Jakin aldizkariko liburu kritikak (1956-1975)
50 urte bete zituen 2006an Jakin aldizkariak, 50 urte euskal kulturaren sustapen eta zabaltze lanean. Eta literatura garrantzitsua izan da 50 urte horietan, euskal kultura eta hizkuntzaren adierazpena den aldetik. 1956an Hugo Wast-en Bide ezkutua liburuaren kritika plazaratu zuenetik, 50etik gora izan dira aldizkariak argitaratu dituen liburu kritika eta komentarioak: iruzkin laburrak batzuk, literatur eta estilistika azterketa sakonak asko, ika-mika sorturiko artikuluak zenbait. 1980ko hamarkadara bitarteko hainbat libururen azterketa jaso izan du Jakin-ek, polemika entzutetsu zenbait tarteko. 1980ko hamarkadaren erdialdetik aurrera, kritikagintza beste aldizkari eta egunkarietan sendotzen hasten delarik, jaitsi egingo da Jakin aldizkarian ere. Hemen dituzu Jakin-ek berak lehen aroa deitzen dion epean, 1977ra bitartekoan, plazaratuak.
1956an abiatu zuten Arantzazun Jakin aldizkaria, eta literaturak hasieratik izan zuen presentzia. Literatur lanen plazaratzeko toki baino, gogoeta eta analisirako plaza izanik, hasieratik ekin zion plazaratzen ziren zenbait literatur lanen iruzkinak kaleratzeari, jarraipen exhaustiboa egin gabe. Itxaropenaren Kuliska Sorta zen erreferentzia nahitaezko eta ia bakarra, eta hala, Hugo Wast-en Bide ezkutuak, Anizeto Zugastiren Argi-bide txikia eta Arantzibiaren Orbelak dira komentatu ziren lehen liburuak. Kritikari anonimoek komentatuak, hain zuzen.
Frankismoaren zentsurarekin borroka etengabean, 1975ean itxi eta aldizkariak berak bere bizitzaren 1. zatia kontsideratzen duena ixten den arte, ez ziren asko izan plazaratutako kritikak. Batzuk, ordea, interesante askoak. Euskal kultura eta hizkuntza harrapatu zuen ika-mikak –zaharra eta berriaren arteko liskarra– aldizkaria ere bete-betean harrapatu zuelako. Txillardegiren Leturiaren Egunkari ezkutua kaleratu zen 1957an, Euskaltzaindiak argitaratua Bilboko Ellakuriarenean, eta astindua ekarri zion euskal munduari (1956ko uztail-abuztuko zenbakian Euzko Gogoa-k eleberriko Negu atala publikatua zuen, goraipamenezko ohartxo batekin). Eleberri modernoaren etorrera laudatu zuten batzuek –Koldo Mitxelena hitzaurregileak, Egan-en lehen kritika anonimo batek, Villasantek Egan-en 1957an egindako kritikak–, eta gaitzetsi beste batzuek, horien artean Iñaki Bastarrikak, 1957ko Jakin-en idatzitako kritikan. 1958an, Jakin-en 6. alean Txillardegik erantzun egin zion Bastarrikari, eta honek berriro Txillardegiri zenbaki berean argitaratutako artikulu batean.
Donostiarraren literatur lanekiko polemika ez zen hor itxi, ezta gutxiagorik ere.
1960an Orixek artikulua egin zuen, Txillardegiren Peru Leartzako aztertzen zuena. Hasierari erreparatzea besterik ez dago, nondik norakoa atzemateko: “Barrenak ez dit agintzen ixilik egotea, liburu onek gaurko gazte-jendearen artean egin dezaken kaltearengatik”. Liburuaren analisi sakona, oso kritikoa, hala pentsamendu alorrekoa –planteamendu filosofikoak, Bergson…– nola hizkuntzaren aldekoa, Txillardegiren ustezko gramatika akatsak ere espresuki seinalatzen dituenak. Gogorra, inondik ere.
Orixe oinarrian dela, Jakin-eko literatur alorreko hurrengo polemika ere. Orexarrari gorazarrez 1966an plazaratu zen liburuan, Orixe-Omenaldi-n, idatzitako hainbat lerrok ekarri zuten. Juan San Martinek Orixeren Euskaldunak poemari buruzko iritziek Antonio Maria Labaienen kritika eragin zuten, liburu horretan zehazki aipatua. Eta, horri erantzunez, Juan San Martinek Jakin-en “karta idikia” egin zion Labaien jaunari. Honek geroago erantzun zuena. 1960ko hamarkadan Euskaldunak moduko poema baten beharra ez zuen ikusten San Martinek, gainditua ikusten zuen, eta jarrera estilistikoa ere antzinakoa iruditzen zaio, orduko hainbat planteamendu poetiko berriren aldeko apustua egiten zuela, zeinari Labaienek kontra eginez erantzuten dion.
1975 bitartean –hainbat urtez ez zen plazaratu agerkaria, debekupean– 18 iruzkin plazaratu ziren Jakin aldizkarian, baina falta dira 60ko eta 70eko hamarkadetako liburu garrantzitsu batzuk, kritikagintza gehiago jorratu zuten beste aldizkari batzuetan iruzkinduak —Egan bereziki, baita Anaitasuna ere 70eko urteetan–. Lehen aro honetan kritikari jardundakoak: Joseba Intxausti, Kepa Enbeita, Orixe, Kaiero, Joseba Arregi, Antonio M. Labaien, Juan San Martin.
- “Bide ezkutua”, Sinadura gabea
Jakin, 1956 - Argi bide txikia, P.M. (ofm)
Jakin, 1957 - “Txillardegi” Jaunari, Bastarrika’tar Iñaki
Jakin, 1957 - Txillardegi jaunaren erantzuna Iñaki bastarrika’ko jaunari, Txillardegi
Jakin, 1958 - Txillardegi jaunari erantzuna, Bastarrika’tar Iñaki
Jakin, 1958 - Orbelak,
Jakin, 1959 - Euskera, Joseba Intxausti
Jakin, 1959 - Ipuin-barreka, Kepa Enbeita
Jakin, 1959 - “Peru Leartza’ko” Txillardegi’ren liburua, Orixe
Jakin, 1960 - Nere izena zan Plorentxi, Iturriotz
Jakin, 1961 - Olerki eta idatzi guztiak, Kaiero
Jakin, 1961 - Jokua ez da errenta, Muxika’tar Iñaki
Jakin, 1961 - “Orixe”ren poemari buruz, Labayen jaunari karta idikia, Juan San Martin
Jakin, 1966 - “Euskaldunak” Orixe-ren poema dala-ta San Martin, Juan jaunari erantzuna, Antonio M. Labaien
Jakin, 1966 - Gorrotoa lege,
Jakin, 1966 - Jesukristo, Joseba Arregi
Jakin, 1969 - Bernat Etxepare: Olerkiak, N. Alzola
Jakin, 1970 - Ama -Semeak (Arantzazuko kondaira), Luis Villasante
Jakin, 1970