“Denok gara amerikarrak”
Nora Arbelbide

armiarma.eus, 2023

 

      Idatzizko euskara mainguarekin joan nintzen Euskaldunon Egunkariaren Andoaingo erredakzio handira 2001ko irail hartan. Baionako delegaziotik lan egiten nuen nik. Hara ikastaldira joan nintzen, egoitza nagusiko tenpoa nireganatzeko. Baionatik Andoainera. Periferiatik zentrora.

      Hantxe harrapatu ninduen 2001ko irailaren 11ak. Frantsesa menperatzen nuela eta, nazioarteko prentsa frankofonoari begira jarri ninduten. Oraindik gogoan dut Le Monde egunkariko zuzendariaren editorialaren titularra, egunean bertan zabaldu zutena sarean: “Nous sommes tous americains” (Denok gara amerikarrak). Gogoan iltzatua dut baita, irakurri eta lankideekin konpartitzerakoan, elkarren arteko soa. Geopolitikaz bost minutuan hainbat gako harraparazi zizkidaten.

      Segidan kazetaritza ikasgaia. Nondik mintza gara. Non kokatzen dugun gure burua. Hizkuntzak, gorputzak. Argi genuen historia idaztea zela begien aitzinean genuen hori idaztea. Guretik ere New York. Dorre bikiak, Bush, Blair, Aznar eta Gaizkiaren ardatza. Zurrunbiloak indarturik.

      Hasi zen xinaurrien lana. Informazioa bildu. Erreakzioak. Gaiak banatu. Nondik fokuratu. Titularrak. Infografiak. Kronologiak. Arratsaldea zen jadanik eta orenak laster aitzina zihoazen eta entregaren tenorea hurbiltzen. Presioa handitzen. Beroan bero eta aldi berean gertatzen ari zen guzti hori perspektiban jarriz. Beroan bero, baina hoztasunetik. Hori ere beste irakaspen bat.

      Ez da ikusiko denok garela amerikarrak 2001ko irailaren 12ko Euskaldunon Egunkariako zenbaki hartan. “Segurtasun eredu baten bukaera” izan zuen analisiaren titularra Martxelo Otamendi zuzendariak. Honela bururatzen zuen testua: “Zer eragin izango du atzoko gertaerak EEBBen kanpoko politikan?”.

      Denborak ekarri dio erantzuna galdera hari.

      Eta azal hura. Urte bat berantago AEBetako National Press Clubek munduan argitaratu egunkari azalekin osatu zuen posterra. Eta tartean, Egunkariarena sartu. The New York Times eta USA Today AEBetako egunkari handien ondoan. Handien ondoan ez dugula ahalketzerik. “Azalak duen indarragatik aukeratu genuen” esplikatu zuen elkarteko presidenteak garaian, hautu haren zergatiaz galdetzerakoan. Ez zekitela deus euskarari buruz, Euskal Herriaz.

      Bien bitartean, itzuli nintzen Baionara. Periferiara. Periferia zentro ere izatea posible zela oharturik. Auzoko gertakaria, New Yorkekoa, ez zela gertakari txikirik, ez handirik. Eta ez zela zertan handia izaterik. Nondik begiratzen dugun. Non kokatzen garen. Eta nola kontatzen dugun.

 

“Denok gara amerikarrak”
Nora Arbelbide

armiarma.eus, 2023