Erredakzioa itxita
Mikel Elorza

armiarma.eus, 2023

 

 

Obra hau 2005ean antzeztu zen,

Patxi Santamariak aktore lanak jokatuta.

 

 

Mahai bat: hainbat paper eta agenda bat gainean, telefonoa ere bai. Akaso ordenadorea, eramangarriren bat, baina ez da beharrezkoa. Aldizkari eta egunkari pila bat ere bai. Eskuko irrati txiki bat. Paperontzi bat aldamenean. Aulkia.

Mahai gainean tupperware bat eta botila bat ur.

Mahaiaren aldamenean motxila bat.

Mahaia eta aulkia eramangarriak izango dira, “kanpin” tipokoak.

Bionbo bat egongo da beste espazio bat zehazten.

Aktore bakarra, bi pertsonaien paperak berak jokatuko ditu. Tarteka mahaitik atzera jo eta bionboaren beste aldera, kalera, gehiegi ezkutatu gabe joango da. Ez du axola ikusleak batetik besterako aldaketa hori ikustea. Nabarmenegia izan gabe, komeniko litzateke argitzaletan-edo ohartzea.

erredakzio-burua sartuko da, mahairantz, sakelako telefonotik hizketan. Brageta lotzen-edo etorriko da, besapean aldizkari bat daramala.

 

 

ERREDAKZIO-BURUA: ...intimitate une bat ere ezin da eduki etxe honetan. (...) Zer esaten ari zera? Mobila nahi dudan tokira eramango dut. (Jendeari.) Eramaten duzunean eramaten duzulako, eta bestela gainean ez daukazulako; sekula ez daude konforme. (...) Ez, ez da ordu erdi izan; ordu laurden ere ez. (...) Ezetz ba. Periodikorik ere ez dut eraman, pentsa! (Jendeari, aldizkaria erakutsiz.) Gezurrik ez diot esan, aldizkaria da. (...) Esan dizut ez duela oraindik deitu ere egin, eta ez duela erantzuten. Baina lasai, deituko du. (...) Noski elkarrizketa eginda edukiko duela, zertan egongo zen bestela bi ordutan? 5etarako gelditua zen eta laster 8ak izango dira. (...) Bai badakit bekarioa dela. (...) Akordatzen naiz, bai, bekario hartaz, Sanferminetako txupinazoaren berri ematera joan eta hiru egun geroago azaldu zena. (Jendeari.) Bekario askok uste dute oraindik ere unibertsitatean daudela. Lana bidali eta egin gabe ere ez duela inporta. (...) Ez, argazkilaria ere ez da azaldu. Beste zerbait ere bazeukan. Argazkilariek beti edukitzen dute beste zerbait. (...) Deituko dizuet zerbait dakidanean. (...) Baietz ba, badakit, mugitu egin beharko dudala bestela orrialdea txurian bidaliko duzuela...

 

(Telefonoa itzali eta mahaian utziko du. Eseri egingo da.)

 

