Ots 16 06

Heinrich Heineren olerkiak

1856ko otsailaren 17an, orain 150 urte, hil zen Parisen Heinrich Heine, XIX. mendeko idazle aleman handietako bat. Dusserdolfen 1797an jaioa, bere poema eta kantuekin eta bidaia-kronikekin arrakasta lortu zuen. Alemaniako botere eta pentsamenduarekiko kritiko, ironia eta sarkasmoaren maisuetako bat izan da, eta bere idatziek oihartzun handia izan dute. Euskarara ere iritsi ziren, 1920ko hamarkadan. Joseba Arregi Txingudik euskaratu zituen Bitarte eta Itzulia poemarioak eta Heine’ren olerkiak liburuan plazara eman 1927an. Txingudiz gain, hala ere, Klaudio Sagarzazu Satarkak, Martin Oiartzabalek, Jokin Zaitegik eta beste zenbaitek ere euskaratu dituzte idazle alemanaren poemak. Heine’ren olerkiak liburua eta beste poema solteak dauzkazu irakurgai.

Ots 14 06

Zarko Petan: “Ideia handiak bihotzean jaiotzen dira, inteligenteak buruan”

Petan idazlearen aforismoak bildu ditu Unai Agirrek Egan aldizkariaren azken alean. “Kritikaria zirujaua da; aforismogilea, berriz, psikologoa”. Horra nola laburbiltzen duen Petanek bere burua aforismo batean. Psikologo: Esloveniako psikologo, garai bateko psikologo. Tratatu handirik gabe, lerro bakarrean eritasunen berri emango duen psikologo.

Ots 14 06

Gassan Kanafani: eguzkipekoak

Palestina idatzi, Palestinari buruz. Eurena ez den mundutik eurena ez den munduari buruz. Itzultzeko joaten diren gizonei buruz. Kanafaniren liburuek herri palestinarraren atzerria, gosea eta sufrimendua dituzte kakotzat. 1966an kaleratutako Gizonak eguzkitan lanarekin (Pamiela, 1991) gero Palestinako erresistentziako literatura izango zena hasi zuen. 40 urte dira ordutik. Eta Palestina bizirik eta zaurituta. Hil zutenean esan zuten: “Bere luma armak baino eraginkorragoa zen”.

Ots 09 06

Rafa Egigurenen poemak

Bi poema libururen bitartez tokia erdietsia du Rafa Egigurenek euskal poemagintzaren alorrean. 1981ean Ustelak kaleratu zuen Txipiroiren bat edo beste, zehaztasun handiz zorroztutako lumaren emaitza. Mugarrien garraioan izan zen hurrena, Susarekin 1986an plazaratua, aurreko poema liburuko ahotsa sendotzen zuena. Horixe poesiaren eremuan argitara emandakoa. Geroztik, Ilargia putzuan ageri eleberria kaleratu zuen (Erein, 1990), eta 2003an Mandarin dotore disko-liburua, poema txinatarren itzulpena dakarrena, Egigurenek egina. 2002an Susa argitaletxeak Rafa Egigurenen Poesia Kaiera kaleratu zuen, orain osorik aurkezten dizueguna.

Ots 07 06

Vila-Matas: “Errealitatea eta fikzioa nahasiko diren dantza baterantz joan behar dugu”

Enrique Vila-Matasek (Bartzelona, 1948) Medicis Etranger eta Espainiako Kritikaren sariak irabazi zituen El mal de Montano liburuarekin. Lehenago Suicidios ejemplares, Bartleby y compañía eta Historia abreviada de la literatura portátil harribitxiak idatzi zituen. Doctor Pasavento da haren azken liburua. Robert Walser heroi moraltzat duen doktore baten istorioa da. Handinahikeriarekiko eta botere literarioarekiko nazka eta ezkutuan eta konturatu gabe igarotzeko afana dira Walserri lotzeko gakoak.

