Eka 27 22

8.000 liburu kritika

Armiarma.eus atariko Kritiken Hemeroteka guneak 8.000 kritika bildu ditu dagoeneko. Euskal Herrian argitaratzen diren hedabide gehienetako literatur kritikak batu ditugu urteotan guztiotan, eta aspaldi honetan blog eta agerkari digitaletan ere idazten da literaturari buruz. Susa literatura argitaletxearen webgunean 2001. urtean hasi ginen literatur kritikak batzen, eta 2007an Armiarma atarian bildu genituen guztiak. Geroztik, astero astero berritzen eta eguneratzen dugu Kritiken Hemeroteka.

Asteburuan agertutako Berria egunkariko kritikekJon Benitoren Lagun minak liburuarena eta Joxe Mari Berasategik euskarara ekarritako Marina Tsvetaievaren Ene anaia femeninoari buruz idatzitakoa – gainditu dute 8.000ko langa.
Kritiken Hemerotekan bildutako kritika zaharrena Jean Etxeparek 1922ko martxoan Gure Herrian Txomin Agirreren Garoari buruz idatzitakoa da. Hala ere, 1930. urterarte ez dugu beste kritikarik aurkitu. 1930 eta 1936. urteen artean kritika kopuru polita dagoen arren, 1936tik 1950. urtera liburu sorkuntza -eta beraz, kritika- indarrez isilarazia izan zen, eta 50. hamarkadatik aurrera hasten dira berriro literatur kritikak argitaratzen Euzko Gogoa bezalako literatur aldizkarietan.

Eka 23 22

Juan San Martinen mendeurrena

Mendea bete da 2022ko ekainaren 23an Juan San Martin jaio zela. Idazlea, kultur eragilea, ekintzailea, ikerlaria, hainbat alor ezagutu eta jorratu zituen eibartarrak, XX. mendeko euskal kulturgintzako izen ezinbesteko bat bilakatuz. Euskararen eta kulturaren alorreko egitasmo nagusi askotan parte hartu zuen, eta literatura izan zen horietako bat. Uhin berri liburua eman zuen argitara 1969an, izenburutik bertatik adieraziz zer haizek bultzatua zen: euskal literatura berri bat eginez eta bilatuz zetozen 25 idazleren berri ematen du. Eta 1980an Literaturaren inguruan idatzitako hainbat artikulu bildu zituen. 100 urte beteko lituzkeen honetan, liburu biok eskaintzen dizkizuegu.

Eka 16 22

Ulisesen mendeurrena

Mende bat bete da aurten literatura unibertsaleko liburu esanguratsuenetako bat, Ulises, argitaratu zela. Besteak beste haren hizkuntza-konplexutasuna aipatzen dela, Xabier Olarrak ekarri zion euskarari obra ezinbestekoa 2015ean. Aurten, mendeurrena kari, James Joyceren lan nagusiaren edizio berri bat plazaratu du Igela argitaletxeak. Ulises eleberria ekainaren 16an gertatzen da, eta hori ospatzeko liburuaren zaleek Bloomsday izeneko eguna egiten dute Dublinen, liburuan aipatzen diren lekuak eta gertakizunak oroituz eta berbisitatuz. Aurten Iruñean ere izango dugu Bloomsday eguna. Eta urteurren berezi honetan, liburuaren pasarte bi dakarzkizuegu —liburuaren hasiera eta Molly Bloomen bakarrizketaren zati bat—, obra unibertsala dastagai.

Eka 08 22

Erradikalak, Soka eta ganbila.eus

Ganbilaren ohiko irakurleak badaki, edizio proiektu honen hastapenetatik bertatik euskal antzerkigintzaren aniztasuna islatu nahi zuela bilduman. Eta bi liburu berri plazaratu ditu Ganbila bildumak.

