Mar
07
20
Umore surrealistaz eta ukitu groteskoz zipriztindutako kontakizun gogoangarrien idazletzat aurkeztu genuen duela zazpi urte, abuztuan zendu zelarik, Slawomir Mrozek, antzerkigile eta marrazkilari aparta ere izan zena. Poloniako literaturako erreferenteetako bat XX. mendean, bost narrazio euskaratu berri ditu Xabier Bovedak, eta Labayru aldizkariaren 67. zenbakian kaleratu. Hemen irakur ditzakezu.
Ots
27
20
2017ko udazkenean hiru solasaldi luze izan zituen Ursula K. Le Guin-ek David Naimon-ekin Oregongo (AEB) KBOO irrati komunitarioan. Ez ziren izan ohiko irrati elkarrizketak. Naimonek idazlearen obra ongi ezagutzen zuen eta bere lanetako kezkak partekatzen zituen. Gerora Idazteari buruzko solasaldiak (Conversations on Writing) gisa argitaratuko zituzten, Le Guinen sarrera batekin eta hiru ataletan: Narratibari buruz, Poesiari buruz eta Saiakerari buruz. Lehenengo eta hirugarren generoen lanketak dira Le Guinen alor ezagunenak, baina poesia ere idatzi zuen. Orain dakarzkizuegun lau olerkiak irratian aipatu eta, gerora, solasaldian argitaratutakoak dira.
Ots
21
20
Hondakindegiak erori, gorpuak estali eta negozio ilun eta pozoiak agerian geratu diren egunotakoa euskal literaturak orrietara eramandako errealitatea da. 2011n argitaratu zuen Eneko Aizpuruak Erein argitaletxearekin Errauts eleberria. Hilketak baten ikerketak agerian utziko ditu hondakindegien inguruko negozio ilunak eta barreiatuko ustelkeriari darion kiratsa. Iparraldeko zabortegien geografian murgildu zen, berriz, Amaia Ezpeldoi ikerlaria Zaborretan azkenak eleberrian. Zakarrak lurra ez ezik harremanak ere kutsatzen ditu Itxaro Bordaren lanean. Maiatz-ek 2015ean kaleratutako edizio elebiduneko eleberriaren euskarazkoa Booktegi egitasmoak irakurgai jarria du. Eta Armiarman irakur ditzakezu orain Errauts-en lehen hiru kapituluak eta Zaborretan azkenak osorik.
Ots
12
20
Jonhy Carter jazz saxofoi-jolea eta Bruno kritikariaren istorioak batzen ditu Pertsegitzailea ipuinak. 50eko hamarkadako Parisen kokatua, Julio Cortazar idazleak 1959. urtean argitaratu zuen ipuina. Iragan abenduan Ean egin zituzten jardunaldien karietara kaleratu du ipuina Hea elkarteak Zaldiarri bere bilduman. Erramun Mendibelanda margolariaren azala eta irudiekin batera egindakok argitalpena orain sarean eskaintzen dizugu osorik, Cortazar hil zen eguna gogora ekarriz. Harkaitz Canok Earako beren beregi prestatutako hitzaurrean dioenez, “itzulpen oro bariazio den heinean, bariazioen erresuma den jazzaren gaineko testu bat itzultzea baino sormen ariketa ederragorik ezin nezake irudika“. Jon Muñoz arduratu da Julio Cortazarrarren Pertsegitzailea ipuina euskarara ekartzeaz.
Ots
06
20
Bi idazle hil berri izanaren albistea jaso dugu aste honetan: Pio Berasategi eta Gabriel Korta. Idazle oparoak bi-biak, bat poesian eta bestea narratiban. Gabriel Kortaren oroigarri, haren poema liburu bat eskaintzen dizuegu, 2010eko Laugarrenak lau bilduma mardula, aurretik argitaratuak zituen hiru liburuen berrikuspenaz gain, “Testigantza” izeneko poemario berria ekarri zuena. Pio Berasategiren lehen nobela ere, 1982ko Herbesteratua, irakur dezakezu orain sarean, Goierri gipuzkoarreko hizkerak blaitutako prosa parekorik gabeko baten erakusgarri.
