Sisiforen paperak
Harkaitz Cano

Sisiforen paperak antzerki lanetik
armiarma.eus, 2023

 

 

3

 

(Kazetariak joan-etorri azkarrean dabiltza erredakzioan, edizioa ixteko ordua hurbiltzen ari den seinale. JOSEBAk KARMELO zuzendariaren bulegoan atea jo du, kax-kax.)

 

JOSEBA: (aurkezpena) Monika, Ainhoaren ordezkoa. Idazlea da...

MONIKA: … egia esan...

JOSEBA: … itzela da: eman honi arroz ale bat eta paella bat egingo dizu. Karmelo gure zuzendaria da.

KARMELO: Animatuko zinateke astero literatur kritika pare bat idazten?

MONIKA: Politika albisteen ordez?

KARMELO: Politika albisteen “ordez”? (barrez) Ordez, dio! Gain, Rakel, gain... Gustatzen zait zure umorea!

MONIKA: Monika, Monika naiz... Ez duzue sekula literatur gehigarri bat sortzea pentsatu?

KARMELO: (JOSEBAri) Intxantea da. “Literatur gehigarri bat”, dio... Gure egunkari osoa literatur gehigarri bat ez balitz bezala! (TXANOri begira). Kiroletakoak ateratzen dira beti galtzen... Hobe genuke denok futbolari buruz idatzi eta CAFeko tailerretan irakurtzeko moduko egunkari bat sortu… Orduan bai, salbu geundeke.

JOSEBA: Baina gure lana askoz aspergarriagoa litzateke.

KARMELO: (MONIKAri) Idazlea, beraz... Eta zein esango zenuke dela kazetari baten eta idazle baten arteko aldea?

MONIKA: ...

KARMELO: Kazetariak gertaeren larritasunari heldu behar dio eta idazleak... 

MONIKA: … idazleak badu nahikoa larritasun bere buruarekin. 

JOSEBA: Kazetari ala poeta, zer axola dio; gauza berbera da: abiadura da alde bakarra...

KARMELO: Epemuga estua duen poeta besterik ez da kazetaria...

JOSEBA: Eta, orduan, epemugarik gabeko kazetaria poeta, ezinbestean?

KARMELO: Hain zuzen. 

JOSEBA: Ba hori. Egunkari bat “Gerra eta bakea” ttipi bat da. Eta literatura, modatik pasatzen ez den albiste sorta.

 

(…)

 

(Karaokean, ordu txikietan.)

 

JOSEBA: Zuk zergatik ikasi zenuen kazetaritza? 

MONIKA: Nik? Tira...

JOSEBA: Nik zergatik ikasi nuen esango dizut: pelikula bategatik. Epaitegietako kazetari baten istorioa. Kazetariari anbulantzia bat jartzen zioten, epaitegietatik egunkarirainoko bidea garaiz egiteko. Eta anbulantzia barruan... anbulantzia barruan idazmakina bat zeraman, erredakziora iritsi orduko albistea idatzita edukitzeko…  

MONIKA: Anbulantziak gustatzen zaizkizulako egin zinen kazetari?

JOSEBA: Abiadura! Zaldiak balira ere berdin matrikulatuko nintzen.

PORTU: Horixe. Trakatan-trakatan, hiru errege. Zaldi gainean idazmakina batekin albisteak idazten. Zu.

JOSEBA: Ziztu bizian! Ni-no-ni-no-ni-no! Ta-ta-ta-ta! Adrenalina hutsa!

PORTU: Jakina, horregatik zaude agendan, adrenalinagatik.. 

JOSEBA: Et: ez ahaztu horoskopoaz ere arduratzen naizela.

PORTU: A, bai: barka beza berorrek. Karrusel bat da zure bizitza.

JOSEBA: “Gerra eta bakea” txiki bat! 

 

(KARMELOk garagardo bat ekarri dio MONIKAri.)

 

JOSEBA: Oraindik ez didazu argitu. Zergatik kazetaritza?

MONIKA: Ez dakit, idaztea gustatzen zait.

JOSEBA: Orduan okerreko lekura etorri zara. Kazetaritza uretan zuloak egitea da.  Zuk egin, beste norbaitek desegin. Idatzi orduko jada hilik daude jada albisteak, ulertzen? Notario izan zaitezke, ala forentse. Zuk aukeratu. (Pausa. Hitz beste)  Nire zutabe propioa izatea amesten nuen hona iritsi nintzenean… Zutabe bat? Zertarako? Zutabeak idaztea garuna epeka saltzea da. Elkarrizketei buruz ez hitz egiteagatik…

MONIKA: Mila esker animoengatik. Ostiralean naiz egitekoa lehenbizikoa egunkari honetan.

PORTU: (ironiko) Laguntzeko gaude. 

JOSEBA: Aizu... Eta nor elkarrizketatu behar duzu, jakin badaiteke?

MONIKA: Ba ideia da… 

JOSEBA: (etenez) Bi gauza dira funtsezkoak. Bat: galdera zailak bukaeran egin, elkarrizketatua nekatuta dagoenean, bai?

MONIKA: Uste nuen irakurleak arreta gehiagoz irakurtzen dituela lehen paragrafoak. “Nor iristen da hirugarren paragrafora?”

JOSEBA: Copypaste, neska...  (eskuekin keinuak, espazioa birrordenatuz). Gero editatu: moztu eta itsatsi hasieran galdera zailak.  Motza ematen duzu. Eta bigarren gauza: komatxoak nola erabili.

MONIKA: Komatxoak?

 

(MAIALEN eta KARMELO mikroarekin abesten ari dira. Ikusten ditugu, zer kantatzen duten entzun gabe.)

 

JOSEBA: Zer erakusten dizuete fakultatean? Hara: elkarrizketatua estimatzen baduzu, jarri hark esandako gauza interesgarri guztiak komatxo artean, eta esaten dituen txorakeriak komatxorik gabe, zure erantzukizuna balira bezala.

PORTU: Kazetaria, bere lekuan: umil. Bitarteko bat besterik ez zara.

JOSEBA: Eta kontrakoa: ergel hutsa dela eta ez duzula aguantatzen? Ba, fuera komatxoak! Zeureganatu hark esandako gauza interesgarriak zure galderen barruan, eta ergelkeria guztiak…

PORTU: … jan ditzala denak berak komatxo artean!

JOSEBA: Komatxoak jartzen dakienak dauka boterea.

MONIKA: Elkarrizketa asko egin dituzue zuek. 

PORTU: Ez dakizu ondo.

JOSEBA: Lehenbizi, ezagutu bere debilidadea!

PORTU: Ahulgunea!

JOSEBA: Bere ahulgunea da zure leihoa!

PORTU: Lapurrak gara gu. Beti sartzen gara leihotik.

JOSEBA: Bide batez, nor elkarrizketatu behar duzu? 

MONIKA: Torregarai.

JOSEBA: Torregarai?

MONIKA: Egiaz josita dago bere liburua. Noiztik ez diozue elkarrizketa bat egin?

 

(PORTU eta JOSEBA elkarri begira, harrapatuta.)

 

MONIKA: Imajinatzen nuen.

 

Sisiforen paperak
Harkaitz Cano

Sisiforen paperak antzerki lanetik
armiarma.eus, 2023