Eka 06 02

Literatur Jazzak bi urte

Dagoeneko bi urte joan dira Bilboko Kalderapekon Literatur Jazza abian jarri zenetik. Denbora horretan idazle askok irakurri dituzte beren poemak, Libitum jazz hirukoteak lagundurik. Aurten Kirmen Uribe, Jon Benito edo Sonia Gonzalezek poema liburuak aurkeztu dituzte, eta Jose Luis Otamendi, Juanjo Olasagarre eta Pako Aristik ere errezitaldiak egin dituzte. Bi urteotan jende ugari bildu da Kalderapekoko emanaldiotara. Ekaina iristearekin bat, ikasturte honetako azken Literatur Jazza izango da ekainaren 12an (asteazkena) 20:15etan, Jose Luis Padronen “Zure bila itsasoa bidaliko dut” poema liburu aurkezpenarekin. Argitaldaria: Bermingham.

maiatza 23 02

Martzelino Soroa omenduko dute Deban

Aretoko euskal antzerkiaren aitzindari izan zen Martzelino Soroaren omenez, Debako Goaz taldeak hamaseigarren Antzerki Astea antolatu du. Patri Urkizuk Martzelino Soroa idazle eta antzerkilariaz hitzaldia egingo du maiatzaren 24an (ostirala) 20:00etan Debako Kultur Etxean. Ondoko zortzi egunetan hamar ekitaldi eskainiko dituzte. Helduen antzerkian parte hartuko duten talde guztiak amateurrak izango dira. Uztailaren 20an beteko da Soroaren heriotzaren mendeurrena.

maiatza 09 02

Literatura Astea Gasteizko gaztetxean

Aurten ere Literatura Astea antolatu du Gasteizko gazte asanbladak. Maiatzaren 14tik (asteartea) 19ra (igandea) bitartean, egunero hitzaldi, errezitaldi eta saioak izango dira Gasteizko gaztetxean. Maiatzaren 14an (asteartea) Aitzpea Azkorbebeitiak “Sarrionandiaren irakurketa proposamena” egingo du. Maiatzaren 15ean ipuin kontalari bat izango da. Maitzaren 16an (osteguna) Bihotz Bakartien Klubak poesia errezitaldia egingo du musikaz lagundurik eta maiatzaren 17an (ostirala) preso ohiek Gasteizera plataformak antolatutako literatur lehiaketako testuak irakurriko dituzte. Maiatzaren 19an (igandea) Txusma antzerki taldeak narrazio batzuk antzeztuko ditu, tartean poesia sonoroa eta ipuin erotikoak.

maiatza 09 02

Literatura jardunaldiak Iruñean

Iruñeko Erraldoien txokoan euskal literaturari buruzko jardunaldiak antolatu dituzte maiatzaren 13tik (astelehena) 16ra (osteguna) eta hitzaldi guztiak 20:00etan izango dira. Mari Jose Olaziregik “Euskal literatur sistema milurteko berriaren atarian” hitzaldia eskainiko du maiatzaren 13an (astelehena). Itzulpena eta ikerketa euskal literaturan izango da maiatzaren 14ko (asteartea) gai nagusia: Koldo Bigurik “Euskal literatur itzulpena” jorratuko du eta Asun Aierbe Mendizabalek “Literatur ikasketak eta ikerketak gure artean”. Maiatzaren 15ean (asteazkena) euskal literaturaren gaurko paisaia hartuko dute gaitzat. Tere Irastortzak “Euskal poeta irakurleen bila” izango du hizpide, Iban Zalduak “Euskal narratiba 1990, nobelaren hamarkada?”, Aingeru Epaltzak “Euskal literaturaren harrigarria Nafarroan”. Maiatzaren 16rako (osteguna) hautatutako gaia literatur mediazioa da: edizioa eta kritika euskal literaturan; Jorge Gimenez “Editoreen lana euskal literaturan. Literaturaren harrera” gaiaz mintzatuko da, Ana Urkizak “Kritika literarioa euskal literaturan” izango du hizpide.