        Produkzioa, produkzioa! Beraiek ere presio handia dute, bai, baina dedio, kokotean arnasestuka dabilkizula ematen du. Produkziokoengatik balitz erredakzioa arratsaldeko 3etan itxi beharko genuke, 4etatik aurrera ezingo litzateke notizia berririk idatzi. Ez behintzat biharamuneko egunkarian kaleratzeko: “Allakuidaos, hurrengo egun batean emango ditugu beste notiziak. Total, egunkaria ateratzea da inportanteena; ez zer ateratzen dugun...”. Baina kasu honetan arrazoirik ere ez zaie falta. Bekario hori ya etortzen ez bada ez dio astirik emango elkarrizketa pikatu eta egiteko. Berak pikatu eta nik neronek bukatzeko, esan nahi dut. Eta has nadila preparatzen: pikatzen bukatu eta 12.000 karakter, gutxienez. Lau folio periodikoan pajina laurden bat ateratzeko. Telebistako entrebista baterako. Esan diot ordu laurden baino gehiago ez egoteko berarekin hizketan. Erotuta ere ez. Tira, hizketan nahi badu bai; baina grabatua ordu laurden. Zortzi galdera baino gehiago ezetz. Eta han etorriko da, ordu eta erdiko zintarekin, direnak eta ez direnak kontatuta. Eta gero gainera berak erredaktatu nahiko du, estiloarekin. Hasi berri gehienen paradigma da: kazetaritza berria. Sarrera eder batekin; galdera-erantzun sistema tradizionala puskatuz. Imajinatzen dut nola hasiko den: “Gabardina batez jantzita azaldu da, zigarroa eskuan, inora begiratuko ez balu bezala. Eseri eta berandutzeagatik barkamena eskatzeaz bat, kafea eskatu du, kafe gutxi eta esne hotzarekin, eta hizketan hasi da zigarroaren keak airean biribil lausoak osatzen zituela”. Bueno, barka, “airean biribil lausoak osatzen zituelarik”. -larik gabe ezin da sarrera taxuzko bat hasi.

        Eta gainera entrebista desastrea izango da, galderak beti erantzunak baina luzeago. Eta erne atentzioa deitzeko orduan! Nik ezer esan aurretik kazetaritza eta literaturaren arteko muga labain atzemanezin horretaz esplikazioa emango dit; hortxe ibili nahi duela igerian... Telebista saileko orrialde laurdeneko entrebista bat egiteko! Deskuido ederra dauka, gizajoak. Baina bueno, dena ere ez da bere kulpa. Unibertsitatetik dator. Tom Wolfe eta konpainia erakusten dizkiete han. Mac Luhan eta beste. Bekatua han hasten da. Hori bai, ongi esplikatuta etortzen dira, kazetaritza eta literaturaren arteko muga labain atzemanezina irakasleak maisuki erakutsi dielarik.

 

(Tupperwaretik zeozer atera eta jan eta ur tragoa hartuko du, beste mokadu bat egiten ari den unean telefonoak joko du. Ez du inporta isilunea hainbat segundotakoa izatea. Ahoa betea daukanaren moldean hitz egingo du hasieran.)

 

        Bai, esan. (...) Ni naiz bai, benga, zer nahi duzu? (...) Aizu, bale! bazkaltzeko astirik ere ez dut hartu oseake... (...) Zer da, eskelaren bat? Zer lortu duzue orain Publizitate Departamendukoek? (...) Adarrik ez! Ezta pentsatu ere! 2 x 4 bat orain? Nondik atera behar dut nik tokia holako publizitate modulu bat sartzeko. Bihar aterata ez al da berdin izango? (...) Bost axola niri albistea biharko izatea. (...) Kulturan gainera? Oso ondo, lehen ere eskatutakoa baino bi orrialde gutxiago eman dizkiegu, eta orain erdia kendu. Gozoak jarriko dira. Zuk esango diezu? (...) A, hori nire lana da. Tre bian, hori ere niretzat. Hola segituz gero nire eskela izango da sartu beharko duzuena. Baina lasai, eskela txikia izango da, ez du askorik okupatuko: familia ez daukat handia. Eta familiarena bakarrik izango da, lagunek eskelarik ez dute enkargatuko. Lagunik gabe geratzen ari naiz-eta. Kultura sailean, adibidez, uste dut bat badaukadala, laguna esan nahi dut, baina holako asko eginez gero... (...) Bale, bale, nahikoa karraxi izan dut gaur; konponduko dugu. (Eskegitzera doalarik.) Aizu, eta telebistako atalean ez al du balio? (...) Ez, ez, utzi, tarterik oraingoz ez daukagu, zera, nire kontu bat zen. (...) Bale, bale: Kulturan. Kenduko dugu liburu-aurkezpenen bat. (Telefonoa eskegiko du.) Orain Durango dela eta egunero lauzpabost dauzkagu eta bategatik ez da askorik igarriko.

