L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Plazara aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Plazara. 14 zkia. (1990-udaberria) —Hurrengo artikulua




 

 

—Antzerkia—

 

Pastorala eta antzerkia Iparraldean

 

Patri Urkizu

 

        Jarraian datorrena, izenburu horrekin Patri Urkizuk 89ko Durangoko Azokan emaniko hitzaldiaren zati interesgarrienen transkripzioa duzue.

        Ez gara, beraz, sintesi-lanetan sartu, hitzaldiak, gure ustetan, bere horretan bait du balio nagusia.

 

Eguerdi on jaun-andreok, eta Durangoko Euskal liburu eta disko azokara etorri zareten guztioi, agur.

        Pozik natorkizue, behin berriro, eta bada gutxienez hogei urte hasi nintzela hona agertzen. Garai haietan elizaren arkupe ospelean egiten zen Feria eta hantxe egoten ginen, hotzak akabatzen baina irakurle amorratuekin iritziak trukatzen, elkarri animoak ematen, elkar berotzen. Ikusten joan naiz atsegin haundiz nola urtetik urtera haunditzen eta oparotzen joan zaigun euskalzale guztion plaza hau. Agindua eman didatenez Pastorala eta antzerkia Iparraldean gaiaz mintza nadin, ahalik eta arinena izaten saiatuko natzaizue. Ez da nik hautatua gaia, eta titulua ezartzerakoan beste bat ipiniko nukeen, baina hala dionez egitarauak, zertxobait esan beharko iparraldeko teatroaz. Baina neure aipamenetan ez dut ez ahantziko hegoaldekoa ere. Bada hor ni baino egokiagorik iparraldeko antzezkizunez mintzatzeko, hemen dugu esate baterako Junes Casenave, edo Jean Haritschelhar Euskaltzaindiako burua, edo Txomin Peillen hainbat eta hainbat aldiz Durangora gerturatu izan dena, edo Beñat Oihartzabal, edota Daniel Landart bera, batzuk bakarrik aipatzeko. Baina baietza eman genuenez gero lot nakion gaiari.

        Pastoralak, Ihauterietako trajikomediak, astolasterrak, maskaradak, hara hor teatro multzo eder bat merezi duena gure arreta eta begiramena. Herri teatro eder bat osatzen dutenez, baina nola ez garen lehenak egiteko honetan mendez mende merezi izan duten aipamenez eta iritzi desberdinez arituko gatzaizkizue. Noizkoak ditugu lehen aipamenak? Noizkoak ditugu antzerki horiek? Adibidez, astolasterren nondikakoaz eta noizkoaz mintzatzerakoan ikerle gehientsuenek aski izan dute esatearekin Euskal Herriko ohitura zaharrenetariko eta bitxienetariko bat direla, oroitezinezko garaietatik datozenak omen dira. Baina data zehatzik ez. Hitzaldi honetan saiatuko gara hutsune hori, data gabezi hori, lekukotasunez betetzen.

        Gauza jakina da Frantzian astolasterrek —farces— Erdi Aroan Elizaren etsaigoa izan zutela, eta kontzilioek debekatu zituztela behin eta berriro. Lekuko dugu Agen-go debekua 1279. urtean emana, eta Agen euskal kartetan agertzen den herri ezaguna da, dakizuen bezala. Koblakari batek baino gehiagok bertako presondegian higatu behar izan bait zuen. Mauletik goragoxe gagoen hiria duzue. Baina debeku honekin kontrajarria legoke, adibidez, 1315. urtean Analriko Kredomio-koak, Baskoniako lurraldeetako seneskalak, eman zuen baimena, ohiturari jarraiki adulterioan erideiten zirenei astolaster bat presta ziezaien. Oroituko zarete nola Erdi Aroan, hiru mendez bederen, euskaldunak ingelesak izan ziren. Larzabalek bazuen hortaz antzerkitxo bat ere egina ingelesak ginelarik. Erdi Aroan antzeskizun hauek antolatzen zituztenak elkarte alaiak ziren eta hauexek ziurtzat jotzen du zirela Euskal Herrian Iparraldeko teatroari buruz lanik interesgarrienak idatzi zituen Georges Herelle-k. Talde hauetaz mintzatuko zitzaigun Pierre de Lancre inkisidore famatu eta oroitzapen gaiztoko hura, 1610. urtean gaude. Baina bitartean ba ote euskal Pininioetako, Auñamendietako honunzko aldean teatrorik?

