Eka
21
12
Duela 75 urte, 1937ko ekainaren 25ean egunsentiko 5:39an fusilatu zuten Lauaxeta Gasteizko Santa Isabel hilerrian. Interneten emanak dituzu idazlearen lan garrantzitsuenak: Bide barrijak (1931), Arrats beran (1935), poema solteak (1925-1937), poema itzuliak (1927-1931) edo poesia kaiera (antologia); ipuin eta artikulu bilduma: Azalpenak; antzerkiak: Asarre-aldija (1931), Epaya (1932), eta itzulirik Maurice Maeterlincken Balbia (1932) eta Manu Sotaren Iru gudari (1933). E-book moldean ere doan dituzu Lauaxetaren zortzi ale Liburu Elektronikoa gunean. Lauaxeta berpiztu egin zuen Juan Luis Zabalak eta Agur, Euzkadi nobelako protagonista bilakatu 2000. urtean.
Eka
20
12
Lauaxeta fusilatu eta bi urtera, Gorputz dago gudaria poema idatzi zuen Salbatore Mitxelenak. Hogeita hamar urte geroago, Gabriel Arestik ekarri zituen In Memoriam (1967) eta Ekainaren 26 egun (1970). Bernardo Atxagaren Lauaxeta gogoan 1976koa da, eta 1980an plazaratua Ibon Sarasolaren Lauaxeta paredoian. Xabier Montoiak 1983an idatzi zuen Orain dela, Saletxek Txori xotila txiunka, Omar Nabarrok 1986an Lied bat, Iñigo Aranbarrik 1987an Luma beltz-horidun tukana eta geroago Muxuka nazak. 1989an argitaratu ziren Eusebio Erkiagaren Ez zaitez Gernikara joan eta Gernikara noake. 1989koak dira baita ere Lauaxetaren betaurrekoak, Koldo Izagirrek konposatuak. Jose Luis Otamendiren Mendi-negarra eta Joseba Sarrionandiaren Olerkaria 1995ean irakurri genituen; 2003an Ignazio Aiestaranen Poesia Auschwitz eta Gernikan. Izango dira gehiago ere, hemen zerrendatzea guk ahantziak.
Eka
14
12
Euskal herritarrak ongi ezagutzen ditu fronterak. Claudio Magris idazle italiarrak bere gogoetak eskaini zizkigun Mugak izeneko lanean (Koldo Bigurik 1995ean euskaratua). “Hamazortzi urte bete arte bizi izan naiz Triesten; umetxoa nintzenean, hura ez zen muga-hiria soilik, muga bera zela zirudien (…) Triesteko muga, gainera, Ekialdearekiko muga da eta, batez ere, zen; Carso aldean lagunekin jolas egitera joatean nire aurrean ikusten nuen hura zer eta Burdinazko Hesia zen (…) Hartaz harantzago Stalinen inperioko mundu neurrigabe, ezezagun eta mehatxagarria hasten zen”. Magrisentzat, muga anbiguoa da: batzuetan hurkoarekin elkartzeko zubia da, bestetan apartean egonarazteko hesia.
Eka
07
12
Joan den asteartean, ekainaren 5ean hil zen Ray Bradbury idazle iparramerikarra. Euskaraz Jon Aranok ipini zuen lehen aldiz, 1986ko azaroan Martitzeko kronikak —The Martian Chronicles (1950)– ipuin bildumako pasarte batzuk hautatuta Susa aldizkarirako. Urtebete geroago, 1987ko irailean Jesus Peñagarikanok Pozoietara jolas dezagun narrazioa —Let’s Play ‘Poison’ (1946)– eman zuen Porrot aldizkarian. Eta Nagore Tolosa izan zen Bradburyren liburu bat estreinakoz euskarari ekarri ziona: Fahrenheit 451, 1953ko nobela, guretzat Txalaparta argitaletxeak 2010ean plazaratua.