 

* * *

 

        Eta publizitatea ez dakit, baina argazkia sartu beharko dugu eta hori ere ez da oraindik azaldu. Edo agian azaldu da baina ez du abisatu. Hori segurua da: azaldu bada ere ez duela abisatu. Nik ez dakit argazkilariak non fabrikatzen dituzten, baina ez behintzat tailer oso normal batean. Hauxe bai jende berezia. Onak izango dira, batzuk oso onak dira, baina batek daki zein mundutan bizi diren. Gurean ez behintzat. Urteak eman ditzakete kazeta batean lanean, baina askok egunkari bat ez du irakurtzen mehatxupean ere. Euren argazkiak atera diren konprobatuko dute, nola atera diren, eta hor konpon mari anton. Batzuetan ikaragarri gustura jartzen dira. Umore onez dagoenean, iritsi eta han etorriko zaizu argazkilaria eta argazkia erakutsiko, dena oilartuta, “ikuste aldek, ikuste aldek ze argazki on, honek testurik ere ez dik behar!”. Eta han joango da bela nagusia haizalde baino puztuago. Hori bai, segidan kazetariarengana jo beharko du, argazkia artxibatu behar duela eta informazio bila: “Zein esan duzu zela?” “EBBko burua, Eusko Jaurlaritzako bozeramailea”, erantzungo dio. “A, bai!”, berak, joango da eta hiru minutura bueltan itzuliko, eta lotsarik batere gabe galdetuko, “eta nola esan duzu izena duela?”. Eta gaitzerdi hortara mugatzen bada kontua. Zeren eta gerta daiteke une horretan bekarioak bere arduradunari EBB zer den galdetu behar izatea. Klaro, nola berak ordura arte Kirol Sailean bakarrik egin duen lan, bada politika pixka bat arrotza egiten zaio. Pixka bat. Argazkilariek egunkaria ez dute irakurtzen, baina bekario zenbaitek ere periodikoa otartekoa biltzeko erabiltzen dute. Nik uste unibertsitatean, kazetaritza-estudiante baten bizitzan hamabosgarren aldiz mezua, eta kodea eta hartzailea eta igorlea eta bost w-ak esplikatu beharrean, tarteka periodiko batzuk irakurtzea komeniko litzatekeela. Irakurtzea; ez ikustea. Ikasle bat egunkari batekin ikustea oso apartekoa da... Arraioa, ia zortziak; laster albistegia. Kafe baten bila joango naiz...

 

(Irratia piztu, musika apur bat entzungo da, eta bera bionboaren beste aldera joango da. bekarioak handik deituko du.)

 

BEKARIOA: Halako batean! Non sartu zara? Deika eta deika ari naiz. (...) Ni, hemen, hasieratik. (...) Ya, mobila bateriarik gabe neukan-eta, horregatik. (...) Beste mobil batetik, argazkilariak utzi dit. (...) Izan ere, arazo bat izan dut eta hori komentatu nahi nizun. (...) Horregatik, deika eta deika ari naiz eta ez duzue hartzen... (...) Bale, ez jarri horrela, mesedez. Nik deitu dizut, aizu. (...) Bai egina dago elkarrizketa. Fisikoki bai. (...) Ba hori, elkarrizketa egina dagoela, fisikoki egina, baina arazo txiki bat izan dut. (...) Elkarrizketa egin dut, eta ondo joan da, oso interesgarria izan da, baina arazo bat izan dut grabadorarekin, eta hori, ba.. (...) Uste dut pilak gaizki zeuzkala eta ez du ongi grabatu. (...) Dena ez, parte batzuk ez ditu hartu. (...) Bueno, ez du ia ezer grabatu. (...) Ezer ez; batez! (...) Aizu, baina apunteak hartu ditut... (...) Gutxienez ordu t'erdi. (...) Aizu, ez daukazu zertan hola jarri, gauza interesgarri asko zeuzkan esateko... (Telefonoa belarritik kendu eta begiratu egingo dio.) Hau ere bateria gabe, bai suerte txarra! Igual pentsatuko du moztu egin diodala, nahita. Bueno, berdin dio, kafetegi batera joan eta pixa egiteko aprobetxatuko dut. Handik deituko diot.

