Uzt 30 23

Emily Brontëren poemak

1818ko uztailaren 30 batez jaio zen Emily Brontë idazlea, Ingalaterran. Hiru ahizpetan gutxien idatzi zuena, baina ezagunena, Gailur ekaiztsuak (Erein-Igela, 2017) eleberriaren egilea, elkarrekin idatzi eta argitaratu zituzten poema gehienak —eta onenak, kritikaren arabera— Emilyrenak dira. Haietako bederatzi euskaratu zituen Itxaro Bordak Maiatz aldizkarirako, hona dakartzagunak.

Uzt 14 23

Miroslav Holuben begirada poetikoa

Zientzialaria, immunologoa zela nabarmentzen da Miroslav Holub poetaz berba egitean, haren lanbide eta pasioak eragin zuzena baitauka haren obra poetikoan. Zeri begiratzen dion, eta batez ere begiradan. 25 urte bete dira uztailaren 14an Holub hil zela, eta gogora ekarri nahi izan dugu Karlos Cidek egindako antologia (Susa, Munduko Poesia Kaierak, 2016), eta baita 1991n Hegats aldizkarian  Maite Gonzalez Esnalek itzulitako lau poema.

Uzt 09 23

Jean Barbieren narrazioak

1875eko uztailaren 9an jaio zen Donibane Garazin Jean Barbier. Apaiza, Eskualduna aldizkariaren bultzagileetakoa, idazle sutsua. Hainbat lanen egile, ezagunak ditu Supazter xokoan eta Ixtorio Mixterio narrazio liburuak, eta gerran girotutako eleberri bat, PiarresKlasikoen Gordailuan irakurgai dituzu guztiok. Trebezia handiko idazlea, nahiz eta maila folklorikoan geratzen ziren gehienetan haren idazlanak. ipuina.eus webgunean bere  estiloaren eta gaien lanketaren adibide bat  badago, Bi makila bidean.

Uzt 05 23

Maria Merce Marçalen urteurrena

Ahanztezina da bere dibisa: “Menturari hiru dohain zor dizkiot: emazte sortu izana, / Klase sozial apalekoa eta herrialde zapaldukoa. // Eta hiru bider errebelde izateko urdin uherra”. 25 urte bete dira uztailaren 5ean Maria Merce Marçal poeta hil zela. Kataluniako poesiaren erreferente ezinbestekoa, Itxaro Bordak ekarri zuen euskarara Munduko Poesia Kaierak bilduma abiatu zuenean Susa argitaletxeak. Hona hemen haren poemen antologia.

Eka 28 23

Edith Sodergranen mendeurrena

Duela mende bete, 1923ko ekainaren 24an hil zen Edith Sodergran. Suedierazko literaturari eta poesiari astindua ekarri zien bere poemetako haize berriak eta, oso gazte hil izanagatik, erreferentzia handia bilakatu zen bere herrialdean—finlandiarra zen, suediar hiztuna— eta oro har Eskandinabian.  Euskaraz presentzia bitxia du Edith Sodergranek: Jon Gerediagak protagonista nagusi bilakatu zuen —izenez aipatu gabe ere— Dama antzezlanean (Susa, Ganbila bilduma, 2021), pertsonaia baten hitzetan idazlearen poemak txertatuz. Eta beraz, antzezlaneko testuan haren hitzak irakur daitezke. Horretaz gain, hamaika poema euskaratuak ditu Gerediagak, hemen eskaintzen ditugunak (Finlandiako literaturari eskainitako Hegats 42.ean Teodoro Sorrondegik itzulitako poema barne).

Eka 17 23

Tene Mujikaren olerkiak

Euskal literaturan izen ezinbestekoa da Tene Mujikarena, idazle, ekintzaile politiko eta kultur eragilea. XX. mende hasierako jardun politiko abertzalean aritutakoa, Emakume Abertzale Batzako lehendakaria izan zen debarra,  eta garaiko aldizkarietan eman zituen argitara narrazio eta  artikuluak. Erbestea nozitutakoa, Gogo-oñazeak eta Gabon antzerki-lanen egilea da, eta duela mende bete argitaratu zituen bere idazki eta poemak, Miren Itziar-i idazkiak eta Olerkiak (Jaungoiko Zale, 1923) izenburuko lanean. Grafia eguneratuta, poemak jarri ditugu irakurgai.