        Mitxelenak bere "Historia de la Literatura Vasca" deituan dioenez, ezin ondoriozta dezakegu Iruñean Joan de Albret eta Catalina de Foix errege-erreginak koroa hartu zutelarik, eta hori 1494. urtean gertatu zen, egin ziren jaietan euskarazko teatrorik bazen ala ez. Baina kopla batzuk gelditu zaizkigu, antzerki haietan eman ohi zirenetakoak; euskarak bazuen lekua antzerki mota hartan, euskaraz egina ez bazatekeen ere. Lesakan 1566. urtean, Hondarribian 1602an, Errenderian 1603an antzestu zirenak erdanaz izan ote ziren, kontutan harturik herri euskaldunak zirela? Lope Martinez de Isasti lezoarrak bere "Compendio historial de la Muy Noble y Muy Leal Provincia de Guipúzcoa" delakoan kontatu bezala, XVI. mendean bizi izan zen Joanes de Larrunbide poeta handia, bere bertsoak galdu ditugu tamalez, bere kartak ez, eta hauxe esaten digu Lope Martinez Isastikoak: "Joanes de Larrunbide, organista famoso por sus habilidades, fue vecino de Oyarzun a donde vivio muchos años, fue un gran poeta de vascuence que compuso muchas comedias a lo divino, la del Sacrificio de Abraham, de Job, de Judit, la Josefina y otras, que se representaron con grande fiesta y con particular ingenio que este hombre tenia. Y compuso muchas prosas, canciones e historias en verso y fue maestro de cantonia que enseño a muchos". Organista, kantak erakusten zituen musikari iaioa eta poeta handia. Eta holako hainbat eta hainbat, galduak ditugunak edo nonbaiteko liburutegi zokoan higatzen jarraitzen duten autoreak. Hor ditugu emandako aipamen hauetan, dudarik gabe, Barrutiaren aitzindariak, ez da konprenitzen bestela Barrutiaren bezalako obra eder hori, Gabonetako Ikuskizun hori, tradizio batean ez badugu kokatzen. Baina itzul gaitezen iparraldera.

        XVII. mendeko poeta eta historiagile izan zen Arnault Oihenart-ek honelaxe idatzi zuen 1605. urtean bere "Art Poétique Basque" deituriko euskal lehen poetika liburuan: "Un autre prêtre, natif de Saint-Jean-Pied-dePort, nommé Mr Jean de Etchegaray, qui s'adonna aussi à la poésie basque, c'est l'auteur de la pastora!e intitulée «Artzain Gorria» qui a été jouée plusieurs fois en cette ville. Il écrivoit il y a cent ans". Beraz, hori idatzi bazuen 1646. urtean eta Joanes Etxegarai hau mende bat lehenago ari bazen bertsoak eta pastoralak idazten eta jokarazten, guzti honek XVI. mende erdi erdian pastoralik bazela esan nahi du.

        Bada Frantzian autore bat, historiagile bat, artxiboetako gizon jakintsu eta zuhurra, izenekoa, eta honek esaten zuen XV. mendekotzat jo behar zela berari errejenteak emaniko "Clovis" pastoralaren eskuizkribua. Eta, artxiboetako inspektore Frantzia guztian zenez gero, ez zen nolanahi ekibokatzen. Ez zuen horrelako hanka santzerik egiten inoiz. Bestalde, Jakes Belakoa, Mauleko abokatu ospetsuak, 1586an jaio eta 1667an hil zenak, liburu asko idatzi zituen, gramatika bat, hiztegi bat euskaraz, galdu ditugunak ere, eta bere "Tables Juridiques" direlakoetan, legegizona bait zen, kontatzen digu nola Donapaleun ematen ari ziren, garai hartan, astolaster zenbait. Beraz, 1600. urtearen hastapenetan, protestante eta legegizona zenez gero kondenatzen zituen horrelako antzezkizunak, eta areago, xaribarigileak auzitara eraman beharko liratekeela defendatu zuen.