Ots
06
20
Otsailaren 3an zendu da George Steiner pentsalari eta literaturaren teorikoa. Literatura konparatuan eta itzulpengintzaren alorreko ikerlaria, lan esanguratsuak egin zituen literatur-kritikaren eremuan, Mendebaldeko literaturaren eremuan. Hainbat egunkari eta aldizkaritako kolaboratzailea, fikzioa eta poesia ere idatzi zituen. Zubizabal aldizkariak haren artikulu bat argitaratu zuen 2001ean, Kontraesanen eremu neutrala dira ametsak , haren heriotzan irakurgai jarri duguna.
Urt
30
20
1962ko urtarrilaren 29an jaio zen Olga Tokarczuk idazlea, Poloniako Sulechown. Ez da gure artean ezaguna izan 2019n Nobel saria jaso duen arte. Poesia, eleberriak, ipuinak (filmen oinarri izan direnak), obra anitza egina du. Ohar eta testu laburrez osatutako Lasterkariak (Bieguni, 2007) liburuak Poloniatik at haren izena zabaltzen lagundu zuen. Hango bi testu ekarri ditu euskarara Uxue Alberdik, hemen eskaintzen ditugunak.
Urt
28
20
2011n ezagutu genuen Lina Ben Mhenni, Tunisiako Ben Ali presidentearen aurkako errebolten kronika egin zuelarik Tunisian girl blogetik. Debekuak debeku, sarean jaso zituen erregimenaren aurkako iritzi eta gertakizunen kronikak. Eta euskaraz irakurri ahal izan genituen hainbat Denonartean argitaletxeak 2012an kaleratu baitzuen Tunisian girl liburua, Itziar Diez de Ultzurrunek euskaratua. Urtarrilaren 27an zendu da Ben Mhenni, 36 urte zituela, eta haren oroimenez hona hemen liburua osorik.
Urt
26
20
Urtarrilaren 26an amaitu da (h)Ilbeltza jardunaldien 2020ko emankizuna. Astean zehar hitzaldi, mahai-inguru, solasaldi, erakusketa eta bertzerik izan da, genero beltzaren inguruan, eta amaitzeko Poesiaren Kriminalak izeneko errezitaldia antolatu dute. Literatura beltzean jardun duten idazle batzuen poesia-lanaren lagin txiki bat: “Poesiaren kriminalak dira, beren lanarekin demostratu zutenak generoen gainetik idazleak zirela; eta etiketen gainetik, literatura egiten zutela”. Eta hementxe aurkituko dituzu Izzo, Christie, Vazquez Montalban, Borda, Nabarro, Hughes, Sciascia.
Urt
12
20
Literatura unibertsaleko kontakizun ezagunenetako bati ematen dio buelta Haruki Murakami idazle japoniarrak. “Esnatu zenean, itxuraldatu eta Gregor Samsa bihurtua zela ohartu zen” esaldiarekin hasten da Samsa maiteminez narrazioa. Eta atzera itxuraldatutako Gregor Samsaren gizakiratze berriaren fikzioa egiten du. Idazle japoniar arrakastatsuaren ipuin gozagarri hau ekarri du euskarara Ekaitz Sirvent Auzmendik, Murakamiren jaiotza egunez, urtarrilak 12, eskaintzen dizueguna.