Eka 10 23

Ramuntxo pastorala

Mendea bete da ekainaren 10ean Pierre Loti idazle frantsesa zendu zela Hendaian, berea zuen Bakar Etxean. Obra oparo eta arrakastatsu baten egilea, bere karrera militarrari zor dizkion bidaietan oinarritutako obra gehienean, izan zuen harreman esturik Euskal Herriarekin (Juana Josefa Cruz Gaintzarekin lau seme-alaba izan zituen, ezkontzaz kanpo), eta eskaini zien eleberririk euskal lurrei: Ramuntcho (1897). Gure herri eta jendeen ikuspegi partikularra duen obra honetan oinarrituta, Idauze-Mendiko herriak duela 20 urte pastorala egin zuen, Pier Pol Berzaitzek idatzi eta osatua, Ramuntxo. Hona hemen obraren testua.

Eka 08 23

Uztapide gogoan

40 urte bete dira ekainaren 8an Manuel Olaizola Uztapide bertsolaria hil zela. Bertso jardunarengatik ezaguna batez ere, plazaz plazako jarduna, bertso jarririk ere eman zuen eta Auspoa sailean batu ziren haren bertsoen bi bilduma, Noizbait (1964) eta Sasoia joan da gero (1974). Baina neurtuan egindako lanaz aparte, Uztapiderengan prosazko lana ere azpimarratzekoa da, bere bizipenen ez ezik garaien erretratua osatu baitzuen Lengo egunak gogoan (Auspoa, 1975) kronika-liburuan. 2001. urtean Antonio Zabalak Berriz plazara liburua ondu zuen, beste bertsolari batzuekin egin bezala, non Uztapideren bertsoaz biltzeaz gain (lehendik argitaratuak zituen bi liburuak eta Osasuna joan da gero), hari buruzko lekukotzak, argazkiak… jaso ziren. Euskaltzaindiaren webgunean daude irakurgai Auspoa bildumako liburuok.

Eka 03 23

Nazim Hikmeten poemak

Turkia bere herriaren eta bereziki bere herrikideen XX. mendeko ahots inportanteenetako bat da Nazim Hikmet-ena. Hainbat aldiz kartzelan egona (azken kartzelaldian 12 urte), alderdi komunistako kidea,  Gabriel Arestik ekarri zuen euskarara Lau gartzelak eta beste zenbait poema liburua. Gerora, Iñigo Aranbarrik dozena bat poema itzuli zituen, eta badaude euskratutako beste poema solte batzuk ere. Ekainaren 3 batez duela 60 urte Moskun hil zen Hikmeten euskaratutako lanok bildu genituen hemen.

Api 19 23

Txikiaren Hitz etena

Telesforo Monzonen hitzekin egindako kantua ezagunagoa izanagatik ere, bazituen Eustakio Mendizabal  Txikia-k berak idatzitako kantu eta poemak. Jon Arano poetak bildu zituen eta 1992an argitaratu, Susa argitaletxearekin.  Gaur 50 urte hil zuen Espainiako Poliziak  Algortan 28 urteko itsasondoarra, militantzia politiko nabarmena egina zuena ordurako. Urteurrenaren harira, hona Txikiaren Hitz etena.

Api 13 23

Fantasia eta errealitatea

Oso bi idazle desberdin batzen ditu apirilaren 13ak. Duela 200 urte Eugene Mouton jaio zen. Legelari gisa ibilbidea egindakoa, literatur aldizkarietan eman zituen argitara istorio eta narrazioak, mundu fantastiko, menturazkoa jasotzen dutenak. Zientzia fikzioaren aitzindarietakoa, halakoxea da Pamiela aldizkarian 1985ean Kapok euskaratu zuen Zurezko burua zuen elbarrituaren istorioa. Gaur 40 urte hila, fantasiatik baino errealitatetik gehiago dakar bere literaturan Merçe Rodoredak (nahiz eta baduen ukitu sinbolista zenbait narraziotan). Espainiako Errepublika, gerra, erbestea… heriotza, amodioa, denbora dira idazle katalan handi honen gaiak. Maite Gonzalez Esnal-ek euskaratu zituen haren Ipuin hautatuak (Elkar, 1984) eta eleberririk ezagunena, Diamantearen plaza (Elkar, 1994). Berrikiago (2013), Antton Olanok Ispilu hautsia ekarri du argitara Literatura Unibertsala bilduman.