        Hortaz, XVII. mendekoak ditugun aipamen hauengatik argi eta garbi dago, ene uste apalez, XVI. mendean bederen izan genuela teatro bat Euskal Herrian eta euskaraz. Lehen testuak, ordea, XVIII. mendeko eskuizkributan iritsi zaizkigu eta kopiarik zaharrena, antza denez, "Jeanne d'Arc" - "Joana Arkekua" dugu, 1712. urtekoa. Eta tamalez, euskaldunen axolagabekeriaz argitaratu gabe dagoena... Bitartean hor dago Werner Herzog, Aguirre eta Fitzcarraldo filmeen egilea, aurtengo Boloniako Opera sasoierako "Giovanna d'Arco" opera prestaturik, onaren eta gaiztoaren arteko borroka betiko izango, izan eta izanen den adierazgarri.

        Hamairu pastoral desberdin gelditzen zaizkigu XVIII. mendeko kopien artean eta alerik ez dago argitaraturik. Barrutiaren Gabonetako Ikuskizunak aldiz, lau, bost, ez dakit zenbat argitalpen baditu. Tituluak aipatuko ditut soil soilik: "Joana Arkekua", 1712koa; "Santa Elisabete", 1750ekoa, "Edipa", 1759-83-92 eta 93an antzeztu zena; "Jean Parisekoa"; "Rixar Beldurgabea"; "San Eustakio", "Clovis"; "Seme Prodigoa", "Abraham"; "San Martin"; "Godofredo Bouillonekoa", "San Luis" eta "Santa Elena".

        XVIII. mendean badugu euskal filosofo bat, xuberotarra, euskaraz idatzi zuen lehen filosofoa, Josef Egiategi izenekoa, honetaz Junes Casenave-k ere behin baino gehiagotan hitzegin du, eta 1780. urtean idatzi zuen liburu batean, alferkeriaz mintzo zelarik, honela esan zuen: "Jente guzia ari delarik txarlatanen gisala, Pastoraletan mozorroa beti begi tartian nahi girade agertu". Eta kontatu ere egiten digu gazteria garai haietan prest zegoela edozein momentutan denbora pasatzeko pastoralak eginik herriz herri. Eta detailetxo bat, akotazio berezi bat, garai hartan mozorroturik antzesten omen pastoralak. Gauza benetan harrigarria, hori ez baita inola ere geroko ohitura. Hala ere, 1769. urtean Zalgizen antzeztu zen "Petit-Jean eta Seradina" astolasterrean bada akotazio berezi bat: "satanak paseia, ihiziko arropekila". Ez dute orain horrela egiten noski, ehize arropen ordez, kapelu gorria urre kolorez hornitua, xaka gorria urrez bandatua, galtza gorriak urrezko bandekin eta behe xuri brodatuekin jazten bait dira. Garai hartan ehiztarien modura, antza. Astolasterrak aipatu ditugunez esan dezagun badirela zazpi gutxienez, XVIII. mendeko kopietan kontzerbatu zaizkigunak eta duela urtebete Euskaltzaindiari eman nizkiolarik, argitaratzeko prest daudenak. Laster argitaratuko, omen.

        Herri teatro honetaz apante, XVIII. mendean bazen eskola-teatro bat euskaraz, bai iparraldean eta bai hegoaldean. Horien lekuko dugu, adibidez, Duvoisin-ek bere kantu bilduman agertzen duen "Genoveva Orazinotegian" antzenkia. 1780. inguruan antzeztu zen antzerki hau eta antzerki horren zatitxo bat eskaintzen digu Duvoisin-ek kantuen artean. Beste aipamena litzateke XVIII. mendean Bergarako Mintegian egiten zen antzerkia: ikasleek euskal antzerkitxoak antolatzen zituzten jaialdietarako, euskaraz ere egiten zituzten beren entremesak eta abar.

