan dira ETAko presoen kartzelaldiaren historian; denak eskuz idatzi, kopiatu eta eginak, eta ezkutuan banatuak. Sorian egin zen lehendabizikoa, “Aga” izenekoa 1979-1980 urteetan (laupabost zenbaki); Puerto de Santa Marían “Intxaurraga”, 1982-1983 urteetan (bizpahiru zenbaki); eta beste hirurak Herrera de la Manchan, 1985ean hasita: “Martxan” (1-moduloan), “Kixmi” (2-moduloan) eta “Halankarri” (3-moduloan). Aldizkari haietako zenbait pasarte irakurgai eman zituen Susa aldizkariaren 23-24 zenbakiak 1989an.

Urr 10 02

Espetxean aldizkaria duela 65 urte

1937ko urriaren 11n agertu zen Espetxean aldizkariaren lehen zenbakia, Santoñako El Dueso kartzelan euskal presoek egina. 1941eko apirila bitartean 11 zenbaki sortu zituzten (4-6-8 orrialdekoak); estreinako bi zenbakiak Santoñan eginak, hurrengo bostak Bilboko Larrinagan, eta azken laurak Burgosen. Ia denak eskuz idatzi eta eginak izan ziren (azken hirurak Burgosko kartzelako inprimategia klandestinoki erabilita). Zenbaki bakoitzak bost bat kopia izaten zituen. Denera 61 artikulu eta poema argitaratu ziren aldizkariotan, 30 euskaraz eta 31 espainolez, izenperik gabeak. Aldizkariaren arduraduna Juan Ajuriagerra izan zen, eta idazleak: Luki Artetxe, Ander Arzelus “Luzear”, Sorazu, Lazkano… Inprimaketa eta kopien egileak: Pepe Verdes, Pio Hernandez, Joxe Mari Correa Goitia, Azkarate… Marrazkiak: Lucarini (eskultorea), Etxebarrieta, Uriarte… 12. zenbakia ere prestatua zuten, baina ez zuten burutu; testu haiek Verdes sendiak gorde zituen. Espetxean aldizkarien faksimilea Sabino Arana Fundazioak argitaratu zuen 1992an, eta ahituta dago edizioa. Iturria: Arantza Arzamendi (Espetxean 1937-1942 erakusketako liburutik, 1998).

Urr 08 02

XX. Mendeko Poesia Kaierak: 40 idazle, 40 antologia, 4 hitzaldi

Gure literaturaren aurrerapauso guztiak poesiak markatu zituen joan den mendean. Orixe, Lizardi, Lauaxeta, Mirande, Aresti gabe, esaterako, ezin konpreni liteke gure historia. Koldo Izagirrek apailatutako XX. Mendeko Poesia Kaierak bildumak, 40 poetaren antologia labur bana argitaratuta, 1.119 poema ekarri ditu: aldizkarietatik, ahitutako liburuetatik eta gaur egungoetatik.
2000ko ekainean abiatutako poesia bilduma 2002ko urrian amaiturik geratu da, lau agerralditan plazaratu ondoren. Agerraldi bakoitzean Koldo Izagirrek egindako aurkezpen hitzaldiak Interneten dauzkazu: Gure poeten piztiak (2002-10-04), Uraren bideak (2001-06-15), Gure poeten malkoa (2000-11-24) eta Errealitatearen arbola (2000-06-30).
Poeten gorazarre izan nahiko luke XX. Mendeko Poesia Kaierak bildumak, baina batez ere irakurleen zerbitzu. Gerraurreko klasikoak bezala, mende amaierako joera eta estilo aniztasuna jaso dituzte 40 kaierek. Idazle bakoitzari sarrera egin dio Koldo Izagirrek, bibliografia poetikoak eta diskografiak eman ditu; xehetasunok, liburuetan ez ezik, Susa argitaletxearen webgunean ere badituzu orain, zenbait poemarekin batera (batzuk errezitaturik entzungai).

Urr 03 02

EIZIEko ohorezko bazkide berriak

Jose Agirre “Joxe Alkiza”, Patxi Altuna, Jose Luis Alvarez Enparantza “Txillardegi”, Dionisio Amundarain, Pierre Andiazabal, Agustin Apaolaza, Juan Apezetxea, Jose Luis Aperribai, Joxe Mari Aranalde, Jose Arregi, Jesus Mari Arrieta, Mikel Atxaga, Iñaki Beristain, Lukas Dorronsoro, Karmelo Etxenagusia, Eustasio Etxezarreta, Hiazinto Fernandorena, Felipe de Fuenterrabia, Juan Bizente Gallastegi, Jose Antonio Gandarias, Xalbador Garmendia, Martzelo Gaztañaga, Ramon Irizar, Emile Larre, Andoni Lekuona, Juan Mari Lekuona, Iñaki Mendiguren, Periko Nuñez, Frantzisko Olariaga, Jose Mari Otamendi, Txomin Peillen, Jose Mari Regillaga, Jose Mari Rementeria, Basilio Sarobe, Jose Mari Satrustegi, Enrike Zabala, Jabier Zubizarreta, Lorentzo Zugazaga eta Jose Luis Zurutuza ohorezko bazkide izendatuko ditu EIZIEk urriaren 4an Donostiako Miramar jauregian, eta ohorezko bazkideen lanekin “Itzulpen Antologia-3” liburua aurkeztuko dute. EIZIEk literatur itzulpengintzaren inguruko jardunaldiak antolatu ditu urriaren 2tik 4ra, Conseil Européen des Associations de Traducteurs Littéraires (CEATL) delakoak urriaren 4an eta 5ean Donostian egingo duen biltzar nagusiarekin bat.
Gainera, Senez aldizkariaren 24. zenbakia ere oraintxe argitaratu berri du EIZIEk.

Urr 03 02

Irakurleen kluba Gasteizen

Geu elkarteak irakurle klub bat abiarazi du Gasteizen, hilero liburu baten inguruan solasean aritzeko asmoz. Lehen bi ekitaldiak Hikaateneoan izango dira (Pintoreria kalea 13) arratsaldeko 20:00etan; urriaren 9an Hasier Etxeberriaren “Bost idazle berbetan” (argitaldaria: Alberdania) izango dute mintzagai, eta urriaren 30ean Natalia Ginzburgen “Hirira doan bidea” (argitaldaria: Igela). Doanekoa izango da beti sarrera, baina ezinbestekoa liburuak irakurrita joatea. Moderatzailea: Iban Zaldua.

Urr 03 02

Monzonen esneduna

Koldo Izagirrek eta Ramon Saizarbitoriak sinatu zuten 1977ko urriaren 2ko Baietz astea gaizki bukatu saileko artikulua. Bi zati berezi zituen: Euskal Univertsitas ala Univertsity? lehenik (Juanba Berasategiren marrazki batekin), ondoren Monzonen esneduna erne dabilela; eta amaieran, Tarradellasek esandako hitz batzuei aipamena. Zeruko Argia aldizkari barruan, besteak beste: Marc Legasseren eta Joseba Sarrionandiaren artikuluak. Datorren astean: “Pentsatzea ere ez da gutxi”.

Agenda

Efemerideak

Kritikak