Erradikalak

Erradikalak ikuskizunak formatu txikiko gisako pieza bezala deskriba daitezke. Eszenografia xumeak ahalbideratzen zuen antzezlanaren eramangarritasuna, eta, horregatik, okupatu zitzaketen plazak mota guztietakoak izan zitezkeen. Hortaz, Labaka eta Egizabalen diskurtsoa, beste toki batzuen artean, herriko plazetako aire zabalean zein kultur etxeetako lokaletan aditu da. Erradikalak lan hibrido moduan sailkatzea ere badago bertsogintza eta clown mundutik eraikita dagoelako.

Soka

Soka ez da teatro dokumentala, ez periodistikoa, ezta aitortzakoa ere. Ordea, jendartean tabua den, samin ikaragarria eragiten duen eta gutxitan azaleratzen den (eta, egiten duenean, esan gabe doa, gordinki) eskola jazarpenaren gaia ekartzen du mahai gainera antzerki moduan. Egileak berak, gainera, lehen orrialdetik luzatuko digu abisua: berak ez du pertsonaia epaituko. Ikusten duenaz, galdekatzen duenaz, gutaz, ikusleez, irakurleez, hitz egiten du obra honek. Bertolt Brecht-ek egiten zuen antzera, gai bat paratuko digu begien aurrean, distantzia hartuko dugu, batzuetan ia oharkabean pasatzen diren ñabarduretan irakurleok gure istorioa idatz dezagun.

ganbila.eus

Euskal Herriko Antzerkizale Elkarteak eta Susa literatura argitaletxeak batera sortutako bilduma da Ganbila. Eta orain antzerki testuak, kritiak eta ikusentzunezkoak batzen dituen webgunea ere abiatu dugu sarean. 153 teatro lan batu dira orain arte, egilez, urtez eta izenburuz sailkatuak. Halaber, teatro kritiken hemeroteka bat ere badauka Ganbila.eus atariak eta 224 artikulu daude bilduta. Teatroari lotutako ikusentzunezkoak atalean, 31 bideo daude ikusgai.

Eka 08 22

Eskola jazarpenaren Soka

Kezka batetik abiatu zen Soka idazteko txinparta. Jendartean tabua den, samin ikaragarria eragiten duen eta gutxitan azaleratzen den (eta, egiten duenean, esan gabe doa, gordinki) eskola jazarpenaren gaia ekartzen du mahai gainera antzerki moduan. Mikel Gurrea egileak, gainera, lehen orrialdetik luzatuko digu abisua: berak ez du pertsonaia epaituko. Ikusten duenaz, galdekatzen duenaz, gutaz, ikusleez, irakurleez hitz egiten du obra honek. Gai bat paratzen digu begien aurrean, distantzia hartzen dugu, batzuetan ia oharkabean pasatzen diren ñabarduretan guk gure istorioa idatz dezagun. Gurrea zinemagilea ere bada, eta nabari da: zinematografikoa da oso darabilen idazkera. Tanttaka Teatroak eszenaratu zuen obra, Fernando Bernuésen zuzendaritzapean eta Iñaki Rikarte aktore zela. Obraren gidoia jasotzen du Ganbila bildmako zenbaki honek, Bernués eta Rikarteren testu banarekin.

Eka 07 22

Erradikalak izan

Ane Labaka Mayoz bertsolaria eta Beatriz Egizabal bakarrizketalaria plazaz plaza ibili dira 2017tik Erradikalak gara eta Erradikalak ginen ikuskizunekin. Bertan, neska gazte promesa etiketaz, zahartzeaz, gorputzaren aldaketez, sexualitateaz, merkatu patriarkalaz, intersekzionalitateaz, beldurraz, biolentziaz eta beste hainbat gairi buruz kantatu eta kontatu dute bakarrizketa eta bertsoen bitartez, umoretik, generoen arteko desparekotasunak ez ezik feministon kontraesanak ere agerian utziz. Hain zuzen ere, emanaldi horietako gidoiak daude bilduta Erradikalak izeneko liburu honetan, egileek obrari buruz idatzitako testu batekin eta Jule Goikoetxea Mentxakaren hitzaurrearekin batera. Hibrido moduan sailka dezakegun lana da Ganbila bildumaren 16.a osatzen duen hau, bertsogintzatik eta clown mundutik eraikita baitago.

