Uzt 05 07

Anaitasuna aldizkariko kritikak

Euskal prentsan erreferentzia izana da Anaitasuna aldizkaria. 1954an eliz orrialde bezala sortua, erlijio gaietatik gizarte eta kultura gaietara aldatzen joan zen aldizkaria, batez ere 1969tik aurrera. Euskalgintza eta kultura munduko jendea batzen zuela —batez ere Bizkaikoa—, 1982an desagertu zen arte politika, kultur eta gizarte gaietako aldizkari inportantea izan zen. 1969 ezkeroztik, 58 literatur kritika argitaratu zituen —beste zenbait erreseinarekin batera—, 1970etako euskal literaturaren bilakaera islatuz, batez ere Gabriel Arestiren Lur ekimenari egin zion segimendua azpimarratzekoa dela. Iruzkindutako tituluen zerrenda ez da nolanahikoa: Egunero hasten delako, Haur besoetakoa, Harrizko herri hau, Sekulorun sekulotan, 100 metro, Zer dugu Orixeren kontra?, Zergatik bai, Etiopia, Hinki-hanka… Hemen dauzkazue kritikok.

Foruko seminarioko frantziskotarrek eliz orrialde gisa sortua 1954an, Imanol Berriatua bultzatzaile nagusi zuela, hasieran eduki erlijioso hutsekoa zena aldizkari askotarikoa bilakatzen joan zen (azpimarratzekoa da, adibidez, 1959an Kubako egoerari eskainitako artikuluak, Batistaren kontrakoak gehienak, nahiz eta denetarik dagoen). 1960ko hamarkadan aldizkariak bere bidea egin zuen, erlijioaz gain gizarte gaiak ere landuz, baina 1969an krisi egoeran zela, beste talde batek hartu zuen aldizkariaren ardura, Anjel Zelaieta zuzendari zela, Imanol Berriatuaren ekimen eta lana tarteko. Bultzada esanguratsua eman zion taldeak aldizkariari eta erreferentzia bihurtu zen, eduki politiko eta soziala handituz, euskara batuaren aldeko jarrera argia hartuz. Orduko euskaltzale eta kulturgileen bilgune bihurtu zen, batez ere Bizkaikoena. 1970eko hamarkadaren erdialdetik aurrera interesgune izan zen euskarazko prentsan, erlijio kutsu guztiak galduta, informazio orokorreko aldizkari bihurtua zela (urte horietan eduki politiko eta kultur arlokoei aparteko tokia eginez, noski). 1982an desagertu zen hamabostekaria.

Literaturari ere tokia egin zion aldizkariak, artikulu interesgarriak plazaratuz. Literaturaz jardun zuten Sarasolak, Kintanak, Joxe Azurmendik, Arestik, Sarrionandiak… Aipa daitezke Miranderen defentsa-gutun bat Paristik egina 1970ean, Arestiren inguruko polemikak, Atxagaren Theatro berriaren bila manifestua edo Izuen gordelekuetan barrena argitaratu berritan, espetxean Joseba Sarrionandiari egindako elkarrizketa. Literatur kritikari dagokionez, zehazki, 1969 ezkeroztik segimendu berezia egin zion euskal literaturaren bilakaerari, bereziki Gabriel Arestiren ekimenez sortutako Lur argitaletxeari, baina baita hurrengoko beste hainbat lani ere, 70etako azken urteetako liburu (gaur egun) mugarri direnei ere.

Orotara 58 izan ziren kritikak, eta euskal literaturaren urte horietako eboluzioaren isla ere badira iruzkindutako tituluak. Euskalgintzarena ere esan genezake, hainbat liburu hizkuntzalaritzakoak edo bestelako saioak ere bai baitira. Egunero hasten delako eleberriarena izan zen argitaratutako lehen kritika, Xabier Gereñok egina 1969ko abenduaren amaieran. Gereño bera izan zen kritikari nagusienetakoa, baina beste sinadura ezagunek ere parte hartu zuten: San Martin, Aresti, Amuriza, Torre, Haranburu Altuna, Armendaritz…. Polemikak ere bai lehen urtetik bertatik. Ibon Sarasolaren Poemagintza-ri Eñaut Zotaletak egindako kritikarekin tupust egin zuten Zotaletak eta Juan San Martinek. Eta Luis Haranburu Altunak ere Koldo Altzibarrekin Kaxildo Alkortaren Giza zirriborroa liburuaren iruzkina zela medio. Ez da bazterrera uztekoa ere Begiarmen-ek sinatutako Sei idazle plazara liburua kaleratu eta lehen liburukian beren buruaz esaten denaz hala Mitxelenak nola Txillardegik idazten dutena.1975 bitartean iruzkindutako liburuen zerrenda izen ezagunez betea da: Egunero hasten delako, Haur besoetakoa, Harrizko herri hau, Uhin berri, Sustrai bila, Bai mundu berria, Sei idazle plazara, Adanen poema amaigabea, Sekulorun sekulotan, Ipui antzeko…

1974tik aurrera, kritikarien izenak ere aldatzen doazela, ez da garrantzi txikiagokoa aztertzen diren liburuen zerrenda: 100 metro, Nere paradisuetan, Zer dugu Orixeren kontra?, Zergatik bai, Ziutateaz, Menditik mundura, Etiopia, Hinki-hanka, Txipiroiren bat edo beste… Xabier Gereñok hasieran batzuk idatzi zituen, eta gero gehien errepikatzen den izena Andolin Eguzkitzarena da. Baina bada beste sinadura ezagunik: Xabier Kintana, Mikel Lasa, Joxe Azurmendi, Bernardo Atxaga, Joseba Sarrionandia. Anaitasuna-n topa baitaiteke Bernardo Atxaga Koldo Izagirreren Zergatik bai komentatzen 1977an, J.S. sinadura 1979an Gauzetan edo Gabriel Arestiren Dekamerone-a komentatzen —Joseba Sarrionandia izen osoa geroxeago—… Polemikarik ere izan zen aro honetan, sonatuena Xabier Armendaritzek Anjel Zelaietari emandako egurra, 1976an, Gabriel Arestiren biografia zela eta.

Dozena bat urteko kronikatzat har daitezkeela, euskal literaturaren 70eko hamarkadari errepasoa egiteko balio lezaketen kritikak, hementxe dituzu:

Agenda

Efemerideak

Kritikak