Euskaldunon Egunkariak 20 urte
Jule Goikoetxea

armiarma.eus, 2023

 

      Herrien urteurrenak beti dira odoltsuak. Gurean odola dislexikoa da, euskaraz koagulatzen da, kastillanoz trinkotu beharrean. Metalurgia zaharren izerdia dakar gure ortografia modernoak; gazia bada tinta, historia malkoekin landu dugulako da, hemen ez gara soilik langileak eta terroristak, hemen industrialki sortzen dugu bronka. Labankadaz blaitu digute errelatoa, legeekin josi ahoa.

      Baina estatuaren amaiera-puntuak koma diziplinatu dira gurean.

      Hemen tortura kultura bilakatzen dugu, errepresioa errotatiba, muturrekoak abesti eta egunkari. Trinitatea nor-nori-danba idazten da. Baina garaileek idazten dute historia. Idazten baldin badakite. Hemen Guardia Zibilak Real Academia Española alokatu behar izan zuen, Euskaldunon Egunkaria epaitzeko nobelagileak kontratatu zituzten, eta inkisizioan lez, Satanasen neskame bihurtu nahi izan gintuzten.

      Baina hemen Satanas euskaraz mintzo da.

      Horregatik doaz euskal kazetariak espainiar kartzeletara, ez infernura.

      Aspaldi gara jakitun euskaraz bizirauteko arteari, hemen, gerra deritzola.

 

Euskaldunon Egunkariak 20 urte
Jule Goikoetxea

armiarma.eus, 2023