        Bigarren mendeurrenean gaudenez gero, gogora dezagun Iraultza Frantsesaren garaian gertatutakoa. "Seme Prodigoa" izeneko pastoralaren eskuizkribuetan bi data desberdin agertzen zaizkigu, 1770. urtea bata eta 1796a bestea. Bien artean azken pheredikia, badakizue pastoral guztiek badutela lehen pheredikia hasieran, non kontatzen zaizkigun gero gertatuko diren historia guztiak eta gero azkenean, azken pheredikia, eta konparatu ezkero bi kopia horiek zenbait aldaketa agertzen dira: lehenak honelaxe dio: "beude diskusorik jaunak gütün liberti, dugun Te Deum kanta orok algarreki "... Bukatzeko "Te Deum" kantatzen zuten, eliz ohitura bat balitz bezala. Baina 1796ko kopian, aldiz, Te Deum hori ezabaturik agertzen da eta gainean beste hau irakur daiteke "Nazioniaren Fabori" eta gainean "Carminola", hau da, "La Carmagnole" kanta famatua, Te Deum haren ordez "La Carmagnole" kantatzen zuten xuberotarrek orduan. Eta honez gainera zazpi bertso non apez eta emigranteak kritikatu ondoren aitak, seme prodigoaren aitak Pirinio Apaletako Gudalosteburuei hau esaten dien: "Citoyen, gure erresumalat plazer düzünin joanen zira, kiristitü zirelako, ütziren düzü hura kondizionareki gerlarik guri emanen ez düzüla eta kiristi legia erresuman eta errepüblikan ezarriren düzüla". Iraultzaren hamar urte horretan 1789tik 99ra, ez zen pastoralekiko zaletasuna Xuberoan itzali

areagotu baizik, ezen nola halako askatasunaren medioz, emakumeak ere antzesle egin bait ziren. Beraz, Te Deum kantatzetik Zuberotarrak erraz iraganen dira Biba Errepublika abestera baina beti, beti, bere tradizioari eutsiz.

        Eta honenbestez, bidaiari jarraituz, hizkuntzalari baten hitzak ekarriko ditut orain hona, Durango inguruan, Astarloa lagun zuela, ibili zen W. Humboldt famatuaz ari natzaizue. Europa hizkuntzalaririk inportanteena izan zen, 120 hizkuntza ezagutzen zituena, Berlin-go Unibertsitatea sortu zuena, eta 1801. urteko udaberrian bidaia bat egin zuen Euskal Herritik eta haren ondoan hauxe idatzi zuen Xuberoako parteaz (itzulpena Telesforo de Aranzadirena da): "La Soule es el único sitio donde todavía se representan de continuo piezas de teatro vascas. Se les llama aquí Pastorales pero no son siempre églogas, sino mucho más propiamente entendidas acciones de Estado en que entran en escena reyes emperadores. Hechos de Roldán desempeñan a menudo especialmente un gran papel en ellas. Los actores son jóvenes de ambos sexos que en su mayoría no saben leer. Les instruyen personas que llaman «instituteurs des acteurs de Pastorales», pero que de ordinario son también aldeanos. El instructor es también, según genuina costumbre clásica, la mayoría de las veces el autor de la pieza. La representación se verifica a cielo abierto en Mauleon, la cabeza de! distrito, de ordinario en la plaza de! paseo de la ciudad, una avenida sombreada de altos tilos. La dicción es en parte cantada, en parte recitada, la entrada es gratis. Los forasteros, hacia los que los suletanos son en general muy atentos, toman los primeros puestos. Tampoco es aquí rara la versificación improvisada sobre cualquier objeto dado". Beraz bertsolariak, bapateko koblakariak ere baziren, Beñat Mardo eta Etxahun noski, eta horietarik.

