Iragan geruzak
Oihana Arana / Leire Vargas

armiarma.eus, 2023

 

Historia zatikatua da.

Gertaerek gertaera txikiagoak

irensten dituzte:

oinordetzan jasotako minak,

erretako paperak.

 

Haur txikiak ginen gu.

Ez dugu haserrea oroitzen.

 

Hizkuntzarik gabe errazagoa zen

itsu irautea.

Hizkuntzarik gabe errazagoa zen

inor ez izatea.

 

Aldarriak ikusi genituen

helduen kamisetetan

artean irakurtzen ere ez genekienean.

 

Baina zenbat iragan geruza

kabitzen dira horren gorputz txikietan?

 

Aldarrikatu ostean

ikasi dugu zer ari garen aldarrikatzen.

 

Hala esaten digute:

berandu

aurkitu dituzue zauri guztiak.

 

Iragan geruzak
Oihana Arana / Leire Vargas

armiarma.eus, 2023