Ots 02 06

Duvoisinen Bible Saindua

115 urte bete dira urtarrilaren 30ean Jean Duvoisin (1810-1891) zendu zenetik.  Haren eskutik sortu-egokitu eta papereratutako obren artean ez da gure letretan garrantzi gutxienekoa, ez eta txikiena ere (ez, noski, tamainaz; ez, jakina, kalitatez) Klasikoen Gordailuak gaurkoan, ainhoarraren omenaldi gisa, eskaintzen duen Bibliaren itzulpena (1859-1865). Idazlanaren izaera erraldoiagatik hiru estekatan banatua (Bible Saindua (I) – Testament Zaharra, 1. zathia; Bible Saindua (II) – Testament Zaharra, 2. zathia eta Bible Saindua (III) – Testament Berria). Eta irakurketak bideratzea Klasikoen Gordailuaren eginkizuna ez bada ere, honako liburu paregabe hauetan aurki dezake irakurleak lehendabiziko aho-gozagarria: Eklesiastesa, Zuhurtzia, Erran zaharrak, Eklesiastikoa. Eta poesi hizkuntza maite duenak Salomonen Kantiketako Kantika eta Psalmoak liburuetan.

Ots 02 06

Jose Luis Otamendiren poesia

Bost poema libururen egilea, XX. mendeko euskal literaturako ahotsik sendoenetako bat da Jose Luis Otamendirena. Ustelarekin 1980an kaleratutako Azken undinaren kaira liburutik hasi eta Lur bat zure minari poema-libururaino (Susa, 1995), lirika berezi eta indartsu baten jabe dela erakutsi du Otamendik. Bere poesiaren antologia bat, XX. Mendeko Poesia Kaierak bilduman kaleratu zuen Susa argitaletxeak. Osorik irakur dezakezu orain, poemetako batzuk bere ahotsez entzunaz.

Urt 31 06

Vladimir Nabokov Miarritzen: tximeletak eta euskaldunak

Munduan zehar ibili zen. San Petersburgon jaio zen, Errusian, XIX. mendearen amaieran. Suitzan hil zen, 1977an. Bitartean hainbat leku zeharkatu zituen esperientzia eta tximeleta bila. Bidaia horietako batean, 1907 eta 1909an Miarritzen eman zuen uda. Orduko oroitzapenak biltzen dira Speak, Memory liburuan. Miarritzen tximeletak “miserikoletak”, Colette lehen maitasuna eta itsas-aparrezko luma-etxe bat aurkitu zituen Nabokovek.

Urt 26 06

Andima Ibinagabeitiaren mendeurrena

1906ko urtarrilaren 26an jaio zen Elantxoben Andima Ibinagabeitia. Euskal kultur eta literaturaren langile handia, Jokin Zaitegirekin batera Euzko Gogoa aldizkariarekin egindako lana azpimarratzekoa da. Beste hainbat lanetan jardun zuen, dena den. Sustatzaile eta langile moduan ezaguna, idatzi ere idazten zuen.
Susa argitaletxeak  Ibinagabeitia Proiektua deitu zion literatur aldizkariak sarean jartzeko bere ekinaldiari, eta Patri Urkizuk prestatutako edizioan Andima Ibinagabeitiaren gutunak argitaratu (Erbestetik barne-minez, Susa 2000).
1967an zendutako idazleari buruzko artikulua Pako Sudupek kaleratu zuen 1999ko maiatz-ekaineko Jakin aldizkarian, 112. zenbakian, eta urte berean liburua prestatu zuen, Elkarlanean etxeak plazaratua, Andimaren idazlan hautatuak  izenekoa. Obran, Ibinagabeitiak idatzitako artikuluen antologia bikain batetaz gain, hark idatzitako artikulu guztien erreferentzia dakar. Andima Ibinagabeitiaren lanen erakusle, haren jaiotzaren mendeurrenean osorik eskaintzen dizugu liburua.

Urt 26 06

Martzelino Soroaren 5 antzerki lan

Martzelino Soroa Donostiako antzerkigile ezagunaren beste bost antzerki lan eskaini ditu euskaraz.netek osorik: Alkate berria; Baina zein naiz ni?; Barrenean harra; Hauek istiluak; Urrutiko intxaurrak. Era honetan euskal antzerki modernoaren sortzaile jotzen den egilearen 11 antzerki lan eta Baratzan izeneko elkarrizketa liburua jarri ditu dagoeneko irakurleen eskura.

