Api 14 10

Erramun Landa eta literatura

Pamiela argitaletxeak Lewis Carrollen Aliceren abenturak lurralde miresgarrian eta Ispiluan barrena Manu Lopez Gaseniren itzulpenez argitaratu zituenean (1989-1990), Erramun Landaren azal liluragarri birekin agertu ziren; kutxa artistiko bat zen sortzez, collage paregabeekin. Erramun Landak harreman estua izan du beti literaturarekin. Hemen eskaintzen dizkizugu, beste bi adibide. Lehendabizikoa, Xabier Iñarrairaegik eta Karlos Erizek 2005ean egindako bideozko erreportaje bat: Denbora ez da distantzia erakusketakoa, Edorta Jimenezen testu poetikoez edertua. Bigarrena, 2007ko grabatuak, Salvador Puig Antich anarkista gogoan zuela eginak: Harresi ostean pareta, Koldo Izagirreren poema errezitatuekin eta Nora Ancarolaren bideoarekin.

Mar 03 10

Joxemiel Bidadorren artikuluak

Literaturaren Zubitegian eta Klasikoen Gordailuan asko lagundu izan digun Joxemiel Bidador idazlea Iruñean hil zen atzo, martxoaren 2an, 39 urte zituela. Jose Agerre Gurbindoren kazetari lanak eta Alejandro Tapia Perurenaren olerkien antologia eskaini zizkigun. Joxemiel Bidadorri gorazarre egitearren, bere artikulu zenbaiten bilduma osatu dugu sarean: Euskaldunon Egunkariaren Nafarkaria gehigarrian 1995-2002 artean plazaratutako Klasiko bitxi arront klasikoak (109 artikulu) eta Diario de Noticiasen 1999-2002 artean argitaratutako beste hamar.

Abe 02 09

Euskarari ekarriak: 900 idazle eta 2.200 idazlan

Armiarma atariak gune berri bat abiarazi du: Euskarari ekarriak. Munduko literaturatik euskarara itzulitako lanen bilduma egitea du xede, eta dagoeneko 900 erdal idazle baino gehiagoren 2.200 idazlanen erreferentziak dakartza: batzuk liburuak, besteak literatur aldizkarietan plazaratutako ipuin, antzerki eta poemak. Liburu berriak argitaratzen diren ahala eguneratuko da Euskarari ekarriak webgunea, eta hilero bizpahiru liburu emango ditu osorik sarean. Abendu honetan: Joseph Conraden Ilunbeen bihotzean, Marguerite Yourcenarren Ekialdeko kontakizunak eta Rudyard Kiplingen Kim.

Ira 18 09

Zarauzko idazleak webgunea

Zarautzen jaio edo bertakotu diren euskal idazleen webgunea atondu du Dijitalidadea elkarteak Zarauzko Udalarentzat. Xabier Lizardi edo Salbatore Mitxelena, Anjel Lertxundi edo Joxean Agirre, Andoni Egaña edo Martin Etxeberria, lehengo eta gaurko idazleen lanen bilduma osoa agertzen du, 28 egile eta 200 literatur liburutik gorako zerrendarekin, literatur pasarteak irakurtzeko aukera emanik. Argazkiak Lander Garrok eginak dira.

Ira 26 07

17. mendeko 17 faksimile

Antzinako liburu batzuen jatorrizkoak topatzea zaila izaten dela ohartuta, Klasikoen Gordailuak hainbat obra faksimile modura ematea deliberatu du. Hasteko, 17. mendeko zenbait lan dakartza, ikertzaileen eta gutiziazaleen gusturako. (gehiago…)

Ira 24 07

Kritiken Hemeroteka berriturik

Susa argitaletxeak 2001ean sortutako Kritiken Hemeroteka zeharo berritu eta beregain hartu du Armiarma webguneak. Astero argitaratzen diren kritika berriak ez ezik batu ditu baita ere XX. mendeko asko eta asko (1930etik hasita), egunkari eta aldizkarietatik ekarriak; adibidez: Euzkadi, El Dia, Eguna, Euzko Gogoa, Jakin, Olerti, Zeruko Argia, Anaitasuna… edo bortxaz itxi zuten Euskaldunon Egunkariakoak. Dagoeneko ia 3.900 kritika jaso dituen bilduma da hau, literatur liburuen gaineko iritziak aise aurkitu eta aztertzeko aukera eskaintzen duena.