Eka
05
12
Natxo de Felipek eta Joseba Tapiak eskainitako kantaldi baten grabazioa entzuteko gomendioarekin gatoz, aitzakiatzat harturik gaurko egunez 1975eko ekainaren 5ean hil zela Gabriel Aresti. Bederatzi kantu dituzu hemen, Arestiren poemez sortuak, eta 2000ko abenduaren 13an Bilboko Kalderapekon Natxok eta Josebak abestuak.
Eka
04
12
Elizabete Manterolaren azterketei esker Euskal Literatura Itzuliaren katalogoa (ELI) kontsulta dezakegu sarean. Norberak nahi eran jakin ahal du zein liburu itzuli eta argitaratu izan diren erdara ezberdinetan, euskal literaturaren hasieratik 2010 urtera arte. 161 idazleren 480 euskal libururen 935 erdal argitalpen egin direla ikasiko duzu, 38 hizkuntzatara itzuliak.
maiatza
29
12
Amaia Ezpeldoi detektibearen bosgarren nobela da Boga boga, maiatzaren 31n Itxaro Bordak aurkeztuko duena. Aspaldiko desagertze bat argitzen tematuko da. Badira 25 urte pasa Jana Elgebeltz garaztarra azkenekoz ikusi zutela, 1985ean Baionako festetan. Baina Janaren anaia Danielek bilatu du leku guztietan, mundu osoa aspertu du galdezka eta ez du aztarnarik aurkitu. Bost neska adiskideren laguntzari esker, aferaren muinera hurbiltzen hasiko da Amaia Ezpeldoi detektibea, eta pixkanaka ohartuko da nor zen Jana Elgebeltz: klandestinitatean engaiatutako ekintzailea.
maiatza
23
12
Miarritzen jaio baina paristarra den Bernard Da Costa antzerkigilea kafe-teatroaren sustatzailea izan zen 60-70etako hamarraldietan. Absurdokoen artean sailkatu ohi dituzte bere obrak, estrabagantetzat batzuetan. La truite de Schubert, 1967an idatzi eta Parisko La Patache gabarra-antzokian taularatua, euskarara ekarri zuen Julien Poxeluk 1972an Amurrainkariak izenburuarekin, eta Egan aldizkarian argitaratu zen 1986an. Teatro-testuak gunerako digitalizatu dugu orain. Da Costa bi nobelaren egilea da: L’Opéra de Madame Gabler (1977) eta Le Mur en toute saison (1978).
maiatza
16
12
Plaza zokoan hil duten droga-saltzailea da Hodeien adorea nobelako kontalaria: hitzontzi jasangaitza, isekaz eta gorrotoz mintzo den sasijakintsu hastiagarria. Trapitxeroak, horrenbestez, heriotzatik begiratzen die iragan hurbileko gertakariei, eta hiru anaiaren inguruko pasadizoak jaulkiko ditu, familia apalekoak, Donostiako periferiako estolderian haziak, bizitzan zori txarretik gehiago izango dutenak ditxa gozotik baino. Yoseba Peñaren lehen eleberria maiatzaren 17an jendaurrean aurkeztu aurretik osorik eskaintzen dizugu sarean.
maiatza
12
12
Unai Iturriagak egindako afixan ageri den Lauaxetaren gabardina baliaturik iragarri dute Literaturiaren laugarren edizioa, ekainaren 1, 2 eta 3an Larrabetzun egitekoa. Lauaxetaren fusilamenduaren 75. urteurrena izaki, poetaren omenezko kantaldi handiarekin abiatuko da Literaturia. Liburu aurkezpen eta azokaz gainera, emanaldi literarioak izango dira: EH3 Kolektiboarena Teilatuko lizarra bildumako testuez, bestetik Mugaldekoak, eta errezitaldietan Iñigo Astiz, Eric Dicharry eta Ione Gorostarzu. Irakurle taldeen arteko mahai-inguru bat izango da, baita ere beste bat itzultzaileen artekoa. Egitarauan dira halaber: Igor Elortza eta Jon Maiaren bertso-trama; Xentimorik gabe antzezlana (Ramon Agirre eta Inazio Tolosarekin); eta Xabier Montoiaren kontzertua.