 

(Alde egingo du, eta erredakzio-burua azalduko da beste aldean telefonoz hizketan.)

 

ERREDAKZIO-BURUA: ...bai, bai, bai, badakit. Nik ere badakit. (...) Bolumen horretan segitu behar baduzu telefonoa sobran daukazu, zuzenean aditzen dizut. (...) Konturatuta egongo ez naiz ba ze ordu den. (...) Egina duela baina arazo tekniko bat daukala. (...) Ez dakit. (...) Ez dakidala esan ez dizut bada. (...) Ordu laurden bat, bale. (...) Bestela publizitatea sartuko duzuela? Oso ondo, ordu laurden bat. Besarkada handi bat produkzioko ekipo osoari nire partetik.

 

(Telefonoa eskegiko du.)

 

        Publizitatea sartzeko arazorik ez daukate, ez daukatenez. Hauei berdin zaie publizitatea erdi-erdian jartzea, plastoi bat bezala joatea. Elkarrizketa egin duenari ere seguruenik berdin zaio elkarrizketan zer doan. Egin baldin badu, behintzat. Onena, halare, publizitatea sartzearen mehatxua da. Produkziokoena. “Bost minutu edo publizitatea sartuko dut!!”. Dozenaka publizitate-modulu sartu ezinean ibiliko balira bezala! Etxeko publizitatea izango da, noski, esan beharrik ez dago. Pagatutakoa balitz ez ziratekeen orain arte zain egongo. Aspaldi bidalia edukiko zuten publizitateko lagunen bat orrialdearen diseinua izorratzera. Orrialdea diseinatu aurretik ez, orduan ez. Horrek ez dauka graziarik. Gero, min ematen duenean.... (Ordulariari begiratuz.) Berandu da, desde luego. Ez dugu jada astirik eta majadero hau oraindik ez da ageri. Zer arraio gertatuko zitzaion. Bost minutuan hemen behar zuen: orain ere izango dugu karabanaren bat, bi pintxazo eta ez dakit zer ahaztu zaiola. Murphyren lege ditxosoa. Lepoa egingo nuke Murphy egunkari batean ibili zela lanean bere legea asmatu baino lehen. Seguru cierreko arduraduna zela. (Telefono hotsa. Begiratu egingo du zenbakia.) Bera izango da; kanpora joango naiz harekin hitz egitera. Ez ninduke harrituko produkziokoek espia-sistemaren bat jarria edukitzea nire mahaian...

 