Abu 28 07

Literatur aldizkarietako kritikak

80ko hamarkadan Euskal Herrian argitaratu ziren literatur aldizkari zenbaitetan literatur kritikak aparteko tokirik izan ez bazuen ere, iruzkinen bat edo beste plazaratu zuten. 1980ko Pott Tropikala aldizkarian, adibidez, Lauaxetaren Langille eraildu bati poemaren azterketa kritikoa egin zuten Jon Kortazarrek eta Jesus Etxezarragak. 1980an eta 1981ean zenbaki bana kaleratu zituen Xaguxarra-k ere bi azterketa kritiko kaleratu zituen, Bernardo Atxagaren Etiopia eta Koldo Izagirreren Gauzetan liburuena. Irungo Plazara aldizkariak, azkenik, hiru iruzkin kaleratu zituen 1991ko uztaileko zenbakian, hirurak Amaia Iturbidek eginak. Hemen dituzu denak. (gehiago…)

Abu 21 07

Pamiela eta Korrok aldizkarietako kritikak

1980ko hamarkadan, literatur aldizkariek gurean garai oparoa ezagutu zuten hamarkadan, bi aldizkari indartsu izan ziren Iruñean eginak, Korrok eta Pamiela. Elebiduna Pamiela, euskarak eta gaztelaniak bat egiten zuten, literaturak eta beste zenbait gai forma aldetik berritzaileek bat egiten zuten bezalaxe. Euskara hutsezkoa izan zen Korrok, 12 zenbaki kaleratzera iritsi zena. Literatur kritikek, liburuez azterlanek, bietan izan zuten tokirik, handiegia ez bada ere. 20 liburu kritika kaleratu zituzten, hemen dauzkazuenak. (gehiago…)

Abu 14 07

Olerti aldizkariko kritikak

Santi Onaindiak bultzatu eta burututako Olerti aldizkariak ez zion tarte handia eskaini literatur kritikari, sorkuntzazko lanen argitaratzeari baizik. Olerkiak —jatorrizkoak eta itzulpenak—, bertsoak eta prosazko zenbait lan kaleratzen zituen, batez ere, aldizkariak, baina hamar liburu kritika ere bildu zituen, 60ko hamarkadan agertutako liburuena. Olerki liburuak ia denak (Iratzederren Zeru-menditik, Arantzibiaren Bitargi, Gandiagaren Elorri, Bergiliren lanak…), Nemesio Etxanizen Lur berri billa ere bai (1967koa kritika, Santi Onaindiak dio Alain Robbe-Grilleten tankerakoa duela ipuin bat). Aldizkariaren egile eta sustatzaile nagusia zen Onaindia da kritika gehienak idatzi zituena, eta berarekin batera Zeleta, Aurre Apraiz eta Basabil. Hemen dituzu hamar kritikok. (gehiago…)

Abu 07 07

Idatz & Mintz aldizkariko kritikak

Literatur Atalen Sorta azpizenburuarekin plazaratu zen Idatz & Mintz aldizkariaren lehen aletik, 1986tik, 2007ko azken alera arte literatur kritikari tokia eskainiz jarraitu du Labayru institutuaren ekimenez plazaratzen den aldizkariak. Hogei eta gehiago zenbakietan asko dira iruzkindutako liburuak, 20 urtez gure literaturak eman dituen lan esanguratsu anitzen komentarioa bilduz. 55 dira guk jaso ditugun kritikak, aldizkariaren 37. zenbakira bitartekoak. (gehiago…)

Abu 02 07

Hegats aldizkariko kritikak

Euskal Idazleen Elkarteko agerkaria den Hegats aldizkariak hasieratik bertatik landu ditu, sorkuntzazko literatur lanekin batera, kritikagintza eta literatur azterketa. Hainbat gairen inguruko artikuluez gain, liburuen literatur-kritika hertsia ere egin izan du. 1989an hasita 2004ra arte —oraindik ere badihardu, eta horiek Kritiken Hemerotekan jasotzen ditugu—, berrogeita hamarretik gora dira iruzkindutako liburuak. Sakon aztertutakoak zenbait, batzuk liburu-kritika hertsia bainoago zenbait libururen azterketa sakona baitira (aldizkariaren 8, 10 eta 12 zenbakiak osorik horretara eskaini ziren, liburu azterketara, Biderako arrastoak izenburuaren pean). Aldizkariak liburu inportanteen eta 90eko hamarkadako euskal literatur bideen segimendua egin duen heinean, denak bildu ditugu, 58. (gehiago…)

