maiatza 16 07

Gerraurreko literatur kritika osatzeko

Emankorra izan zen 1930eko hamarkada euskal literatur produkzioaren alorrean, bereziki poesia atalean, mugarri gertatu diren liburu batzuen argitalpenarekin (Bide barrijak, Biotz-begietan, Barne muinetan…), Euskaltzaleak elkartearen lanagatik, antolatu zituen poesia egunak… Eta zurrunbilo horren isla da literatur kritika. Garaiko egunkari eta agerkarietan plazaratua —gehienbat Euzkadi, Argia, El Día—, liburuen kritikaz gain, poesi egunen kronikak, poemen azterketak, estilo literarioen inguruko gogoetak… Gure poemagintza eta literaturari buruzko konpendio oso bat burutu zuten. Zornotzako Udalaren ekimenez eta Labayru argitaletxeak 1996an kaleratua, Koldo Izagirrek eta Iñigo Aranbarrik aztertu eta bildu zituzten artikuluok. Lehenago Bide barrijak eta Biotz-begietan liburuei zegozkienak eman ditugula, hona hemen gainerakoak —90etik gora—, liburu oso esanguratsuen komentarioak barne direla —Biozkadak, Barne muinetan, Aberri oyuak…—.

Koldo Jauregi Jautarkol-en Biozkadak liburuaren komentarioekin hasten da Izagirrek eta Aranbarrik egindako bilduma, ehundik gora artikulu eta kritika bildu dituena.
Kritikak eta artikuluak, gaztelaniaz asko, gaur egungo liburu kritikatik haratogokoak dira, kritika jakintza baten alor moduan hartua baita, ez liburu baten iruzkin hertsia balitz bezala. Eta beraz, literaturaren atal den neurrian, komentatzen direnak —bildu direnak—, ez dira soilik liburuen kritikak. Autoreei buruzko artikuluak daude, oro har euskal poesiaren ingurukoak, analisi konparatiboak ere badakartzatenak, poema solteei eskainiak, literatur jaialdi eta poesia egunen kronikak, autoreen inguruko artikulu eta iruzkinak —Lizardiren eta Loramendiren heriotzan eginikoak, kasu—.
Azterketak batzuetan oso zehatzak diren neurrian, mende hasierako estilo erretorikoan eginak —gaztelaniazkoak batik bat—, denetarik aurkitzen da artikuluotan. Gorespen iritziak gehienetan, baina baita aurkako iritziak ere, kritikak —zentzu hertsian—, polemikak…
Garai haietan euskal literatur eta kultur munduan eragile nagusi ziren Aitzol eta Orixeren itzala handia da, hala iritziaren formakuntzan nola kopuruan; batez ere Aitzolena. Bere bultzadaz sortutako Euskaltzaleak elkarteak, bestalde, protagonismo apartekoa du. Artikulu bilduma honetan komentatuak datozen poesia egunak antolatzeaz gain, bost urtez Euskal Olerkiak poema antologiak plazaratu zituen, urte horretako euskal poesigintzaren produkzioa bilduz. Oso noizbehinkako agerpena duten beste batzuekin batera —Jose Artetxe, Zeleta, Artiz, T. Garbizu—, garai hartako idazleen lumak dira artikuluok osatu dituztenak ere: Lizardi, Lauaxeta, Zubimendi, Larreko, Jautarkol, Barrensoro.
Azterketak, esan bezala, liburuei bezala poema solteei egiten zaizkie, bai poemario baten zati diren neurrian —liburuaren nolabaiteko atalkako analisia eginez, Biotz-begietan-en gertatu bezala—, edo poema horiek suertatu direlako jaialdietako irabazle —Lauaxetaren Maitale kutuna, Zaitegiren Tori nire edontzia—. Poesia Egunen komentarioez gain —Errenteriakoa, Bedoñakoa, Zarauzkoa—, oro har euskal poesiari buruzko gogoeta artikuluak ere aurkituko dira.
Eta, nola ez, liburuen analisi eta iruzkinak. Biozkadak da lehena, eta hura bezala garai hartan kaleratutakoek izan zuten iruzkinik: Mireio, Aberri oyuak, Itz lauz, Barne muinetan, Umezurtz olerkiak, Arrats beran. Euskaltzaleak elkarteak plazaratu zituen liburuen komentarioak ere badira, noski.
Ehun eta gehiago artikuluetan, beraz, garai oso interesgarri eta esanguratsu baten ezagutza eta azterketarako materialak hementxe daude.

Agenda

Efemerideak

Kritikak