Eka 13 07

Jakin aldizkariko liburu kritikak (1977-1997)

Debekuaren ostean, 1977an Jakin aldizkaria atzera plazaratu zenean, liburuei eskainiriko atala zeukan, eta horren baitan liburuen kritika jasotzen zuen atala, Ibon Sarasolak gidatua. Gerora Jon Kortazarren ardurapean jarraitu zuena, 1980ko hamarkadako erdira arteko liburu produkzioaren azterketa egin zuen. Garai honetan euskal literaturan oso esanguratsuak izan diren liburuen komentarioa egin zen aldizkarian (Ene Jesus, Guardasola ahantzia, Bizipenen bultzadaz, Termitosti, Etiopia, Elsa Scheelen, 100 metro, Zergatik panpox…), kritika hutsetik haratago liburuaren azterketa artikuluak baitira. Hemen eskaintzen dizkizugu.

Ibon Sarasolaren ardurapean, liburuen kritikari atal berezia eskaini zion Jakin aldizkariak 1977an bigarren aroari ekin zionean. “Bolatxoak” emanez, liburua sailkapeneko lau ataletako batean kokatzen zen: “Euskaldun kulto orok irakurri beharreko liburua”, “Guztiz irakurgarria (edo guztiz interesgarria)”, “Interesgarria (edo irakurgarria)” eta “Gomendaitza”.

Gutxi iraun zuen, hala ere, “puntuatzeak”. Ez, ordea, liburuen azterketak. Liburuei eskainitako sailak, Sarasolaren jarraipena egin zuen Jon Kortazarrek eginda batez ere, 30etik gora liburu esanguratsu komentatu zituen 1984 bitartean. Handik aurrera, kritikagintza beste aldizkari batzuetara lehenik eta prentsara ere pasatua, oso noizbehinkakoa izango da liburu komentarioa aldizkarian. Hiruzpalau dira 90eko hamarkadan dauden kritikak, azterketa artikulu luzeak direnak. Hala ziren, baita ere, Kortazarrek berak egin zituenak.

Ez da bakarra, hala ere, kritikari mundakarra. Mikel Zalbidek, Koro Navarrok eta Ramon Etxezarretak ere egin zuten artikulurik. Polemika ekarri zuenik ere bai. Etxezarretak Luis M. Muxikaren “Zortziko hautsiak – Barren ibarrak” eta “Herria eta bideak – Hitzak eta kezkak” poema liburuak komentatzean iritzi kritikoa azaldu zuen: “Oraingoan neri tokatu zait egurtzaile eta borrero izatea, eta Mujikari egurra eman behar, oilo harrapatzen baitabil”, “ez dago edozein gauza kaleratzeko baimenik…”. Luis Mari Mujikak erantzun ere erantzun zuen Kritika “ezkritika” denean artikuluan: “Ikusten dudanez oso antsiotsu eta urduri zaude nire liburu produkzioarengatik…”. 80 eta 90etan beste sinadura batzuk ere ageri dira liburuen azterketak egiten: Joxe Azurmendi, Mikel Hernandez Abaitua, Josu Landa, Gotzon Garate, Anjel Zelaieta, Mari Jose Olaziregi, Ur Apalategi…

Hala 70etako amaierako nola batez ere 80ko hasierako liburuen analisia egin zen agerkariko orrialdeetan, eta iruzkindutako liburuen zerrendak izen ezagunak dauzka: Ene Jesus, Guardasola ahantzia, Bizipenen bultzadaz, termitosti, Etiopia, Elsa Scheelen, 100 metro, Zergatik panpox, Abuztuaren 15eko bazkalondoa, Kondairaren ihauterian, Izuen gordelekuetan barrena, Poliedroaren hostoak, Hamaseigarrenean aidanez… Denak dauzkazu irakurgai.

Agenda

Efemerideak

Kritikak