Arrazoia | Etengabe
Idurre Eskisabel

Berria, 2013
armiarma.eus, 2023

 

Arrazoia

 

     Aitona Joakin Txikik behin baino gehiagotan esan zidan: “Ikusiko duzu, zuei itxi egingo dizuete Egunkaria; kartzelara eramango zaituztete”. Eta, noski, irribarrez erantzuten nion, umeekin eta zaharrekin ibiltzen dugun tonu onberaz: egoteko lasai, ez zela halakorik kabitzen inoren buruan. Eta nire kolkorako pentsatzen nuen txotxatuta zebilela aitona, nolabait, Gerra garai ikaragarri hartara itzulia zela, bai behintzat politika kontuetan. Nire inozoan sinetsita bainengoen bazirela muga batzuk estatu aparatu ankerrenek ere urra ezin zitzaketenak, nahiz eta ordurako behin baino gehiagotan ikusi nuen hesi gaindiezin horietako batzuk nola eraisten zituzten; nola zen gero eta estuagoa babes eremua.

      “Ikusiko duzu, Egunkaria itxi egingo dizuete”, tematzen zen, ordea, aitona: “Honek lehengo igualak dira. Ez dira kanbiatu. Ez dute euskara begien aurrean ikusi nahi; minik handiena euskarak egiten die”. Eta neure kautan pentsatzen nuen txikiegiak, ezgauzagiak ginela inori egiazko minik egiteko; balizkoa nahi nuen etsaiak kontuan har gintzan. Eta ez nintzen konturatzen, euskararen bidez egunero herri bat gorpuzten genuela Samatzetik Cortesera, eta Eskiulatik Lanestosara. Hori zela gure handitasuna; gure kontrako heriotza epaia. Eta aitona Joakin Txikik arrazoi zuela.

 

 

Etengabe

 

      Orduan ere, gerra hotsak ez zebiltzan Europa aldetik aparte. Orduan ere, gerra hotsak ziren nagusi europarrok hurbil izendatutako ekialdean. Orduan ere, ikuseszintasunera kondenatutako gerrak nonnahi ziren mundu bazterretan. Gerra batean bizi ginen… baita geu ere. Ez da metafora bat, ez da poesia: odolez hustu ez ezik odolez zinkitzen gintuen gerra batean bizi ginen, gerrek epe luzera eragiten duten ezaxolaz.

      1991 jartzen zuen Seaskako egutegian.

      20 urte nituen (21 laster egiteko presa). Kolore askotako jertse zabal bat eta minigona beltza. Eta gerra bat oinordekotzan.

      Orduan ere, mundua goitik behera aldatzen zuten gertakariak izaten genituen gosaritarako: Sobiet Batasuna desegitearekin bat Historia amaitu zenaren iragarpena, ikastolan buruz ikasitako mapa politikoen eraiste bizkorra…

      1991ko apriilaren 1a markatzen zuen Seaskako egutegiak.

      20 urte nituen (21 laster egiteko presa). Kolore askotako jertse zabala, minigona beltza, gerra bat eta hizkuntza zein herri bat salbatzeko misioa oinordekotzan

      Orduan ere, zaharrak ziren berri: izerdia isuriz eta izerdi larritan bizi zen jende gehiena, HIES ziren izurriaren siglak, begiak pupitretik altxatzean no future igarriz etsitzen eta liluratzen ginen gazteak, etxe barruetan gertatzen ziren indarkeria ekintza gordinenak…

      1991ko apirilaren 1a Seaskako egutegian.

     20 urte (21 laster egiteko presa), kolore askotako jertse zabala, minigona beltza, gerra bat eta herri bat zein hizkuntza bat salbatzeko misioa oinordekotzan. Eta gero eta handiagoa zen zalantza zaku bat bizkarrean: oinordekotzan jasotako herri, hizkuntza, misio eta, batik bat, gerra hura zenbateraino ote ziren nireak. Baita iruntzira ere: herri , hizkuntza, misio haiek berenak ote zituzten nire gerrak

      Halaxe gurutzatu nuen aurreneko aldiz Euskaldunon Egunkariako erredakzioko atea, 1991ko apirilaren 1ean, oinordetzan jasotako euskaltasunari buruzko zalantzak gainezka, kazetaritzaren bidez mundu berrietan ausartzeko gogoa bor-borka

      Orduan ere, asko eztabaidatzen genuen: kapitalismoaren desastreaz, sozialismoaren ezinez, anarkismoaren ametsaz, indarkeriaz (asko eta sutsu), musikaz, literaturaz, independentziarako subjektu eta aukerez, bizitzaren zentzuaz, heriotzaz, harremanei eta desirei ezarritako hersturez… Orduan ere, izugarri eztabaidatzen genuen: batzuetan ondo, gehienetan orain bezain gaizki- Orduan ere, bagenekien emakume izendatutako gorputzen jabe izateak kide izatetik urruntzen gintuela eta beste izatera behartzen

      1991ko apirilaren 1ean mundu berrietara eraman ninduen ate bat gurutzatu nuen, atzera bueltarik gabe: hitzez hitz, esaldiz esaldi, galderaz galdera,eztabaidaz eztabaida sortzen ziren eremu berri haiek, ispilu txikiz osatutako kaleidoskopio bat biratzean nola. Oinordetzan jasotako herria, hizkuntza, misioa zein gerra bestelako forma eta esanahia hartzen hasi ziren, besteotara egiten… neure gertatzen.

 

      Ia mundu bat joan da 1991ko apirilaren 1 hartatik. 2003ko otsailaren 20an Espainiako Estatuak indarrez itxi zuen Euskaldunon Egunkaria; lankideak atxilotu eta torturatu. Ikara haren markak ukigarri zaizkit oraindik nire baitan. Baina, oraindik, tarteka, kolore askotako jertse zabalak (hori bai, tonu apalagoetan) eta minigona beltza (orduan baino luzeagoa) janzten ditut. Eta, batik bat, herriak, hizkuntzak, gerrak eta bakeak, nire euskaltasunak, forma eta esanahi berriak hartzen segitzen du, besteotara egiten, neure gertatzen… Egunkarian ikasitakoaren hatsean… etengabe… kontraesan eta tentsioz.

 

Arrazoia | Etengabe
Idurre Eskisabel

Berria, 2013
armiarma.eus, 2023