BEKARIOA: Ni naiz bai, oraintxe noala esateko... (...) Non nagoen, ba hori, plazan. (...) Bai, oraindik bai. Taxiaren zain. Zuek taxia bidali zain. (...) Badakit hau ez dela Euskal Telebista. (Publikoari.) Soldatari begiratzea besterik ez dago. Bueno, seguru ETBn ere bekarioak merkezurrean ibiltzen dituztela. Aspaldikoa da esaera zaharra: Erroman ere, bekarioak patrika-hutsik. (...) Ez duzu taxia nik pagatzea nahiko, ezta? Ordaintzen didazuenarekin ez naiz erredakzioraino iritsiko; eta gainera momentu honetan ez daukat dirurik, pilak ere erosi behar izan ditut. (Publikoari.) Pilak baneuzkan baina ezin diot esan grabadorari pause kentzea ahaztu zaidala, akabatuko ninduke bestela. (...) Bai, badakit dagoeneko pilek ez dutela ezertarako balio, baina hurrengorako. (...) Igual ez dela hurrengorik egongo? Kaleratze-mehatxua, oso ondo. Zuena ez al zen ba egunkari progresista? (...) Bueno, bueno, nire aita ematezu, beti karraxika eta errietan. (Publikoari.) Edadea ere nire aitarena dauka, gutxi gorabehera. Aspaldi joan ziren euskal kazetari guztiak gazteak ziren garai hura... Bueno kazetari guztiak, Amatiño eta Joxemari Iriondo kenduta; horiek gazteen garaian ere ez ziren gazteak. (...) Aizu, etzaitez nire aitarekin sartu. Berak eramango nau orain erredakziora. (...) Hari deitu diot, esan ez dizut bada taxi baterako ez daukadala. (...) Taxiarena beragatik esan dut; gainera aitari ez zaio inporta. Goizeko lauretan parranda amaitu eta etxera joateko deitu izan diot hainbat urtetan eta orain iluntzean erredakziora eramatea ez zaio kosta izango (...) Bale, bale, ez dizut nire bizitza kontatuko, gizona. Bai lehorra zarena! Erredakzio-buruak aukeratzeko kastiña zakarren artean egiten dute, bai jauna. (...) Horretarako deitu dizut, abixatzeko oraintxe noala. Aitak deitu dit atasko batek harrapatu duela, baina belaxe ailegatuko dela. (...) Zer?? Esaiozu produkziokoari lasai egoteko, laster bukatuko dela. Ordu erdi bategatik ez dela ezer pasako. (...) Atzeratzen dena Atletiaren partidua baldin bada Builaka egongo zarete zain, bai horixe, prorrogak eta penaltiak eta entrenadorearen deklarazioak eta zernahi gehiago... (...) Ezer ez, ez dut ezer esan, oraintxe noala, ez niri garrasi egin... esto, utzi egin behar zaitut, aitaren kotxea hortxe da; oraintxe ikusiko gara.

 

(Desagertu eta erredakzio-burua azalduko da telefonoa gordez.)

 

ERREDAKZIO-BURUA: Atletiaren partiduarena niri aurpegiratzen, kirolari garrantzi handiegia ematen diogula insinuatzen, ni futbolzalea banintz bezala. Bost inporta niri futbola eta Atletiya. Niri erredakzioa behingoz ixtea inporta zait, horixe bakarrik. (Mugikorrean mezu baten zarata.) Aiba, mezu bat. Anaiarena, ze arraroa. Zertan ibiliko da hau, etxean egongo da. (Mezua irakurriko du.) Atletiak bigarrena sartu duela, bien, bien, bien, bi, bi, bi... (Publikoari begiratuz.) bixitu egingo du horrek artikulua egitea, orain seguru luzapenik ez dagoela, eta Kirol Saila ere lehenago amaitzen dugula. Horixe esan nahi nuen. Horrek pozten nau. (Pausa eginez eta alboetara begira inork ez duela ikusten ziurtatuz, pixka bat baju.) Aupa Urzaiz, kaguendio! (Telefonoz deituko du.) (...) Bai, ni, bai, notizia onekin. (...) Ez, Atletiarena ez, elkarrizketarena. Iritsi dela. (...) Entrebista ez, bekarioa. Erredakziora iritsi dela, ari dela eta laster... (Eskegi egingo du.) ... Dios, hau da karakterra! Eta hori erredakziora iritsi dela esan diodala. Egia osoa esan izan banio zartakoa igual pegatuko zidan telefonoaren beste aldetik. Bueno, bukatzen ari gara... Azken orduko notiziarik-edo egon den ikustera joango naiz, ea teletipoak sustorik ez digun ematen...

 

(Atzera joan-etorri azkarra.)