Eka 02 22

Janbattit Dirassarren hegikoak

Urtsua deitzen dugun mazela bati josia bezala” dago Hegiko borda, eta hangoxeak dira Janbattit Dirassarrek luma trebez Hegiko Borda liburura (Elkar, 1995) bildu zituenak. Ume eta gaztetango kontakizunak, pasadizoak, bizipenak, toki bat bainoago bizimodu bat erakusten dutenak, inoiz ukitu kostunbrista izanagatik ere, bizi eta dotore azalduak. Jardunez eta jendez populatuak, interes handiz irakurtzen direnak. Ziburuko Liburu Azokan merezitako omenaldia jasoko du Janbattit Dirassarrek. Hona hemen irakurgai liburua, idazlea omentzen hasteko abiapuntu ederra  izan daitekeena.

maiatza 27 22

Txilikuren piztiak

Piztia izenburupean egingo du aurtengo jarduna Literaturiak, 2022ko maiatzaren 27tik 29ra. Gure literaturan piztien peskizan gehiegi jardun behar izan gabe, Zarautzen bertan aurkitu dugu Jesus Mari Olaizola Txiliku-k ondu zuen Piztiarioa, 2012an Elkar argitaletxearen eskutik plazaratutako liburua. Piztia literario eta ez-literarioak, mitologikoak, hezur-haragizkoak, historikoak… aurkituko dituzu online jarri ditugun atal hauetan.

maiatza 26 22

Lizar Begoñaren zoo librea

Hitzen zoo libre bat dakar Lizar Begoñaren Gepardo japoniarrak poema liburuak. Logika egituratuak desafiatuz eta formaren aukerak zukutuz, mundu garaikidearen testurak bildu ditu, organikoenetatik ukiezinenetara. Palmondoak, abereak, belar txarrak, Bergman, Brontë, Oteiza, Le Guin eta beste hartu ditu solaskide, zentrorik gabeko eremu batean kiribiltzeko gonbita eginez irakurleari. Osorik irakur dezakezue sarean.

maiatza 22 22

Cecil Day-Lewisen Nabarra

1972ko maiatzaren 22an hil zen Cecil Day-Lewis idazlea. 30etako idazle ingelesen artean erreferentzia ezinbestekoa, militante komunista, beste zenbait idazle garaikidek bezala, Espainiako 36ko gerrarekin harreman estua izan zuen. Eta Euskal Herriarekin: The Nabarra poema luzea ondu zuen Euzkadiko Gudontzidiko bou ezagunaren ibilera eta borroka oinarri hartuta. Luigi Anselmik euskaratu zuen Idatz&Mintz-entzat (Bolondresa poema ere badator Nabarra-ren edizio horretan), 2003an, eta hiru urte geroago Jose Luis Padronek beste itzulpen bat egin zuen Bassarairen edizio hirueledunerako, Bere izena Nabarra izenburuaz. Sarean irakurgai dagoen lehenaz gain, bigarren itzulpen hau eta honetarako Gabriel Insaustik egindako aurkezpena ere (obraz, garaiaz, estiloaz eta Day-Lewisez) online jarri ditugu. Igela argitaletxeak ere Piztiak hil behar du polizia-eleberria, Day-Lewisek Nicholas Blake ezizenaz plazaratua, argitaratu zuen, Estibaliz Lizasok euskaratua.

maiatza 20 22

Gabriel Ferrater poetaren mendeurrena

1922ko maiatzaren 22an jaio zen Reus-en Gabriel Ferrater. Editorea Seix Barrall argitaletxean, irakaslea unibertsitatean eta, batez ere, poeta izan zen, 50 urte bete aurretik bere buruaz beste egin aurretik. Aurten bere jaiotzaren mendeurrena ospatzen ari dira Katalunian, eta bere poemen oihartzunak gurera ere heltzen dira, ez oso aspaldi euskarari ekarritako lanak ere argitaratu izan direlako. Zenbait poeta katalan antologia osatu eta itzuli zuen Gerardo Markuletak 1997an eta Literatura Unibertsala sailean argitaratu. Berrikiago, Aritz Galarragak Munduko Poesia Kaierak bilduman, Gabriel Ferrater poetaren lanak euskaratu zituen eta argitara eman, Beñat Sarasolaren hitzaurrearekin.