        XIX. mendea euskal literaturaren berpizkunde aroa izan zen, batez ere 1853. urtea ezkeroztik Antoine d'Abbadie mezenas haundiak Lore Joko ospetsuak Urruñan antolatu zituenez geroztik. 1853tik 63ra Urruñan, 64tik 78ra Saran eta gero beste zenbait herritan, Donapaleu, Maule, Bera, Irun, eta abar.

        XIX. mendean ere hasi ziren literatur kritika lanak beste aurreko mendeetan baino indar haundiagoz. Beste gauza askotan bezala aitzindari du honetan ere Joseph-Augustin Chaho. Orrialde ederrik eskaini zion honek Pastoralari frantsesez, gazteria pastoralak antolatzeko nola biltzen zen kontatuz, eta pastoralen izenak utzi zizkigun: "Abraham", "Moises", "Nabucodonosor", "Bacus", "Alexandre", "San Pedro", "Saint Jacques", "Sant Alexis", "Saint Roch", "Sainte Agnés", "Santa Catalina", "Santa Elena", "Saintp Geneviéve", "Santa Grazi" euskal santa, "Jean de Calais", "Jean de Paris", "Clovis", "Mustafa", "Xarmant" eta "Napoleon". Errepertorioko hogeitabost bat pastoral beraz. Kontatzen digu nola Satort atharraztar errejenta zen garai hartan irakaslerik famatuena. Emango digu bere teoria esanaz "Nafarroako bidaia..." delakoan 1.000 urte eman bazion, une hartan pastoralak 2.000 urte zituela pentsatzen zuela, euskal xuberotarrek pastoralen lehen ideia Erroman izan zutela, tragedia greko-latinoak ikusi zituztenean. Asmatzaile haundia omen gure Chaho, hala zela diote, baina aztibegiak, noski, ondo ezagutzen zuen pastorala barnetik. Eta eman zizkigun tituluetarik bat ere ez da asmatua.

        1857. urtean, Francis Michel-ek idatzi zuen liburu benetan interesgarria, "Le Pays Basque, sa population, sa langue, ses moeurs, sa litérature et sa musique", Euskal Herria, bere biztanlegoa, hizkuntza, ohiturak, bere literatura eta musika. Han, 50 orrialdetan, ematen digu, garaiko literatur kritikari handienetarikoa izaki —"La Chanson de Roland" famatuaren aurkezle onenetakoa—, Pastoralaren iturria, Mystére delakoa edo Chanson de Geste delakoa. Baita "Bibliothéque Bleue" delakoa ere. Baina guzti hori azaldu ondoren, lehen antzez emanaldiak noizkoak diren ezin zehaztu ditekeela esan zigun. Eta zenbait xehetasunen arabera badirudikeela misterio haien imitazioa baino areago bertako sorketa izatea. Hori da noski Junes Casenavek dioena. Julien Vinson-ek, bere "Mystéres, Sorties, Farces et Moralités" liburu famatuan sortzez Erdi Arokoak direla esaten digu. Gero berreginak, berkopiatuak, bermoldatuak izan zirela eta Frantziako Mystére direlakoan imitazioa edo itzulpen gisa antolatuak. Zerrenda bat ere ematen digu, zenbait pastoralen argumentoa ere frantsesez, eta esan ere egiten digu pastorala ez dela euskaldunen berezitasun bat: bai gaskoinek, bai Biarnoko jendek, bai katalanek eta baita bretoiek ere bazituztela drama berdintsuak... Tamalez, guzti horiek galdu dituzte baina euskaldunok kontserbatu ditugu.

