Erresistentzia baten gazi-gozoak
Juan Luis Zabala

armiarma.eus, 2023

 

      Euskaldunon Egunkaria, Egunero, Berria… Oroitzapen ugarirekin lotutako hiru egunkari, bakoitza bere unean eta bere moduan kate beraren katebegi. Hiru egunkari, baina proiektu bakarra azken batean. Poz eta min askoren iturburu hirurak ere, hala horietako langileentzat nola beste euskaldun eta euskaltzale askorentzat.

      Etxetik eta txikitatik euskalduna izanagatik ere, Euskal Herriko —hots, munduko— herririk euskaldunenetako batean sortua, eta euskal filologian lizentziatua, Euskaldunon Egunkaria-n lan eginez hartu nuen euskararen eta euskal kulturaren aldeko lanaren, ekinaren eta borrokaren benetako kontzientzia eta neurria, eta harrotasun handia sentiarazi zidan Lizardik eta beste hainbatek irekitako bideetan aurrerapausoak ematen ari zen proiektu zabal batean —euskara noranahiko egitean— parte hartzeak herritar askoren babesarekin. 2003ko gertakari latzek modu zinez indartsu eta hunkigarrian, ezin ahaztuzkoan, azaleratu zuten babes hori.

      Horrez gain, esan gabe doa, balio handiko lankide eta adiskide asko ezagutzeko eta tratatzeko aukera eman zidan goian aipatutako hiru egunkari horietan lan egiteak. Batzuk ezagunak ziren ordurako euskal kulturaren munduan; beste batzuk geroago egin dira ezagun; eta beste asko, gehienak, ez dituzte ingurukoek baino ezagutzen... Batzuen kasuan —gogorra da esatea— neuk ere ahaztuta dauzkat haien izenak! Zenbat jende bikain! Zenbat jende on!

      Duela 33 urte, 1990ean, halako ilusioz eta indarrez hasitako proiektuak, gero halako indarrez eta kemenez aurrera eramana, oztopo guztien gainetik, Berria ekartzen digu orain etxera (ia) egunero, txukun, zintzo, dotore, duin, beharrezko.

      Ez dira, ordea, amaitu oztopoak eta zailtasunak, penak eta minak, ezta hurrik eman ere.

     Batetik, aspaldi iragana delako prentsa idatziaren loriazko garaia, egunkariek ziotena edozein gairi buruz jakiteko eta eztabaidatzeko funtsezko erreferentzia zenekoa, munduaren egiturazko kaosa egunkarietako sailetan tolestuta ulertzen saiatzen ginenekoa, gazte jendeak gaupasa egindakoan etxera egunkari erosi berria besapean eramaten zuenekoa. Gaur egun hango eta hemengo askotariko pantailetara emanak baititugu begiak. Pantailak, berriz, gezurrez eta zaborrez gero eta kutsatuago, bide batez esanda.

     Bestetik, euskarak arlo askotan aurrera egin badu ere, azken hiru hamarkadetan ez direlako eman 1990ean Euskaldunon Egunkaria sortzeko asmoa abian jarri zutenek amestutako pausoak euskararen normalizazioan eta zabalkundean.

      Egoera zailagoetan ere etsipenari amore eman ez dion erresistentzia baten historia da, hasieratik, Euskaldunon Egunkaria, Egunero eta Berria-rena; eta, besterik nahiko genukeen arren, erresistentzia baten historia izaten jarraitzera kondenatuta dago luzaz, zantzu guztien arabera.

 

Erresistentzia baten gazi-gozoak
Juan Luis Zabala

armiarma.eus, 2023