maiatza
09
12
Antzerkigilea zen aldetik ezagutzen dugu August Strindberg suediarra, baina poeta, nobelagilea, argazkilaria ere izan zen, eta pintore oso originala halaber, Gauguin eta Munch-en adiskide zen sasoian. Duela ehun urte hil zen Strindberg, 1912ko maiatzaren 14an; astebete geroago, Stockholmen 60.000 pertsona bildu ziren haren hiletetan. Herio dantza obra famatu eta zakarra, 1900ean idatzia, Xabier Mendiguren Bereziartuk euskaratu zuen, 1985ean Antzerti aldizkarian argitaratzeko. Baina beste bi lan labur ere badira euskaraz, Labayruko lagunek itzuliak: Indartsuena (1889) eta Amaren maitasuna (1892), biak Zubizabal aldizkarian plazaratuak 2001ean, idazlearen heriotzaren mendeurrena dela kari orain digitalizatu ditugunak.
maiatza
07
12
Maiatz argitaletxeak maiatzaren 15 eta 16an arratsaldez egingo ditu aurtengo solasaldiak Baionako Euskal Museoan, 28. edizioan. Peio Jorajuria eta Pierre Mestrot beren liburuez ariko dira, Itxaro Bordak Laura Mintegi elkarrizketatuko du, “Zer aldatu da euskal literaturan 30 urtez?” mahai-ingurua izango da, Eric Dicharryk eta Xabier Erkiziak performancea eskainiko dute eta Urtzi Urkizuk errezitaldia.
maiatza
03
12
Koldo Izagirreren Sua nahi, Mr. Churchill? (2005) liburuko hamaikagarren kontakizuna, Amsterdam, katalanera itzulirik igorri digu Luis Carmonak. Ipuinak Pasaiako portuko zamaketariak ditu protagonista. Carmonak Nik ere Germinal! egin gura nuen aldarri nobela itzuli zuen katalanera 2006an.
maiatza
02
12
Heine, Uhland, Baudelaire, Prudhomme euskaratu zituen Iokin Zaitegik, baina bere itzulpen garrantzitsuenak Platon, Soflokes eta Euripidesen lanak gurera ekartzen egin zituen. 1963an Egan aldizkarian plazaratutako Medeie digitalizatu dugu teatro-testuak.com gunerako. Honela mintzo da Medeie: “Adorea eta adimena dituzten guzien artean emakumeok gara izaki errukarrienak. Ondasun gonburuz senar bat erosi behar izaten dugu, gure soinaren jaun eta jabea har dezagun: izan ere ez baita gaitz hori baino gaitz gorriagorik”.
Api
26
12
Durango, Elorrio, Otxandio, Elgeta, Eibar… suntsitu zituzten faxistek duela 75 urte. Eta gaurko egunez, 1937ko apirilaren 26an, arratsaldeko 16:30ak aldera hasi zuten Gernikako aire erasoa eta bonbardaketa, 43 hegazkinez 40.000 kilo lehergai jaurtitzeko.

Gernikako tragedia gogoan, Lutxo Egiaren Paperezko hegazkinak eta Edorta Jimenezen Kilkerren hotsak nobelak irakurtzeko gomendioa egiten dizugu; baita ere Susa aldizkariak 1987ko apirilean plazaratutako ale monografikoa, Jose Luis Otamendi, Mikel Antza, Iñigo Aranbarri, Jon Arano, Josu Landa, Iñaki Goitioltza, Xabier Mendiguren, Omar Nabarro, Joserra Utretx eta gehiagoren literatur lanez. Orobat, hemen duzu bonbardaketaren kronika Eguna egunkarian 1937ko apirilaren 28an.