Api 03 23

Oholtzako abangoardia

1898ko apirilaren 3an jaio zen Michel de Ghelderode idazlea, Belgikan. XX. mende hasierako  dramaturgo handietako bat, obra oparo baten egilea da, zeina asko eta toki askotan errepresentatua izan zen. Pertsonaia grotesko eta beldurgarrien sortzailea, abangoardiako idazle kontsideratzen da. Baina abangoardian ikurrik badu antzerkiaren munduak XX. mendean, hori Antonin Artaud da, apirilaren 3 batez hil zena Ghelderode jaio eta 50 urtera. Teorialari, idazle, aktore, poeta… oholtzari astindua ekarri zion marseillatarraren ekarpenak. Obra bana daude euskaratuta, Ghelderoderen Zaldun bitxia, Juan San Martinek Egan aldizkarian 1965ean; eta Jainkoaren judizioari akabera emateko, Asier Sarasolak Tabakalerarendako, 2017an. Biak dituzu irakurgai.

Mar 16 23

Jose Gorostizaren Amaibako heriotza

Mexikoko XX. mendeko poetarik handienen zerrendan tokia dauka Jose Gorostizak. Obra poetiko kopuruz laburrekoa, mamiz handikoa, haren Amaibako heriotza (Muerte sin fin, 1939) lirika mexikarraren gailurtzat jotzen da, hurrengo belaunaldietako egileengan eragin handia izan duena. Halaxe azaltzen du Josu Landa Goioganak, autorea bera ere aurkeztuz, euskarari ekarri ziolarik poema eta Idatz&Mintz aldizkariaren separata batean argitaratu. Gorostizaren heriotzaren 50. urteurrenean irakurgai daukazue, Luigi Anselmik itzuli zizkion bertze bi poemarekin batera.

Ots 20 23

Euskaldunon Egunkaria gogoan

20 urte bete dira Euskaldunon Egunkaria indarrez itxi zutenetik. Eta efemeride hura gogora ekartzeko, egunotan hainbat lan argitaratuko ditugu Literatur Emailuetan.
2003ko otsailaren 20a, betirako memorian iltzatuta geratuko den eguna delako euskal prentsa bultzatu, irakurri eta idazten aritutako guztientzat.
Otsailak 20:  Itxaro Bordaren 20 urte eta gero hau koplak, Juan Luis Zabalaren Erresistentzia baten gazi-gozoak gogoeta eta Amagoia Gurrutxagaren 14. orrialdeko titularra kontakizuna.

Otsailak 21: Harkaitz Canoren Sisiforen paperak Idurre Eskisabelek kontatutako Arrazoia eta Etengabe eta Josu Goikoetxeak 1992ko albiste batetik abiatu eta sortuatko  92 izeneko poema.

Otsailak 22: Jule Goikoetxeak idatzitako Euskaldunon Egunkariak 20 urte eta Hedoi Etxarteren 1992.

Otsailak 23: Jose Luis Otamendiren Egunkari orri batekin eta Gotzon Barandiaranek idatzitako Egunkari bat atrildu zaigu besoetan.
Otsailak 24: Nora Arbelbide Denok gara amerikarrak, Mikel Elorzaren antzerkilana Erredakzioa itxita eta Oihana Arana eta Leire Vargasek idatzitako poema: Iragan geruzak.

egunkaria000

 

Ots 09 23

Hiru poeta gogora ekarriak

Hiru poeta desberdinen urteurrenak gogoratu ditugu aste honetan. Marcela Delpastre okzitaniarra izan zen lehena. Itxaro Bordak euskaratutako Poeta irakurri dugu. Adinkidea, eta hura bezala bere lurrari lotua, kultura poetiko arras desberdinekoa dugu Brendan Behan irlandarra, zeinaren hiru poema itzuli zituen Paddy Rekaldek. Julio Florez da hirugarrena, XIX. mendeko poeta kolonbiarra, gurera ere aspaldi, 60etan, ekarria Jon Beistegik, bi poema.

Agenda

Efemerideak

Kritikak