 

        ...ez dirudi azken orduko ustekaberik izango dugunik. Ez baita gozoa izaten erredakzioa itxi baino hamar minutu lehenago iristea lehen mailako albiste bat erredakzio osoari koskabiloak eta obarioak ukitzera. Bueno, erredakzio osoari esaten ari naiz baina azken orduan betiko lau pringatuak gaude. Betikoak. Etxeko beteranoak. Izan ere, hemen gauzak hala dira. Tximinoen tankera daukagu prentsako kazetariok: eskalafoian zenbat eta gorago, ipurdia orduan eta ageriago. Pentsatzekoa litzateke edadean gora eta urteak metatuz gero, horrek abantailak emango lituzkeela, eta beraz ordutegia moldatu. Ahaztuak direla behin-betiko garai bateko gaupasak, eta egun argiz lanetik irtetzea lortzen dugula. Zakurraren tiranteak! Gero eta beranduago iristen gara etxera. Azken orduko albisteei buruz komentario bat, konfidentzia moduan: marka da normalean atentatua, edo gerrako atake latza edo holakoak izaten dira, eta gehiago amorratzen gaitu 12ak arte korrika eta presaka bukatu ezinik ibiliko garelako notiziaren beraren edukiagatik baino... Baina gaur ez dirudi arazorik izango dugunik. Jakina, telebistako elkarrizketa ditxosoa ailegatzen bada behintzat. Ea azkenean txorakeria horrek ez digun eguna izorratzen.

 

(Telefonoak joko du, fijoak.)

 

        Aizu, ez daukat ideiarik ere non dagoen, ez dakit egin duen eta ez dakit egiteko asmorik daukan. Zer nahi duzu esatea? (...) Lehen esan dizudala bera iritsi dela? Baina aditu egin al didazu? Ez zenuela aditu uste nuen, esaldia bukatzen ere ez didazu utzi-eta... (...) Ni ere kokoteraino nago, baina horrek ez du arreglatzen. (...) Zer arraio konponduko dut nik! Zer nahi duzu, elkarrizketa asmatzea? (Publikoari.) Ez litzateke aurrena izango, baina hori gure artean gera dadila. (...) Badakit nire ardura dela. Hori nire ardura da, bale. Eta zurea beste bost minutu zain egotea nik hala exigituz gero. (Beste telefonoak joko du eta hartuko du baina oraindik fijokoari erantzungo dio. Bi elkarrizketen nahasketa izango da.) Ez, ezin ditut barrabilak ukitu, eskua okupatuta daukat. (...) Elkarrizketa egin duenari koskabiloak laztantzen, iruditzen bazaizu... (Sakelakoari, sorpresaz bezala.) Barkatu, deiarekin ahaztua nengoen, oraintxe deituko... (...) Zer mobbing eta mobbing-ondo? (...) Akosoa eta gainera konnotazio sexualekin? Zu pitzatuta zaude... (Fijoari.) (...) Ez aldatu gaia. Non arraio zaude? (...) Produkzioan? Eta zer egiten duzu produkzioan? (...) Hor zaudela beti. (...) Ni ez nabil adarra jotzen... A, zurekin ari naiz; barkatu, ez naiz konturatu, erotu egingo nauzue (...) Bai, erotu egingo nauzu lata ematen entrebista miserable horregatik. (Sakelakoari.) (...) Bost minututan montatuta dago-eta... (...) Miserablea ni? Ostras, hau bestea da! Baina zuk zer uste duzu? Lana ez duzu egin eta orain burlaka... (...) Nik ez dizut zuri esan. Bestetik ari nintzen, beste telefonotik. (...) Normala dela komunikatzen egotea eta ez kexatzeko? Baina bueno, zu ez zaude burutik sano. Ekar ezazu entrebista eta zure kazetari karneta, bihar bertan langabezi bulegora joan beharko duzu-eta. (...) Bai badakit bekarioa zarela, karnetik ere ez daukazula. Baina ez naiz harritzen, egia esateko. Denean hain efikaza baldin bazara karnetak erosi egin beharko dituzu, ez dizkizue emango. (Fijoari.) Unibertsitateko titulua ere erregalatu egin beharko dizue. (...) Hamar urte daramatzazula lanean titulurik gabe? Hamar urte? Eta urte horietan guztietan bi elkarrizketa-edo egingo zenituen gaur erakusten ari zaren batez bestekoarekin... (...) A, orain zurekin ari naiz. Hau burugabekeria. Bai, badakit zuk titulurik ez duzula. Zure lana egiteko ez dute titulurik ematen, dominak ematen dituzte. Eta ez unibertsitatean, militarren kuartelean. Hori da hori aginduka eta garraxika ibili beharra. (...) Jontxo, zure herriko aurreneko intsumisoa izan zinen. Ba ez duzu ba gaur egun desobedientzia handirik onartzen, alajaina! (Sakelakoari.) (...) Tira, broma zen, erotzen ari naiz zuek biokin. (...) Bakarra zarela? Zure aita ez sartzeko honetan? O, berriro ere gure erreportari trebea. (...) Ez ironiarik erabiltzeko? Ironia ez, zera erabiliko nuke... Non arraio dago entrebista madarikatu hori? Erotu egingo naiz, erotu. (Bi telefonoak batera isilaraziko ditu.) Isildu zaitez. Eta zu ere bai. Nazka-nazka eginda nago. Arazo bat al daukazue? Ba elkarrekin konpondu.