Urt
09
20
Ebook formatuan emana du Susa argitaletxeak bere katalogoa, ia bere osotasunean. Argitaletxearen funtsetatik beste bost aldatu ditugu formatu berrira, Erreferentziak saileko bi antologiarekin, Vladimir Maiakovskiren Poema antologia (1993) eta W.H. Audenen Poema antologia (1994). Eta horretaz gain, Susa saileko bi liburu, Krokodil bat daukat bihotzaren ordez (Itxaro Borda, 1986) eta Gizaeuropa (Omar Nabarro, Joseba Urizar, 1986), eta Itxaro Bordarena baita ere, Amaia Ezpeldoiren lehen ikerketa: Bakean ützi arte (1994)
Urt
02
20
Urtarrilaren 2arekin hil zen Vicente Huidobro, 55 urte lehenago, urtarrilean baita ere, Txilen jaioa. Parisera gaztetan joana, abangoardiari hasieratik atxiki izan zitzaion poeta da, XX. mendearen lehen erdian Hego Amerikako poesiaren berrikuntzan erreferentea izandakoa. Literatur aldizkarietan plazaratu da euskaraz. 1960an Antonio Valverde Ayalde-k ekarri zuen, Olerti aldizkarian plazaratutako hiru poemaz, eta Santi Onaindiak ere agerkari berean eman zigun poema bat 1968an. Geroago Tere Irastortzak itzuli zuen haren poema ezagun baten zatia (Kandela, 1984) eta Jesus Lete Ibaiertz-ek beste bat, Egan-en 1992an argitara emana. Hemen dituzu guztiak.
Abe
27
19
H-a galdu zuen Eak. Gabriel Arestiren Harri eta herri maiz gogoratu ditu Eak. Arestiren Etxea izan da Ea. Poesia egunak antolatu dituzte luzaroan, eta urteko azken egunak, H-a galdu zuen herria egitarauarekin historia eta literatura uztartzen emango dituzte.
Urrats galduen herria hitzaldia eskainiko du Iñigo Aranbarri idazleak abenduaren 28an (larunbata) 12:15ean Eako Eskolondon. Biharamunean, abenduaren 29arekin (igandea) Julio Cortazar ekarriko dute hizpidera. Mikel Sotok Julio Cortazar eta Ea batuko ditu bere hitzaldian eta ostean Pertsegitzailea ipuin euskaratuaren irakurketa dramatizatua egingo du Oier Guillan poeta eta aktoreak. Jon Muñozek ekarri du euskarara Julio Cortazarren ipuina eta Harkaitz Canok egin dio hitzaurrea. Ea eskuragai egongo da Zaldiarri bildumaren barruan.
Abe
20
19
Bost narrazio berrirekin dator hil honetan ipuina.eus egitasmoa. Margarita Unzalurena da antzinakoena, Txindokiko Marie, 1925ekoa. Herri literaturatik hartutako gaia narrazio aberats bihurtu zuen durangarrak. 1930ean Daniel Garbizuk estanpa umoretsu bat ondu zuen, Ehizera, goiz joan , emakume alargunez eta mutilzaharrez, kostunbrismoa deritzan sailekoa. Guda ipuinak (1937) Juan Abando Erletxue kazetariak gerrako giro ilunean jasotako barregarrikeria laburra da. 1982koa da Itxaro Bordaren Metropolis, Maiatz aldizkarian argitaratu zuen narrazio sortako bat, hiriburu handiko metro bero eta burrunbatsuan herriminez bete bidaiariaren pentsamendua. Eta Hasier Etxeberriaren 1997ko narrazioa, Ipuin postmoderno bat egin diot neure buruari, tituluan adierazten zaigun ironiaz eta autotrufaz eraikitako barne bakarrizketa.
Abe
12
19
Egunotan burutu da Joxe Azurmendi Kongresua, idazle eta pentsalari zegamarrari egindako omenaldia, eta hark zabaldutako ildoetan eta aztertutako gaietan sakontzeko enkontrua. Jardunaldi hauen karietara, aproposa da gogoratzea online daudela haren Hitz berdeak poemarioa, eta XX. mendeko Poesia Kaiera, non Azurmendiren obra poetikoa, erreferentziala dudarik gabe, dasta daitekeen. Hainbat alor jorratua da bere pentsamendu-lanetan, eta Susa argitaletxearekin Schopenhauer, Nietzsche eta Spengler Jon Miranderen pentsamendua argitaratu zuen 1989an, orain hemen osorik dakarguna. Aginako zero bat baino gehiago izan dadin gurea.