Eka 12 03

Astero liburu bat: Azalaren kodea

Miren Agur Meabek duela hiru urte argitaratutako Azalaren kodea poema liburua duzu aste honetan osorik emana. Liburuko poemak espainolez eta ingelesez ere irakur ditzakezu Susaren webgunean. Datorren asteko liburua: Iñigo Aranbarriren Emon biar yako nobela.

Eka 12 03

Txistu & Tamboliñ-ekoen laugarrena

Irakurgai dago Txistu y Tamboliñ aldizkariaren Interneteko laugarren zenbakia. Aldizkaria soilik sarean argitaratzeari ekin zioteneko ildo beretik dator laugarren hau ere: editoriala, argazkiak, umorea, erreferentziak… Poemak eta narrazioak badakartza, eta ohiko sinadurak aurkituko dituzu: Lodinowsky, Ludovicus G. Agrorum, Kapanaga… Azken honen artikulua badator, Euskal Literaturaren Misterioak sailari ekin diona, Mosen Bernard Etxepareren espetxealdia izenekoa. Aldizkariaren izenburua: do you want to revolqueibol in the mathorral with me?.

Eka 12 03

Maria Dolores Agirrek 100 urte

Joan den igandean bete ziren 100 urte Maria Dolores Agirre jaio zela Gipuzkoako Errezilen. Euskara eta antzerkirako zaletasunak eraman zuen hainbat jardunetara: Euskal Izkera ta Iztunde Ikastolan ikasle eta irakasle jarduna, irratian 25 urtez aritua, euskara irakaslea… antzergintzaren alorrean egin zuen ekarririk handiena. Itzultzaile lanetan nabarmendu zen: Alejandro Casonaren Txalupak jaberik ez, F. Garcia Lorcaren Iturri-legor, H. Gheon, Buero Vallejo… Rabindranath Tagoreren Amal eta Pio Barojaren Altzateko Jaun antzezlanak irakur ditzakezu hemen. Horretaz gain, berak sortutako Aukeraren maukera… azkenian okerra bakarrizketa eta Bear bearra artikulua ere (biak Egan aldizkarian argitaratuak) eskaintzen dizkizugu.

Eka 05 03

Hitzen itzalean erakusketa

Mikelazulo kultur elkarteak elkartuta hamaika artista gazteek beren lanak erakutsiko dituzte “Hitzen itzalean” deituriko bi erakusketetan. Erakusketa bakoitzean lanak ezberdinak izanen dira baina hitzaren inguruko gogoeta artistiko baten inguruan gauzatuko dira biak. Erakusketa bakoitzean koadro, argazki edo instalazioetan oinarritutako poesia emanaldiak eskainiko dira inaugurazio gisa, Mikelazulon elkartzen diren idazleen eskutik. Erakusketak ondoko hauek izanen dira: Pasai Donibaneko Victor Hugo aretoan ekainaren 5etik 22ra bitartean. Olerki ikuskizuna ekainaren 5ean (osteguna) 19:30 izango da. Errenteriako Xenpelar Etxean ekainaren 16tik 30 bitartera. Ikuskizuna ekainaren 16an (astelehena)19:00etan.

Eka 05 03

Azalaren kodea ingelesez

Dublin Writers Festival-ean izango da Miren Agur Meabe ekainaren 12an. Azalaren kodea liburuko poemak irakurriko ditu euskaraz, eta aldi berean Amaia Gabantxok ingelesera itzulitako batzuk ezagutuko dituzte entzuleek. The Code of the Skin izenburupean ingelesera itzulitako 18 poema horiek eskaintzen dizkizugu orain. Eta datorren asteko Literatur Emailuan “Azalaren kodea” osorik paratuko dugu.