maiatza 01 02

Mikelazulo elkartearen Poesia Astea

Oreretako Mikelazulo elkarteak Poesia Astea antolatu du maiatzeko hirugarren asterako. Igor Estankonaren errezitala izango da maiatzaren 15ean (asteazkena) 20:00etan Oreretako Zumardian. Miren Agur Meabe maiatzaren 16an (osteguna) 20:00etan Mikelazulo Elkartean. Kirmen Uribe maiatzaren 17an (ostirala) 22:00etan Mikela Zubian. Eta “Gu-lau: poesia ikuskizuna” maiatzaren 18an (larunbata) 22:00etan Niessengo plazan. Bestalde, Mikelazulokoek hilero (azken ostegunean) emanaldi bereziak egingo dituzte poema idatzi berriekin. Herriko hainbat lekutan posta-kutxak paratu dituzte, nornahik bere lanak utz ditzan, errezitaldietan irakurriak izateko.

Mar 21 02

Nazioarteko Antzerki Eguna

Martxoaren 27an Nazioarteko Antzerki Eguna ospatuko da mundu osoan. Urtero mundu mailako agiri bat idazten du antzezleren edo idazleren batek, aurtengoa Indiako Girish Karnadek.Gurean Harkaitz Canok euskaratu du nazioarteko agiri hau, Teatroa.com gunean irakurgai dagoena.
Nazioarteko Antzerki eguna ospatzeko, antzerkiari buruzko Emailu berezia prestatu dugu. Agendan aste honetan Euskal Herrian izango diren antzerki obra ezberdinak agertzeaz gain, Interneten irakur daitezkeen zenbait antzezlan ere badakartzagu.
Bernardo Atxagaren Antzerki minimun bat Panpina Ustela aldizkarian 1975eko urtarrilean argitaratua. Mikel Antzaren Lasturko Miliarekin solasean Susa aldizkarian 1988ko martxoan argitaratua. Mikel Elortzak 1992ko abenduan Nik ez nuen nahi kaleratu zuen Susa aldizkariaren 29. zenbakian.
Susa literatur aldizkariak Antzerkiari buruzko ale berezia kaleratu zuen 1988ko martxoan.

Mar 21 02

Antzerki agenda

Martxoak 21 (osteguna): Maskarada taldeak Gabriel Arestiri buruzko Kaio luma zikina taularatuko du Miarritzeko Le Colisée antzokian 20:00etan.
Martxoak 22 (ostirala): Antzerkiola Imaginarioak (FTI) “Mundopolski: Erreboltaren ziaboga” lana estreinatuko du euskaraz Durangoko San Agustin gunean 21:00etan / Maskaradak Kontenedore baten istorioak antzeztuko du Beasaingo Usurbe Antzokian 22:15etan. / Tentazioa konpainiak “Komeriaka Emakumez…” antzeztuko du Elorrioko Arriola Kultur Aretoan 22:30etan / Xiru 13 Arte Eszenikoen Festibala Maulen.
Martxoak 24 (igandea): Xiru 13 Arte Eszenikoen Festibala Gotaine Irabarnen 12:00etan./ Xirristi Mirristi taldeak Pantzo Irigarairen Lamindegiko laminak taularatuko du Miarritzeko Le Coliséen 17:00etan. / “Mundupolski: Erreboltaren ziaboga” Antzerkiola Imaginarioarena Bilboko Kafe Antzokian 20:00etan.
Martxoak 25 (astelehena): Hika antzerki taldeak “Arraultza delikatuak” antzeztuko du Urretxuko Pagoeta Antzokian 12:00etan./ Gilkitxaro taldea Trokaolatarrak obrarekin Bilboko Kafe Antzokian 20:30etan.

Agenda

Efemerideak

Kritikak