92
Josu Goikoetxea

armiarma.eus, 2023

 

Gorputz zuri gaztea, neurea,
oraindik egunen berunak orbandu gabea,
ispilu aurrean zurbil galdezka,
begiak erdi itxi, eta joka.

 

Maitasun suharraren garaiak dira,
lepoak tenkatzekoa, usna eta bila,
ero bezain herabe,
maitearen galdez, aldaroka.

 

Bitartean ondoan dekoratu zitala,
gerra, politika beltza, joko kapitala,
Felipe González Márquez,
Santanderren hiru zibil hil ditu ETAk,
Felipe González Márquez,
katar irendu aitajaun hura
eta Eusko Gudariak.

 

Bultzaka, aldiz, haragia,
oligofreniaraino, ia,
lehen marra kartera batean,
Alice zuloan eroria,
“Ez esan gaizki egon zela!”.

 

Mundu pausatu baten amaiera izan zen,
egonarriaren eraiste neurtu gabea,
gorputz zuri gaztearen
eta dekoratu zital haren
eraiste
logiko, humano eta
prebisiblea

 

92
Josu Goikoetxea

armiarma.eus, 2023