Uzt 26 07

Susa aldizkariko kritikak

1980an hasita, 1994ko abendura arte kaleratu zen Susa aldizkaria. 14 urtez, 33 zenbakitan, literatur aldizkarietan erreferentzia bilakatu zen. Literatur kritikak ere izan zuen tokirik —sail berezia urte batzuetan, Motxilako liburutegia izenekoa, oso interesgarria, liburuen erreseina eta komentarioengatik—, 1989ra arte (orduan plazaratu zuen azken kritika), eta urte horietan guztietan 80ko hamarkadako euskarazko produkzioaren segimendua egin zuten. 53 liburu kritika argitaratu ziren, hemen dakartzagunak. (gehiago…)

Uzt 18 07

Eguna agerkariko kritikak

1986an Eusko Jaurlaritzak abian jarritako laguntza batzuk medio, hiru urte t’erdiz, egunkari formatoko euskarazko astekaria kaleratu zuten Deia-k eta Egin-ek, Eguna eta Hemen izeneko agerkariak. 1990 bitartean, astero, euskaraz landu zituzten hainbat gai, egunkari formatuan, edukiari begira astekariak zirela ahantzi gabe. Hainbat kazetarirentzat formazio-toki ere izan ziren, 1990eko abenduan, beste bide batetik, euskarazko egunerokoa, Euskaldunon Egunkaria, kaleratu bitartean. Eguna agerkariak literatur kritika landu zuen, prentsaren ohizko formatuan. Hogei bildu ditugu, denak ere Jon Kortazarrek sinatuak, 1986-1987ko produkzioaren kritika egiten dutenak. (gehiago…)

Uzt 12 07

Euzko-Gogoa aldizkariko
literatur kritikak

XX. mendeko euskal kultur eta literatur aldizkarien erreferentzia ezinbestekoa, erbestetik euskararen aldarria egin zuen Euzko-Gogoa agerkariak ere heldu zion literatur kritikari, hasieratik, 1950eko bigarren zenbakitik. Zaitegirekin batera aldizkariaren motor zen Andima Ibinagabeitiak egindakoak gehienak, 71 kritika edo azterlan kaleratu zituen, 1950eko hamarkadako euskal literaturaren produkzioari segimendua eginez. Gerraosteko belaunaldiaren agertoki, iruzkindutako egileen zerrenda ere horixe da: Iokin Zaitegi, Jon Etxaide, Orixe, Salbatore Mitxelena, Nemesio Etxaniz, Xabier Iratzeder, A.M. Labaien, Agustin Anabitarte… Hemen dituzu kritika guztiok. (gehiago…)

Uzt 05 07

Anaitasuna aldizkariko kritikak

Euskal prentsan erreferentzia izana da Anaitasuna aldizkaria. 1954an eliz orrialde bezala sortua, erlijio gaietatik gizarte eta kultura gaietara aldatzen joan zen aldizkaria, batez ere 1969tik aurrera. Euskalgintza eta kultura munduko jendea batzen zuela —batez ere Bizkaikoa—, 1982an desagertu zen arte politika, kultur eta gizarte gaietako aldizkari inportantea izan zen. 1969 ezkeroztik, 58 literatur kritika argitaratu zituen —beste zenbait erreseinarekin batera—, 1970etako euskal literaturaren bilakaera islatuz, batez ere Gabriel Arestiren Lur ekimenari egin zion segimendua azpimarratzekoa dela. Iruzkindutako tituluen zerrenda ez da nolanahikoa: Egunero hasten delako, Haur besoetakoa, Harrizko herri hau, Sekulorun sekulotan, 100 metro, Zer dugu Orixeren kontra?, Zergatik bai, Etiopia, Hinki-hanka… Hemen dauzkazue kritikok. (gehiago…)

Agenda

Efemerideak

Kritikak