maiatza 13 22

Henriette Aireren minetik

Urradura batetk sortutako poemak dira Egiaren egarriz liburuan Henriette Airek plazara eman zituenak, 1989an, Maiatz argitaletxearekin. Heldutasunaren ekarriarekin idazten du poetak, eta bizitza nahi bezala bizitzeko ezinak agerikoak ditu, emakume izateak areagotzen dituenak. Apaindurarik gabeko poemak, epaia maiz laburrean emana dutenak, tamala da liburu hori bakarrik eskaini izana urepeldarrak.

maiatza 05 22

Jakes Ahamendaburu hil da

2022ko apirilaren 29an hil zen Jakes Ahamendaburu, jaioterri izan zuen Eiheralarren,  60 urte zituela. Antzerki-tradiziotik zetorrena, Maiatz argitaletxearekin kaleratu zuen Isilka-misilka poema liburua 1988an. Poesiarako molde ohikoak baliatu bazituen ere, begirada berezia zuen, bizitzari edo naturari so egiten zionean, malenkonia sakon batek jotako begirada. Eta euskararen beraren esan-indarra.  Bi urte geroago Gauean ontuts (Maiatz, 1990) poemarioa kaleratu zuen. Ahamendabururen heriotzaren kari, liburu biak eskaintzen dizkizuegu.

maiatza 02 22

Gure bazterrak arakatzen

Dekolonialitatearen ibilbide emantzipatzaileari euskal feminista moduan ekarpena egiteko asmoz idatzitako liburua da Araka ditzagun gure bazterrak. Hausnarketak, ekimenak eta proposamenak geure kokaleku zuritik eta mendebaldarretik harilkatu ohi ditugu. Hori da oraindik ere gure kokaleku nagusia, eta, azkenaldian, botere-posizio hori birpentsatzeko eta desplazatzeko ariketa kolektiboa egiten ari dira Euskal Herriko Bilgune Feminista eta Emagin. Ez da ariketa erraza gai honen inguruan hitza hartzea, ezta horretarako kokaleku egokia topatzea ere. Umiltasunetik egiten dute, dena entzuteko eta dena ikasteko dutela jakitun. Deserosotasunari eta kontraesanari iskin egin gabe, bertan gordetzen direlako korapiloak askatzeko bidezidorrik interesgarrienak. Horretarako, azken urteetan kolektibo biek egin duten bidea kontatzen du liburuak, askotariko begiradak gorpuzten, arrazakeria izendatzen eta gatazka politizatzen irakatsi dieten konpa migratzaile eta arrazializatuekin egindako bidea, eta horren ondorioz sortutako hausnarketak eta ikasketak konpartitzen dituzte.

Api 27 22

Gabriel Ferrater, 50 urte

1972ko apirilaren 27an, 50 urte betetzeko 27 egun falta zitzaizkiola, bere buruaz beste egin zuen Gabriel Ferrater poetak, duela 50 urte. Adin horretatik aurrera bizitzen jarraitzea ez zuela merezi sarritan esana zen, eta bete. Ordura arte, hala ere, bizitza intentsoa izan zuen, eta jardun poetiko sakona, produkzio handikoa izan ez bazen ere. Bere poesiaren oinarrian begirada moral eta psikologikoa dagoela, baina irudi konkretuen bitartez emana, ez abstraktuki, diosku Beñat Sarasolak Munduko Poesia Kaierak bilduman idazle katalanaren antologiari egindako hitzaurrean. Haren heriotzaren urteurrena, Aritz Galarragak euskarari ekarritako poema antologia irakurtzeko parada aproposa.

Agenda

Efemerideak

Kritikak