1992
Hedoi Etxarte

armiarma.eus, 2023

 

      2023ko otsailaren 12an zendu zen Fernando Areta Elizari Iruñean, Beatriz Cebrián Maestroren alarguna. Jaio nintzenetik ezagutzen nuen gure aita zenak haurtzarotik ezagutzen zuen bezala. Fernandok ekartzen zituen, faxisten garai ezinezkoenetan ere, liburu bikainenak eta debekatuenak, debekatutako hizkuntza eta ideietan bere Calderería karrikako liburu, aldizkari eta egunkarien dendara. Gure etxean bi gauza esaten ziren, bereziki, Aretari buruz: errepresio latzenaren garaietan ere liburuen inguruko ezkutuko solasaldiak antolatzen zituela eta bihotzean min handiena ematen ziola, lantzean behin, etxe bat dekoratzeko, liburuak metroka erosten zizkion jendeari liburuak saltzea.

      Ordura arte aita ala amarekin joaten ginen, 1992ko asteburu batean, gurasoen pezeta batzuekin Aretaren dendara bakarrik joaten hasi nintzen arte: Euskaldunon Egunkaria eta El Mundo besapean eta La Estrella okindegitik barra bat. Iruñeko karrika gehienak oraindik karrika ziren orduan, baziren zerbait tabernak izateaz gainera. Ez dakit 90eko hamarkadako noiz itxiko zituen bere liburu-dendak ateak, eta orain ez dauzkat gertu data hori gogoratzen dutenak. Gure etxetik gertuen zegoen liburu-denda zen, Merced karrikako TBOrekin batera. Aretarena itxi eta toki berean aurrera egingo ez zuten beste denda batzuk ireki zituzten. Itzalpeko sarrera, ezagutzen nuen metalezko ate astunena eta barruan, paper heze usaina eta gizon zahar bat, bizitza egina zuela uste eta oraindik aurrean hiru hamarkada zeuzkana. Ez da erresistentziaren liburuetan agertuko, ez du inolako mugimendu iraultzailek bere santutegiaren parte sentituko ze alderditakoa zen?—, ez dio euskalgintzak plakatxorik jarriko —kaixo eta agur esateaz gain, bazekien euskaraz?—, nahiz eta auzo bakoitzean egon zen Fernando Areta Elizaririk gabe ere ez zen Euskaldunon Egunkariarik egongo, ez gure karrikan behintzat.

 

1992
Hedoi Etxarte

armiarma.eus, 2023