Urt 24 06

Hilen, jazarrien eta bizien entziklopedia

Danilo Kisen Enciklopedija mrtvih (Hildakoen entziklopedia) kaleratuko dute laster euskaraz, Monika Etxebarriak itzulita. Subotican, Serbia iparraldeko hiri txiki batean, Hungariarekin mugan, jaio zen 1935eko otsaileko egun batez Danilo Kis. Handik, familia Novi Sadera aldatu zen, Voïvodina herrialdeko hiriburura, faxista hungariarrek II. Mundu Gerran judu eta serbiarrak masakratu zituzten hirira. Hor non datorren herio eta gerra Danilo gaztearen begietara lehen aldiz. Irudia gogoan (h)iltzatuta geratzekoa: gorpuak odoletan elur gainean, gorpu horietako asko lagunenak. Hungarian, aitaren familiarenean hartu zuten aterpe gerrak iraun bitartean. Babes bila? Alferrik.

Urt 24 06

Harold Brodkey: onestasun basatia

Belaunaldi baten, are garai oso baten erreferentzia literarioa izan behar zuen AEBetan. Faulkner osteko idazlerik garrantzitsuena izango omen zen. Hala zioten behintzat. Aldizkarietan idatzi zituen ipuinengatik ezagutzen zuten. Bazebilen legenda bat hogeita bost urtean liburu ikaragarri eder bat idazten zebilela zioena. Liburu hori fintzen ibili zen, 1993an heriotzaren amildegia aurrez aurre ikusi zuen arte. Eta amildegi horretara nola erortzen zen nobelatu zuen beste liburu ederrago batean.

Urt 19 06

Gure zinemaren historia petrala

Koldo Izagirreren Gure zinemaren historia petrala (Susa, 1996) duzu asteon osorik emana. Man Ray zinegile eta artistaren Emak bakia filmari erreferentzia eginez abiatzen du Izagirrek liburua. Hain zuzen ere aurten 80 urte dira Man Rayk filma errodatu zuela, zati batzuk Parisen eta beste batzuk Miarritzen (Arthur Wheeler aberatsaren etxean). Emak bakia Miarritzeko landetxe baten izena duzu, Rayk adierazi zuenez: “C’était tout simplement le nom d’une villa en Pays Basque où j’avais tourné quelques extérieurs“.

Urt 19 06

Klasikoen Gordailuko liburuen PDFak

2005ean aurkeztu genuen Klasikoen Gordailua, non euskal letretako hainbat testu eta liburu klasiko jarriak genituen on-line: 171 liburu, zehazki esateko, aurkeztu genuenean. 2005eko irailetik abendura bitarte handitzen joan gara kopuru hori, bi astean behin erantsitako liburuekin, eta honenbestez 325 dira Klasikoen Gordailuan kontsultagai dauden liburuak. Baina horretaz gain, estreina jarritako 171 liburuen fotokonposizio gutxieneko bat ere egin dugu, liburuetako edukia antolatuz, inprimatu nahi duenak irakurgai antolatua izan dezan. Dagoeneko Klasikoen Gordailuan jarri ditugu bertsio horiek, PDF formatuan, jendearen eskueran.

Urt 17 06

Gregory Corso: poeta bat New Yorken (kalean eta kartzelan)

Suela bost urte hil zen Gregory Corso, “beat” belaunaldiko poeta onirikoa. Villagen jaio zen, 1930eko martxoaren 26an. Gurasoak jatorri italiarrekoak, nerabeak ziren jaio zenean. Gregory jaio eta urtebetera, ama Italiara itzuli zen, eta aita gazteegia zenez, umezurztegira eraman zuten Gregory. Hamaika urtera arte, umezurztegiz umezurztegi ibili zen. Aitak berriz bere altzoan hartu zuen arte. Hiru hilabetera ihes egin zuen. Aita ezkondu eta berriz bildu ziren. 13 urterekin ihes egin zuen berriz. Ihes egiteko joera hori zela eta, klinika psikiatriko batean sartu zuten gero.

Agenda

Efemerideak

Kritikak