 

(Bi telefonoak elkarren kontra jarriko ditu. Pare bat segundoren ondoren ohartuko da aurikularrak alderantziz jarri behar direla. Horrela pixka bat egon, eta eseki egingo ditu isildu direla ikustean.)

 

        Isildu dira halako batean. Hau bakea!

 

(Zigarroa piztuko du.)

 

        Honek zoroetxea ematen du erredakzioa baino gehiago. (Kaladak lasai hartuz.) Bueno, ea amaitzen dugun, ea erredakzioa behingoz ixten dugun. Eta gero erretzeari uztea nahiko dute. Erraxa da esatea. Jode, holako momentuengatik ez balitz... Kafe baten laguntza behar du honek.

 

(Joaten hasiko da eta telefonoak joko du. Aditu, buelta eman eta hartzeko keinua egingo du. Uztekoa gero. Eta azkenean hartu egingo du, erabakitasun handiz.)

 

        Bakean uzteko esan dizut... (Pausa luzea. Zurbildu egingo da. Eseri eta jaiki. Eseri eta jaiki.) (...) Bai. (...) Bai. (...) Ez, ez nintzen ari. Ez. (...) Erredakzioa? Keba... (...) Bai. (...) Hala da bai. (...) Mirenek abisatu dizu. (...) Entzun egin du. Ikusi ere bai. (...) Bai, badakit, Lasa jauna. (...) Badakit. Bai, oso kaltegarria da niretzat. Bai, mediku moduan eta lagun moduan esaten didazu. (...) Kalte handia egingo didala. (...) Ez, ez da errepikatuko. Aspertzen ari nintzen eta froga bat egin nahi nuen, ea akordatzen nintzen. Ez neukan luzatzeko asmorik... (...) Esan zenidan, bai, une txarrak berritu zitzakeela, baina froga zen, froga hutsa (...) Deskantsatzera joateak ere beldurra ematen dit... (...) Argia piztuta utzita ere bai, amesgaiztoa hortxe dago, beti. Munstroak beti hor daude. (...) Bai, lasaituko naiz. (Dena motxilan jasotzen hasiko da.) (...) Badakit bai, gainditzeko asumitu egin behar dudala; neronek barneratu aurrena. (...) Ez da berriro gertatuko. Bai. Ez dago arazorik; Mireni ere esango diot lasai egoteko, zurekin hitz egin dudala. (...) Bai, lanean ere egunen batean hasiko naiz. Aurrerago. (...) Bai, itxita dago. Erredakzioa itxita dago. Erabat itxita. Giltzarrapo handi batekin. Badakit. Ez zait ahaztuko (...) Ez, banoa. Banoa Mirenengana. (Azken esaldia publikoari.) (...) Banoa. Eskerrik asko.

 

Erredakzioa itxita
Mikel Elorza

armiarma.eus, 2023