        Bada beste kritikari inportante bat, ingelesa bera, Wenworth Webster. Honek Donibane Lohitzunen D'Abbadie-ren omenez 1879an egin zen biltzar handian, Vichon-ek 1869an eginiko lanak osatu zituen, eta euskal zerrenda bretoi misterioekin konparatzen du, honelako sailkapena eginaz: 1. Gai biblikoak. 2. Sainduen bizitzak. 3. Gai klasikoak, grekoak eta latinoak. 4. Frantziako Chansons de Geste, Romans de Chevaleries, Contes du Folklore, etab. 5. Farsak eta astolasterrak eta, 6. Pastoral berriak. Guzti hori lehengo mendearen bukaeran, 1897an.

        XX. mendean, pastoralekiko ardura ez da itzali, aldiz badirudi handitzen doakigula neurri batean. Hala Albert Léon irakasle judu eta itsuak "Héléne de Constantinople"-ri buruz egin zuen bere doktoradutzako tesia. Eta, azkenean, Haritschelhar-en hitzak erabiliz, Hérelle iritsi zen. G. Hérelle nahi eta nahiezko erreferentzi puntua izango dugu pastoralez, trajikomediez, astolasterrez hitzegiterakoan. Idazlan ugari eskeini zuen erromanista handi honek. Baionan irakasle zegoelarik, frantsesera itzuli zituen elaberri espainol batzu, Blasco Ibañez eta. Liburu artean, aipagarria dugu "Le Théâtre Comique des Basques", berak ordura arte ezagutzen zituen pastoralen zerrendarekin batera, 1922an. Ia berrehun eskuizkriburen berri ematen digu, baita iturriak zehaztu ere, zein misteriotatik hartua den eta Websterek egin ez bezalako sailkapena eskaintzen digu. Zazpi sail dira: 1. Testamentu Zaharretik hartutako gaiak, 8 pastoral guztira. 2. Testamentu Berria eta lehen kristauen garaikoak, 10 pastoral. 3. Santuen bizitzak, 20 pastoral. 4. Antzinate profanoa, 2 pastoral. 5. Chansons de Geste direlako gerra kantak, 5 pastoral guztira. 6. Abentura berriak. 7. Histoires Légendaires. Zazpi sail, beraz. Dena den, ezin pentsa daiteke Hérelle-k gaia agortu zuenik, ezta gutxiago ere. Euskaraz ez zekienez geno, azaletik baizik ez zuen gaia ukitu. Lafittek dioskun legez, itzultzaile zenbaiten laguntzaz baliatu zen, eta hauek oso noizbehinkako laguntza ematen zioten. Hérelleren ondotik, Saroihandy-k, Paniseko kolegio famatuenetan irakasle izan zenak, "Roland" pastoralari buruzko ikerketa sakona burutu zuen, esanez lehen kopia XVI. mendekoa zela.

        Piarres Lafitte, XX. mendean Iparraldean euskal gauzez gehien arduratu zen gizona, eta horien artean pastoralez ere bai. II. Munduko Gerratearen ondoren apaizak ere pastoralak ikus zitzaten bultzatu zituen zeren, dakizuen bezala, apaizek ez zituzten pastoralak onartzen. Gauza bitxi hau kontatzen zuen Aita Larzabalek, nola herri batean pastoralak irauten zuen hiru, lau, bost ordu luze horietan, apaiza kanpandorrena igo eta kanpaiak joz egoten zen. Kontatu ere zigun Lafittek nola Pariseko Parlamentuak Mystére direlakoak 1548an debekatu zituen, izugarrizkoak botatzen bait ziren elizetan. Zehaztu ere 1571n Lepantoko gudu hartan giristinoak eta turkoak borrokatu ziren. Badakigu turkoak garrantzizko pertsonaiak direla pastoraletan, turkoak eta giristinoak, baina turkoak gaizto amorratuak. Bada Lafittek zehazten duenez, turoak misterioetan gaizto amorratuak baziren ere, 1571tik geroztik eginiko antzerki guztietan turkoak irrigarri modura hartu ziren. Beraz, argumentu bat gehiago lehenagokoak zirela esateko.

