Egunkari bat atrildu zaigu besoetan
Gotzon Barandiaran

Arrakalak, 2004
Susa-literatura.eus

 

Ikusi nuen azkenengoetan

erraietan gordetako altxorren zamari zebilen.

Esnatzearen atalasean oraindik

ezpainak estutu eta begiak itxi arren

atzamarretatik ihes egiten zion

urmaeleko haurtzaroa oratu guran.

Halako ametsak etetea

bizitza erdia elkarrekin igaro ostean

banatzen diren maitaleen desilusioa izan liteke,

atzera ezin eginaren uste osoa.

Baina zer jakin lezake ausentzietan hazitakoak

bizitza erdia inorekin konpartitzeaz

ez bada bere bakardadeaz?

 

Hiztegi bat behar dut

ene ezjakintasunari erakusteko,

orrialde zuriak zabaldu eta

testigantzen definizioak apailatzeko.

 

Kaleak biraoka ibiltzen dituzten

berba-hiltzaileekin ikusi nuen urruntzen

kantu ederren eskean,

urrezko ardilarrua jantzi ezinik eta

emagaldu itsu eta ezpatariaren

balantzetatik zintzilik.

 

Etorkizunaz iragana denean kezkatu gara,

paperezko amets bihurtu zaizkigu egunak

erreka izandako bidazti edadetuak,

ostatu bat hitzen herrian,

ahots hilak elkarren lotsa.

 

Beste guztia dioten hitzak

izan daitezela ura lakoa,

zabal ditzatela arrakalak ibarrak sortzeko,

xurga ditzala gure lurrak.

Ibilian hiltzen ikasi behar dugu,

eta berandutuz gero ez larritu;

hitzei begietara begiratzea baino ez dago

zintzoak diren jakiteko.

 

Orri baten azalean

zizelatu zigun mezua,

bihotza bahitzea gura zuela eta

ez zegoela erreskatea ordaintzeko prest.

Eta guri

egunkari bat atrildu zitzaigun besoetan.

 

Egunkari bat atrildu zaigu besoetan
Gotzon Barandiaran

Arrakalak, 2004
Susa-literatura.eus