14. orrialdeko titularra
Amagoia Gurrutxaga

armiarma.eus, 2023

 

      “Kontua ez da gorpuak aurkitzea bakarrik; haien historia berregitea garrantzitsua da”. Pako Etxeberria auzi-medikuak halaxe gaztigatzen zuen Euskaldunon Egunkaria-ren irakurlea 14 orrialdeko titular nagusitik. Gerra Zibileko Desagertuei Buruzko Lan Taldeari buruz ari zen Etxeberria berez, baina epitafio bat utzi zigun nahi gabe, euskarazko egunkari nazional bakarra gorpu egin zuten egunerako, 2003ko otsailaren 20rako.

      Egun hartatik aurrerako hilabeteak, tximista festa batek zartatutako gauen tankerakoak izan ziren: argi-une distiratsuak iluntasunaren erdian; Itxia baina ez isildua esaldia trumoi, amorru, maitasun, beldur, indar, nazka, harridura, ezin, eskuzabaltasun olatu artean. Egunero ekin genion, Guardia Zibilak eta Tribunal de Orden Publicoren oinordekoek akabatu ziguten hartatik txertaki bat atera eta egunkari berri bat ernetu ahal izateko. Orduko bi momentu ditut iltzatuta gogoan; Egunero-ren Tolosako erredakzio txikian bizi izan nituen biak: Martxelo Otamendi jasandako torturak salatzen ikustea telebista txiki batetik, Soto del Realgo kartzelatik irten berritan; eta inkomunikazio betean Pello Zubiria ospitaleratu egin zutelako albistea jaso osteko isiltasuna kazetarion artean.

      Duela 20 urte, txarraldian izoztuta geratu ordez, zerbait berria sortzen asmatu genuen. Halaxe bihurtu zen Berria-ren sorrera Euskaldunon Egunkaria-ren akaberaren historiaren parte. Jende askori esker. Halaxe bihurtu zen euskaldunon aurkako eraso bortitz bat euskaldunon beste ekinaldi kolektibo eder baten sorburu. Hori ere historiaren irakaspen bat izan daiteke, euskarafobiak jotako epaile, sindikatu, ordezkari politiko, talde mediatiko eta gainerako botere faktikoek elkar hartuta kolpatzen gaituzten garai hauetarako; kolpeok geuk probokatu ditugula eta beste masaila jartzea onena dugula esaten digutenero gogoratzeko.

 

14. orrialdeko titularra
Amagoia Gurrutxaga

armiarma.eus, 2023