        Esan bezala, Lafittek, Peillenek, Cazenavek, Iñaki Mozosek, Beñat Oihartzabalek 85ean, Haritschelharrek 87an eta Garamendi bizkaitarrak, 89an, hitzegin digute pastoralen alde desberdinak ukituz. Eman diezaiodan, bukatzeko, ikuspegi orokor bat pastoralaren historiari:

        Erdi Aro bukaeran edo lehenago sortuak. Mendez mende tradizioa errotuz, XVIII. mendeko 13 pastoral desberdin iritsi zaizkigu, XIX. mendeko 36 eta XX. mendeko 42. Dena den, XX. mendean, beste alor guztietan bezala, bada fenomeno bat aipatu beharra eta azpimarratzekoa. Konparatzen baditugu II. Mundu Gerra arteko garaia bere ondokoarekin, gaietan aldaketa handia eman dela ikusiko dugu. Bigarren epe honetan, azken berrogei urte hauetan, erlijio gaiak hamarretik bira jaitsi dira, baita Frantziako historiarekikoak ere. Eta, aldiz, Euskal Herriko historiari dagokionez, bitik hamabostera igo dira. Espainiako historia ere agertzen zaigu, andere antzeslariek 1979an aurkezturiko eta Pierre Bordazaharrek prestaturiko "Ximena" pastorala hain zuzen. Bereterretxe, Mathalas, Etxahun koblakaria, Santxo Azkarra, Txikito Kanbo, Pette Bereten, Maitane Basaburu, Iparragirre, Allande Oihenart, Agosti Chaho eta aurten Zumalakarregi. Guzti horiek hartu dute saindu frantsesen eta Bibliako pertsonaien lekua.

        Aski ote da hori, Garamendik bezala, pastorala hil egin dela esateko? Ez dut uste hala denik, edo bestela xuberotarrei galda! Bizi bizirik dirauen seinale dugu. Nola esan daiteke, adibide jartzeko, zezenak hil direla, zezenketarik ez dela, Goya-ren garaian egiten ziren bezalakoak ez direlako? Espektakuluak hor segitzen du, bere funtsa gorderik. Eta hori bera dugu Haritschelharren iritzia: "Sortzetik herri teatroa, herriak jokatu, antzestu du herriarentzat, eta herri teatro hori nazio teatroa, nazio antzerkia bilakatu da. Euskal Herriko nazioaren historia berrirudikatzen duelako". Garai batean teatro hori herri eskola bazen, baina erlijio ikuspuntutik, eskola ere izaten jarraitzen du gaur bertan, baina Euskal Herriko historia bertan agertuz, bertan jabetzen garelarik nor izan garen Historian mendeetan zehar. Garamendiren lanak baditu alde interesgarriak eta onak, aipatzen ere dizkigu egiteko dauden lanak. Honelaxe dio, esaterako, testuen plazaratzeari buruz: "Es urgente una labor de crítica textual, que fije correctamente las relaciones genéticas entre los manuscritos... la identificación caso de ser posible de los autores y refundidores, las pautas tipográficas más adecuadas para la edición de los textos, etc. Sólo a partir de ahí podrá procederse a un estudio desde otros puntos de vista". Beraz, azpiegiturazko lan premiazkoena oraindik egiteko dago.

        Julien Vinson-ek 1891. urtean hasi zuen bidea, "Saint-Julien d'Antioque" argitaratu zuen eta pastoralen bilduma bat egiteko asmotan zegoen. Ehun urte ia iraganik, tamalgarria da oraindik gure literatur tradiziorik aberatsena argitaratu gabea edukitzea. Tamalgarria ezezik lotsagarria, ezin onar bait daiteke Durangoko antzestalde batetako partaide batek esandakoa, hau da, ez dagoela euskal antzerki tradiziorik... Larria da, geure historiaren, geure tradizioaren ezagutza sakonik gabe, non izan garen eta non garen tajuz eta zentzuz jakin gabe, ez doaz inora. Eta untzia noraezean ibiliko zaigu lema eta iparrorratza galdurik. Bidea zuzentzeko oraindik garaiz gaudenaren esperantza ematen dit Durangoko Azoka honek. Eskerrik asko.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.