Eka 05 03

Astero liburu bat: Azken fusila

Duela hamar urte argitaratutako Edorta Jimenezen Azken fusila nobela duzu aste honetan osorik emana. 50etako hasieran abiatzen da kontakizuna: Onofreren etxeko atean hots egin dute gauean; asaldaturik atea zabaldu eta, gerran hiltzat jotako Juan agertu zaio: “Ez nok hil, Onofre. Makisan sartuta najagok, horrexegatik etorri nok hire etxera, laguntza behar joat!”.

Eka 05 03

Jon Alonsoren Hodei berdeak

Jon Alonsok Hodei berdeak nobela berria aurkeztuko du datorren astean, ekainaren 13an (ostirala) goizeko 11:00etan Donostiako Bilintx liburudendan. Aurrerapen gisa, hementxe dituzu nobelaren lehen bi kapituluak. Joseba Jaka III. Literatur Bekako sariduna izan zen Jon Alonso, eta argitalpena Euskalgintza Elkarlanean Fundazioaren eta Susa argitaletxearen eskutik dator.

Mai 29 03

Txipiroiren bat edo beste

Aste honetako liburua Rafa Egigurenen lehendabizikoa duzu: Txipiroiren bat edo beste. Rafa Egigurenen poemak Joxemi Zumalaberen irudiez apaindurik argitaratu zituen Ustela Sailak 1981eko irailean. Datorren asteko liburua: Edorta Jimenezen Azken fusila nobela.

Mai 22 03

Azalaren kodea Dublinen

Miren Agur Meabe Dublinen izango da datorren ekainaren 12tik 15era burutuko den Dublin Writers Festival ospetsuan. Europa osoko idazleak batuko dira, eta Miren Agur Meabek Azalaren kodea liburuko poemak irakurriko ditu ekainaren 12an (ostirala) 15:00etan. Miren Agur Meabegaz batera izango dira John F. Deane (Irlanda), Katie Donovan (Irlanda), Knut Odergard (Norvegia) eta Alex Susanna (Katalunia). Entzuleek euskaraz entzungo dituzte Meaberen poemak, hori bai, Amaia Gabantxok egindako ingelesezko bertsioa irakurri ahal izango dute Dublingo jaialdian.

Mai 22 03

“Merry Christmas, Panama!” esan zuen heriotzak

Euskaldunon Egunkariak 1999an argitaratutako “Merry Christmas, Panama!” esan zuen heriotzak duzu aste honetako liburua, Koldo Izagirrek idatzia Panamaren inbasioaren 10. urteurrenean. Inork ez zuen ulertzen nolatan inbadi zezakeen superpotentzia batek Panama bezalako nazio bat. Chorrillo izeneko auzoak 15.000 biztanle zituen; gauerdiz helikopteroek, hegazkinek eta gerra ontziek bonbardatu eta metrailatu zuten; Panamako unibertsitateko sismografoak 447 eztanda jaso zituen inbasioaren lehen 12 orduetan, hau da, eztanda bat bi minutuko, eta gehienak Chorrillon; kalkulatzen da 4.000 bizileku suntsitu zirela. Datorren asteko liburua: Rafa Egigurenen Txipiroiren bat edo beste, 1981ean Ustela Sailak argitaratua.

Mai 15 03

Dia das letras galegas

Aurten ere, maiatzaren 17an (larunbata) ospatuko da _40 urtez jarraian_ Galiziar Letren Eguna. Aurtengoan omendutakoa Anton Avilés de Taramancos idazlea izango da, poeta, Galiziako idazleen elkarteko presidente ohia eta 1992an hil zena. Obra oparo baten egile eta BNGko hautetsia bere jaioterria zen Noian (Coruña). Idazleak badu berari eskainitako webgunea: avilesdetaramancos.org. Ekitaldi ugari antolatu dituzte Galizian, eta handik kanpo, Euskal Herrian ere egingo da ekitaldirik, aipatzekoa da Pasaian hainbat idazlek larunbatean egin asmo dutena. Han izango dira besteak beste Koldo Izagirre, Jose Luis Otamendi eta Iñigo Aranbarri.
Bestalde, Interneten ikusgai diren gune batzuk aurkezten dizkizuegu: Dia das letras galegas, Cultura galega; euskaraz, galegoz, gaztelaniaz, katalanez eta portugesez umeentzako liburuak argitaratzen dituen Kalandraka argitaldaria; Andar21 poesia eta ekintzaileen ataria. Galiziak badu bere liburutegi birtuala ere, eta modu berezi batean ospatuko dute aurtengo Galiziar Letren Eguna.

Mai 15 03

Ez zuten gaizki bukatu

Zortzi hilabetez jardun eta gero, Baietz astea gaizki bukatu saileko azkena egin zuten Ramon Saizarbitoriak eta Koldo Izagirrek. B.O.G.A. sortu da gaztigatu zuten izenburuan, “abertzale guztiok behar dugun alderdia”, eta haren berri eman. Hogeita bost urte geroago testuak, ironiaren luma zorrotzak sinatua, badu xarmarik. Izan ere, ez al da ironikoa 25 urte geroago Donostian hauteskundeetara aurkeztea debekatu dioten plataformak Boga izena eramatea? Aste hartako lehen artikulua, dena den, hala Saizarbitoriak nola Izagirrek Rikardo Arregiri buruz egindakoa da, hura nola ezagutu zuten kontatzen dutenekoa. Maiatzaren 14ko Zeruko Argia hark ere azala andoaindarrari eskaini baitzion. Zenbaki hartan Tabernateka sail berria ere plazaratu zen, Errikotxiak eginiko “puzzle satirikoa”..

Mai 15 03

Katebegi galdua

Jon Alonsoren lehendabiziko nobela ere osorik eskaintzen dizugu aste honetan: Katebegi galdua, 1995ean Susak argitaratua. Nobela beltz honetako ardatza XVI. mendeko euskal liburu ezezagun bat duzu, Leizarragaren Bibliaren aurretik idatzi omen zena; jende ugari dabil pieza preziatua harrapatu nahian. Datorren asteko liburua: Koldo Izagirreren “Merry Christmas, Panama!” esan zuen heriotzak, duela lau urte Euskaldunon Egunkariak plazaratua.

Mai 15 03

Juan Rulfok 85 eta El llano en llamas-ek 50

Efemeride bikoitza du Juan Rulfo idazle mexikarrak. Orain 85 urte sortu zen, maiatzak 16 zituela, Apulcon. Eta hogeita bost beranduago, 1953an, El llano en llamas ipuin-liburua kaleratu zuen Fondo de Cultura Económicarekin. Hainbat hizkuntzatara itzulitako lana, 1986an ekarri zuen euskarara Koldo Etxabek eta Baroja argitaletxearekin karrikaratu. Testu horixe osorik irakur dezakezu orain. Autore mexikarraren lana euskarara noiz ekarri den (Pedro Paramo 2002an argitaratu zuen Ibaizabalek, Juan Garziak euskaratua) eta bere lanen berri ere eskaintzen dizugu.

Mai 08 03

Auskalo anaia non dabilen

1978ko maiatzeko lehen astean puntuka ibili ziren, nolabait esan, Koldo Izagirre eta Ramon Saizarbitoria. Txiki Benegasek Ipar Euskal Herriko anaiak topatzeko zituen arazoak izan zituzten hizpide, nagusiki, baina gehiago ere bai: 68ko maiatzari buruzko erreflesioa, polizien arazo psikologikoak, atxiloketak… Auskalo anaia non dabilen izenburua zeukan aste hartako Baietz astea gaizki bukatu saileko artikuluak. Zenbaki hartako Zeruko Argian, bestalde, esanguratsua da _besterik ez jartzearren_ Maiatzaren 1ari buruzko artikulu nagusiaz gain, erreportaia zetorrela udal hauteskundeen atarian sortu berria zen Herri Batasunari buruz.

Agenda

Efemerideak

Kritikak